"Mundu mailako konkurrentziari ateak irekitzen dizkio telelanak"

  • Nola ez, telelanaz hitz egin dugu Fanny Lederlin filosofoarekin. Lanaren esparruak azken urteetan ezagutu mutazioei begira jarri eta hauek dakartzaten arriskuei buruz ari da Les dépossédés de l´open space. Une critique écologique du travail (“Open space-etako desjabetuak. Lanaren kritika ekologiko bat”) liburuan. Gaur egungo erronka langileen eskubideen alorra baino zabalagoa dela dio: lana geroz eta atomizatuagoa eta indibidualizatuagoa dugu eta horri buelta eman behar zaio.

Anitz gara telelanean murgildurik. Hauturik ukan gabe horretara bideratu gara, COVID-19  izurritea  dela eta. Lan antolaketa berri hau geratzeko etorri zaigu?

Uste dut baietz, eta hori arrazoi askorengatik. Hasteko, orokorrean langileek horrekin segitu nahi dutelako, denbora osoz ez bada ere. Lehen konfinamenduan Frantzian egindako inkestek hori azaleratzen dute –alta, baldintza txarretan bideratua izan zen, gehienik emakumeen bizkar den zaintza gehitu behar zitzaion telelanari–. Hala eta guztiz ere, enpresek aitortu beharreko eskubide gisa ikusten dute askok, eta sindikatuak ere zentzu horretan dabiltza gogoetan.

Dena ez duelako txarra, agian.

Etekin indibidualak baditu eta horiei begira daude. Baina maila kolektiboan ondorio larriak eta kezkagarriak ditu telelanak. Hasteko, langileak elkarrengandik urruntzen ditu. Bideokonferentzia bidezko bilerak ez dira nahiko elkartasuna bermatzeko edota hasi berriari laguntzeko –une informaletan agertzen diren trukaketen garrantzia ahantzi gabe–. Bestetik, lana eta lanik ezaren arteko muga ez dugu gehiago argiki finkaturik. Erne egon behar garela uste dut. Espero dut sindikatuek begirada ez bakarrik lan baldintzei mugatzea eta arazoari modu zabalagoan begiratzea. Ondoko galdera mahai gainean jarri behar lukete: zer nolako harremanak nahi ditugu –norberak bere buruarekiko, ingurukoekiko baita munduarekiko ere–?

Gainera, interneteko jabe handiak aberasten ditugu, hauen artean GAFAM boskotea –Google, Amazon, Facebook, Apple eta Microsoft–. Behintzat gutxiengo betebehar batzuk exijitu beharko dizkiegu, ez? Demagun, zerga ihesarekin bukatzea.

Borroka erabat politikoa da. GAFAM boskoteak nazioarteko eta tokian tokiko legeak errespetatu behar lituzke. Ez da kasualitatea Twitter eta Facebookek telelana orokortuko zutela jakinaraztea konfinamendua hasi eta berehala. Zer erran nahi du? Dumping sozial berri baten aurrean gaude. Industriako multinazionalek eskubide sozial gutxiagoko eta soldata apalagoko herrietara deslokalizatu zituzten lantegiak eta hor gauza bera da baina burumuinekin. Facebookek Indian enplegatzen ahalko du gaitasun handiko langilea, baina Kalifornian baino soldata askoz apalagoarekin. Horregatik bi aldiz pentsatu behar dugu telelana positiboa dela erran aitzin. Mundu mailako konkurrentziari atea irekitzen dio telelanak.

"Twitter, Instagram zein Facebooken zeozer publikatzen dugun aldi oro plataforma hauentzat musu-truk lanean gabiltza"

Telelanerako tresna alternatiborik badea?

Ez dut erantzunik. Baina gaur egun ez badira, bihar izanen dira. Banaketak segurtatzeko, soldata duinak segurtatzen dabiltzan kooperatiba batzuk sortu ziren bezala, telelanean ere loratuko dira alternatibak. Arazoa da gutxiengoan izanen direla, GAFAMaren indarra ikaragarria delako. Baina indar harremana desorekatua izateak ez du erran nahi entseatu behar ez denik.

