Kapitalismo tropikalean herrialde aberatsetako jendeak gara kolonizatu berriak

  • Mendebaldeko kapitalismoa egin da mundu osoaren jabe, arerio guztiak erori ostean. Planeta mugatua baldin bada, bere amaierara iritsi ote da kapitalismoa? Ez, dio Xavier Ricard Lanata antropologoak, badauka oraindik konkistatzeko eremu bat: metropoliko lurrak, jendeak eta ondasunak kolonizatzea, hau da, Mendebalde aberatseko jendeok erabiltzea orain arte tropiko urrunetako kolonizatuak bezala. Horra kapitalismo koloniala mundu osoarentzako

Sivenseko urtegia: Frantziako gatazka hau izan zitekeen Hondurasen.
Sivenseko urtegia: Frantziako gatazka hau izan zitekeen Hondurasen. "2014ko urriaren 26ra arte zuhaitzak eraitsi zituzten. urriaren 26an Remy eraitsi zuten 21 urterekin" dio pankartak, poliziak hildako protestaria gogoan.

XXI. mendeko hirugarren hamarkadan sartzean mundua gatazka sozialetan erre-egosten ari da mutur batetik bestera, izan Txilen, Hong Kongen, Teheranen edo Frantziako biribilguneetan. Ezinegon orokortua esplikatu nahian argitaratu diren liburuen artean dago Xavier Ricard Lanata Frantziako Estatuko goi-funtzionario eta antropologoaren La tropicalisation du monde (Munduaren tropikalizazioa). Lanatak berak azaldu berri du liburuaren mamia ezkerreko zenbait hedabideetan plazaratutako artikulu eta elkarrizketetan. Agian irakurle euskaldunak estimatuko du laburbiltzea.

Munduaren tropikalizazioa kapitalismo globalizatuaren orain arteko azken fasea da. Korporazio handiak beti metropolietako gizarte eta estatuen babesean indartu izan dira, hauek bermatzen zietelako mundu mailan arrakasta. Metropoli aberatsetan bizi garenokiko bazituzten bete beharreko arau batzuk, baina gaur horiei paso egin diezaiekete, betidanik urruneko lurraldeetan egin dutena egiteko: aro berri honetan metropoliak berak tratatzen dituzte orain artean koloniak tratatu dituzten gisa berean.

Frantziako poliziak azken hilabeteotako gatazka sozialetan herritarrei eragindako mutilazioak salatzeko ekitaldia: "Aro berri honetan metropoliak berak tratatzen dituzte orain artean koloniak tratatu dituzten gisa berean". (Argazkia: François Guillot)

Gehienbat tropiko beroetan kokatuta dauden Hegoko herrialdeetan bezala, Iparrean ere gaur estatuak gero eta paper txikiagoa dauka jokoan, botere ekonomikoei aurre egiteko indarrak kendu dizkiotelako. Gorputz kolektiboa desagertzen ari da eta horrekin batera ekintza politikorik egin ahal izatea, Estatua mugatuz masaren kontrolatzeko tresnara. Gero eta gehiago,  Mendebaldeko agintari politikoek jokatzen dute gizarte neokolonialetakoek egin duten gisa berean: epe laburrari begira, berdintasun ezari ez ikusia eginez, mugarik ezagutzen ez duen kapital globalizatua produkzio kostu apalekin erakartzeko edonor eta edozer sakrifikatuz… Lanatak dinamika horretan dakusa Frantzian ongizate estatua eraisteko agintariek daramaten bidea eta horren kontrako jendearen erreakzioak (Jaka Horiak bidenabar); baina eskema berean sartzen ditu metropoli guztiak, –euskaldunok barne, gehituko genuke guk–.

