Historiari begira, euskararen betaurrekoak jantzita

  • Euskararekiko jarrerak, usteak, jokaerak, sentipenak eta bizipenak jasotzea ez da samurra historian 200 urte atzera eginez gero. Erdara jauntxo eta jabe den eremu batean, dokumentu ofizialetan indusketa lana eginez, jaso gabe geratutakoa edo erdi ezkutuan adierazitakoa argira ateratzen saiatu da Imanol Azkue (Zumaia, 1965). Artxibategietako agiri-mendietan xerka eta xerpa aritu da, martxoan aurkeztu eta argitaratze bidean den Euskara Zumaian 1766-1966 lana osatzeko.

Argazkia: Axier Lopez
Argazkia: Axier Lopez

11.000 euroko beka, 18 hilabetean ikerketa egiteko. Lanean emandako hilabeteak, jasotako milaka euroak baino gehiago dira.
2019an lanaldia murriztu eta astean egun bat eskaini nion. Lanordutan jarriz gero, ez du konpentsatzen. Ez bada gogo berezia eta motibazio handia duzulako eta emaitzak bete egiten zaituelako. Hori da nire kasua.

Zerk bultzatu zaitu?
Zumaiako historia ezagutzea eta euskararekiko interesa. Horrez gain, baliatu dut euskaraz aparteko beste alderdi batzuk ere jasotzeko. Aktak begiratzen hasita, herriko historia eta oso pasarte politak daude, ondoren Baleike hedabidearen bidez zabaltzeko.

Euskararen jatorria edo biziraupenaren arrazoiak ez dira iluntasunez betetako galdera bakarrak. Askoz gertuagoko garaiez ere ez dago argi handirik.
Gero eta atzerago joanda orduan eta gutxiago dakigu. Areago hizkuntzaren ikuspegitik. Argi pixka bat ematen saiatu naiz, euskararen aldetik. Adibidez, 1800en Zumaia herri euskalduna zen ala ez, ez nekien. Eta orain, seguru esan daiteke baietz. Frogak daudelako.

Hizkuntza baten historia soziala.
Hizkuntzarena baino hiztunena. Pertsonena. Nola bizi ziren, zer eta zenbat hizkuntza zekiten, zergatik, bakoitzetik zenbat, zer egoeratan eta non erabiltzen zuten hizkuntza bat ala bestea, zer funtzio betetzen zuten, ea hizkuntzarik ikasteko aukera ba ote zuten, zergatik indartu zen erdara euskararen kaltetan, zer erabaki politiko eta ekonomiko izan ziren horren atzean…

Feminismoak betaurreko moreak darabiltza. Hau da hizkuntzaren betaurrekoak jantzita historiari begiratzea. Eta ahal dela, bifokalak. Atzera begiratu, orain eta hemen gertatzen ari dena testuinguruan jartzeko.

Hizkuntzarekiko harremanak, jarrerak, usteak… Intimoak diren kontu batzuk, nola jaso orain 200 urte atzera eginda?
Horixe da erronka. Batzuetan oso-oso zaila da. Hizkuntzen aipamenak askoz ere gutxiago dira. Ez dira aipatzen dokumentuetan zuzenean.

Orain dela 100 urte ohikoagoak ziren, abertzaletasunaren eta euskaltzaletasunaren agerpenarekin batera. Badago euskararen aldeko jarrera bat, publikoki bultzatzeko nahia. Karlistaden garaian ere bai, bada kontzientzia bat. Baina ez da erraza. Atzerago joanda, ez dago idatzita ia ezer propio euskararen inguruan. Alde edo kontra. Ez da. Dokumentuetatik pistak ateratzen ditugu.

Zorionez, Zumaiako kasua berezia da, artxibo aldetik material asko dagoelako. Oso ondo antolatuta eta zainduta egon da.

Argazkia: Axier Lopez

Zumaiako Udaleko Artxiboa, inguruko beste artxibategi batzuk, hemerotekak, irudi batzuk… Dokumentazioan gaztelania nagusi eta euskara, aldiz, ezkutuan ageri da.
Izebergaren irudia etortzen zait, Peio Monteanok erabiltzen duena El Iceberg navarro liburuan. Agerian den ertzari begira sumatu dezakegu zer dagoen azpian. Gure kasuan, horri begira, pistak dauzkagu ezkutuan dagoena euskaraz dela esateko. Adibide argi bat, pertsona bat ari da testigantza ematen epaiketa batean eta esaten du ez dakiela erdaraz, baina deklarazio osoa erdaraz jasota dago. Inon ere ez da ageri euskaraz ari denik. Horrelako gauzak normalak ziren. Gure egunerokotasunean ez ditugu jasotzen kontu arruntak, berezitzat hartzen ditugunak baizik. Garai hartan ere ohiko kontuak ez ziren kontatzen.

