Eskuinaren oldarra Iruñean

  • Navarra Sumak gogor ekin dio atzeraldiari, ez dago ia atzerapausorik ematen ez duen asterik. Batean euskararen ordenantzak direla, bestean mugikortasuna edo hirigintza, eta hurrengoan sanferminetako txupinazoa, udal karguen dietak edo haur eskolak. Kontraerreformaren unea da: udal agintearen makina gelan tente, galdara ikatzez betetzea agindu du Enrique Mayak eta ozen jaurti du: “Goazen iraganera!”.


2020ko otsailaren 02an
Navarra Sumako koalizioko buruzagiak Iruñeko Udalean. (Arg.: Idoia Zabaleta / Foku). Navarra Sumako koalizioko buruzagiak Iruñeko Udalean. (Arg.: Idoia Zabaleta / Foku).
Navarra Sumako koalizioko buruzagiak Iruñeko Udalean. (Arg.: Idoia Zabaleta / Foku). Navarra Sumako koalizioko buruzagiak Iruñeko Udalean. (Arg.: Idoia Zabaleta / Foku).

Lau urtetan ezin da hiri bat aldatu, baina Joseba Asironen agintaldian urrats aurrerakoi garrantzitsuak egin ziren Hiri Buruzagian. Aldaketa sostengatu zuten Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerra izan zituen bidaide. 2019ko maiatzaren 26ko udal hauteskunde gauak bi albiste nabarmendu zituen Iruñeko Udalari begira: bat txarra eta bestea oso txarra. Oso txarra: Navarra Sumak aise irabazi zituen hauteskundeak Iruñean eta hurrengo alkatea Enrique Maya izango zen berriz ere. Eta ez hain txarra: azkenean, hamahiru zinegotzirekin geratu ziren, gehiengo osorako baten faltan.

Bigarren albiste honek erakutsi du garaiak aldatu egin direla Nafarroan eta sasoi bateko UPN-PSNren corralito-a dagoeneko ez dela hain corralito. Laburbilduz, aurreko legealdian UPNk eta PSNk bat egin bazuten alor ugaritan, oraingoan bat egiten dute euskal usaina duen ororen aurka, baina ez hirigintzako edo gai sozialak diren beste ia gehienetan; eta hor EH Bildu, PSN eta Geroa Bai bat egiten ari dira oposizioan.

2019ko ekainean hartu zuen aginte makila Mayak, sanferminen bezperetan, eta berehala iragarri zuen txupinazoan ez zuela baimenduko oihal handirik zabaltzea Iruñeko Udaletxe plazan. Bistan da helburua segurtasuna baino ikurrina eta bestelako pankarten aldarrikapena estaltzea zela. “Segurtasuna da, ez dut ikurrina jazarriko”, adierazi zuen, baina uztailaren 6an udaltzainek dozenaka ikurrina kendu zizkieten txupinazorako prest zituzten gazteei, ikurrina delitu bihurtuz.

Iruñeko Mahaia desegin eta txupinazoa aurten Mayak erabakiko du seguenik. (Arg.: Jagoba Manterola / Foku)

Sanferminetako txupinazoa nork bota ere garrantzi handikoa da Iruñean. Alkatearen erabaki esparrua da, eta UPNk nahieran erabili ohi du, batez ere HB, Batasuna edo gisako herri hautagaitzei suziria botatzea eragozteko. Asironen udal gobernuak Iruñeko ordezkaritza oso zabala biltzen duen Sanferminetako Mahaia sortu zuen; honek hautagai zerrenda bat egiten du eta herritarrek interneteko bozketa bidez erabakitzen dute. 10.000 lagunek ere parte hartu izan dute bozketan. “Zalantzarik gabe sistema hobetu liteke –dio Patxi Leuza, Geroa Baiko zinegotziak–, batez ere Interneten ez dabilen jendeak parte har dezan, nagusiek-eta, baina herritarren halako kopuru batek parte hartzea itzela da”. Leuza Foru Legebiltzarretik dator eta udaleko moldeak gogorrak iruditzen zaizkio: “Azken finean, alkateak sekulako boterea du eta ia nahi duena egin dezake”. Eta txupinazoan ere, Maiak nahi duena egingo duen beldur da.

