Papergabeen lan-indarraren xurgapenari esker ere dabiltza aitzina banaketa plataformak

  • Hainbat ikerketa kazetarik plazaraturikoa baieztatu du Bruselako Enpleguaren Ikuskaritzak: guneka, plataforma numeriko erraldoientzat dabiltzan banatzaileen erdia baino gehiago papergabea da. Flexibilitatea muturrera eramanik, langileen eskubideen bermea saihesteko tramankuluak dauzkate Uber Eats eta Deliveroo gisako konpainiek –tartean langile autonomo gisa jarduten dutelako banatzaileek–. Lan baldintza kaskarren zerrendan beste bat gehitzen zaio, ordea, papergabeari: plataformarako sarbidea paperak dauzkan bati erosiz eta pagaren zati bat honi banatuz, esplotatua are esplotatuago dago. Uste baino orokortuagoa dugun errealitatea dugu hori.

Ehunka papergabe dabiltza multinazional horientzat lanean, haien izenean edo herritartasuna daukan batena erosiz eta erabiliz. Lan baldintzen alde borrokatzea eta pairaturiko esplotazioa salatzea arriskua hartzea ere bada papergabeentzat, berez ilegalitatean daudelako, hots, kanporatuak izateko arrisku pean.

Bruselan diharduen Enpleguaren Ikuskaritza serioski jarri da plataforma numeriko erraldoientzat dabiltzan banatzaileei begira eta deigarria da ikerketak plazaraturikoa: Belgikako hiriburuko banatzaileen erdia baino gehiago da papergabea –aurten bideraturiko 43 kontroletatik 24tan langileak ez dauka paperik–. Gehienak Uber Eats eta Deliveroo plataformentzat ariturikoak dira, hots, sekulako etekinak egiten dabiltzan multinazionalentzat. Hiriko punta batetik bestera dabiltzan banatzaileak ez dira lan hitzarmen bidez plataforma horiei lotuak, autonomo estatutua daukate, algoritmoen bidez plataformak zabalduriko misioak betetzeko. Muturreko flexibilitatea dakar horrek, azken finean Lan Kodeak bermatzen dituen eskubide eta betebeharrak saihesten dituztelako plataformek.

Zifra horrek islatzen digu badaudela papergabeen ezintasunaz eta muturreko miseriaz baliatzen direnak ere diru kotsia irabazteko. Zehazki, herritartasuna daukan pertsona batek bere izenean bideratzen du plataformarekilako lotura, ondotik, komisio baten truke papergabe bati utziz izena eta sarbidea –“izen-mailegatzailea” bihurtuz, zuzenbideko terminologian–. Plataforma ezberdinetan inskribatuz eta etorkin ezberdinei bedera salduz, diru-iturri esanguratsua daukate horietariko batzuk. Prekarioak are prekarioagoa esplotatzea, bere prekaritatea doi bat arintzeko. Horretan gara.

Hainbat inkesten arabera, ordainsariaren erdia arte eskatzen diete, hondarrean lanordua 2,5 euroko soldatara jaitsiz. “Autonomo horiek esplotatzaile bihurtu dira, beste baten lanetik etekina metatzen dabiltza, artetan hilabetean 1.000 euro jaso arte eta hori bizikletan ibili gabe!”, Deliveroo, Uber Eats : auto-entrepreneurs précaires et esclavage moderne (“Deliveroo, Uber Eats: autonomo prekarioak eta esklabotza modernoa”) erreportajean irakurri daitekeenez. Izan zitekeen bestela, hots, kapitalismoak bideratu muturreko flexibilitate horretaz baliatu inolako baliabiderik ez daukanari diru iturri baterako sarbidea eskaintzeko –hots, gauza bera, baina kitorik eta elkartasunetik–. Baina oro har, gailentzen dena ez da eskuzabaltasuna. Afrika iparraldea, Afganistan, Siria, Pakistan zein Hego Ameriketa, jatorri ezberdinetakoak dira banatzaile papergabeak.

Belgikako Banatzaileak Borrokan kolektiboko Nada Ladraak azaltzen digu sektorearen bilakaera: “Banatzaileen profila aldatu da: hastapenean, gazteak ziren Uber eta Deliveroorentzat banatzen zutenak, ikasleak, klase ertain-apalekoak. Ez zen gaur egun ikusten dugun prekaritatea”. Plataforma horietan are flexibilitate gehiago bideratu izanaren emaitza da hori –ordainketa banaketa kopuruaren araberakoa ez eta lanorduaren araberakoa; distantzia luze zein labur, apairua bero heltzeko betebeharra; eta beste–: “Lan baldintzen okertzearekin zeinek du segituko: prekarioenek, beharrean direnek, beraz askotan papergabeek”. Jakina da zer nolako arriskua dakarren gizarte asegurantzarik gabeko banaketa ahal bezain laster egiteak –bizikletaz edo scooterrez gainera–.

