"Ez diot beldurrik ezezagunari"

  • Entre la multitud, observando el arresto Gema Intxausti (Gernika-Lumo, 1966) artistak pasa den otsailean Gasteizko Artium museoan inauguratu zuen erakusketaren izenburua da. Titulu hori Alfred Hitchcock-ek bere pelikula batean egiten duen kameo baten deskribapenetik dator, bere filmografia oparoan egin zituen mota horretako agerpen ugarietako bat; izan ere, Intxaustik zinegile honen ehunka kameo ditu zerrendatuta hitz larriz eta kolore gorriz marraztutako paper zurietan.

Argazkia: DosPorDos.
Argazkia: DosPorDos.

Artiumekoa da Gema Intxaustiri museo batean eskaintzen zaion bakarkako lehen erakusketa. Berarekin errepasatu dugu 1990eko hamarkadan hasi zuen ibilbide artistikoa, Pasolini, Hitchcock, Janeth Frame edo Silvia Plath bezalako erreferenteak bidelagun hartuta eta fotomatoietan ateratako argazkiak, zeloekin egindako eskulturak eta aipuz beteriko marrazkiak areto hauetako hormak eta zokoak estaltzen dituztelarik.

Kafetegi batetan imajinatzen zaitut, papera eta lapitza eskuan dituzula eta zure proiektuetako bati hasiera ematen. Horrela izaten al da?

Bai, izan liteke, uste dut noizbait aipatu izan dudala The Runner’s Cut (2012) obra adibidez horrela hasten dela. Kasu honetan nire buruan jada existitzen zen proiektua eta banindoan pentsatzen eta birpentsatzen zer zuen soberan eta zer zen falta zitzaiona. Eta hori guztia kafetegi batean edo beste batean egiten nuen, izan ere, obra honekin hasi nintzen garaian ez neukan estudiorik. Uste dut baldintza honek –estudioa ez izateak– behartzen zaituela beste modu batez lan egiten, kanpoalderago, estudio batek eman diezazukeenetik kanpora, eta baldintza honek proiektuak garatzeko bestelako modu batera eraman nau.

Alde horretatik, pasealdiek eta eguneroko gauzen gaineko behaketek balio dizute sortzen hasteko. 

"Guretzat ez dago ordutegirik, eta ez dago urtarorik, ez dago biharkorik. Ez gaude etxean inork noiz deituko zain, ekoizten jarraitzen dugu eta aukera dagoenean pieza aurkezten da"

Egia esanda bai. Nik uste kalean behatzeko joera aktibo hori oso presente izan dudala betidanik. Agian orain, eta denborarekin, nire obrarekiko agerikoagoa bilakatu den ezaugarria da. Egia da toki batean nagoenean begiratu egiten dudala, behatu egiten dut eta hori guztia ez dut bakarrik esperientziaren, sentimenen edo pentsamenduen bitartez egiten, baizik eta distantzia batetik begiratzen, beste pertsona baten lekuan egongo banintz bezala, ia lekuko bat banintz bezala. Oso Hitchcockiarra da esaten ari naizena, ezta?

Urtetan estudiorik gabe egon zara. Esan liteke garai batean fotomatoia bilakatu zenuela inprobisatutako estudio.

Nolabait esatearren bai. Lehen fotomatoia Bilboko Abando tren geltokian egin nuen 2000. urtean, toki publiko batean, Bilboko erdigunean. Ondoren Londresen proiektua berreskuratu nuen eta gauza bera egin: toki publiko bat erabili akzio hau egiteko. Beranduago ere obra hau errekuperatu nuen, izan ere, lau toki ezberdinetan egin diren piezak dira, Bilbon, Madrilen, Londresen eta Berlinen. Gainera, oso toki enblematikoetan ateratakoak dira, esaterako Madrilgo Atocha tren geltokian atentatuen ondoren eta Berlingo Checkpoint-ean 2016. urtean.

Beraz, lehenagoko obrak errekuperatzea atsegin duzu, agian amaitu gabe utzi zenituen lanak.

Bai, zalantzarik gabe. Behin Eva Lootz artistari egin zioten elkarrizketa batean komentatzen zuen berak proiektuak pentsatzen eta gauzak bukatzen egiten zuela lana. Noizean behin, begirada atzera bota eta inoiz bukatzeko astirik izan ez zituen lanak hartu eta errekuperatzen zituela. Eva Lootz garai hartan asko gustatzen zitzaidan artista zen eta oso identifikatuta sentitzen naiz beraren lan egiteko moduarekin.

