Agustin Arrieta, itzulerako bidaiaren xendan

  • Agustin Arrieta irakasle preziatua da EHUko filosofiako ikasketetatik igaro direnentzat. Fakultate eremutik kanpo ez da oso ezaguna, nahiz eta liburu mordoxka bat argitaratua duen dagoeneko; batez ere filosofiari buruzkoak –besteak beste, Sinesmenak eta usteak, Arimak eta balioak, Filosofiarako sarrera bat, Zientziaren argi-itzalak–, baina baita literatur sormenezkoak ere, ipuingintza generoaren barruan –Istripuak, Irlak–. Akaso filosofiak eskatzen duen patxada, zehaztasuna eta estiloa espektakulu mediatikoarekin ez delako ondo bat etortzen izango da, baina ez gabiltza handizka Arrieta gure arteko pentsalari finenetako bat dela badiogu. Bere azkeneko liburua da Gogoeta-bide irekiak. Fikzio, egia, balio eta hezkuntzari buruzko saiakera filosofiko bat, iazko urte bukaeran argitaratua eta garai horretako liburu-zurrunbiloan apur bat oharkabean igaro zena.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Autorearen orain arteko lan mugarrietako bat da, eta egungo bere pentsamenduaren argazki zehatz samarra ematen du, filosofiaren esparru gehienetako –estetika, etika, epistemologia– hainbat gai banaka aletuz. Berak aitortzen duenez, “programatu gabeko liburua izan da”, hots, EHUko Filosofia graduko eskoletako dinamikan sortutakoa. “Batez ere lehenengo mailan, Filosofiarako Sarrera ikasgaian, ikasleen galderetan detektatu izan ditudan gai batzuk dira jorratzen ditudanak. Gaiok oso presente daude, eta gainera urte batzuetan luzatu izan dira gelan. Horretaz gain, komunikabideetan ere presentzia handia hartu dute. Giroan dauden gaiak dira”.  Besteak beste honakoak: fikzioaren eta ezagutzaren arteko harremana, arte immorala, umorea, adierazpen askatasuna, egia-ostea, zientzia-neultraltasuna, balioen eszeptizismoa, animalien eskubideak, gizakiaren izaera naturala edo kulturala, aukeramenaren auzia. Horietaz gain, azkeneko atalean, filosofiak hezkuntza sisteman izan dezakeen lekuaz dihardu, tartean erlijioa ikasgaiaren pertinentzia (eza) planteatuz. “Gai horiek sustrai filosofiko argia dute, eta gutxitan entzuten dut  filosofiaren ahotsa komunikabideetan-eta jorratzen direnean. Horrela hasi nintzen gaiok banan-banan lantzen. Jorratu ahala gaien arteko zubiak eraikitzen hasi nintzen; ez modu artifizialean, baizik eta denen artean loturak daudelako, halako sare moduko bat osatzen dutelako”.

Liburuaren sarreran filosofia egiteko modu bat defendatzen duzu, esplikatu zenezake zertan datzan?  
Badakit arazo filosofikoak oso zailak direla batik bat oso transbertsalak direlako, eta normalean helduleku finkorik ez dugulako edo aztertu beharreko ertz asko esku artean ditugulako. Nire ulermenean auzi filosofikoak egunerokoan sortzen dira. Ohikoa eta arrunta da esatea “hori egia (ederra, justua) da”. Zer dira, bada, egia (edertasuna, justizia)? Baina egunerokoan sortutako horren inguruan eztabaida eta instituzio konplexuak eta sofistikatuak –zientziagintza, artearen mundua, zuzenbidea, besteak beste– sortzen dira. Eta eztabaida, halaber, sofistikatu edo akademiko bilakatzen da. Horren harira, askotan arrisku bat egoten da: gehiegi urruntzea jatorrizko interes horretatik. Uste dut ezin dugula erro hori ahaztu. Analisi filosofikoaren ondoren itzuli egin behar gara eguneroko bizitza horretara, itzulerako bidaia hori egin behar dugula sinetsita nago.