Egurra euskaldunei

Euskara beti da gupida gabe astintzeko esparrua. Ikasturte berriaren hasiera ekitaldian, iragan abuztu amaieran, Hello Egunsenti eskolan iragarri zuen Iruñeko haur eskolen sarean “euskarak eskaintza handiegia” zuela. Hamaika haur eskola daude udalaren menpe Iruñean eta 2015era arte bi bakarrik ziren euskaraz. Aldaketaren udalak lau eskoletara igo zuen eskaintza eta UPN eta PSN oso gogor oldartu ziren erabakiaren aurka. Datorren ikasturteari begira, EH Bilduk uste du euskaldundutako Donibane eta Printzearen Harresiko haur eskolak gaztelaniazko eskaintzara itzuliko dituela “eskuineko hirukoak”.

Egindako atzerakadarik handiena udal ordenantzen esparrukoa da. 2019ko maiatzean aldatu zituen Asironen gobernuak 1997ko ordenantzak. Euskara ere Iruñeko berezko hizkuntzatzat hartzeaz gain, haur eskolak, udal lanpostuen hizkuntza eskakizunak edo hiriko paisaia linguistikoan aurrerapauso esanguratsuak eman ziren araudian. Aldaketa batzuekin, azaroaren amaieran NSk 1997ko ordenantza berreskuratu zuen ostera ere. PSNren sostenguarekin egin ahal izan zuen aurrera proposamenak eta Maite Esporrín zinegotzi sozialistak adierazi zuenez, horrekin amaitzen zen udal lanpostuei begira Iruñeko erdaldun elebakarrek jasaten zuten “marjinazioa”. Egia esan, UPNk ez zuen bat egin 1997ko euskararen udal ordenantzekin, baina oraingoan atzerago ere ezin zuen egin. Ondorioz, abenduan onartu zen 2020rako udal lan talde organikoan, hainbat lanpostutarako euskararen hizkuntza eskakizuna kendu zen: “Horrela funtzionario onenak hautatuko dira”, zioen NSk.

Twitter eta publizitatea

Udalaren Twitter kontuetan ere opari ozpindua egin zion Mayak euskarari: ordura arte udalaren kontua elebiduna zen, eta euskarazko apartekoa sortu zuen alkateak. Jakina, gaztelania euskararekin ez nahasteaz gain, erdarazko kontuak bazituen 8.000 jarraitzailetik gora eta euskarazkoak zerotik hasi beharko zuen. Banaketa egin zen, baina txiolari talde batek egindako kanpainaren ondoren, euskarazko kontuak gaur egun 8.652 jarraitzaile ditu eta gaztelaniakoak 7.985. Beste adibide bat: udalaren egutegia elebiduna izan da azken lau urteetan eta NSk gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu berri du aurtengoa, bi euskarritan.

Eta errematea joan den astean etorri zen: Iruñeko Udalak publizitaterik gabe utzi ditu euskarazko hedabideak. Zein izan da trikimailua oraingoan? Arau berrietan, publizitate eskaintzara aurkeztu nahi duen hedabideak audientziaren %10 izan behar duela. Azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, Iruñeko euskaldun kopurua %10,5ekoa da, beraz, udalaren eskakizuna betetzeko, euskal hiztun guztiek jarraitu beharko lukete hedabide hori, inongo hizkuntzatan gertatzen ez dena. Ondorioz, Iruñean euskaldunek gehien jarraitzen duten hedabidea, Euskalerria Irratia, udalaren publizitaterik gabe geratuko da.

