"Atzerrira joan beharrik gabe ekarri didate mundua migratzaileek"

  • Boluntariotzan ezagutu dugu, migratzaileei etxebizitza bilatzeko lanean, besteak beste. Ahalegin horren atzean, familia historia jakin bat du Margak, gurasoen ibili zehatz bat, zainetan daraman gogo bat, gaurgero iloben odolean korri bizi-bizi dabilena, gizartearen gezurrak bistara ekartzen dizkiguna.


2020ko martxoaren 15an
Argazkia: Zaldi Ero
Argazkia: Zaldi Ero
Margarita Bajo Lopez. Santanter, 1957

Margarita Bajo Lopez (Santander, Espainia, 1957). Erbestean jaioagatik ere, txistua baino azkarrago zen Gasteizen. Ramon Bajo Ibañez (Gasteiz, 1836–Iruñea, 1915) pedagogo argiaren biloba, Jose Ignazio Bajo Fanlo arabar senatariaren alaba. Hurkoari laguntzeko tirria josi zioten etxean, gurasoen ibili eta historia zaila bitarte. Zuzenbidea ikasi zuen, babesgabeak helburu, baina ez zuen abokatu lanik egin luzaro, haurrak bata bestearen ondoren etorri baitzitzaizkion. Justizia Administrazioan jardun zuen lanean, jendearen zerbitzuko lehen, boluntariotzan orain, premian daudenei laguntzen beti: migratzaile eta errefuxiatuei eta, oroz gain, emakumezkoei.

“Gasteiztarra, betikoa”, Gasteizen esan ohi denez. Alabaina, Santanderren (Espainia) jaioa…
Baina jaio eta hilabetera Gasteizen nintzen! Aitaren ibiliaren gorabeherak izan ziren horiek… Jose Ignazio Bajo nuen aita, familia erdi aberats bateko semea. Etxeko ardi galdua, nolabait esatearren. Bere senide guztiek ikasketak zituzten. Gure aitak, berriz, antzerkia zuen zaletasuna; itsua, gainera. Eta beti esaten dudana, bi pertsona ezagutu ditut ondo baino hobeto errezitatzen zutenak: bata zen Lola Flores, bestea gure aita. Gogoratzen naiz, ni neska koxkorra, aita errezitatzen eta ni negar malkotan. Ikaragarria zen errezitatzen. 15 urterekin, etxetik alde egin eta Madrilera joan zen, antzerkia egitera. Eta hantxe ibili zen, batzuekin eta besteekin, komediak-eta egiten. Ezin bizian, baina egin nahi zuena egiten, gustatzen zitzaiona egiten: antzerkia. Madrilera aita, eta hura eskandalua etxean! Okerrena, amama; haserre handiena, berak. Eta harexen izena daramat: Margarita!

Gasteiza itzuli zen aita, noizbait.
Bai. 20 urtetsu zituela, lagun baten ezkontzara Gasteiza etorri, ama ezagutu –arkakusoak baino behartsuagoa ama, Orbea fabrikan lanean ari zena ordurako–, eta flashak jo zituen: maitemindu ziren, eta ezkondu! Etxean inor ez zen gure gurasoen ezkontzara joan. Hala ere, aitaitak esan omen zion gure aitari: “Zentzatzen bahaiz, mandatu-mutil lana inguratuko diat Santanderren, Hispano-americano banketxean”. Aitaita ondo bizi zen, bazuen dirurik, merkataritza irakasle, harremanak ere bai banketxe hartan… Aitak baietz, onartu egin zion. Eta hantxe jaio nintzen ni Santanderren, zazpiki.

Jaio eta hilabetera, Gasteizen zinen.
Bai, bada! Gasteiz da nire ilusio handia. Euskalduna naiz gauza guztien gainetik. Nire frustrazio handiena, berriz, euskaraz behar bezala hitz egiteko gauza ez izatea. Errioxakoa nuen ama, aita gasteiztarra, baina ez zen euskalduna. Sozialismoaren aldeko kristauak taldean sartu zen eta, gero, Jose Angel Cuerdarekin batera ibili zen EAJn. Hamalau urte egin zituen Madrileko senatuan. Cuerda, gure aita… inork ez zuen zain abertzalerik hemen. Orain, berriz, inor baino abertzaleago dira denak. Zain abertzalerik ez zutela esan dut, baina izpiren bat edo zer edo zer bazuten. Esaterako, urtsulatarrak ikastetxean sartu ninduten ni, etxe ondoko eskolara. Behin, kantu eder bat ikasi nuela esanez sartu nintzen etxera. Cara al Sol zen. Kantatzen hasi eta: “Hori ez da etxe honetan kantatzen!”, aitak. Baina etxe ondoan genituen urtsulatarrak, eta haraxe ni! Bestalde, nik euskaraz ikas nezan gogotik saiatu zen gure aita, baina beti bazen tartean endredoren bat, eta ezin!