Erakusketan ikus daitekeen bezala, fotomatoien lana 2016an bukatu zenuen, proiektua hasi eta hamasei urte geroago.

Bai. Berlinen, gainera, fotomatoi ugari dago oraindik ere, tiratan eta zuri beltzean inprimatzen duten horietakoak. Erakusketan ikus daitekeen bezala, Berlinen egiten dudana da Bilbon hasi nuen seriea bukatzea. Eta erretratu batekin bukatzen dut, izan ere, serie honetako lehen fotomatoiak erretratua ukatu egiten zuen, lepotik beherako argazki batekin.  

Argazkia: DosPorDos.

Zure ibilbide eskultorikoa garbitzeko zapiak eta zeloak material nagusi gisa erabiltzen hasten duzu. Eskultura hauek jada nahiko ikoniko bilakatu dira hemengo testuinguru artistikoan, baina garai hartan nolako harrera izan zuten?

Zapiekin lehen pieza Angel Badosek Artelekun eman zuen tailerraren ondoren egin nuen, 1989ko udan. Nire ingurukoek izan zuten erreakzioei buruz, egia esan, ez dakit erantzuten… Garai hartan ez nekien pieza horrek zer ibilbide izango zuen, eta testuingurua ere kontuan izan behar da: Ana Laura Alaez, Miren Arenzana eta Alberto Peral artistak lanean ari ziren eskultura egiten, belaunaldi berekoak gara. Gutariko bakoitzak perspektiba ezberdin batetik lantzen zuen eskultura, aurreko urteetako eskulturak zekarren metal eta materialen erabilera alde batera utziz. Garai hartan, gogoan daukat nazioarteko artisten erakusketak ikusten genituela. Bilboko Arte Ederren Museoan, esaterako, eskultore britaniarren edo alemaniarren lanak, eta hauek ere inspiratzaileak izaten ziren. Uste dut faktore askoren gehiketa izan zela, nik orduan ez nuen kontzientziarik, ez nuen esaten “90eko hamarkadako artista naiz”, ez nintzelako, distantziak eta denborak ematen dute horrelako hausnarketak egiteko aukera. Nik ez nuen epe ertain-luzera pentsatzen, momentuan egiten nuena egiten nuen eta puntu. Orain egia da urte dezente pasa direla eta beste begirada batekin ikusten dela garai hartan gertatutakoa.

Eta zeloa material eskultoriko gisa erabiltzeko erabaki hori, nolatan bururatu zitzaizun?

Zeloaren historia oso sinplea eta emozionala da. 1990-91 urte bitartean egin nituen marrazki batzuetatik abiatzen da, Bilboko Andreu lentzeria dendan erakutsi nituenak. Garaiko emakume artistak gonbidatzen gintuzten bertan gure lanak erakustera eta nik hara marrazki batzuk eraman nituen, horien artean zeloarekin egindako batzuk. Eta zergatik zeloa? Ba Angel Badosek, tailer horretan, liburu bana oparitu zigun parte hartu genuen artista guztioi eta liburu hori arkatzez azpimarratuta egon ordez, zeloarekin azpimarratuta zegoen. Eta nik ezin nuen zeloa besterik ikusi, batzuetan ezin nuen testua irakurri, zeloa bakarrik ikusten nuelako eta bere testuingurutik at zeloak hartzen zuen formak, emozionalitate hark txunditu egin ninduen. Ekintza sinple hori, jarrera hori, asko gustatu zitzaidan. 

"Bizi ditugun
krisi-garai hauetan badirudi duintasuna irabazi beharreko balioa dela"

Badakigu lehiaketa eta beka ugaritara aurkeztu eta ezetza jaso duzun “ez” horiek guztiak gordeta dituzula karpeta batean, baina 2018an Gure Artea saria jaso zenuen, Euskal Herrian ematen den arte alorreko sari garrantzitsuena. Espero al zenuen?

