Premia bereziko ikasleak, pantaila atzean galduta

  • Ikasgelan itzalean izan ohi diren premia bereziko ikasleak zuzenean ikusezin bihurtu dira konfinamendu garaiotan. Laguntzeko eta eskolaren eguneroko martxan parte hartzeko ondoan hezitzailea behar duen ikasleari helduleku hori desagertu egin zaio albotik, berdin garapenerako sostengu dituen espezialistak; askok ez du ulertzen egoera berria. Kezkatuta daude gurasoak, eta gainezka, beraien bizkar geratu baita lan gehiena.

Ilustrazioa: Maitane Gartziandia.
Ilustrazioa: Maitane Gartziandia.

Irakasleak klasearen osotasuna ikusten du eta osotasun horretan pentsatuz prestatzen ditu edukiak; gure ikasleak maiz hortik kanpo geratzen dira eta horregatik gu ondoan gaude laguntzeko, baina orain ordea ez, eta ez dut ikusten eskola jarraitzen ari den lan martxan integratuta daudenik”, dio Ana Coranti hezitzaileak. Lehen Hezkuntzan premia berezia duten haurrekin ari da bera ikasturte honetan, eta garbi du: “Atzean utzi ohi ditugunak, are atzerago geratu dira konfinamenduan”. Ez presentziarik, ez kontaktu fisikorik, digitalki ikasle hauengana iristea maiz oso zaila dela aitortu digu hezitzaileak.

Ikasleak duen autonomia da gakoa, Igone Saizabal DBHko hezitzaileak gehitu duenez, eta autonomia gutxi dutenak dira galtzaile nagusiak. “Gure lana da autonomiarik ez duen horren ondoan egotea eta irakaslea klase osoarentzat ari den bitartean ikasle horri laguntzea; nola egiten da hori pantailaren beste aldetik? Adibidez, bideo-konferentzian irakasleak testu-liburuko orriren bat aipatzen du eta nik ez daukat testu-liburua aurrean”. Halere, pixkanaka ikasten doazela dio Saizabalek: “Deskubritu dugu plataforma birtual batzuetan badagoela aukera denak bideo-konferentzian ari garelarik nik nire ikaslearekin bakarka txateatu ahal izateko; horrelako zirrikituak bilatzen joan behar izan dugu, eta bakarka aritzeko tarteak ere bilatzen ditugu”.

Kistiñe Mejuto, gurasoa: "Badirudi egoera hau aitzakia dela gure seme-alabek hezkuntza jasotzeko duten eskubidea alboratzeko"

Taldearen parte sentitzea
Corantik eta Saizabalek garbi dute: edukiak ez dira inportanteena. Hasteko, batzuei asko kostatzen ari zaie egoera hau ulertzea eta kudeatzea, “bereziki adimen urritasunen bat dutenei”, eta etxean sei ordu pantailaren aurrean ere ez du inork jasaten. “Guk erritmoa jaitsi dugu, eta oro har jartzen diren helburuak akademikoak dira, baina beharrak bestelakoak dira: nire ikasle batek, esaterako, hitz egiteko behar handia du”, dio Saizabalek. Ikasleak harremanak mantentzea eta taldearen parte sentitzea jarri dute hezitzaile hauek lehentasun: “Talde txikiak sortzen ditugu beste ikasleekin harremana mantentzen segi dezaten. Azken finean, eskola ez da edukiak lantzea soilik, eskola da lagunak, jolasa… eta hori guztia desagertzea galera handia da batzuen kasuan”, azpimarratu du Corantik.

Lan handiena, baina, etxean dago. “Gurasoak irakasle bihurtu ditugu eta zama handia dute. Arduratu behar dira seme-alabak lan egin dezaten, haurren estresa eta nekea kudeatu behar dute, eta premia bereziko ikasleek normalean ondoan norbait behar dute,  baina etxe guztietan egoera ez da berdina eta erantzuna oso ezberdina izaten ari da batetik bestera. Nire ikasleetako batek laguntza handia behar du lan-ohiturak finkatzen, antolatzen, motibatzen… eta guraso biak lanean ditu. Nola egingo du berak bakarrik?”, kontatu du Corantik. Beste kasu bat ere hartu du hizpide: “Ama batek esan zidan asko kostatzen zaiola haurra lanean jartzea, haserre bukatzen dutela; eskolan eszenatokia aldatzen da eta rolak ere bai, haurrak gurasoak guraso gisa ikusten ditu, ez irakasle gisa, eta batzuei gainera asko kostatzen ari zaie ulertzea etxean ere lan egin behar dutela”.