Argazkia: Zaldi Ero

Euskaraz ez ikasia duzu zulatzen zaituen arantza.
Arantza horixe! Saiatu naiz, gogotik, baina ez dut hitz egiterik lortu. Gaitz erdi, euskaldun eta militante ditut seme-alaba guztiok, eta nik lortu ez nuena lortu du nire suhi Senegalekoak ere, eta harro nago! Euskalduna suhia, eta euskaldunak iloba senegaldarrak ere! Euskara dute lehen hizkuntza. Hizkuntz gimnastika bikaina egina dute. Ni, aldiz, makurra naiz hizkuntzetan. Frantsesez ere, ulertu bai, irakurri ere bai, baina hizketan hasi, eta motz!

Migratzaile eta errefuxiatuak laguntzen ezagutu zaitugu, boluntario.
Gurean hurkoari edota auzoari laguntzea ez da gauza berria. Horixe erakutsi zidaten etxean. Orain, berriz, kontra egiten dit amak. Ez du ulertzen ni, erretiratu eta gero, zeregin horietan ibiltzea: “Interes gutxiko jarduerak” esaten die berak. Nik, aldiz, bidea beraiek erakutsi zidatela esaten diot. Aitak jendeari laguntzeko borondate handia zuen, nahiz sasoi hartan ez zegoen oraingo egunean bezainbat migratzaile. Gogoan dut, esate baterako, egun batean antzerki konpainia bateko kideak etorri zirela gure etxera. Goian zerua, behean lurra, besterik ez zeukaten. Aitak esan zigun etxean hartuko genituela egun batzuetan, baina bi urte ere eman zituzten gurekin: bi haur ere ekarri zituzten mundura gure etxean!

Hortik zure boluntariotza.
Bai, nonbait. Gurean bost ginen senideok, baina etxean jende gehiago zegoen beti. Amak familia handia zuen, Errioxakoa zen, esan dizut, eta aitak handik Gasteiza ekarri zuen amaren familia osoa. Lehenengo, etxean hartu genituen, eta, gero, Errekaleorren jarri ziren. “Mundu Berria” izena zuen auzoak; apaiz baten asmakizuna izan zen Errekaleor. Askotan esaten nion amari: “Autobusa hartu eta Mundura noa, amama ikustera”. Amama, amaren aldekoa, errioxarra, harako Mundu Berri hartan Errekaleorren. Aitaren aldeko amama, aldiz, Posta kalean bizi zen, atiko zoragarrian.  Kontraste horien ondorio eta emaitza nauzu, hein bateko akrata, nahas-mahas bat. Hargatik ez naute ulertzen! Inori laguntzeko gogoak eraman ninduen Zuzenbidea ikastera. Idealizatua nuen lanbidea, penalista izan nahi nuen, jendeari lagundu, oroz gain. Intsumisioaz hizketan hasi zirenean ere, esate baterako, han ginen senargaia eta biok. Gasteizen mugimenduarekin bat egiten lehenetakoak izan ginen.

