Telelana lan-antolaketa berri bihurturik da langile askorentzat. Koronabirusak hala beharturik, azken urteetan helburu zutena egunetik biharamunera errealitate bihurtu zaie numerikoaren sektoreko oligarkei. Jendea etxetik dabil lanean, internet bidez. AEBetako Silicon Valleyn kokaturiko enpresa horien errealitateari so egitea komeni da, irudikatzeko biharko orokortu nahi luketen antolaketa eta harremantzea. “Internet hil ala bizikoa bihurtu zaigu egunetik biharamunera” diote pozik. Bizirik bagaude ere, ezberdintasun sozialak eta prekaritatea areagotzen dituen antolaketa berri batean gaude, ordea.
Berriz ere etxeratze aginduak eta konfinamenduak bideraturik zaizkigun honetan, Le Courrier International-en La Silicon Valley mise sur le télétravail assorti de réductions de salaire (Soldaten apaltzea dakarren telelanaren parioa egiten dabil Silicon Valley) artikuluak arreta piztu dio kazetariari.
AEBetako Kalifornia estatuaren iparraldean kokatzen den San Frantziskoren Badian Silicon Valley deitu gunean batzen dira numerikoaren sektoreko enpresa boteretsu guztiak –Apple, Google, PayPal, Ebay, Yahoo eta beste–. Hiru milioi biztanle, 6.000 enpresa potolo, muturreko aberastasuna eta aldi berean muturreko pobrezia biltzen dituena eta BPG Txileko Estatuaren heinekoa duena. Xavier de la Porte kazetariak jada 2013an horrela deskribatzen zuen bertako egoera sozioekonomikoa: “Ikaragarriki aberats diren oligarka bakar batzuk, gaizki ordainduriko langile klasea haien zerbitzurako, eta tarteko klaserik gabe, edo arras ttipia”. Iraganeko kontua dira 60ko eta 70ko hamarkadetan eskualde horretan loraturiko hipi-izpiritu eta kontra-kulturak. Muturreko liberalismoak estali zuen norbanakoaren autonomiaren ideala. 1976an Bill Gates gazteak –gaur egun mundu mailako bigarren pertsona aberatsena dena, bere 98 miliar dolarekin– inguruko gazteei bidalitako gutun batean kokatzen du bihurgunea Fabien Benoit The Valley, une histoire politique de la Silicon Valley (The Valley, Silicon Valleyen historia politiko bat) liburuaren idazleak. Programa informatikoek aberastasuna sor dezaketela ohartarazi zien, jabetza pribatuaren kontzeptua mahai gaineratuz. Orduz geroztik, ezagutzen dugu munduak harturiko norabidea.
Aisialdia, lana, hezkuntza, harremantzea, kontsumoa, guztia internet bidez bideratzea amesten duten enpresek telelanaren bihurgunea harturik dute beraz: Microsoft, Facebook zein Twitter egiturek “modu iraunkorrean telelanean aritzeko” aukera proposaturik dute, soldatak bizitokiaren arabera baldintzatuz –ulertu apalduz, soldaten %15ra arteko apaltzea Wall Street Journal-en arabera –. “Berrogeialdian pasatako hilabete horiei esker hamar urteko saltoa egin dugu”, Eric Schmidt Googlen zuzendari izandakoaren hitzetan: “Internet hil ala bizikoa bihurtu zaigu egunetik biharamunera”. Zorionekoak haiek, ametsaren gauzapena hurbilago dute koronabirusari esker. Silicon Valleyn pasatzen denaz jakinean izan behar gara, bertan planteaturiko logikak mundu guztira zabaltzea dutelako helburu.
Usbek&Rika komunikabidearen Pourquoi la Silicon Valley mise-t-elle sur le télétravail? (Zergatik Silicon Valleyk telelanaren apostua egiten du?) artikuluan agertzen denez, hemendik bost-hamar urtera sare sozialen kontrola duten enpresetako langileen erdia etxetik ariko da lanean, eta enplegatzeko orduan irizpide ere bilakatuko omen dute, ondotik soldatak bakoitzaren herriaren arabera banatuz. Indiako geek jakintsuena Silicon Valleyra ekarrarazterik ez dute izango beraz, buruhausterik gabe kontratatzen ahalko dute eta gainera, bertako soldata miserablea bideratuz –seguruenik bataz besteko soldata baino handiagoa, baina ogi pikor bat miliardunentzat–.
“2020an atomoak baino byteak higitzea errazago bihurtu zaigu, beraz nahiago dut gure langileak bideoz edo errealitate birtualez teleportatzea, auto metaketetan blokeaturik ingurumena kutsatzen aritzea baino”, Mark Zuckerberg Facebooken buruaren hitzetan. Berdez pintaturiko argudio horren gibelean gordetzen den errealitateari so egitea komeni da.
Batetik, enplegatze gastuak ttipitzeko bidea dute, aberatsak are aberatsago bihurtzeko bidea. Harturiko norabide hau kapitalismoaren logikan kokatzen du Fanny Lederlin filosofoak: “Mundializatuz mekanismo berak bideratu zituen industriak XX. mendean, hau da, deslokalizatu ziren eskulan merkeagoa atzemateko gisan. Gauza bera da, salbu orain lantegia eraikitzeko beharrik ere ez dutela. Erran dezagun argiki: langileentzako mehatxu bat da telelana”.
Kontutan hartu beharrekoa da ere langileriaren eskubideen aldeko eta nagusiaren erabakien kontrako protestak errepikatu direla azken urteetan indibidualismoaren erreinua den Silicon Valleyn –2018ko apirilean Googleko langileak ziren protestan, 2018ko ekainean Microsoftekoak...–. Telelanak elkartasuna arraildu dezakeela badakite arras ongi numerikoaren esferako nagusiek: “Fisikoki langileak elkarrengandik urrunduz, elkartasunen eta protesten oztopatzeko bide ona da telelana”, Lederlinen arabera.