♦   ♦   ♦

Elkarrizketaren bukaera aldera berriro atera da gaia. Ez ote du gaur egungo ikerketa sistemak eta unibertsitate giroak hain justu kontrakoa bultzatzen? “Iruditzen zait sarritan kontu akademiko-eskolastikoetan katramilatzen garela –neroni ere erori izan naiz horretan–, eta ahaztu egiten dugula itzulerako bidaia hori”, erantzun du. Bidaia horrek ekar ditzakeen ondorio akademikoak iradokita, alegia, politika akademikoek justu kontrakoa bultzatzen dutela, berehala etorri da erantzuna: “Sumatzen ari naiz partida horretatik kanpo geratzen ari naizela. Baina jada ez zait axola. Agian eduki dut kezka hori, inpresioa izan dut uzten ari nintzela zer edo zer, urte luzetan egindako bidean. Baina tira, niretzat horrelako elkarrizketa bat izatea lehen ezinezkoa zen, eta hau niretzat oso interesgarria da, ez soilik niretzat, baizik eta defendatzen dudan filosofiaren ikuspuntu horrentzat”.

Liburuko lehen atalean umorearen gaiaz hitz egin duzu, haren mugak, immoraltasuna eta abar. Ez da filosofiaren esparruko gai oso ohikoa.

Arte kontuetan-eta nahiko jarraitu dut Noël Carrollen eta beste zenbait autoreren –Berys Gaut, Anne Eaton– obra, eta momentu batean, horiek lantzen ari nintzela, Carrollen umoreari buruzko testu bat eskuratu nuen –Humour: A Very Short Introduction–. Bestetik, konprobatuta daukat gelan, lehenengo mailan, umorearen auzia dela pizgarrienetako bat. Azkenik, Maddi Nazabalekin egin nuen topo eta haren umoreari buruzko Gradu Amaierako Lana zuzendu nuen. Interakzio horretatik eta klasean piztutako kezkatik sortu nuen kapitulu hori. Ring txiki baten moduan ikusten dut umorearen gaia, artearen inguruan dauden eztabaida asko ere eraman ditzakezu-eta lagin txiki horretara. Zer gertatzen da? Lagin txiki hori berez badela nahiko konplexua.

Eta funtsean azpimarratzen duzun ideietako bat umorearen askotarikotasuna da.

"Jatorrizko interesgunetik gehiegi urruntzeko arriskua dago maiz. Ezin dugu erro hori ahaztu. Analisi filosofikoaren ondoren itzuli egin behar gara eguneroko bizitzara"

Inpresioa dut filosofiaren ahotsa falta dela batez ere umorearen muga etiko-politikoez jarduten denean komunikabideetan. Hor daude adierazpen askatasunaren gaia edo fikzioarena, adibidez, edo estereotipoen gaia, zeina gai psikologiko bat den, baina egun zientzia kognitiboetan eta filosofian ere sakon aztertzen den. Eta askotan, estereotipoen inguruan esaten direnak orokorkeriak izaten dira, oso eztabaidagarriak direnak, eta horregatik uste nuen filosofiak gaia ñabartu zezakeela.

Horren barruan, testuingurauren azterketa ezinbestekotzat jotzen duzu.

Bai, testuingurua da klabeetako bat. Beste bat, umorearen fikzio izaera. Adibide batzuek argi eta garbi erakusten dute egoerarik latzenak ere –tortura, kontzentrazio esparrua– umoregai izan daitezkeela. Atzo, Nazabalek beste adibide bat bidali zidan: Joseba Sarrionandiaren pasarte bat non zera aipatzen zuen: kartzelan nola erabiltzen zuten beren preso egoerari buruzko umore beltza. Horregatik, umorearen ebaluaketa testuinguruaren arabera egin behar da. Testuingurugabetzea da umorearekin egin daitekeen akatsik larriena. Hor dago egun sare sozialekin gertatzen dena: txiste bat egin dezakezu baina ezin duzu testuingurua ondo finkatu, askotarikoa izan daitekeelako. Horixe gertatu zen kasu ospetsu batean, Madrilgo Guillermo Zapata zinegotziarekin. Egia da epaileek arrazoi eman diotela, baina zer edo zer ikasiko zuen:  kontuz, zuk ezin duzu jarri umore pieza bat non arriskua dagoen testuinguru gabe geratzeko.

Zentsuraren gaiarekin lotzen da hori.

Jakina. Adierazpen askatasuna maximizatzearen aldekoa da nire posizioa, argi eta garbi, baina horrek ez du baztertzen zentsuratzeko aukera. Haatik, pentsatu behar da bat, bi, hiru, lau, bost aldiz ate hori ireki aurretik. Errezeta zein da? Agian inozokeria dela irudituko zaio inori, baina tira: kritika. Umorearen gustu hori landu daiteke kritikaren bidez, eta nire esperantza da garai batean onargarria zen umorea denborarekin ez izatea, adibidez. Zentzu horretan pentsamendu feministak izugarrizko ekarpena egin du, eta nire kasuan, oso garrantzitsuak izan dira Anne Eatonek defendatzen dituenak gai paralelo baten inguruan, pornografiaren inguruan alegia. 