II. Mundu Gerra ostean hiru hamarkadaz eraikitako ongizate gizartea eraisten hasi direnerako, korporazioek aurretik herrialde kolonizatuetan luze eta zabal testatuak zituzten eta baldintza basatiok orain metropolietan berrezarri nahi dituzte.  Mendebaldean “aurrerapena” deitu zaio produktibitatearen hobetzeari, langileen lan orduari produkzio handiagoa ateratzeari. Baina horretarako, aurrerapen teknologikoez gain, beharrezkoa zen energia eta lehengai merke gehiago eskuratzea. Horregatik egon da Iparrekoon aurrerapena loturik Hegokoei ezarritako bortizkeriari: planeta osoa arpilatu behar izan da, tropikalak deitu herrialdeetako baliabide guztiak erabiltzeko –gizakiak bezala natura eta baliabideak–.

Azken hamarkadetan kapitalak etekin iturri berri bat aurkitu du bere etxean bertan, orain arte gutxi jorratutako zerbitzu eta ondasun publikoetan, horiek merkatura atera eta pribatizatzeko aukeran. Kapitalen jabeek metropoliaren desjabetzan ikusi dute hazkundearentzako pizgarri berria, horra nola zerbitzu publikoak pribatizatu eta eraitsiz ase nahi dituzten inbertsiogile handien beharrak. Ipar aberatsa, Mendebalde industriala edo postindustriala ere deitzen duguna, bera bihurtu da orain arpilatzeko ehizaki (geure etxeko lan-baldintzak, natura, zerbitzu eta diru publikoak). Slavoj Zizek filosofoak bataiatu zuena metropoli kolonialen auto-kolonizazioa.  

Europako trenbide sarearen pribatizazioaren kontrako elkarretaratzea: "Kapitalen jabeek metropoliaren desjabetzan ikusi dute hazkundearentzako pizgarri berria, horra nola zerbitzu publikoak pribatizatu eta eraitsiz ase nahi dituzten inbertsiogile handien beharrak."

Planeta osoan, kapitalismo koloniala

Ataka berri honetara ez gara kasualitatez iritsi. 1970eko hamarkada bukaeratik lan orduen produktibitatea jaistearekin batera merkatuak ere asetzen hasi ziren; eta globalizazioa deitu zen uholde handiarekin, kapitalak batetik, produkzio kosteak merketu nahi izan zituen –fabrikak herrialde atzeratuagoetara eramanez– eta, bestetik, salmenten bolumenak handitu, horretarako jende pobreagoak ere kontsumora erakarriz, kreditu eta produktu berri merkez.

Alabaina, funtsean ekonomiaren goranzko martxa erregaien prezio merkean oinarritu da, hori izan da hamarkada gutxitan xahutu dugun antzinako aurrezki preziatua. Orain,  petrolio eskura erraza urritzen hasi denean, erregai konplexuago eta ustiatzen garestiagoen bila ari da aztarrika kapitala, munduko zoko guztietan, azken tanta preziatuenak nondik eskuratuko. Erregai fosilen aroa gainditu behar omen duen ekonomia berdea ez da izango gai korapilo hori askatzeko, aro industrialaren logika estraktibistan jarraitzen duelako.

Horregatik dio Ricard Lanatak, Ipar aberatseko jendeok hasi gara geure larruan ezagutzen nola bizi izan diren luzaz Hego txiroko jendeak. Agur korporazio handiek metropolietako herritarrekin zeukaten nola-halako kontratuari: orain diruak eskatzen du Iparreko estatu eta administrazioek uko egitea kapitalen, ondasunen eta zerbitzuen zirkulazioen edozein kontrolei. Korporazioei zergak arindu edo kendu, lan-baldintzen arauak lausotu edo desegin, ingurumena babesteko legeak deuseztu… lanpostu eta aberastasun promesa hutsalen truke.

Lanatak entzun balu Iñigo Urkullu lehendakaria Zaldibarko zabortegiaren hondamendiaren harira behin eta berriz aldarrikatzen ingurumen gairik larrienean ere administrazioari soilik paper subsidiarioa dagokiola, eta Josu Jon Imazek –Repsolen buru izan aurretik EAEko lehendakariorde zenean– 2000. urtean lege bihurtu zuela enpresen inpunitatea… menturaz bere liburuan Euskadi tropikalizatua aipatuko zukeen, neoliberalen laborategien artean.