Ana Coranti, hezitzailea: "Orokortasunean mugitzen gara, eta ikasle hauei ahalegin handia eskatzen zaie; egokitu behar dute antolatuta dagoen sistemara, izan beharrean eskola ikasle hauetara egokitzen dena"

“Ez dira gogoratu gure seme-alabez”
Kistiñe Mejuto da zamatuta dagoen guraso horietako bat. Espektro Autistaren Nahasmendua duen 11 urteko semea du, eta premia bereziko ikasleen gurasoak biltzen dituen Lagundu elkarteko kidea da. Familien bizkar presio handia utzi dela esan digu, eta ikasle hauek dituzten etxe ugaritan desoreka handiak ikusten ari direla, bati baino gehiagori gain hartu diolako errutina eta laguntza emozional faltak, lana egituratu eta egokitzeko zailtasunak, eta egoerak oro har. “Guraso askok tutorearekin baino ez dute harremana, hezitzaileak ere bazter utzi dituztelako, eta gure haurrak oso galduta daude. Jarrera aldetik ere, estresatuta daude eta adierazteko eta emozioak kanalizatzeko gaitasunik ez dutenak lehertu egin dira. Etxean une latzak eta gatazkatsuak bizitzen ari gara”.

Kritikoa da Mejuto: “Oro har, oso ahaztuta gauzkate eta administrazioari bost axola zaizkio ikasle hauek. Ohituta gaude, horrela izan da orain arte, eta konfinamenduan ez da ezberdina. Esanguratsua da, adibidez, konfinamenduaren hasierako mezuetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez zituela profesional terapeutak eta hezitzaileak aipatu ere egiten, sindikatuek arreta deitu zioten arte. Subkontzientea izango da, baina azkar erantzun behar dutenean ikusi da ez direla gogoratu ere egiten ikasle hauentzat funtsezkoak diren figura horietaz, azken finean ikasle hauetaz ere ez direlako gogoratzen; ez dituzte kontuan hartzen. Uneoro esaten digute, ‘ez estresatu, lasai hartu’, eta hori oso ongi dago, malgutasuna behar dugu, baina eman oinarri bat eta gero ikusiko dugu noraino iritsi gaitezkeen, zeren badirudi egoera hau aitzakia dela gure seme-alabek hezkuntza jasotzeko duten eskubidea alboratzeko. Beste familiei berdina esaten diete ala guri bakarrik?”.

Lorea Gisasola, hezitzailea: "Ikastetxeak berriz zabaltzen dituztenean ikusiko dugu, premia bereziko ikasleei bideratzen zaizkien baliabideetan, administrazioarentzat ea benetan garrantzitsuak diren ikasle hauek ala ez"

Premia bereziko ikasle batzuek ikastetxean dituzten espezialistak –fisioterapeutak, hizkuntza espezialistak eta halakoak– mantendu egin dira, baina noski, hauek ere online, eta beraz, gehiago dira aholkuak eta jarraibideak, gurasoek ahal duten neurrian eta ahal duten moduan egin behar dituztenak. Aldea, hortaz, handia da. Eta hala ere, Kistiñe Mejutok dio hainbat familiak ez duela espezialisten berririk izan konfinamendu sasoian. “Kontua da, bestela ere oso denbora gutxi eskaintzen diotela ikastetxeetako espezialistek gure seme-alabei, eta gehienek kanpoan bilatu behar dutela laguntza, fisioterapeuta eta logopeda pribatuetan. Baliabide horiek bertan behera geratu dira garaiotan, eta galera handia da”. Galerak hizkuntzan, mugikortasunean, autonomian… aipatu ditu ama honek. Garapenean sor daitezkeen atzerapenekin kezkatuta dago guraso bat baino gehiago.

Ez da Elena Arroyoren kasua. 5 urteko bere alabak miopatia du (giharrak oso ahul izatea eragiten du), baina Arroyo fisioterapeuta da, eta behar bezala lagundu diezaioke alabari. Aldiz, eskolak ematen dizkion estimuluak botatzen ditu faltan: “Lagunak, harremanak. Etxean edo eskolan aritzeak ez du zerikusirik, eta guk zortea dugu, bi gurasoon artean molda gaitezke, baina familia askotan ezinezkoa izaten ari da”.