Eskuan botere makila ez balute, NSren erabaki asko komikoak ere izan zitezkeen. Horietako bat da udaleko Partehartze Araudiaren onarpena. NS bakarrik agertu da aurka. Zergatik? Arautegiko lau atalek euskarazko tituluak dituzte, baita gaztelaniako testuan ere: Hirigunea, Auzogunea, Elkargunea eta Behatokia. Diario de Noticias-eko kronikan irakurritakoaren arabera, NSko Fernando Sesma zinegotziak hala argudiatu zuen erabakiaren arrazoia: “Gaztelaniazko testuak baditu kentzeko modukoak jotzen ditugun euskarazko terminoak; termino horiek dirudiena baino garrantzitsuagoak dira, ez dira itzulpen zehatzak. Beraz, ezin dugu araudia onartu”.  

Autoa, hiriaren errege

Aldaketaren gobernu bat baino askoz gehiago beharko da autoak hiriaren errege izateari utz diezaion, baina norabide horretan neurri interesgarriak hartu zituen aurreko udalak, besteak beste mugikortasun plan berria, amabilizazio plana deitu zena. Horren arabera, funtsean, Alde Zaharreko hainbat gune itxi zitzaizkion autoari, herritarrentzat lekuak irabaziz. UPNk eta PSNk aurka egin zuten eta NSk dio atzera egingo duela. Egia esan, orain arte neurri txikiak hartu ditu, irailean iragarri zuen Aita Moret kalea berriz trafikora irekiko zela berehalakoan, baina oraindik ez du egin. Greenpeacek ere errieta egin dio alkateari, oinezkoentzako espazioak berriz autoari eskaintzeagatik.

Baina joan den legealdiko hirigintzako proiektu izar eta arantzatsuenetakoa Pio XII Etorbideko korridore jasangarria izan zen. Funtsean, hemen ere aparkalekuak eta errai bat kendu zitzaizkion autoari eta bizikletari errai bat eman, lehen ez zuena, garraio publikoari ibiltzeko erraztasunak emanez. Orain Mayak autoentzat txandakako 51 aparkaleku egin ditu berriz ere. Ez du erabat izorratu lehen egindakoa, baina, EH Bilduko udal taldearen esanetan, horrek eragiten du egunean 500-1.000 auto ateratzen direla aparkaleku horietatik autobusaren bidera, honen abiada etengabe oztopatuz.

Eta atzerabidean, aurreko udalak udaltzain talde bat bizikleta gainean jarri bazuen, oraingoak zerbitzu hori ezabatu egin du iritsi bezain laster.

Pio XII etorbidean 51 aparkaleku berri egin dituzte, autobusen
abiada oztopatuz.
Labriteko pasabidea

Jito Alai frontoia Medialuna Parkearekin batzen du Labriteko pasabideak, 2010ean eraiki zen UPNren harribitxietakoa, 73,5 metro luzerakoa eta 125 tona pisukoa, sari handiak jasotakoa… baina 2015ean zatiak erortzen hasi ziren beheko errepidera. Harrez gero itxita dago, IDEAM SA azpiegituren aholkularitzak hala aholkatu ondoren. Oinarrian, adituen arabera gaizki egina zegoen, eraikuntzak ez zuen ura libratzen eta honek burdinazko zubitzarraren oinarriak erabat herdoilduta zituen. Lehengo udalak desmuntatzea erabaki zuen, baina udal aldaketak harrapatu du tartean.

UPNk ez du inoiz onartu txostena eta hauteskunde kanpainan iragarri zuen zubia berrirekiko zuela. Oraindik ez du egin. Iruñeko Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Eskolari txosten berri bat eskatu dio. “Orain ikustekoa izango da –dio Patxi Leuzak– ea zer gertatzen den txosten hau Mayaren aldekoa bada”. Hala balitz, Mayaren asmoa litzateke zubia berreraikitzea eta alde banatan eraikitako bi zutoin luzerekin eustea. EH Bilduren ustez, hori ez litzateke legezkoa, zubia eraikitzeko lehiaketaren oinarrien aurka joango litzatekeelako. Seguruenik, oraindik beharko dira hiruzpalau hilabete Ingeniarien Eskolak bere lana amaitzeko, eta ordura arte itxaron beharko da proiektua, eraikuntza eta ondorengo azterlanetan dagoeneko 1,3 milioi euro irentsi dituen zubiaren etorkizunaz erabakitzeko. Eta jadanik xahututako horiez gain, oraindik jokoan dira eraikuntza enpresek udalari kalteordain gisa ordaindu beharreko 800.000 euroak.