Nola egin zenuten bat intsumisioarekin?
Bilbon ikasten ari ginela, batzar bat egin zen. Hara joan, batzuek eta besteek esan zituztenak aditu, eta nire senargaiak baietz, intsumisioari lotuko zitzaiola, mugimendu harekin bat egingo zuela. Espainiako armadaren deia jaso eta bere burua intsumiso aurkeztera joan zenean, esaterako, hantxe abiatu zen, beldurrak airean, artean hura zer izango zen inork ez zekien-eta. 1980a zen urtea [urtarrilak 10]. Etxetik irten, eta, Ramiro Maeztu kalean, Lovaina plazan, bere ondo-ondoan, ETAko batek Velasco komandantea hil zuen [Jesús Velasco Zuazola, Arabako miñoigo burua]. Nire senargaiari buruan sartu zitzaion tiro zaparradaren hotsa. Hori, eta mutilaren orroa, “Gora ETA militarra!”. Gero, haren ihesa. Nire senargaiak bertatik bertara ikusi zuen hildakoa. “Nik ez dut horrelakorik nahi!”, esan zion bere buruari. Gobernu zibilera joan eta intsumisioa aurkeztu zuenean, “Zergatik ez duzu soldadu izan nahi?”, galdetu zioten. Eta mutilaren erantzuna: “Inoiz ez dudalako armarik hartuko”. “Zoaz hemendik!”, esan zioten. Eta harrezkero ez zuen berririk izan, ez hots egin zioten, ez ezer. Hilketa hark betiko markatu zuen.

Latza…
Eta hau eta hura, beti saiatu gara laguntzen eta lanean, era batera zein bestera, nahiz eta ez jardun erakunde baten barruan. Abokatu kolegioan lan egin nuen, eta behin eta berriz eta askotan heltzen zitzaizkidan istorio-historiak. Ezta imana izanda ere! Etortzen zen bat, eta halako gertatu garratz bat kontatzen zidan. Laster erabakitzen nuen hark ofizioko abokatua behar zuela. Hasten ginen hizketan, hartzen genuen kafe bat, enpatizatzen genuen, bat egiten genuen eta sartua nintzen haren bizian; hein batean, bederen. Eta, horrela, bata bestearen atzetik etortzen zitzaizkidan kasuak! Nik uste aitaren zainetatik datorkidala lagundu nahi hori. Ez niri bakarrik, ordea: ni boluntariotzan ari naiz, eta nire bi alaba ere bai. Haiek CEARen, hala ere.

Errefuxiatuari laguntzeko Espainiako batzordea, CEAR.
Bai, bada! Eta etxera jendea ekartzen ari dira beti. “Ama, familia bat etorri da halako lekutik. Axola zaizu etxera bazkaltzera ekartzen baditugu?”. Beti ari dira horretan, eta ontzat hartu izan dugu beti jarrera hori, modurik naturalenean. Bai gurean, bai gure gurasoen etxean ere. Eta horrelaxe egin dut bidea: lehenengo, familia bat ezagutu; haien bidez, beste bat; haien bitartez, hirugarrena… bukaerarik gabeko katean. Inoiz inorekin kafe bat hartu eta bihotza betean hitz eginez gero, zaila da aterik ixtea, pertsona hura ahaztea, ezertan ez laguntzea. Barruak ez dit inor bazterrean uztea agintzen, are gutxiago emakumea baldin bada. Egia esan, errefuxiatuetan, harreman gehiago ditut emakumezkoen artean. Zuzenbidea ikasi nuen, baina iruditzen zait distira intelektualik ez dudala. Aldiz, jendearekiko harremanetan badut abileziarik. Eguneroko lan txikia gustatzen zait.

Etxean etxekoak hartu zenituzten gurasoenean, CEARen lanean bi alaba. Zu zeu, munduan batekoak eta bestekoak laguntzen, ezusteak gorabehera.
Kar, kar… Bai, jakinaren gainean ari zara. Behin, goizeko ordu batean, alabak morroi bat ikusi zuen etxeko bebarruan, etzanda. Etxera sartu eta horixe lehenengo gauza: “Morroi bat etzanda dago hor, bebarruan”. Jaitsi ginen, eta gure etxera sartu genuen. Gero, abentura txiki bat izan genuen morroi harekin, baina hori besterik da. Esan nahi dut, premian dagoenari lagundu, ahal den guztietan. Migratzaileei buruzko diskurtso gaizto hori! “Migratzaile horiek guri kentzera datoz”. Hori dioenak ez du baloratzen kanpotik datozenek irakasten digutena. “Ezberdinak” jakituria ekarriko dizu. Ikasketa. Badakit askok bestela esaten duela, baina haiengandik ikasten dudanak balio handia du niretzat.

