Milaka lagun batu dira berriro ere Baionan, erretreta erreformaren kontra

  • Frantziako Gobernuak aurkeztu pentsio sistemaren erreformaren kontrako 36. greba eguna dute urtarrilaren 9 honetan. Greba mugimendua SNCF eta RATP garraio konpainietan gehien sentitu arren, beste hainbat sektoreetako langileak ere daude greban gaur, sindikatuek finkatu urtarrilak 9ko mobilizazio eguna kari. Milaka herritar dabiltza manifestazioa egiten Baionan. Arratsaldean egingo dute elkarretaratzea Maulen.


2020ko urtarrilaren 09an - 11:51

Langile sindikatuen deiari erantzunez, milaka lagun dabiltza Baionako karriketan barna Emmanuel Macronen pentsio erreformaren aurkako mezua entzunarazten. Urtarrilaren 7an berriro abiaturiko negoziaketetan adostasunik ez lorturik, mobilizaturik segitzeko deia luzatzen dute CGT, FO, FSU, CFE-CGC eta Solidaires langile sindikatuek, UNEF eta UNL ikasle egiturek eta Ipar Euskal Herriari dagokionez, LAB sindikatuak ere. Presioa areagotzeko asmoz, urtarrilaren 11an berriz ere karrikara ateratzea eskatzen diete herritarrei.

Beste behin, greba eguna pausatu eta kalera atera dira milaka langile. Manifestazioa bukaturik, banku eta aseguru-etxeen kontrako ekintza egin dute. Horra hor Berria-ko Ekhi Erremundegik sare sozialetan hedatu bideoa: 

https://twitter.com/EkhiErremundegi/status/1215237643484762114?s=20

https://twitter.com/EkhiErremundegi/status/1215237643484762114?s=20 Baionako manifestazioan agerturiko aniztasunak islatzen duenaz, greba deialdiari baikorki erantzun dute sektore pribatu zein publikoko langileek. Besteak beste, erizainak, abokatuak, irakasleak zein industria sektoreko hainbat enpresetako langile batu dira Baionan. Hauekin batera mobilizatu dira ikasleak, erretretadunak zein langabeak. Mezu berarekin batuko dira sarri 15:00etan Maulen.

Azken 30 urteetako greba luzeena

36. greba eguna dute gaurkoa grebalariek. Hori horrela, azken 30 urteetan Frantziako Estatuan izandako greba mugimendu luzeena izaten ari da erretreta sistemaren erreformaren kontrakoa. 1986ko abenduaren 18tik 1987ko urtarrilaren 15era iraun zuen mobilizazioaren iraupena gainditu du oraingoak (SNCFko langileak ziren orduan ere mobilizatu, soldata eta lan baldintza duinen alde).

Greba mugagabea SNCF eta RATP garraio konpainietan gehien sentitu arren, beste hainbat sektoreetako langileak ere daude greban puntualki. Hala ere, greba mugimendua zabaltzeko beharra sentitzen dute RATPko grebalariek. Greba – eta beraz diru sarrerarik gabeko egunen zerrenda – gehiegi luzatzen ari delako, grebari lotzeko deia egin diete RATPkoek orokorki herritar guztiei: “SNCFko lankideekin soilik ezingo dugu gatazka aitzina eraman. Gure baliabideak mugatuak ditugu eta diruz sekulako kostua du, astuna izaten ari da. Ez bazarete gurekin ez dugu irabaziko, guri batu behar zarete denak, eta ez soilik egun bakar batentzat”. Urtarrilaren 7ean komunikabideen aitzinean irakurritako deialdiaren zati bat da hori. SNCF eta RATPko langileez gain, gaurko egunean gehien mobilizaturiko sektoreen artean ondokoak dauzkagu: abokatuak, erizainak, petrolio iraztegiak, eta abar.

Baliteke haien deiak erantzun baikorra ukatea. Hain zuzen, desadostasunaren parean gobernuak determinaturik segitzen duela, grebari lotzeko deiak biderkatuz doaz urte hasiera honetan. Osasunaren, zuzenbidearen, kontabilitatearen baita aireko garraioaren sektoreko hamasei egiturek osatzen duten SOS Nos Retraites kolektiboa dago mobilizaturik. Gobernuaren partetik ezer ez lortuz gero, otsailaren 3tik aitzina greba mugagabean sartuko direla jakinarazi dute. Petrolio iraztegietan egindako blokeoak urtarrilaren 7tik 10era “azkartzeko” deia luzatu du kimika arloko CGT sindikatuak. Gaur egun, Frantziako 8 findegietatik 5etan daude blokeoak.

Gobernua, elkor

Abenduaren 5ean hasi zen erreformaren kontrako mobilizazioa eta orduz geroztik elkor segitzen du Frantziako Gobernuak. Horren froga Emmanuel Macron presidenteak egindako urte bukaerako agiantzetan emandako erantzuna: “erreforma bururaino eramana izango da”. Sistema berriaren baitan lanaren dorpetasuna kontutan hartuko dutela jakitera eman bazuen ere, desadostasuna ez doa baretuz. Aste honetan berriz abiaturiko negoziaketetan ere ez da irekidurarik sendi. Frantziako Ministroen Kontseiluari aurkeztuko zaio lege proiektua urtarrilaren 24ean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pentsioak
2023-11-16 | Estitxu Eizagirre
"Bertsopentsiotan", Pentsiodunen I. Bertso Jarrien Lehiaketa
Astelehenero kalera ateratzen diren aldarriak bertsotara eramateko deia

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bertso lehiaketa berezia jarri du martxan: "Bertsopentsiotan". "Ari garela, ari garela, astelehenero kalean" gaiari bertsoak jartzeko urtarrilaren 15a arte (astelehena) dute epea 60 urtetik gorako Euskal Herriko eta... [+]


2023-11-10 | Ahotsa.info
1080€ Orain herri ekimenak larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu du

1080€ Orain ekimenak, prentsaurreko bidez, larunbatean 17:30ean Baluarte plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du. Eta gainera, dei berezia egin nahi izan diete nafar emakumeei, "pentsioetan ematen den genero arrakala ukaezina delako eta... [+]


Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izateko Nafarroako aurrekontuetako dirua bideratzeko eskatu dute

Nafarroan 51.000 pertsona dira 1.080 eurotik beherako pentsioa dutenak. Horietatik %66 emakumeak dira. Nafarroako Gobernuak ardura har dezala eta gutxieneko pentsioak ziurta ditzala eskatzen ari dira. 


2023-08-22 | Ilargi Manzanares
Pentsiodunak Bilboko jaietan mobilizatu dira

Milaka pentsionista atera dira kalera astelehenean, txistulariekin eta konpartsekin batera, Bilboko Aste Nagusiaren oihartzuna aprobetxatuz. Hainbat erreibindikazio egin dituzte, hala nola 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.


72 urterekin jubilatu? Zergatik Espainiako enpresarien lobbyaren proposamenak ez duen heldulekurik

Espainiako Enpresarien Zirkuluak dio pentsioen sistema publikoak "bost urte barru" kiebra ez jotzeko modua dela 68 eta 72 urte artera luzatzea erretiro adina. AEBetan eta beste zenbait tokitan eskuin muturrak darabilen diskurtso bera erabili du lobby honek.


Eguneraketa berriak daude