Dieta preziatu haiek

Udal gobernura iritsi eta lehen unetik saiatu ziren Asironen legealdian desegindako dieta sistema berregiten. Alkateak Comiruña enpresa publikorako izendatutako lau goi karguk 361 euroko gainsaria kobratuko zuten joandako Administrazio Kontseiluko bilera bakoitzeko. Oposizioak bat egin eta Maya behartu zuen atzera egitera, eta dieta horiek kentzera. Berdin egiteko asmoa zuen PCH eta Operatzaile Energetikoa enpresa publikoetan, baina eskuindarrek atzera egin behar izan dute.

“Jarrera autoritarioa”

Nahiko luke, baina Mayak ezin du, ez behintzat nahi duen guztia, ez ditu ametsetako hamalau zinegotziak. “Gutxiengoa dira –dio Leuzak– eta badakite”. Joseba Asiron alkate ohia eta egungo EH Bilduko zinegotziak argi du: “Gertatzen ari den guztiak balio du argi ikus dadin eskuineko hiruko honek ez duela inolako programarik. Duela lau egunera arte oso gaizki moldatzen ziren haien artean eta batu ziren aldaketari aurre egiteko. Suntsitu eta desmuntatu bai, baina ezin dute ezer eraiki. Inongo kontsentsurik gabe eta gutxiengoan ari dira. Hortik Enrique Maya erakusten ari den jarrera autoritarioa”.

Aurkako neurrien uholdea handia da. Pirritx, Porrotx eta Marimots pailazoei ere egokitu zaie, eta aurreko udalak abendurako kontratatua zuen ikuskizuna bertan behera utzi zuen NSk, zentsura gordin eta beldurrik gabe indarrean jarriz. Baina beste gai askotan ere bada: Emakumearen etxean zen emateko Arrakala orgasmikoa: patriarkatuak ohean ere nola jazartzen gaituen izenburuko hitzaldia, eta Voxen presioen ondorioz, NSk azalpenik gabe utzi zuen bertan behera, joan den astean.

Harrotu bulego LGTBIaren murrizketen aurkako mobilizazioa.

Katalingorri elkarteak kudeatzen du LGTBI kolektiboaren eskubideen zerbitzura diharduen Harrotu bulegoa eta gogor salatu du egin zaizkion murrizketekin, eskaintzen dituen zerbitzuak kolokan jarri direla. Redin Cruzat Jauregiko zentro komunitario, soziala eta kulturala kudeatzen duen Plazara proiektuan ere sartu dute brintza bat, eta hainbat kolektibok bertan duten espazioa txikitu egin dute. Ekonomia solidarioa, elikadura burujabetza eta kultura alternatiboa ardatz dituen Autobus geltoki zaharreko Geltoki proiektuak ere izan du mehatxurik, oraindik ez dute haren kontra zuzenean jo, baina Mayak hedabideei jaurti zien berak saltoki handi bat nahiko lukeela han eta bertan, adi!, eski gune bat ere eraiki nahi zuela.