Ez, ez nuen espero, eta are gutxiago nire adinean ibilbide artistikoaren saria jasotzea. Ibilbide artistikoari baino, pertseberantziaren sari gisa hartu nuen nik. Edozein artistak jakin badaki nolako zaila den epe ertain-luzera artean lanean jarraitzea. Zailena ez da hastea, jarraitzea baizik, bizitza are eta konplikatuagoa bilakatzen denean, eta zure gain hainbat erantzukizun dituzunean.

Artistak jarraitzen al du menpe egoten sariek, lehiaketek edota bekek ematen duten legitimazio-sistema horretatik?

Zure mundu emozional eta ekonomikoarekin zure burua nola administratzen duzun, horren araberakoa da; hau da, pertsona batek asteburua kanpoan igarotzea aukera dezake eta zuk berriz, dirua papera erostera bideratzen duzu. Guretzat ez dago ordutegirik, eta ez dago urtarorik, ez dago biharkorik. Ez gaude etxean inork noiz deituko zain, ekoizten jarraitzen dugu eta aukera dagoenean pieza aurkezten da.

Eta zein da zure buruari artista bezala inposatzen diozun errutina?

Izan badut errutina bat. Proiektu bat egin behar dudanean lan asko egiten dut, horretan jartzen naiz buru-belarri, badakidalako ondoren guztia okertu daitekeela. Horregatik hasieratik oso indartsu hasten naiz lanean eta, nahiz eta ez ari objektu fisiko bat egiten, ez dago lan egiten ez dudan egunik; baina uste dut hau artista guztiok konpartitzen dugun ezaugarria dela. Begirada beti dago hor, lanean, pentsamenduari forma ematen, sortzen. Urteak egon zaitezke ezer ekoitzi gabe, baina lanera bueltatzen zarenean ez duzu azken lana utzi zenuen bezala hartuko, intelektualki beste toki batean zaudelako. Prozesua eskuzkoa baino gehiago da intelektuala.

Argazkia: DosPorDos.

Erakusketa honetan batez ere marrazkiak daude, testuz lagundutako marrazkiak, aipuekin, esaldi ezberdinekin. Zeri eta nori buruz hitz egiten diguzu marrazki-testu hauetan?

Gogoan dut hitz egiteko eta argudiatzeko zailtasuna nuela gazteagoa nintzenean. Ez zen ezer esateko ez nuelako, hitzak jartzeko zailtasuna nuelako baizik. Eta niretzat garrantzitsua zen, izan ere, nik hitz egiten ez banuen besteek niregatik hitz egiten zuten; eta orduan esaten zuten nire piezak hauskortasunari, biologiari eta naturari buruzkoak zirela, eta hori ez zen inondik inora horrela. Besteek hitz egitea ondo iruditzen zait, gertatzen dena da nire diskurtsoa ere falta zela. Horregatik galdu behar nuen ahozkotasunari nion beldur hori. Eta keinu txikiekin hasi nintzen, hasieran poliki, han-hemenka nire obretan testu laburrak sartuz; eta pixkanaka testua agertuz doa, presentzia handiagoarekin. Eta ahozkotasuna presenteago bihurtuz doa erakusketa honetan ikus daitekeen bezala. Kontrara, eskulturak presentzia galtzen du.

Esan dezakegu ahozkotasuna dela erakusketa honen muina.

Erakusketako komisarioek, Beatriz Herráez eta Xabier Arakistainek ahozkotasunaren kontzeptua proposatu zuten erakusketa honen erdigune bezala eta ni ados nintzen. Uste dut kontzeptu horrek oso ondo laburbiltzen dituela bertan aurki daitezkeen obra guztiak. Unframed Jane pieza adibidez, zirkoa eta Hitchcocken kameoena, The Corner Speech pieza, Pasoliniren aurkako kereilen obra, baita Who do you think you are? ere, migrazioari eta honek errealitate sozial, politiko eta ekonomikoarekin duen harremanaren gainean hitz egiten duen pieza… Guztiek dute narratibitate hori amankomunean.

Zirko itxura duen eskultura baten gainean gaude eserita orain. Azaldu iezaguzu.

