Ekonomia teknologikoaren promesa faltsuak

  • Ekonomia teknologikoari buruzko azken artikuluetan ikusi dugunez, arrisku-kapitalak sortutako sistema berrian, bi enpresa motari baino ez die ahalbidetzen mundu osoko erraldoi bilakatzea: alde batetik, negozio-eredu txarra, baina marketin ona dutenei; eta bestetik, negozio-eredu ona, baina gizartean eragin ezin kaltegarriagoa dutenei. Enpresa mota horiek Euskal Herrian izan dezaketen eragina aztertuko dugu artikulu honetan, eta ikusiko dugu zein rol eduki dezaketen balizko atzeraldi ekonomikoaren aurrean.

Desberdinkeria izugarri areagotu da 2008tik. Munduko aberatsenak are gehiago aberastu dira eta ondo dakite dirua bankuan gordeta uzten badute, inbertsiorik egin gabe, diruak apurka-apurka balioa galduko duela inflazioaren eraginez. Beraz, aberastu ahala etekina emango dien edozertan gastatu beharra dute beren dirua. 80ko hamarkadan diktadoreei maileguak hutsaren truke ematen zizkietenean bezala, edo baliorik gabeko zorretan espekulatuz 2008ko krisia sortu zuten antzera, Wall Streetek dirua inbertitzeko premia handia dauka gaur egun.

2008az geroztik, inbertsio “onak” egiteko abagune gutxiago dagoenez, inbertitzaileek dirua bitan pentsatu gabe ematen diete apur bat programatzen dakiten gizon zuri gazteei. Dirudienez, ezer gutxi axola zaie izugarrizko galerak edukitzea, gazteen enpresa horien guztien artean Facebook berri bat egon daiteke eta.

Horien arteko enpresa “arrakastatsuenei” adarbakarrak esaten zaie finantza-jargoian; mila milioi dolarretan balioetsitakoak dira. Talde horretan ditugu, besteak beste, WeWork –ia erabat kolapsatu berri da bere finantza-datuak publiko egin ostean–, Uber –egiaz inolako baliorik ez du, askoren arabera–, eta Space X –espazioko bidaiei etekina atera nahian dabilen enpresa–. Adarbakar teknologiko guztiak batuta bilioi bat dolarretan “balioetsita” daude.

Beste burbuila bat
Baina, tamalez, usteak bizi ditu espekulazio-burbuilak, ez errealitateak. Hortaz, auzi bihurria noiz lehertuko diren iragartzea da. Ekonomiaren historiak argi dio, gainera, arazo txiki mugatu batek ere erraz sor dezakeela mundu mailako domino-efektua.

Egun, inbertitzaileak gero eta mesfidatiago dabiltza etekinik gabeko adarbakar horiekin, batez ere Uberrek eta WeWorkek aste gutxian 50 mila milioi dolar galdu zituztenetik. Hazkunde globala moteltzen ari da eta ez dago hobekuntza-zantzurik zerumugan: Txina, Italia, AEBak eta beste herrialde batzuk ekonomia-atzeraldietan sartzen, edota ahulezia-zantzu larriak erakusten ari dira. Gerra komertzialak nonahi daude munduan. Eta hala ere balore-burtsak maila historikoetan daude, axolagabe, agidanez.

Gauzak horrela, burbuila osteko atzeraldia noiz iritsiko den inork ez badaki ere, aurki izango dela uste dute hainbat ekonomialarik.

Euskal burbuilarik ez
Oraingoz, enpresa teknologikoek eragin eskasa daukate Euskal Herrian. Uberren auto zerbitzuak oso gutxi erabiltzen dira, inork ez du WeWorki buruz ezer ere entzun, eta euskal start-up teknologiko gutxi baino ez dago. Amazonen bidez egindako erosketen hazkundea, Airbnbko alokairu batzuk sortu eta janari-banaketa apur bat egitea; horra mota horretako enpresek geurean izandako eragina.

Dena den, euskal ekonomia Silicon Valleytik urrun badago ere, ez dago isolatuta, eta badaude kezkatzeko arrazoiak. Batik bat, zerbitzu-sektorea proportzionalki hazi da euskal ekonomian azken hogei urteetan. 90eko hamarkadaren hasieratik, zerbitzu-sektoreak jarduera ekonomikoen %70 osatzen du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Aldi berean, industriaren eragina etengabe txikiagotu da.