Toponimia eta etxeen izenak ere badira. Horiek guztiak, denak, Zumaian euskaraz dira. Biraoen kontua ere oso polita da. Epaiketetako testigantza batean “sangre vendida” agertzen da, “odol-saldua” esan zuelako da. Edo “le llamó negra”, beltza esan zuelako. Orduan ere zailtasunak zituzten itzulpenetan. Epaiketetako dokumentuen bukaeran askotan agertzen da “no firmó porque no sabía escribir”. Idazten ez zekielako, ezta gaztelaniaz egiten ere. Horiek denak pistak dira.

Halere, epaileak, abokatuak, udalekoak-eta inguruko jendea izango zen. Asko euskaldunak, baina geratu dena erdara hutsean dago. “Erdara gauza serioetarako dela”, ez da atzo goizekoa.
Hala da. Euskara noiz eta zertarako idatzi da? Elizan, mezatan eta dotrina batzuetan, katixima jendeak uler zezan. Hortik aparte ez daukagu bestelako ebidentziarik. Udalaren funtzionamendua, aktak eta, erdara hutsean ziren XX. mendera arte. Eta XX. mendean ere euskaraz soilik batzuetan.

1766 - 1966. Hasiera eta amaiera urteak ez dira kasualitatea.
1766an Gipuzkoan matxinada izan zen, aurreko erregimenaren gainbehera gisa eta 1966an Zumaian ikastola sortu zen. 200 urte, zifra borobiltze aldera.

Hiru epetan banatu dut. 1766tik 1876ra artekoa. Orduan izan zen Errestaurazioaren hasiera, karlistaden amaiera eta Foruen galera. Lehen 110 urte horietan pentsa zenbat gauza gertatu ziren. Frantsesak, ingelesak, gerra, inbasioa, karlistadak…

Epe horretan euskara nagusi, eta gaztelaniaz zumaiar gutxik egiten zuen. Erdara funtzio jakin batzuetarako soilik erabiltzen zuten. Udaleko aktak, epaiketak eta horrelakoetan. Zumaiar gehienek ez zekiten erdaraz; epaileek, notarioek, alkateek bai. Ikasi nahi zuenak ere ez zuen aukerarik, apaiz sartuta akaso.

Bigarren epea, Foruen galeratik 1936ko altxamendu faxistara bitartekoa. "Estatuaren makinaria gaztelaniari lehentasuna emateko ahaleginean".
Bada ahalegin kontzientea hizkuntza bat nagusitzeko: erdara nagusi zen funtzioez gain beste esparruetara zabaltzeko. Hezkuntzatik batez ere, baita soldadutzaren bitartez ere.

Eta horri erantzunez, aurrerago, Euskal Pizkundea eta abertzaletasunaren sorrera, baina kasu honetan behetik gorako norabidean. Garai hori oso interesgarria da eta oraindik ikertu gabe dago, Zumaian bederen. Adibidez, turismoaren eragina. Nola hasi ziren Madrildik etortzen eta etxeak egiten, eta horrek zenbateraino aldarazi zuen Zumaiako bizimodua. Gaur egunera arte jarraitzen duen prozesua.

Zer nahiago, mediku ona ala euskalduna?

Ditxosozko galdera, baita XIX. mendean ere

Historia errepikatzen da. Batez ere errepikarazteko gogoa dagoenean. Azkuek erreskatatutako pasarte interesgarrien artean bada bat euskaldunoi oso ezaguna egiten zaiguna. Ezagunegia.

1855ean kolera gaitzak gogor jo zuen. 122 lagun hil ziren Zumaian. Horietako bat herriko zirujaua izan zen. Bera eta medikua ordezkatzeko Eusebio Gurrutxaga alkateak lan-deialdia plazaratu zuen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Iragarkiko azken esaldian hala zioen: “advirtiendo que ambos profesores deberán poseer el idioma vascongado”. Euskara jakitea lehentasun.

Ondoren, aurkeztutako hautagaien artean bozkatu zuten udaletxean. Zinegotziek hiru aldiz bozkatu eta hiruetan berdinketa. Bina boto Manuel de Pedrazaren alde, eta beste biak Toribio Ibasetarentzat. Ibasetak euskaraz zekien, Pedrazak ez.

Berdinketa apurtzeko herriko beste 11 handizkirekin jorratu zuten gaia. Bilera horretan zinegotzi batek hala esan zuen euskara jakitea lehenetsiz: “aunque el Señor Pedraza fuese preferido por la Universidad y tenía más práctica en su concepto, el Señor de Ibaseta debía ser preferido por cuanto posee el idioma vascongado”. Hau da, ustez formakuntza profesional handiagoa izatea ezin da herritarrekin komunikatzeko gaitasunaren gainetik jarri. Handizki batek, ordea, aurka egin zion zinegotziari euskaldunok gaur egun sufritzen dugun lelo ezagun bati helduz: “Siendo el médico para curar o estudiar enfermedades, más bien debía atenderse a los conocimientos científicos y a la práctica que al idioma y que no podía haber duda en la elección”. Euskaldunon eskubideak lan-munduan azpiratzeko ohiko jukutria, XIX. mendean.