Igone Saizabal, hezitzailea: "Deskubritu dugu plataforma birtual batzuetan badagoela aukera denak bideo-konferentzian ari garelarik nik nire ikaslearekin bakarka txateatu ahal izateko; horrelako zirrikituak bilatzen joan behar izan dugu"

Norentzat izango dira errefortzu baliabideak?
Hezitzaileek salatu dute hezkuntza administrazioak bigarren mailako ikasletzat dituela premia bereziko haur eta gazteak; “orain arte hartu dituzten neurri eta murrizketak ikustea besterik ez dago”, dio Lorea Gisasola hezitzaileak. Administrazio guztiek dagoeneko iragarri dute egoera honek sortu dituen hutsuneei aurre egiteko eta errefortzua behar duten ikasleentzako baliabideak jarriko direla, uda honetan ez bada hurrengo ikasturte hasieran. Baliabide horiek, baina, ez dira zehaztu. “Ikastetxeak berriz zabaltzen dituztenean ikusiko dugu, premia bereziko ikasleei bideratzen zaizkien baliabideetan, administrazioarentzat ea benetan garrantzitsuak diren ikasle hauek, ala ez”, azpimarratu du Gisasolak.

Nafarroan, hezitzaile batzuk beste lan batzuetara bideratu dituzte, beharrak asetzeko: hezitzaileen zerrendara deitu zuen Nafarroako Gobernuak, zahar-etxeetan zaintzaile aritzeko eskainiz. Lurdes Elizegi da eskaintza onartu zuen hezitzaileetako bat: “Autonomia programa egin nuen 3 urteko gelan dagoen nire ikaslearentzat, baina hortik aurrera ezin nuen ezer askorik egin, arreta zuzena behar du haurrak eta hori gurasoen gain geratu da egoera honetan. Haiei hainbat proposamen bidali ostean, zahar-etxean jarri nintzen lanean”.

Eskolak orokorrean pentsatzen duela gogoratu digu Ana Corantik, oinarria dela gela orokorra, gela 'arrunta': “Nahiz eta ikasle guztietara iristen saiatu, orokortasunean mugitzen gara, eta ikasle hauei ahalegin handia eskatzen zaie; egokitu behar dute antolatuta dagoen sistema horretara, izan beharrean eskola ikasle hauetara egokitzen dena. Abiapuntua da eduki jakin batzuk ikasi behar direla ikasturtean, eta gero gogoratzen gara premia bereziko ikasleak daudela eta horiek nola lagundu pentsatzen jartzen gara, gela orokorraren martxa jarraitzeko gai izan daitezen. Baina abiapuntuak izan beharko luke nola moldatu eskola-ekintza beraien beharretara”.

Olaiak miopatia du eta eskolak ematen dizkion estimuluak botatzen ditu faltan bere amak.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2025-05-16 | ARGIA
Haurrek hobeto ikasten dute irakurtzen eta idazten eskuz idatzita trebatzen badira

EHUren ikerketa batean, haur batzuk arkatza eta beste batzuk teklatua erabilita jarri dituzte idazten. Helburua zen jakitea ea irakurtzeko eta idazteko ikasketa-prozesuan alderik badagoen. Emaitza argia atera dute: haurrek eskuarekin egindako mugimenduen bidez ikasten dute... [+]


‘Buruz, bihotzez, oinez’, 2025eko Nafarroa Oinezen abesti eta bideoklipa

Atarrabiako Paz de Ziganda ikastola ari da antolatzen aurtengo Nafarroa Oinez festa. Gaur aurkeztu dute egun horri begirako abestia eta bideoklipa. Estitxu Arozena bertsolariaren letrarekin eta Igor Martinezek sortutako musikarekin osatu dute.


“Haurren jakin-min erotikoa kriminalizatzen, moralizatzen eta patologizatzen dugu helduok”

Ludotekan, gazte txokoan, udalekuetan... batzuk musukatzen ari direla, beste hark zakila erakutsi duela eta honakoak gorputzarekiko irainak jaso dituela, hori guztia kudeatzea ez dute erraza hezitzaileek. Adibide praktikoz lagunduta, 'Nola landu sexualitatea hezitzaileon... [+]


Hamar egun pantailarik gabe: erronka abiatu dute 2.500 haur eta gaztek

“Pantailak utzi erronka” hasi dute, maiatzaren 13tik 22ra, Ipar Euskal Herriko 25 eskolak eta 2.445 haurrek. “Hasi aitzin, beldurra dute gazteek, ez direlakoan desafioa betetzera helduko. Gero, indar kolektiboak hartzen du gain”.