Aldaketa horiek guztiek jatorri duten herrialdeari erreparatuz, AEBei, korrelazio estatistiko argia dago manufakturaren amaierarekin –ekonomiaren %25,5 zen 1947an; %12 soilik, 2014an– eta desberdinkeria ekonomikoaren gorakada izugarriarekin.

Dirudienez, zerbitzu-industriak joera handia du ondasunak aberatsenen eskuetan metatzeko. Askok uste dute Hego Euskal Herriko bizi-kalitate handiaren arrazoia izan dela manufaktura-sektore indartsua eta langile-botere eta kooperatiben tradizio sendoak aldi berean garatu izana. Izan ere, ekonomiaren egitura aldatzen hasia da egun, justu euskal start-up konpainiak sortu eta aurrera egiten ari direla, eta Hegoaldeko turismoa errentagarritzat jotzen hasi dela.

Turismoa adibide ezin argiagoa dugu: industria horretan, lanpostu batetik maila altuagoko beste lanpostu batera igotzea ia ezinezkoa da; gainera, lan gehien-gehienak espezializaziorik gabekoak dira eta lan-merkatuko soldatarik baxuenak dituzte. Ziurtasun ekonomikoaren faltak eta tokian tokiko egoerek eragin handia izaten dute sektore horretan. Sindikaturik ez dago eta aldi baterako kontratuak dira nagusi. Maila ertaineko lanpostu gutxi ditu: negozioen jabe diren gutxi horiek dirutu egiten dira eta gainerako guztiek gutxieneko soldata baino ez dute kobratzen. Beste hitzez esateko, manufaktura-sektorearen guztiz aurkakoa da. Zoritxarrez, turismoa euskal ekonomia baino askoz azkarrago hazi da azkenaldian.

Etorkizunari so
Dozena bat adierazle kezkagarri ditugu munduko ekonomian eta horietako edozeinen eskutik atzeraldi globala espero genezake epe laburrean. Bai atzeraldia iristean bai enpresa teknologikoen burbuila lehertzean, orduan ikusiko dugu egungo enpresa teknologikoek ekarritako aldaketen benetako eragina. Horietako askoren amaiera ikusiko dugu, baita horrekin disfrutatuko ere, beharbada. Baina, hala ere, 2001eko teknologikoen goraldiaren ostean bezala, edozein atzeraldik bi arrisku mota ekartzen ditu:

Silicon Valleyko sirena-kantuei baino, euskal ekonomian berdintasuna sustatu duten faktoreei erreparatu beharko diegu: kooperatibismoa
eta langile boterea

Lehenik, arrisku-kapitalez mantendutako enpresa teknologiko handiek sektore osoak erabat berrantolatu dituzte etekin guztiak haiek bakarrik lortzeko asmoz. Atzeraldi baten kasuan, kolapsatzeko arriskuan egon daitezke eta horrekin are egoera okerrago eta kaotikoagoa sor dezakete, aldi baterako bakarrik bada ere. Hori dagoeneko gertatu da Indian: bertan, Oyo izeneko ostalaritza start-up batek bere plataformarekin bakarrik lan egiteko konbentzitu zituen hotelen jabeak, nahiz eta eskaintza horrekin batera hotelak eraberritzeko inbertsio handiak egitera behartu. Esklusibotasun-hitzarmenak lotu eta gero, ordea, hotelen bezero-kopurua ez zen inoiz handitu eta, horren ondorioz, negozioa uzteko beharra izan zuten hoteletako jabe askok. Gaur egun, Indiako ostalaritza-federazioak “iruzurtzat” jotzen du Oyo, baina ezin du fitsik egin soldata egokia eskaintzen zuten ehunka lanpostu salbatzeko, bertako ostalaritza-industria kolapsatzen ari dela. Oyoren jabe den inbertsio-banku berak diru asko inbertitu du, halaber, Uberren eta WeWorken, eta Glovon ere inbertitzea hausnartzen ari da.