Argazkia: Dani Blanco.

Besteren artean, egia-osteraren gaia jorratzen duzu bigarren atalean, eta horretarako Hanna Arendten testu bat erabiltzen duzu. Uste dut Filosofiako lizentziatura guztian ez genuela landu.

Hanna Arendt Martin Heideggeren ikaslea izan zen, eta nik erabiltzen ditudan egileengandik nahiko aparte dago –nahiz eta garai batean Heidegger asko irakurri nuen–. Banekien, bestalde, Arendt kazetari lanean ibili zela Ameriketako Estatu Batuetan, eta nonbait haren testu baten erreferentzia topatu nuen, non kazetaritzarekiko kezka adierazten zuen 70eko hamarkadako Pentagonoaren Paperen auzia zela eta. Testu horretan politikaren, kazetaritzaren, zuzenbidearen eta negazionismoaren –zientziari atxikia– inguruan egiten dituen aipamenak ia-ia gure garaiaren erretratu bat iruditu zitzaizkidan, nahiz eta ez duen egia-oste hitza erabiltzen. Halere, fenomenoa bikain deskribatzen du totalitarismoarekin lotuz. Beretzat, egia-ostearen fenomenoa totalitarismorako ate bat da.

Eta nola egin aurre fenomeno horri?

Arendtek “egiaren gordailua” kontzeptua proposatu zuen. Horren barruan legoke ikerketa orokorra, ezin baita ikerketari erreferentziarik egin egia eta bere inguruko kontzeptu sateliteak –objektibotasuna, zorroztasuna, zehaztasuna, koherentzia, ebidentziekiko begirunea– erabili gabe. Eremu horiek babestu egin behar dira, bere arabera. Hain justu, egia-oste garaian gertatzen dena da balio horiek alde batera uzten direla. Egia da garai batean posmodernismoaren ahotik etorri zela hori, baina gaur egun mugimendu ultraeskuindarrek erabiltzen dute indar handiz mezu hori –negazionistak hor kokatzen dira, adibidez–. Politikaren aldamenean beti egon da gezurra, baina Arendt kezkatuta dago dimentsioarekin. Zer esango luke gaur egun? Zentzu horretan, Arendt foku bat izan da niretzat.

Kazetaritzarekiko kezka agertzen duela esan duzu.

Bai, izan ere, uste dut kazetaritzak arazo bat duela balio horiei uko egiten badie. Egin daiteke ikerketa horiek baztertuz? Ni kezkatuta nago gai honekin baina pixka bat apokaliptiko jartzen naiz, zeren zurrunbilo honetan denok sartzen gara modu batean edo bestean.

Argazkia: Dani Blanco.

Hirugarren atalean batez ere etikarekin loturiko gaiak azaltzen zaizkigu eta horien artean animalien eskubideena dugu. Mami filosofiko handia du, aspalditik jorratu izan da, baina badirudi geroz eta indar handiagoa duela animalismoaren indartzearekin.

Gaiak badu puntu klasiko bat –filosofo gehienek zer edo zer esan izan dute animalien inguruan–, nahiz eta animalismoa Peter Singerren eskutik etorri zen XX. mendean. Eta bai, gelan oso presente eta ia omnipresente dagoen gaia da. Kapitulu horretan egiten dudana da ñabartu, batzuetan maila berean jartzen direlako, esate baterako, feminismoaren borroka eta animalismoarena; eta nik defendatzen dut nire ustez tribiala den zerbait: ez direla gauza bera.

Zergatik ez dira gauza bera?

Animaliek ez dutelako sekula izango erantzukizunik, eta nik eskubide kontzeptua haren testuinguruan ulertzen dut. Guk eguneroko bizitzan –baita epaitegietan ere– pertsonak zigortu egiten ditugu modu batean edo bestean, ulertzen dugulako askatasunez erabaki batzuk hartu dituztela,  adibidez, baina hori animaliekin ez da posible. Eskubide kontzeptua joko horretan ulertzen bada, erantzukizunari eta askatasunari lotuta, nik esango nuke animaliek ez dutela eskubiderik. Eskubide kontzeptua beste zentzu batean ulertzen badugu beste kontu bat litzateke. Hau da, ulertzen badugu badirela izaki batzuk egoera jasangaitzak pairatzen dituztenak eta, beraz, nolabaiteko eskubideak aitortu behar dizkiegula, orduan bai, eta uste dut hor animalismoak ekarpen garrantzitsua egin duela. Baina sekula ez nuke berdinduko emakumeen eskubideen auziarekin, adibidez.

