Glovo auzitara eraman du Arabako Gizarte Segurantzak, langileak autonomo faltsutzat hartzeagatik

  • Glovoren aurka Bilbon edo Iruñean egindako epaiketetek oinarritzat zuten argudioa da gako Gasteizen ere bai. Gizarte Segurantzaren arabera, Araban Glovorentzat lan egin dutenek autonomo faltsuen baldintzapean egin dute lan, eta horregatik epaiketara eraman ditu enpresa eta 309 langile.

Glovoren banatzaile bat Gasteizen. Argazkia: Dos por Dos

2021eko maiatzaren 28an - 10:08

Gasteizko Glovo enpresako langile ohi batek ARGIAri jakinarazi dionez, Arabako Gizarte Segurantzak Glovo auzitara eraman du, bere langileei alta ez emateagatik eta beraz, dagokion kotizazioa ez egiteagatik, Langileen Estatutua urratuz.

Gizarte Segurantzak 2020ko otsailaren 21ean hasitako lan-ikuskapen batean du eskariak oinarri. Gasteizko ostalaritza-establezimendu batzuk ikuskatu zituzten, batez ere janari lasterreko hanburgeseriak. Ikuskapen horretan Glovoren 10 rider identifikatu zituzten. Handik bi astera Gizarte Segurantzaren egoitzan azaldu zituzten banatzaile horiek Glovorekin duten harremana: kontratuei, puntuazio-sistemari, prezioei, ibilbideei, aplikazioari, enpresarekin duten komunikazioari (mail-ak, txatak) buruzko informazioa emanez, eta autonomoetan alta emanda zeuden ala ez jakinarazi zioten Segurantzari.

Ikuskapen horretan Glovok Gasteizen duen egoitzara joan ziren (Zapateria, 44), eta egiaztatu zuten itxita zegoela, “inolako jarduera zantzurik gabe". Ondoren, 2018ko apiriletik 2020ko martxora bitartean Glovok Araban izan dituen langile guztien zerrenda eta likidazio-akta eskatu zizkioten multinazionalari. Orotara 309 pertsona dira.

Ikerketaren ondoren, Arabako Gizarte Segurantzak uste du 309 langile horien eta Glovo enpresaren arteko lan-harremana "lan-kontratukotzat" hartu behar dela, eta, beraz, Langileen Estatutuaren babespean. Hau da, eskubide osoko langile gisa tratatu behar dira, eta ez eskuarki autonomo faltsu gisa ezagutzen duguna. Hala, Gizarte Segurantzan alta eman behar zien Glovok eta dagozkien kotizazioak ordaindu. Hori argudiatzeko, Espainiako Auzitegi Gorenaren iazko iraileko epaian oinarritzen dute demanda. Epai horrek lehen aldiz adierazi zuen Glovo ez dela bitartekari hutsa saltokien eta banatzaileen arteko zerbitzuen kontratazioan, Glovoren eta banatzaile baten artean lan-harremana zegoela-eta.

Glovo demandatzeko Gizarte Segurantzak bi argudio hauek erabili ditu, besteak beste:

- Glovok programa informatiko bat erabiltzen du langileen balorazioaren arabera lanak esleitzeko. Hala, baldintzatu egiten da langileek ustez duten ordutegia aukeratzeko eta eskaerak baztertzeko duten "askatasun teorikoa".

- Glovok banatzaileak zigortzeko boterea du, zenbait jokabide izateagatik, eta hori enplegatzaileak langilearen gainean duen boterearen adierazpena da. Glovok denbora errealean kontrolatzen du zerbitzua, eta banatzaileak, aldiz, autonomia oso mugatua du, bigarren mailako kontuetara soilik iristen dena: zein garraiobide erabili edo zein ibilbide aukeratu.

Glovoren abokatuak kontrakoa argudiatu du langileen eta enpresaren arteko "harreman heterogeneoa” definitzeko eremua “grisa" dela iritzita. Gainera, Gizarte Segurantzak "harreman horiek kalifikatzeko eta kontratuak interpretatzeko eskumenik ez" duela dio.

Gasteizko epaitegian azaroaren 30ean egingo da adiskidetze-ekitaldia, eta aldeen arteko akordiorik ezean, epaiketa egingo litzateke.

Langileak ere demandatuak

Gizarte Segurantzak salaketa jarri dio Glovori, baina baita 2018 eta 2020 arteko langileei ere. 309 banatzaile ere demandatu gisa agertzen dira Gizarte Segurantzak zabaldutako auzian. Hala ere, Bilbon eta Iruñean egindako antzeko epaiketetan bezala, pentsatzekoa da banatzaileek aldarrikatuko dutela soldatapeko langileen izaera ukatu ziela Glovok, eta autonomo gisa “bidegabeki” ordaindu behar izan zituzten kuotak itzultzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Plataformen kapitalismoa
Riderren lan eskubideak bermatzen dituen direktibaren alde egin du Europar Batasunak

Frantziako Estatua eta Alemania izan dira aurka kokatu diren estatu bakarrak. Direktibaren lanketa 2021eko abenduan abiatu zuen Europak, baina trabak eta presioak tarteko, hiru urte baino gehiago behar izan ditu onespenak. Europako Parlamentuak bozketa berrestea falta da.


2022-10-27 | ARGIA
Uber, Deliveroo, Bolt… plataformak erasoan ari dira Europak haien langileen eskubideak hobeto arautu ez ditzan

Multinazionalen Behatoki europarrak –Observatoire des Multinationales, deitura ofizialean– txosten berri batean erakutsi duenez, Uber, Bolt, Deliveroo eta gisako beste banaketa plataforma berri erraldoiak presio egiten ari dira Europar Batasunak aldatu behar duen... [+]


2022-09-22 | El Salto
Lehen isun handia ezarri dio banaketa enpresa bati Espainiako Rider Legeak

Espainiako lan-ikuskaritzak 78,9 milioiko isuna jarri dio Glovori, 10.000 autonomo faltsu baino gehiagori langile gisa alta ez emateagatik.


Glovoren aurkako epaiketa: kontraturik ez langileentzat, zigorrik ere ez enpresarentzat

Iruñeko Justizia Jauregian hasi da Gizarte Segurantzaren Glovoren kontrako epaiketa, langileak autonomo bezala kotizatzera behartu dituelako. LAB sindikatuak salatu du multinazionalak "erabateko zigorgabetasuna" izaten jarraitzen duela, bere jokabidearen... [+]


Eguneraketa berriak daude