Baskoiak, borboiak eta Erorien Monumentua

Arga ibaiko Santa Engraziko uharkarekin ere bada ika-mikarik hirian. Uholdeek uharkaren zati bat apurtu zuten eta eztabaida handia egon da konpondu behar den edo ez. Ibaiaren aldeko mugimenduek, aurreko udal gobernuak eta Nafarroako Gobernuak uharka ez berreraikitzearen alde egin zuten, hala ibaiko Arraun Elkartearen jarduera kaltetuz. NSk 80.000 euro bideratu ditu uharka konpontzeko 2020ko aurrekontuan, baina horretarako CHE konpainiaren baimena behar du, eta honek esan du Nafarroako Gobernuaren aldeko txostenik gabe ez duela uharka berriz altxatzeko baimenik luzatuko.

Udalaren sarreran Iruñeko armarria jarri zuen bere legealdian Asironek;
Mayak berrezarri zuen borboiena (behean). (Arg.: Iñigo Uriz / Foku)
Argazki oina

Iruñeko eskoletan zer irakatsi behar zaie hiriaren historiaz 5. mailako Lehen Hezkuntzako ikasleei? Ciudadanosekoa den NSko zinegotzi Fernando Sesmaren aburuz, baskoiei eta euskarari garrantzi gehiegi ematen zaie, eta gehiegi hitz egiten da 1512ko konkistaz eta burgoen gerraz. Sesmak garai hispano-erromatarra edo hispano-bisigodoa indartu nahi luke, edo Loiolako Ignaziok Iruñeko batailan izan zuen rola. Aurreko agintaldian, Iruñeko Udaleko sarrerako errege borboien armarria kendu eta Iruñekoa jarri zen; azaroan berriz jarri zuen borboiena Mayak. Erorien Monumentu frankistarekin zer egin erabakitzeko prozesu partehartzaile zabala bideratu zuen aurreko udalak; zazpi proiekturen artean erabaki beharko dute herritarrek eta horietako batek eraikina eraistea proposatzen du. Mayak iragarri du jada ez duela horrelakorik onartuko.

Eskuin eta eskuin muturraren oldarraldia handia da maila guztietan eta irabazitako esparruak nola defenditu ondo pentsatu beharko dute bestelako Iruñea nahi duten alderdi, kolektibo eta herritarrek. Jende boteretsua dute aurrez aurre, baina Barcina eta enparauen aroa atzean geratu zen, hiria aldatu da, aldatuz doa, eta NSk eta Mayak ere aurrez aurre izango dute hiri pluralagoa eta demokratikoagoa nahi duen herritarren multzo zabala, azken hauteskundeetan ordezkaritza botere nola bihurtu asmatu ez zuena, baina gehiengoa dena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iruñea
2024-03-22 | dantzan.eus
Duguna dantza taldearen erakusketa Iruñean, 75. urteurreneko ospakizunetan

Iazko azaroko Sansaturnino eguneko ospakizunak gibelean utzita, Iruñeko Duguna dantza taldeak 75. urteurreneko ekitaldiekin aitzina eginen du  martxo hondar eta apiril hastapenean. Ondorengo lerroetan taldeak berak azaltzen ditu ospakizunok.


Diego Yllanesi ukatu egin diote haren inguruko albisteak ezabatzea

Nagore Laffagen hilketaren harira, Diego Yllanesek ahaztua izateko eskubidea aldarrikatu du. Espainiako Auzitegi Nazionalak eskaerari uko egin, eta erabaki du informazio eta adierazpen askatasuna gailentzen zaizkiola.

 


Industria agortu eta gero, zer?

Beriain (Nafarroa), 1974ko otsaila. Potasas de Navarra enpresako langileek greba egin zuten, besteak beste, aurreko urtean Motor Ibérica lantegiko langileek egindako grebak bultzatuta. Ez zen, beraz, Nafarroako industriako lehen greba, ezta Potasasena ere. Baina Potasas... [+]


Erakusketa lehenago kenduko dutelako zentsura salatu du Iruñeko LKN artistak

Talde erlijioso batek eskatuta kenduko dute LKN artistaren obra Iruñeko Morea saltokitik: "Ez dut inoiz iraintzeko asmorik izan; nire begirada artistikoa eskaini nahi nuen".


Eguneraketa berriak daude