Bigarrenik, biziraungo duten konpainiek geure ekonomiaren eta bizitzen azpiegituran dagoeneko dukaten kontrola handitzeko aukera izango dute. Glovo halako batean desager daiteke, baina jarraian Amazonek haren esparrua bereganatzeko erabakia har dezake etekin eta esplotazio handiagoa dakartzan estrategiaren bat erabiliz, Googlek AEBetan egin zuen antzera 2001ean. Urte horretan, teknologikoen lehen burbuilaren leherketa bitartean, garaiko bilatzaileen iragarkiak erabiltzaileek bilatutako hitzetan oinarritzen ziren, besterik ez. Baina balore-burtsa behea jotzen ari zela, Googlek bere goiburu ospetsua baztertu zuen (“ez izan gaiztoa”) eta erabiltzaileen datuak Internet osotik jasotzen dituen lehen bilatzaile bihurtu zen; horren bitartez, iragarkiak askoz garestiago saltzea lortu zuen, izugarri pertsonalizatuak baitziren. Googlek lehen urratsa egin zuen Internet modernoa zaintza-makina global bilakatzeko, eta orain munduko enpresa errentagarrien en eta moralki zalantzagarrienen artean dago.

Mota horretako enpresek atzeraldia piztu dezakete, edo beharbada ekonomia globaleko beste domino fitxa batek sortuko du teknologikoen sektorea joko duen krisia. Edonola ere, duela gutxiko historia errepikatuz gero, enpresa beroriei krisiaren irtenbide ere izateko eskatzen amai dezakegu. Sorterri dudan AEB urrun horretan bezala, hemen ere enpresa teknologikoek eskainiko dizkiguten soluzioek geure gizartea eta ekonomia nahierara aldatuko dituzte, beren mesedetan. Itxura teknologiko eta modernoa emango diete antzinako monopolio, prekarietate eta esplotazio basatiei.

Amazonek bertako saltoki batek baino merkeago saltzen duenean, urrezko kaiola berri bat baino ez da eskaintzen ari. Euskal start-up berri batek zerbitzu modernotxo berri bat eskaintzen duenean punta-puntako marketinarekin eta aplikazio apain batekin, giza-balio jakin batzuk eskaintzen ari da egiatan. Balio horiek leku distopiko bihurtu nahi dituzte hiriak; multimilioidunak hirigune osoaren jabe izango lirateke, eta lan-aukera bakarra etxegabeen kanpamenduetan legoke: bizitzeko beste ematen ez duten ordu gutxiko gig laburrak. Euskal Herrian dugun gizarte- eta ekonomia-berdintasun handiaren suntsiketa eskaintzen digute biek ala biek; hori bai, iragarki merkeen eta prezio baxuen bitartez betiere. Geure bizitzak arriskuan jartzen dituen iruzur ederra baino ez dira.

Hurrengo atzeraldia iristean, ez dugu Silicon Valleyko sirena-kantuen atzetik ibili behar irtenbidearen bila. Horren ordez, azken hamarkadetako euskal ekonomian berdintasuna sustatu duten faktoreei erreparatu beharko diegu: kooperatibismoa eta langile boterea.

Erreportaje hau Diego Pallés Lapuentek euskaratu du ingelesetik.

 


ASTEKARIA
2020ko otsailaren 02a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Plataformen kapitalismoa
Riderren lan eskubideak bermatzen dituen direktibaren alde egin du Europar Batasunak

Frantziako Estatua eta Alemania izan dira aurka kokatu diren estatu bakarrak. Direktibaren lanketa 2021eko abenduan abiatu zuen Europak, baina trabak eta presioak tarteko, hiru urte baino gehiago behar izan ditu onespenak. Europako Parlamentuak bozketa berrestea falta da.


2022-10-27 | ARGIA
Uber, Deliveroo, Bolt… plataformak erasoan ari dira Europak haien langileen eskubideak hobeto arautu ez ditzan

Multinazionalen Behatoki europarrak –Observatoire des Multinationales, deitura ofizialean– txosten berri batean erakutsi duenez, Uber, Bolt, Deliveroo eta gisako beste banaketa plataforma berri erraldoiak presio egiten ari dira Europar Batasunak aldatu behar duen... [+]


2022-09-22 | El Salto
Lehen isun handia ezarri dio banaketa enpresa bati Espainiako Rider Legeak

Espainiako lan-ikuskaritzak 78,9 milioiko isuna jarri dio Glovori, 10.000 autonomo faltsu baino gehiagori langile gisa alta ez emateagatik.


Glovoren aurkako epaiketa: kontraturik ez langileentzat, zigorrik ere ez enpresarentzat

Iruñeko Justizia Jauregian hasi da Gizarte Segurantzaren Glovoren kontrako epaiketa, langileak autonomo bezala kotizatzera behartu dituelako. LAB sindikatuak salatu du multinazionalak "erabateko zigorgabetasuna" izaten jarraitzen duela, bere jokabidearen... [+]


Eguneraketa berriak daude