Aarriskuak hartuz, kanporatuak izateraino

Datu ofizialik ez baldin bada ere, Matthieu Lepinek Twitteren daukan Accident du travail : silence des ouvriers meurent kontuaren arabera, badakigu 2019az geroztik Frantziako Estatuan gutxienez hamar banatzailek dutela bizia galdu lanean. “Banaketa bakoitza bost euro baino gutxiago ordaindu ohi da. Hori horrela, astean 35 oren baino askoz gehiago lan egin beharra daukate soldata bizigarri bat ateratzeko”, irakurri daiteke Bastamag-en Accidents du travail non déclarés, pas ou mal indemnisés: les livreurs de repas payent le prix fort (“Deklaratu gabeko, gaizki edota batere estalitako lan istripuak: apairu banatzaileek garesti ordaindu beharra daukate”). Oren asko sartu edota oren bakoitzean ahal bezainbat banaketa egin, horrek dakarren arrisku hartzearekin... Bistan da estatutik kanporatuak izateko arriskua ere hartzen dutela, poliziaren kontrola ukanez gero atxikitze zentrora bidaliak direlako eta hortik, gehienetan jaioterrira.

Pairaturiko esplotazioa publikoki salatzeko eta kolektiboki mobilizatzeko bidea zailtzen die egoera administratiboak. “Arriskutsua da plazan hitza hartzea”, dio Nada Ladraak. Mainstream komunikabideetan gaiak harturiko lekua dela eta, poliziaren kontrolak areagotu dira. Honetan daukate ariketa nagusienetarikoa: nola jardun banatzaileen eskubideen alde –papergabeentzat zein bertako herritartasuna dutenentzat–, ilegalki dabiltzanak arriskuan jarri gabe, eta diru iturri kaskar –baina diru iturri bakar– hori itxi gabe?

Autonomo estatututik langile estatutura pasatzeko aldarria plazaratzen dabiltza azken urteetan garaturiko banatzaileen kolektiboak. Tartean langile eskubide batzuen bermea dakarrelako: segurtasun soziala, langabezia eta erretretarako kotizazioak. Papergabeen onurarako ere litzatekeela diote, erregularizazioa lortzeko prozedurarentzat lan egin izanaren froga luketelako. Lanean pairaturiko irain, eraso eta mespretxu arrazisten aurka jotzeko aukera gehiago lukete ere –jasandako arrazakeria salatzeko protestak egin izan dituzte, sindikatu zein kolektiboek babesturik–.

Zuzenean kontratatzen dituenik ere bada, tartean Frichti edo Stuart plataformak. Koronabirusaren izurriteak eragindako konfinamendu garaian eskaerek gora eginik, eskulana eskas zutela, papergabeei ireki zizkieten ateak, haien jatorriko pasaporteak onartuz. Kontua da, beharra ttipitu bezain laster, isunak saihesteko egunetik biharamunera itxi zizkietela kontuak. Frichti konpainiak 200 kontu itxi zituen, Stuart-ek berriz hamarnaka, “legea aplikatzeko betebeharrari” segi. Iazko apirilean auzitegira jo zuten 66 banatzaile papergabek, CLAP plataformentzako banatzaile autonomoen kolektiboak eta CGT sindikatuak sostengaturik. Duintasuna eta erregularizazioak dituzte eskatzen.

Jérôme Pimot CLAP kolektiboaren sortzaileak badaki plataforma horiek papergabeen esplotazioari esker dabiltzala aitzina: “[Frichti-ren aurkako] auzi honetan agerian gelditzen zaigu orokortuta dagoela papergabeen esplotazioa. Horiek ezean, lan baldintzak hobetzeko pisu gehiago daukaten banatzaile legalekin lan egin beharko lukete, baldintzak hobetzera behartuak izanez. Klandestinoak, ordea, mugarik gabe ito daitezke lan dorpean”.


ASTEKARIA
2022ko ekainaren 05a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Plataformen kapitalismoa
Riderren lan eskubideak bermatzen dituen direktibaren alde egin du Europar Batasunak

Frantziako Estatua eta Alemania izan dira aurka kokatu diren estatu bakarrak. Direktibaren lanketa 2021eko abenduan abiatu zuen Europak, baina trabak eta presioak tarteko, hiru urte baino gehiago behar izan ditu onespenak. Europako Parlamentuak bozketa berrestea falta da.


2022-10-27 | ARGIA
Uber, Deliveroo, Bolt… plataformak erasoan ari dira Europak haien langileen eskubideak hobeto arautu ez ditzan

Multinazionalen Behatoki europarrak –Observatoire des Multinationales, deitura ofizialean– txosten berri batean erakutsi duenez, Uber, Bolt, Deliveroo eta gisako beste banaketa plataforma berri erraldoiak presio egiten ari dira Europar Batasunak aldatu behar duen... [+]


2022-09-22 | El Salto
Lehen isun handia ezarri dio banaketa enpresa bati Espainiako Rider Legeak

Espainiako lan-ikuskaritzak 78,9 milioiko isuna jarri dio Glovori, 10.000 autonomo faltsu baino gehiagori langile gisa alta ez emateagatik.


Glovoren aurkako epaiketa: kontraturik ez langileentzat, zigorrik ere ez enpresarentzat

Iruñeko Justizia Jauregian hasi da Gizarte Segurantzaren Glovoren kontrako epaiketa, langileak autonomo bezala kotizatzera behartu dituelako. LAB sindikatuak salatu du multinazionalak "erabateko zigorgabetasuna" izaten jarraitzen duela, bere jokabidearen... [+]


Eguneraketa berriak daude