Zer ikasi duzu, adibidez?
Gauza asko. Esate baterako, inor ez epaitzen. Ez ditugu ezagutzen, ez dakigu zertan diren beren ohiturak, beren legeak… Ez gaude inor epaitzeko moduan. Ni ez, behintzat. Ezberdinak omen dira. Zertan dira ezberdin? Hemendik ordu erdira edo hiru ordu laurdenera jaio direla, horixe da ezberdintasun bakarra. Haiengandik ikasi dudana… Esate baterako, adinekoak errespetatzen. Harrituta nago ze errespetu dioten adinekoari. Senegalera joan nintzen lehenbiziko aldian jabetu nintzen horretaz. Arreta eman zidan. Ni neu adineko ikusten ninduten, eta sekulako errespetua erakutsi zidaten. Adinekoa autoritatea da han, hemen ez bezala. Gauza horiek ikusi eta nire onetik ateratzen nau gezurrak!

Gezurrak? Zertaz ari zara, zehatz?
Diskurtso ustel horretaz, gezur horretaz: kanpotik etorri den jendea lapurretan ari zaigula, gure lepotik gizentzen ari direla, anbulatorioak betetzen dizkigutela… Gezur hutsa da, gezur eta diskurtso interesatua. Kanpokoek, migratzaile diren horiek, aberastasuna dakarkigute, eta, gainera, gaztetasuna. Bestalde, niri, eta askori, mundua ekarri digute migratzaileek. Esaterako, oso bidaiari txikia naiz. Suedian izana naiz, lagun bat tarteko. Senegalen, alabarekin. Argentinan, senar albaitariarekin, behi afera batzuen aldera. Bidaiatzean, helburu jakin bat ibili dut beti. Aldiz, nire lagun asko, bidaiariak omen, joaten dira, egiten dute bidaia handi bat, eta inor ezagutu ez dutela itzultzen zaizkit! Postalak osatzen dituzte, besterik ez. Nik, aldiz, Fidelen [Castro] ondoan borroka egindako bat ezagutu nuen Gasteizen bertan. Hau, hori eta hura kontatu zizkigun, baita zergatik hil beharko zuen erbestean ere. Ez naiz atzerrira askorik joan, baina nik esango nuke atzerrira joan beharrik gabe ekarri didatela mundua migratzaileek. Aberastasun handia da hori, diruz ordaintzerik ez dagoena.

 

Argazkia: Zaldi Ero

GASTEIZ

“Oraindik orain, migratzaile gazte batekin ibili naiz Gasteizko parte zaharrean, harentzako aterpe edo logela bila. Ikusi nuena ez esatekoa da. Jendea pilatuta, labezomorroak… Logelarik eskaini zigutenean, berriz, ez kontraturik ez erroldarik ziguten eskaintzen, eta Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzekotan, beharrezkoak dituzu horiek. Orduantxe ikusi nuen oro ez dela urre, ez ontasun, ez elkartasun. Migratzaileen artean ere eguneroko ogia dituzu mafiak”.

“BIZILAGUN" ASTERO

“CEARek ‘Bizilagun’ antolatu ohi du, urtean behin egiten den bazkaria, hango eta hemengoak bilduz. Guk lursail bat dugu Forondan, eta haraxe jotzen dugu asteburuetan. Dozena bat lagun baino gehiago biltzen gara, batzuk Eritreakoak, besteak pakistandarrak… Ez dira eskutsik etortzeko gauza. Nork bere estiloko jana ekarri ohi du. Diferente jaten dugu beti! Janariaren bidez lantzen dugu inklusioa. Urtean behin ez ezik, astero dugu ‘Bizilagun’ gurean. Irekiak ditugu ateak”.

 

Azken hitza

BOLUNTARIO

“Orduz lehen jubilatu nintzen eta, orain, boluntariotzan buru-belarri sartuta nago. Gazte ikusten dut neure burua, sasoiko, halako eta halako proiektuetan laguntzeko gauza. Sare askorekin kolaboratzen dut, baina Arteale Fundazioan besterik ez dut boluntario izena emanda”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Migrazioa
Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


2024-04-25 | Gedar
Pertsona migratuak preso izateko zentro bat eraikiko du Espainiko Gobernuak Alborango irlatxoan

Espainiako Gobernuak dio "behin-behinekoa" izango dela itsasoaren erdian sortuko duten kartzela. 600 metroko luzera du uharteak, eta Almeriako kostaldearen eta Marokoko Tres Forcasen artean dago. Militarrek erabiltzen dute.


Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


Eguneraketa berriak daude