Kontsumo arduratsurako gune berria Donostian


2020ko otsailaren 16an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Gune berria du Donostiako Intxaurrondo auzoak: Artatxiki Biogunea. Urtarrilaren 24an egin zuten proiektuaren inaugurazio festatxoa, bizilagunez eta  bazkidez inguratuta. “Duela urtebete inguru hasi ginen taldetxo bat kontua mugitzen: apirilean egin genuen proiektuaren aurkezpena, eta dendaren kokaguneaz hasieran eztabaidak izan bagenituen ere, azkenean aspalditik ezagutzen genuen lokal hau aukeratu genuen”, adierazi du Leire Garro proiektuko kideak.

Ekologikoa, bertakoa

Produktu ekologikoen eskaintza egiten dute Artatxiki Biogune ireki berrian, baina eskaintzen dutenetik ahal den guztia gertukoa izatea ere bermatu nahi dute: “Lehentasuna bertako ekoizle txikiei ematen diegu, oso garrantzitsua baita haiekin dugun hartu-emana guretzat”, dio Garrok. Ekoizpen ekologikoan diharduten zigiludun ekoizle handiagoei ere erosten dizkiete produktuak, hurbilagotik lortzea zailagoa den kasuetan.

Bestelako kontsumo ereduak bultzatzea dute helburu denda berriaren irekierarekin. Izan ere, egun gizartearen gehiengoak kontsumitzen duen moduak nekazari, abeltzain eta ekoizleen prekarietatea sustatzen duela argi dute bultzatzaileek, eta horri buelta ematea dute asmo. “Artatxikin eskaintzen ditugun produktuei salneurriak ekoizleek beraiek jartzen dizkiete, eta zuzenean ordaintzen zaie, bitartekorik gabe”. Gainera, produktu asko freskoan eta granelean saltzen dituzte, nahiz eta Garrok onartzen duen oraindik nahi baino gehiago saldu behar izaten dutela ontziratuta.

Ibilbide motza, erantzun handia

Biogunean erosketa egiteko aukera dute elkarteko bazkideek nahiz bazkide ez direnek. Desberdintasunak badira, hala ere: bazkideek %6 merkeago eskuratuko dituzte dendako produktuak, eta erosketa kolektiboetan –hala nola olioa eta kontserbak– parte hartzeko aukera ere izanen dute. “Bazkide izateko bi modu ditugu: 60 euroko kuota osoa ordaintzea proiektuan beste moduren batean parte hartu beharrik izan gabe, edo 35 eurokoa ordaintzea urtean zehar beste boluntario lan batzuk ere eginez”. Hasieran 30 bazkide ziren, denda ireki eta astebetera jada 55 ziren. Badoaz bidea egiten, beraz.

Interesa duen edonor elkartearekin harremanetan jar daiteke artatxikibiogunea@gmail.com helbidera idatziz edo zuzenean Intxaurrondo kaleko 54. zenbakiko dendara hurbilduz. Oraindik biogunean martxa hartzen ari dira, eta horretan zentratuta badaude ere, kideen asmoa bestelako ekimenak antolatzen hastea ere bada. Ongi etorriak izan daitezela, bada, eta urte askotarako!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baratzetik mundura
2025eko irailaren 22
UAWC hazien bankua Palestinan
Bulldozerrak Palestinako haziak suntsitzen

2025eko irailaren 1
Gidari artzain eskola
Artzainen hurrengo belaunaldiaren bila

2025eko uztailaren 28
Udako azoka ekologikoak
Aurtengo hamabi plazak

Eguneraketa berriak daude