2025-05-13 | Gedar
Polizia berriz sartu da Bilboko Unamuno ikastetxera, eta zazpi ikasle identifikatu ditu

Ikasle bati isuna ipini diote institutuan lan politikoa egiteagatik, eta hori salatzeko agerraldi bat egiten ari ziren bitartean, gazteen aurka jo du Ertzaintzak. Zazpi lagun identifikatu ditu.


2025-05-12 | Euskal Irratiak
“Errientaren apartamentua ikasgelaren gainean zenez, ikaslea hara eraman eta bortxatzen zuen”

Donibane Garazi inguruko herri ttipi batean sortua da Bea, eta 1970eko hamarkadan ondoko eskola publiko batean ikusi zituen bortizkeria, sexu eraso eta bortxaketak salatu dizkigu. Irakasleak eragiten zizkiela tratu horiek ama eskolako eta lehen mailako haurrei, mutikoak bortizki... [+]


2025-05-12 | ARGIA
Mobilizatzeko deia egin du Seaskak maiatzaren 23rako, agintariei “baliabideak eta errespetua” eskatzeko

Frantziako Hezkuntza Ministerioak oraindik ez dio Seaskari argitu hurrengo urtean zenbat ikasgela eta irakasle izango dituen. Hori dela eta Baionako kaleak betetzera deitu dituzte guraso eta euskaltzaleak. Igandean, Herri Urratsera milaka lagun hurbildu dira beste urte batez,... [+]


Hezkuntza publikoko irakasleek akordioa lortu dute Jaurlaritzarekin

Tentsio handiko ikasturtea amaitzear, ostegunean hasi eta ostiralean jarraituriko azken negoziaketa maratoian Eusko Jaurlaritzarekin akordioa sinatu dute sindikatu guztiek, ELAk izan ezik. Datorren asteko grebak bertan behera geratu dira. Segidan, adostu dutena eta batzuek eta... [+]


Maiatzaren 18an ospatuko dute Sortzen jaia Takoneran

Sei urteko etenaldiaren ostean, maiatzaren 18an, Sortzen jaia ospatuko dute Takoneran D ereduko eskola publikoen aldeko jaia.  Ikuskizunak, haurrendako jolasak eta Gorka Urbizu edota Borla taldeen kontzertuak izango dira.


Hezkuntza publikoko irakasleen eta Jaurlaritzaren arteko negoziazioak ostiralean jarraituko du

“Proposamen oso eskasa egin du Hezkuntza Sailak, berme eta zehaztapenak txertatu barik”, kontatu dio ARGIAri STEILASeko bozeramaile Haizea Arbidek. Ostegun honetan bilera izan dute sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, EAEko irakaskuntza publikoko... [+]


Datu zenbait argitaratu, emaitza osoa ezkutatu

Hezkuntza Sailak ebaluazio diagnostikoen berri eman zuen otsailean: 2023ko etapa erdikoa eta 2024ko etapa amaierakoak izan zituen hizpide. Emaitza negargarriek egiturazko arazoa dugula erakutsiko luketenez, sailak erabaki zuen tramitea bete bai (ED 23 eta 24 txosten exekutiboak... [+]


NUPeko ikasleen %85,5ek uste du unibertsitatea ez dela “behar bezala ahalegintzen” euskarazko ikasketak bermatzeko orduan

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Euskara Taldeak inkesta bat egin du ikasleen artean. Halaber, euskara plana ikasturte honetan amaitzen dela ikusirik proposamen berriak egin dizkiote unibertsitateko zuzendaritzari. NUPen euskaraz ikastea "ezinezkoa" dela ere salatu... [+]


Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak negoziazio mahaira deitu ditu sindikatuak ostegunerako eta proposamen “berria” iragarri du

Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deitutako greba astearen atarian dator Hezkuntza Sailaren mugimendua. Ostegunean bilduko dira sindikatuak eta Hezkuntza Saila, bertan ezagutaraziko du sailak proposamen zehatza, baina zenbait eduki aurreratu ditu asteartean Begoña... [+]


2025-05-06 | Gedar
“Selektibitatea hezkuntzaren elitizazioan sakontzeko tresna da”, salatu du IAk

Elkarretaratzeak egingo dituzte selektibitateari eta Baxoari ezetz esateko. Gainera, apunte-banku bat eta klase partikularrak jarri dituzte martxan IAko kideek.


Eguneraketa berriak daude