"Edozein artistak badaki zein zaila den epe
ertain-luzera artean lanean jarraitzea. Zailena ez da hastea, jarraitzea baizik"

Pieza honek Unframed Jane du izenburua, Janeth Frame idazlearen izena osatzen duten hitzekin jolas bat. Pieza honek hainbat etapa izan ditu, erreferentzien eta geruza ezberdinen batuketa da. Proiektua duela urte asko hasi zen, Alfred Hitchcocken kameoekin pieza bat egin nahi nuela pentsatu nuenean. Lehen bertsioa 2000-2001. urtean egin nuen. Urteak igaro ahala, eta dagoeneko testuetan eta ahozkotasunean arreta gehiago jarrita, berriro agertzen dira. Truffautek Hitchcocki buruz esaten duenaren arabera, hau bere pelikuletan erruaz eta legeak jazarritako gizon errugabeaz ari da. Eta niretzat hori hain zen egunerokoa... Hau da, errua, errugabetasuna eta legearen arteko gorabeherak gaur bizi ditugun krisi-garai hauetan, non badirudien duintasuna irabazi beharreko balioa dela. Horretan oinarrituta eta ideia honi bueltaka, Tabakalerak 2016an egindako gonbidapenarekin zirku hau eraiki eta pieza konplexuagoa bilakatu zen.

Eta honekin esan liteke berriz ere eskulturara bueltatzen zarela.

Bai, fotomatoien proiektuarekin urteak eman ondoren eta marrazkietan gehiago zentratuta, berriro ere eskultura egin nuen zirku honekin. Baina nire buruan ez dago eskultura egiteko nahia, eszenografia bat egitekoa baizik. Eta jakin gabe zergatik, jakin banekien eszenografia horrek zirku bat izan behar zuela. Hortik aurrera, lanean hasi eta dena elkartzen hasi zen, gorputza hartzen eta pieza geruzaka osatzen, aurreko beste pieza batzuei ere keinuak egiten.

Eszenografia honetarako gidoi bat ere idatzi zenuen.

Bai, horrela bide ematen diot ekintza performatiboari, proiektu honen beste geruza bat gehiago. Amaia Urra eta Leire Olaran artisten laguntza izan nuen berau egiteko eta Bilboko La Taller galerian aurkeztu zen. Esan daiteke metamorfosi pieza bat dela. Marrazki bilakatzen den ideia, gero eszenografia bilakatzen dena eta ondoren akzioa eta antzeztua izateko gidoi formako lan elementua.

Nolakoa izan zen norbaitek zuk idatzitako gidoia interpretatzen ikustea?

Batzuek performance deitu izan diote, baina niretzat laburmetraia da. Grabatuta daukat, eta egunen batean uste dut editatu eta muntatu egingo dudala. Pixka bat sufritzen duzu, esperientzia berria zen niretzat, baina gustatu zitzaidan.

Erakusketa honetan dauden marrazkietara bueltatuz, dozenaka marrazki-testu daudela ikusten dugu, badirudi marrazki-paisaia batean murgiltzen ari garela. Imajinatzen dut lan asko dagoela honen atzetik. 

Kalkatzea besterik ez da. Lana pentsatzea da, bestea lan mekanikoa besterik ez da, ia ez daukat pentsatu beharrik. Marrazki asko dago, bai, baina ez dira independenteak, ehunka kalko dira, lau aldiz errepikatuak eta ingelesez eta gaztelaniaz idatziak. Kasu honetan, Truffauten liburutik eta Interneteko informaziotik hartutakoak. Fabrikakoa bezalakoa da, seriean egindako lana.

Bukatzeko, bidaiaren ideia ere oso presente dago zure obran ariketa bezala, adibidez, zure aita Idahora artzain joan zeneko argazkia abiapuntu bezala hartzen duzun lanean. 

Hurbileko eta urruneko ingurunearekin ditugun harremanak asko interesatzen zaizkit, beti gustatu izan zait. Bidaiaren gaia beti interesatu izan zait, inguru hurbiletik kanpo gertatzen zen guztia abentura zoragarria iruditzen zaidalako. Ni ez naiz errutinazko pertsona, ase arte errepikatzen naizen arren, ez dut nire ingurutik ateratzeko beldurrik, eta besteari, ezezagunari ere ez diot beldurrik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Jone Erzilla
"Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea"

Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain... [+]


Erakusketa lehenago kenduko dutelako zentsura salatu du Iruñeko LKN artistak

Talde erlijioso batek eskatuta kenduko dute LKN artistaren obra Iruñeko Morea saltokitik: "Ez dut inoiz iraintzeko asmorik izan; nire begirada artistikoa eskaini nahi nuen".


Eguneraketa berriak daude