Azkeneko atalean filosofiak sisteman izan dezakeen lekuaren inguruan hausnartzen duzu. Zein aportazio egin dezake filosofiak hezkuntzan?

"Testuingurua kentzea da umorearekin egin daitekeen akatsik larriena"

Ez zait batere gustatzen pentsatzea zientziak daudela alde batetik, eta bestetik letrak, arteak, filosofia… Uste dut sailkapen ofizial horiek oso kaltegarriak direla. Diziplina horiek osagarriak dira, baina gaur egungo gizartean ez goaz bide horretatik. Bolsonarok filosofia kanporatu du sistematik, horixe da egin duen lehenengo gauza. Nik ez dut filosofiaren aldarrikapen politiko bat egin nahi. Nire inpresioa da zientzia, arteak eta filosofia –diziplina berezia delako– uztargarriak direla eta hori ona dela sistema osoarentzat.

Zein zentzutan?

Erlijiozaleek aldarrikatzen duten gizakiaren alderdi espirituala oso ondo jorratu daiteke arteari erreparatuz, filosofian planteatzen diren auziak landuz, historia gogora ekarriz, eta abar. Benetan errespetatu behar dira diziplina humanistiko horiek onak direlako gure gizartearentzat, hezkuntza benetan oso eta humano bat lortzeko, ez dena soilik errentagarritasunean edo merkatal balioetan oinarritzen.

♦   ♦   ♦

Arrietaren filosofia egiteko moduak badu tonu aristoteliko bat, haren “erdigune egokia”ren ideiarekin bat datorrena. Hala, auziak bi posizio kontrajarrien bidez aurkezten ditu maiz, eta gero bien arteko bide zabal horren barruan aritzen da ñabardurak egiten. Horrekin lotzen da berak defendatzen duen “zentzu komuna” kontzeptua baita ere. Horri buruz galdetzen amaitu dugu solasaldia.

Ez dakit “zentzu komuna” dela eta jaso duzun kritikarik. Izan ere, iruditzen zait halako kontzeptuekiko mesfidantza dagoela gaur egun; inork esan diezazuke, adibidez, zentzu komuna azkenean dela gizartean nagusi den diskurtsoaren justifikazio moduko bat: maskulinoa, klase nagusiarena, eta abar. Horri zer esango zenioke?

Kritika batzuk oso zentzuzkoak iruditzen zaizkit. Orain Sinesmenak eta usteak liburuari erreparatu [han garatu zuen bereziki kontzeptua] eta lan asko dagoela egiteko konturatzen naiz. Nik erabiltzen dudan moduan, kontzeptu horren oinarrian dagoen intuizioa honakoa da: zentzu komuna metodologia moduko bat da, baliabide batzuk dituena –behaketa, oroimena, arrazoitzea–. Pakete hori denon eskura dago, eta kritikoa da bere baitan, etengabe bere burua kuestionatu eta zorrozten duelako, eta beraz, oso demokratikotzat dut. Ez nago oso seguru “zentzu komuna” den hitzik egokiena, baina niretzat metodologia antzeko bat da, edozein arazori erantzuteko erabili behako genukeena. Erlijioa, esate baterako, atera egiten da metodologia horretatik: pertsona batzuek dute soilik harremana Jainkoarekin, edo pertsona batzuek bakarrik dituzte gaitasun berezi batzuk ezagutza lortzeko. Egia da historikoki zenbait pertsona, emakumeak adibidez, metodologia horren erabilera osotik kanpo utzi direla, eta hori kritikatu behar da, noski. Horregatik nioen autokritikoa dela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Filosofia
2025-09-10 | Tere Maldonado
Nire garuna ote naiz? (eta II)

Ez dut ikusi nahi gorputza arimaren kartzela gisa. Baina ezin dut saihestu gorputz atletikoak, gazteak, osasuntsuak, ulertzea luxuzko ibilgailuak balira bezala, jabeen eramaile arinak. Gazte (osasuntsu, atletiko) ez garenon gorputzek ere bere jabeok eramaten gaituzte, baina kasu... [+]


Irati Zubia. Jakintzari begirunez
"Laguntasuna iruditzen zait sekulako potentzialitatea daukan harreman mota, Akaso horizontalagoa delako"

Amonarena zen etxean bizi da Irati Zubia duela urte batzuk, lagunekin. Donostiako atari zaharren usaina dauka atariak. Zaintza existitzen ez den mundu batean izan nahiko luke zaintzaile eta eskarmenturik ez zaio falta: irribarre zabalaz hartu nau etxean Aste Nagusi betean, sofa... [+]


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txorimaloei mokoka

Aurrean duzunak min ematen badizu, ez begiratu aurrera. Muturren aurrean duguna saihesteko logikoa dirudi, ezta? Zer ikusiko ote du gutako bakoitzak albo aldera so egiten duenean? Beharbada, miope batek betaurreko bila ikusten duen antzeko zerbait.