Instagramen jarritako argazkia, gauean Netflixen begiratu seriea, mendi ibilaldirako pizturiko GPSa... guzti hori lana dela diozu.

Antonio Casillik idatzitako En attendant les robots liburuan “klik-lana” hiru multzo handitan banatzen du: plataformek bideratu zerbitzuak –adibidez Uber-eko gidaria–;  mikrolana  edo etxetik on line eta klik bidez buruturikoa –Amazon Mechanical Turk gisakoentzat–; eta interneteko garbitzaileak, hilketa ala indarkeria irudiak identifikatzen eta ezabatzen dabiltzanak –ezinbestekoak eta aldi berean lan erabat apalgarrian dabiltzanak–. Aipatu plataforma horiek gure beharra dute –kontsumitzaile gisa, baita ekoizle moduan ere–. Twitter, Instagram zein Facebooken zeozer publikatzen dugun aldi oro plataforma hauentzako lanean gabiltza musu-truk. “Kontsu-ekoizle” nozioa erabiltzen dut. Ordainketarik ez diegu galdetzen, ikusia izateak eta gurea partekatua izateak bozkarioa eragiten digulako. Kaltegarria eta biziotsua ere da, kitorik lan egitera ohitzen garelako eta gainera, lanaren izaera ikusezinera ohitzen garelako.

Denboraren pertzepzioa ere aldatuz doa. Abiadura handian doa dena.

Biziki hurbil ala une berean ditugu ekoizpena eta kontsumoa eta horrek lanaz gain, bizia ere kaltetzen digu. Esfera pribatuaren eta profesionalaren arteko ezberdintze-ezan gaude, geroz eta lausoagoa da bien arteko muga –telelanarekin argiki ikusten dugu–. Arriskua da lanak geroz eta leku gehiago hartzea, eta gainera, erran dugun bezala, geroz eta ikusezinagoa bilakatzea.

Neoliberalismoaren noziotik abiaturik, “neolana” neologismoa plazaratzen zabiltza.

Kapitalismoaren gaur egungo forma dugu neoliberalismoa; liberalismoari alderatuz Estatuak funtzio oso inportantea du, ez gara Adam Smithen esku ikusezina-rekin. Aldaketa teknologiko esponentzial batean gaude ere. Kapitalismoaren historian beti egon dira aldaketa teknologikoak, baina 1950eko hamarkadaz geroztik abiadura ikaragarri handian emanak dira. Hiru aldaketa nabarmendu ditzazkegu: robotizazioa, aro numerikoa eta algoritmoak. Lanaren alorrean mutazio handiak ondorioztatzen dituzte, neolana nozioarekin izendatzen ditudanak. Argiki, lanarekiko dugun harremanaren degradazio batean gara.

Zer nolako degradazioa?

Lanaren indibidualizazioan gaude. Danièle Linhartek Travailler sans les autres? liburuan ongi azaltzen digu laneko kolektiboen hausteko helburua argiki finkatzen eta teorizatzen dutela 1980ko eta 1990eko hamarkadetatik goiti. Soldatak zein karrerak geroz eta indibidualizatuagoak dira eta langileen arteko konkurrentzia barneratu dugu. Hori horrela, kolektiboa desagertuz doa eta borroka sozialak berriz ahulduz. Lanbide independenteak edo autonomoak biderkatu dira, ez dira gehiago marjinalak. Independentziaren erretorikak erakartzen ditu gazteak. Errealitate hau ere kontutan hartu behar dugu: marko berri batzuk asmatu beharko ditugu, nahi duten malgutasuna eskaintzerakoan hainbat eskubide bermatzeko.

Independentziaren ideia hori perbertsoa izan daiteke.

Bistan da. Patronalaren nahikari eta ideologia bat dago gibelean eta guk iruditegi hau barneratzea dute xede. Ez dugu bistatik galdu behar independentziaren ideiak berarekin dakarrela babes eta eskubideen desagerpena. Noski, nagusirik ez duzu, ordutegia antolatu dezakezu… hein batean egia da, baina ez osoki. Adibidez, digital-langileek ez dute nagusirik, baina algoritmoek bideratu manuen menpe dira.