Ekainean plazaraturiko How working from home works out (“Nola funtzionatzen du etxetik bideratu lanak”) artikuluan, Nicholas Bloom irakasleak ikertzen ditu hiru garai ezberdin: COVID-19 aitzinekoa, izurriteak bideratu konfinamendu garaia eta COVID-19 ondorengoa, aurreikuspenen bidez. Txostenaren ondorioa mentalizatzen has gaitezen: “COVID osteko gure ekonomiaren zati integrala izango da telelana”. COVIDa aurretik etxetik bideratu lana “bakana eta estigmatizatua” baldin bazen, orain, “estigmatizaziorik gabea, arrunta baina baldintza txarretan eramandakoa” dela dio: “Sekulan baino egoera txarragoetan lan egitera behartuak izan gara asko”. Zaintza eta lana batera kudeatu behar izan dutenak –gehiengo handian emakumezkoak–; baserri munduan dagoen internet sare ahula zein azpiegituren aldetik herritarren artean diren ezberdintasunak kontutan harturik, argi gelditu zaigu guztiena ez dela berdin telelanean ere.
Hori horrela, hiru kontseilu emanez bukatzen du ikerketa: telelana denbora partzialean egin beharko litzateke; hautuzkoa izan beharko luke eta azkenik, gogoan atxiki beharko genuke telelana ez dela eskubide bat, baizik eta pribilegio bat. Agintari zein enpresa-buruei eskatzen die benetako eta sakoneko gogoeta bat eramatea, “atzera bueltarik ez duen lan-antolaketa berri honek” klase arrakala oraindik gehiago sakondu ez dezan. Bistan da, horri gehitu behar zaizkio ondoko errealitate jasangaitzak: kutsadura numerikoa –hemendik 5 urtera %7,6koa izanen da internetek eragin CO2 isurketen zatia–, enpresa horiek bideratu zerga ihesa –Attac-ek egindako kalkuluei segi, Google, Apple, Facebook, Amazon, eta Microsoftek bataz bestean haien negozio zifraren %74 dute zergetatik saihesten– eta bizi pribatuaren zangopilatzearekin errimatzen duten datu pertsonalen kontrola eta ustiaketa.
Hala beharrez eta arduratsuki jarduteko ordua izanki, etxetik lanean ari garen honetan ez dezagun ahantz oligarka batzuen ametsaren gauzapenean garela.
Aurten, berriz ere, Euskaraldia izan dugu. Bi astez, gure hizkuntza-ohiturei erreparatu diegu, geure buruari galdetuta zenbat eta nola egiten dugun euskaraz. Baina ariketa horretatik harago, galdera handiago bat ere pizten da: zeren araberakoa da hizkuntza baten biziraupena?... [+]
BSHk Ezkirotzeko lantokia itxiko duela berretsi du, 655 langile kaleratuko ditu eta Nafarroako Gobernua eta langileak "denbora" eskatzen ari dira, "berrindustrializatzeko".
Astelehen goizean ezagutu da industriarentzat kolpe latza izango den notizia: datorren astean hasiko du enpresak EEEaren negoziazioa, eta kalean geratuko dira 655 langile.
Poliziak kalea moztu du goizean, eta lagun ugari gerturatu dira Bilboko Zurbaranbarri auzora etxea defendatzera. Indarrez sartu da Ertzaintza, eta azkenean gauzatu dute etxegabetzea. Mobilizazioa deitu dute 19:00etarako.
Natura aspaldi deuseztatu genuen. Hori da gure kultura, natura deuseztatzea. Oinarrian, nekazaritzaren kultura, goldearen kultura, kultibatzea, berezko natura deuseztatzea da. Guk nahi ditugun mozkinak eta etekinak jezteko moduko “natura” dugu gurean.
Ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko zuzeneko harremanak sustatzeko asmoz azoka berria jarri du martxan Iruñeko Udalak, INTIA-Reyno Gourmetekin, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarekin (NNPEK), Elikagai Artisauen Elkartearekin eta Bizilurrekin... [+]
Lurraren historian espezie askok komunikazio konplexuak garatu dituzte, baina gutxik dute erleen dantzaren pareko kode sofistikatua. Erle langileek elikagai-iturrien kokapena adierazteko erabiltzen duten dantza ez da soilik naturaren mirari bat, baita zientziaren begietatik... [+]
Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]
Rescoop.eu federazioko Kontseilu Errektorean sartu da Goiener kooperatiba, eta "lorpen handitzat" jo du ardura berri hori. Iragan maiatzaren 22an Krakovian (Polonian) egindako Energia Komunitarioaren Foruman parte hartu ahal izan dute, eta une inportantea izan... [+]
Aurreko astean lan istripuen ondorioz sei behargin hil zirela salatzeko, 60 bat lagunek Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzako sarrera blokeatu dute. Ertzaintzak bertan zeuden pertsonak identifikatu ditu. LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, dagoeneko 26 dira aurten... [+]
Boubacar Dioufek, Mbolo Moye Doole Bizkaiko manteroen eta kalez kaleko saltzaileen elkarteko kideak, Bilboko kaleetan arrazakeria eta abusu poliziala areagotu direla adierazi du.
Euskal Herriko mugimendu abertzaleen hasieran, langile borrokak kanpotik inposaturiko zerbait balira bezala ikusi ohi ziren. Euzkadi egunkariko orrialdeetan maiz irakur zitezkeen sozialisten kontrako diatribak. Harritzekoak ere ez ziren erasook, egia esan, egunkari sozialistetan... [+]