Miope bezain itsu,... [+]


2025-07-23 | Tere Maldonado
Nire garuna ote naiz? (I)

Antza denez, dualista naiz, izan nahi ez dudan arren. Esaldia bukle bat da: izan nahi ez dudan zerbait naiz, orduan: nor da esaldian ezkutuan dagoen nia, dualista izan nahi ez duena? Edo, alderantziz, dualista dena da, hain zuzen, ni hori (izan nahi ez badu ere)? Nahaspila... [+]


2025-07-05 | Ikusgela
Joxe Azurmendi ulertzeko gakoak
MULTIMEDIA - erreportajea

Joxe Azurmendi Otaegi euskal idazlea, filosofoa, saiakera egilea eta poeta da. Etikaren, politikaren, hizkuntzaren filosofiaren, teknikaren, euskal literaturaren eta, orokorrean, filosofiaren gaineko liburu eta artikulu asko plazaratu ditu.

  • Eduki arduraduna: Haritz... [+]

Eta libre izan nahi zuen

Badira ibilbide literario oso bat justifikatzen duten poemak. Joxe Azurmendiren Manifestu atzeratua da horietako bat. 1960ko hamarkadako euskal kultura berriaren funtsezko testuetako bat izateaz gain, hil berri den pentsalariaren gaztetako lan horri erreparatuta, gero jorratuko... [+]


Isil gaitezen, une batez bada ere

Osasun etxeko telefono deiaren itxaronaldian, supermerkatuko korridoreetan, kiroldegiko aldageletan... Isilune izan daitezkeen uneak soinuz betetzen ditugu. Zergatik, zertarako? Isiltasunak urduritzen gaitu? Sor diezazkiguken barne gogoetengatik?

Zortzigarren saioa, eta... [+]


1x08: Isiltasuna
MULTIMEDIA - Galdera Basatiak

“Esan ezin denaz, hobe da isiltzea” esan zuen Wittgensteinek Tractatus liburuaren azken esaldi famatu hartan. Eta esan ezin horretan zeuden, haren ustez, munduan erreferente zehatzik ez daukaten gaiak: etika, estetika eta erlijioa. Horrela, isiltasun mistiko batean... [+]


Heldutasuna mito bat da

Irene Lafuente lagun hartuta, heldu izatearen inguruan gogoetatu dute Iñigo Martinezek eta biek Galdera Basatiak podcastaren zazpigarren atalean. Pista bat: "Helduok badugu barnean Peter Pan-en sindromea; nahi dugu dena, nahi bezala, nahi dugunean". Hain helduak al... [+]


Emozioei bai, emotibismoari ez

Sentimenduak izan da gaia Galdera Basatiak podcastaren seigarren atalean, eta horren bueltan zeharkatu dituzte Iñigo Martinezek eta Gari Moyak maitasuna, gorrotoa, tristura, haserrea... Hitz egin dezagun sentimenduen eta emozioen inguruan, baina gogoetatu ere, gogoetatu... [+]


"Postmodernitatearen ezaugarria da dena zalantzan jartzea"

Errealitatea ipini dute zalantzan Imanol Alvarezek eta Iñigo Martinezek podcastaren bosgarren atalean... eta, errealitatea da, saioaren laburpena den artikulu hau, solasaldiko gogoetak brotxa lodiz jasotzera baino ez dela heldu.


1x05: Errealitatea
MULTIMEDIA - Galdera Basatiak

“Heldua izatea errealitatera ohitzea da. Harritzeari uztea". Hori da, behintzat, Sofiaren Mundua liburuaren idazleak, Jostein Gaarderrek, esandakoa. Zu oraindik ere errealitateak harritzen zaitu, entzule? Pentsalari presokratikoak errealitatearen oinarriaren bila... [+]


Zaintzen dugulako maite dugu, ala maite dugulako zaintzen dugu?

"Maitasuna" hitza darama izenburuan Galdera Basatiak podcastaren laugarren atalak, baina eraman zezakeen "harremanak", "bakardadea", "dependentzia"... Hari mutur ugaritan barreiatu dute Izaro Toledok eta Iñigo Martinezek.


Eguneraketa berriak daude