Azkenean, bozketa eginda, Ibaseta mediku euskalduna hautatu zuten zortzi botorekin. Handik aurrera ere askotan azaldu zen euskararen gaia antzeko hautaketetan. Adibidez, Oikiako auzo-alkateak zegokien zergak ez ordaintzeko mehatxu egin zuenekoa: “los moradores de su valle de Oiquina, no contribuirán cosa alguna siempre que sea castellano el médico que les asista”. Hau da, guk ordaindu eta guri ulertu ez. Nola ba?

Imanol Azkuek dokumentatu duenez, Zumaiako Udalak jendaurreko bestelako lanpostuak atera behar izan zituenean, ia beti kontuan izan zuen euskalduna izateko baldintza edo lehentasuna. 1936ko militar eta erlijioso faxisten estatu kolpera arte.

 

Eta azkenik faxismoaren menpeko Zumaia. “Euskara eta euskaldunak baztertuta. Gaztelaniaz denek ikasi zuten nahitaez, eta batzuek etxean euskara transmititzeari ere utzi zioten”. Azken hau zailago egiten zaigu onartzea, ezta?
Bai, baina hala gertatu zen. Beldurrez batzuk, beste batzuk gaztelania ez jakiteagatik haiek jasandako sufrimendua seme-alabek sufri ez zezaten. Ahalegin argia zegoen euskara azpiratzeko. Batzuekin lortu zuten, baina beste pertsona batzuekin ez.

Zumaian euskarari eutsi zaio, batez ere, komunitatea gotortu delako. Familia eta lagunartean mantendu zuten, dena kontra izanda ere. Beste herri batzuetan ez zen hala gertatu. Xamarrek oso ondo azaltzen du Etxera Bidean liburuan, nola desagerrarazi zuten euskara zenbait herritan. Zumaian euskararekiko kontzientziari eusteko jende multzoa izan da, eta bada. Aitortza egin behar zaio horri.

1966. Azken mugarria, ikastolaren sorrera.
Nabarmena da beste etapa bati ateak ireki zizkiola ikastolak. Bere krisi eta guzti ere egin zuen bideari esker gaude gauden tokian. D eredua zergatik da nagusi eta eredu bakarra Zumaian? Ikastolak hasitako bideari esker. Dudarik gabe. Polita da aztertzea frankismoan lehen arrakalak agertzean, 1960ko hamarkadan zirrikitu horiek euskaldunek nola baliatu zituzten hezkuntzan, euskara batuaren sorreran, kantagintzan, literaturan…

Argazkia: Axier Lopez

Abertzaletasunaren aurretik ere, batzuek bazuten euskararen aldeko kontzientzia, nahiz eta politikoa izan ez.
Kontzientzia praktikoa. 1817an alkateak apaizak euskalduna izan behar zuela eskatu zuen. 1856an Zumaiako medikua edo musika bandako zuzendaria kontratatzeko, berdin. Lanpostu guztietan gertatzen zen. Erdaldunak ez zien balio.
XIX. mende bukaeran Zumaian tradizionalistak zeuden agintean, oso espainolak. Ez zegoen abertzaletasunik, baina euskararen aldeko erabakiak hartzen ziren praktikotasunagatik.

“Euskararen komunitateak eutsi dio euskarari Zumaian, batzuetan erakundeek lagunduta”.
Azken garaiez ari naiz. Euskal Pizkundearen garaian edo Primo de Riveraren diktaduraren ondoren, erakundeetatik espazio batzuk ireki ziren euskararentzat. Baina erdaraz funtzionatzen zuten erabat, hizkuntza politika bat egitea oso kontu modernoa da. Gerra egon ez balitz, akaso, behar hori sortuko zen, baina…

Zergatik dira beharrezkoak mota honetako lanak?
Gauden tokian gaude, bide bat egin dugulako. Ez gaude kasualitatez. Bide hori ulertu gabe nekez ulertuko dugu osotasunean gaur egungo egoera.

Eta gaizki egindakoak etorkizunean ez errepikatzeko. Arlo guztietan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskararen historia
Irulegiko eskua, zein nobedade dakartza ‘Antiquity’ aldizkariak?

Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.


2024-01-29 | Cira Crespo
José Pablo Ulibarri: euskaldunei euskaraz

1785ean Bilboko Abandoko elizaldera joango bagina, Arabako Okondotik etorritako 9 urteko mutiko bat ikusiko genukeen. Bere izebaren etxera joana zen albaitari ofizioa ikastera. Geroago, 20 urte baino gutxiagorekin Gipuzkoara joan zen soldadu, Frantziaren aurka gerran aritzera... [+]


2024-01-26 | ARGIA
Ikus-entzunezko Argia Saria: Bizkarsoro

Bizkarsoro filmak jaso du ikus-entzunezkoen Argia Saria. Euskararen iragan hurbilari errepasoa egiteaz gain, jasandako zapalkuntzari eta altxatzeko grina izan zutenei aitortza egiteko modu bat da pelikula. Saria jaso dute Josu Martinez zuzendariak, Katti Pochelu ekoizleak eta... [+]


Eguneraketa berriak daude