Izaera tropikal eta auto-kolonial honek jadanik aldatu ditu gure eliteen psikologia eta politika egiteko moduak ere. Aldaketa arriskutsua disidenteentzat, zeren eta administrazio publikoaren helburua kapitalaren interesak defenditzea dagoela onartu duten unetik, bestela pentsatzen duten guztiak susmagarri eta bazter-nahastaile bihurtzen baitituzte. Horregatik, Iparrean bezala Hegoan, agintariak gero eta gor-itsuago daude protesta sozialen aurrean. Aspaldi da sistema liberalak ez dietela jaramonik egiten herritar eta taldeen interes ezberdinak eta ezinegonak artikulatzeko sortutako tresna eta mekanismoei.

“Gure demokrazietako langile txiroak –dio Lanatak– zorpetuta daude kolonietako soroetan jornaleroak zeuden gisa beretsuan. Menpekotasunaren teoria, periferia-koentzako pentsatua, baliagarria zaigu gaur zentro-kooi. Beraz, Iparra tropikalizatzen ari baldin bada, destropikalizatu egin behar dugu Hegoa. Ez dago benetazko hesirik haien eta gure artean, ez historikorik, ez eta intelektualik. Arkaikotzat geneuzkan gizarteek balio diezagukete gure etorkizuna aurreikusteko. Hegokoen esperientzia eta teoria kontra-hegemonikoak harribitxiak zaizkigu, erresistitzeko bide posibleak erakusten dizkiguten heinean”. 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Globalizazio neoliberala
Maya trenaren obrek dagoeneko 10 milioi zuhaitz baino gehiago bota dituzte Mexikoko hego-ekialdean

1.500 kilometro baino gehiago izango ditu trenbideak, zeinak Mexikoko hego-ekialdeko bost estatu bilduko dituen: Campeche, Chiapas, Quintana Roo, Tabasco eta Yucatan. Maya trenaren kudeaketa Armadaren esku utzi zuen pasa den hilean Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak.


Berriz mahaigaineratu dute Mercosur-EB merkataritza askerako akordioa, klima larrialdirik ez balego bezala...

Berriz ere mahai gainean dute Europar Batasunak eta Mercosur-ek –Argentinak, Brasilek, Paraguaik eta Uruguaik– 1999az geroztik izenpetu nahi luketen akordioa. Trantsizio ekologikoaren aurkako norabidea hartzea litzateke hitzarmen hori izenpetzea, eta beste behin... [+]


Ez adiorik, Tuvalu

2022ko abenduan Tuvalu uharte-estatu ttipiak iragarri zuen Metabertsora pasatuko dela. 26 kilometro karratu baizik ez dauzkan artxipelagoa itsasoak bere igoerarekin irensteko arriskuan dago eta horregatik nahi dute ziberespazioan iraupena segurtatu. Simon Kofe Atzerri... [+]


2023-02-13 | ARGIA
“Supermerkaturik gabeko otsaila”, hurbileko jatetxe, komertzio eta baserriei kontsumitzeko

Zazpigarren urtez segidan, Suitzako En Vert et Contre Tout elkarteak antolatu du Février sans Supermarché ekimena, helburutzat daukana herritarrak animatzea hilabetez beren erosketak ez egitera banaketa konpainia handien super edo hiperretan, baina hurbileko... [+]


2022-12-16 | Sustatu
Amazonen kutxatila-biltegi baten kontrako trollgintza

Irudi hau ez dago manipulatuta. Euskarazko Mastodon instantzia batean erabiltzaile batek egindako argazkia da, Hego Euskal Herriko bazter batekoa. Amazonen locker edo kutxatila-biltegi hauek hainbat bazterretan agertu dira azken urteotan, eta testu jakin batekin egon ohi dira:... [+]


Eguneraketa berriak daude