Azpikontratatzeen garapena ere aipatzen duzu mutazio gisa.

Lanaren dualismo berri batean gaude: errentagarriak ez diren aktibitateak azpikontratatzen gabiltza. Zein dira? Garbiketa, atezaindegiak, informatika zerbitzuak... hots, ezinbestekoak izanda ere errentagarriak ez direnak. Alde batetik, lan ofiziala, probetxuzkoa dugu; eta bestetik, azpilana, gaizki pagatua, usu emakumeek eta arrazializatuek segurtatua, eta ikusezina ere dena –goizean goiz ala gauez datoz lantegira, inork inoiz gurutzatu gabe–. Gainera, azpikontratatzaileek prezioak ahal bezainbat apaltzen dituzte konkurrentziari aurre egiteko eta lan baldintza oso txarretan dabiltza lanean. Bi abiaduratako lan hau ez da jasangarria, are gehiago bizitzaren artaren ardura dutelako.

Baina lan esparru honen prekarizazioa eta esplotazioa ez da gauza berria...

Egia da zaintzaren sektorea estrukturalki gutxietsia izatearena ez dela gauza berria. Kontua da, orain, beste batzuen esku uzten dituztela, horrela etekinak emendatuz. Lanbide horietara bideratu mespretxu soziala ez da berria, baina berritasuna da estrukturalki saihesturik izatea.

Neolanak bere baitan daukan muturreko destajuko lana ere deitoratzen duzu, frantsesez tâcheronnisation izendaturikoa, “muturreko peoi-lana”.

Kapitalismoaren muinean dugu lanaren zatiketa, oso produktiboa dena. Baina erreforma sozial handiei esker baita Nazioarteko Lan Erakundearen 1944ko Filadelfiako Adierazpenarekin ere ia desagerturik genuen, Mendebaldeko herrietan behintzat. Baina freelance langileekin, lanaren digitalizazioarekin eta plataformen garapenarekin berriro hor dugu emaitzen araberako soldatarena, lan horretan emandako denbora edozein dela eta. Klik-langile ala peoiei dagokionez, exekutatzaile izatera mugatuak dira, ez zaie inolako gaitasunik galdetzen eta ordezkagarri dira. Erabat alienagarria da muturrera eramandako destajuko lan hau.

"Lanaren indibidualizazioan gaude, kolektiboa ahulduz doa eta borroka sozialak ere"

Peoi hauek “klaserik gabeko proletarioak” direla diozu.

Neolanaren esparrua erabat indibidualizaturik da, eta jendartean gauzaturiko atomizazio soziala ere hor dago. XIX. eta XX. mendeetan klaseak argi ziren: burgesiarena eta langileriarena. Uste dut burgesia-klasea hor dugula oraindik, elkarrekiko elkartasun handiz dauzkan pribilegioak defenditzen dabilena; eta langileria-klasea desagertuz doala, behintzat Mendebaldean, erdi mailako klasea deitu ohi dugun klase zabalago baten barne dugu orain. Erdi mailako klase hau ez da baitezpada borrokalaria, klase-sentimentua ez du baitezpada garatua eta alta, egoera okertzen ari zaio: langabeziaren presioaz gain, muturreko destajuko lanak egoera are gogorragoa bihurtzen du.

Izpiritu kritikoaren eta desobeditzearen garrantzia aipatzen duzu liburuan, neolanean autoritarismoaren mekanismo batzuk ere ikusten dituzulako.

Badakit ez dela erraza, Uber-eko gidariak ala Amazoneko banatzaileak premia finantziarioak dituelako. Baina uste dut zinez premiatsua dela.

Klaserik gabeko proletarioei gehiturik konturatu gabe eta kitorik lanean gabiltzan internet erabiltzaileok... Panorama honetan ez dugu ttipia langileon eskubideen aldeko erronka...

Eskubideen esparrua biziki inportantea dugu. Lan zuzenbideari buruz gogoetatzerakoan ez dugu soilik iraganean pausaturiko kuadroetan oinarritu behar. Beharrezkoa da Uber-en abusuen aurka borrokatzea, soldatapeko lana izan beharrean lanbide autonomo gisa saltzen digulako asuntoa... baina horrela ez diegu gaur egungo erronka guztiei erantzuten. Egoerari beste begirada bat gehitu behar zaio. Asko entzuten da lana ez litzatekela soilik ogibide izan behar eta ongi-izatearen hornitzaile ere behar lukeela. Uste dut helburu horiekin neoliberalismoaren ikuspegian kokatzen garela, arazoa pertsonalizatzen eta indibidualizatzen dugulako. Haratago joan eta besteekilako eta munduarekilako harreman-toki gisa definitu behar dugu lana. Hori horrela, begibistakoa gelditzen zaigu azken aldi hauetako lanaren indibidualizazioaren larritasuna. Sozializazio gune izan ohi da lana, elkartasunak garatzeko gune ere izan da. Autoestimuan ere eragina du lanak... baina pentsa nolako eragina duen peoitzan aritzeak...

Geroz eta indibidualistagoak gara. Nola egin testuinguru honetan aldarri hau ez zaharkiturik agertzeko?

Galdera ona da, balio digulako teoriara mugatzeko arriskuaz jabetzeko. Egia da jendarte indibidualista batean gaudela, eta ez dagoela atzera bueltarik –jakinik alde onak ere dituela horrek, inork ez lukeelako itzuli nahi jabe ala familia baten ondasun ginen iraganera–. Indibidualizazioak askatasun liberalarekin errimatzen du, norberaren adimendua, kontzientzia eta askatasuna dira lehenesten. Hori hobekuntza bat da, duda gabe. Baina aldi berean uste dut jendarte atomizatu hau ez dela ona. Lehenik eta behin, helburu komunik, batasun sozialik eta elkartasunik ez gehiago ukatea indarkeriarentzako lurbeltza delako. Nola segurtatzen ditugu biak –norberaren askatasuna eta elkartasuna–? Hau dugu gaur egungo erronka. Inozoaren itxura ukan dezake, baina uste dut pasatzen dela senidetasunaren berdefiniziotik.

Anartean, osoki ez bada ere, behintzat doi bat deskonektatu behar genuke, ez?

Seguraski, baina norberaren diziplina hau biziki zaila da, guztia egina delako hori saihesteko: konexioa plazer eta atsegin iturri dugu. Guzti hau politikoa den heinean garaipen politikoak beharko ditugu, eta horretarako kontzientzia hartze politiko bat ezinbestekoa dugu –bai indibiduala, bai kolektiboa–. Horrez gain, etika bat ere beharrezkoa dugu, langile gisa “manu hau betetzen dut ala desobeditzen dut?” galderak hor egon behar luke. Etika hau numerikoaren kontsumitzaile gisa ere beharko dugu bideratu. Bien arteko artikulaziotik etorriko dira hobekuntzak: ezin da soilik langile eta kontsumitzaileoi eskatu jarreren aldaketa, eta ezin da politikaren esku utzi guztia. Klima larrialdiaren alorrean bezala, funtsean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Telelana
PODCAST #43 | Silicon Valley-n gauzaturik dute jada, mundura zabaldu nahi luketen antolaketa

Telelana lan-antolaketa berri bihurturik da langile askorentzat. Koronabirusak hala beharturik, azken urteetan helburu zutena egunetik biharamunera errealitate bihurtu zaie numerikoaren sektoreko oligarkei. Jendea etxetik dabil lanean, internet bidez. AEBetako Silicon Valleyn... [+]


2020-09-28 | Mikel Eizagirre
Telelanak genero arteko desberdintasunak sakontzea eragin dezakeela ohartarazi dute

Emakumeak pandemia-garaian ere zaintza lanak bere gain hartzen ari dira, gizonezkoek ohiko enpleguarekin aurrera jarraitzen duten bitartean.


2020-09-21 | Mikel Eizagirre
Hego Euskal Herrian %190 igo da telelanean aritzen diren pertsonen kopurua

Giza baliabideetako Ranstad enpresaren kalkuluen arabera, 147.000 telelangile izatera heldu da Hego Euskal Herria, iaz baino 89.500 gehiago.


Eguneraketa berriak daude