Gatazka armatuaren osteko ajeak astindu nahian

  • Aliantzez, gatazkez, desobedientziaz eta biolentziaz hausnartu nahi dugu. Kolektiboki egin nahi dugu gogoeta, oinak praktiketan dituzten lagunen eskutik: Joxemi Zumalabe Fundazioko militanteak, G7ko kontragailurraren eta Salda Badago jardunaldi feministen antolatzaile bana, eta Kataluniako protestetan murgilduta dagoen lagun bat.

Borroka moldeak eraldaketarako erreminta dira, ez helburu. Pentsamendua bezala erremintek ere kokatuta egon behar dute, uneari eta tokiari lotuta. Borroka soziala prozesu dinamikoa da, hausturak eta jarraikortasunak agertzen ditu baina ez da borroka isolatu eta estatikoen kateatzea. Horregatik guztiagatik, borroka moldeak uneoro auzitan, eztabaidan izan beharko lituzke herrigintzak. Utopiarantz pausuak emateko eraginkorrenak diren moldeen bila, baina eraginkortasuna modu enpresarialean ulertu gabe: gure utopien haziak egon behar dute erabiltzen ditugun erremintetan.  

Joxemi Zumalabe Fundazioa 2015-2016an hasi zen borroka moldeez hausnartzen. Herri mugimenduen barne bizitzan zentratutako zikloa itxi ostean, mugimenduen kanpora begirako jardunean arreta  jartzea erabaki zuen fundazioak. Borroka moldeen lantaldeko kide Andere Ormazabal Gastónekin, Ainhoa Narbaiza Irizarrekin eta Jokin Azpiazu Carballorekin bildu gara. Prozesua amaitu gabe dagoela eta ez daudela “argazki orokor bat emateko moduan” ohartarazi digute Zumalabeko kideek eta, ala, zenbait iritzi norberarenak izan daitezkeela.

Gatazkak, desobedientzia, biolentzia eta aliantzak ari dira hausnartzen Zumalabeko kideek, herrigintzako hainbat kide eta talderekin batera. Zergatik horiek eta ez beste batzuk?: “Une horretan jendartean bizirik zeudenak aukeratu genituen”. Zoru hori erabiliko dugu guk ere hausnarketan aurrera egiteko. Gatazka armatu osteko “ajea” da egungo egoera ulertzeko gako nagusietako bat, zumalabetarren esanetan. Eta hor ezker abertzaleak (EA) egin dituen aldaketek eragin handia dute. Batetik, lehentasunetan: “Herrigintzako sektore handienak eta artikulatuenak, esparru instituzionala lehenetsi du herri mugimenduaren aurrean, eta 2011ko legeztatzeaz geroztik militante askok erakundeetara egin dute jausia”. Bestetik, gatazkarekiko jarreran: ulerkera positibo batetik, ekidin beharreko elementua izatera igaro da maila handi batean.

“Une honetan badirudi herri mugimenduen baitan gatazka soziala ulertzeko moduak ez direla uztargarriak (...) elkar oztopatzen ari direlakoan gaude”
Joxemi Zumalabe

EAk pisu espezifiko handia izaten jarraitzen du herrigintzan. Baina mugimendu gehiago daude ezkerreko abertzaletasunaren barnean zein horretatik kanpo ere, eta gatazka ulertzeko modu oso ezberdinak dituzte: “Une honetan badirudi herri mugimenduen baitan gatazka soziala ulertzeko moduak ez direla uztargarriak (...) askotariko begirada horiek elkarren artean osagarri izan baino, elkar oztopatzen ari direlakoan gaude”, dio Zumalabek gatazken inguruan argitaratu duen liburuxkak. G7aren kontragailurrean gertatutakoak horren isla lirateke.

Oro har, gatazkek behera eta normalizazioak gora egin dute gure herrian azken urteetan. Lehen normaltasunez bizi ziren gatazka mailak orain muturreko egiten zaizkigu; desobedientzia zena, biolentzia; erabilgarritzat genituen moduak pentsa-ezin egiten zaizkigu; onargarriak ziren arrisku pertsonal eta kolektiboak onartu ezinak… ezarian-ezarian gure praktikak eta ametsak kimatzen ditugu. Normalizazioa continuum bat da, posizio batean edo bestean kokatu, nori bere neurrian baina guztiongan egiten du habia.

G7 eta desobedientzia

Min asko utzi du G7 kontragailurrak Euskal Herriko herrigintzan. Aurreikusita zegoen ekintza desobediente masiboa bertan behera utzi izana icebergaren alde ikusgarria izan da. Antolaketan aritu ziren pertsonetako batzuek erreportajean parte hartzeko gonbitari ezetza ematea nahiago izan dute, min horiek tarteko. Hartzea López Arana kontragailurraren antolaketan eta horren desobedientzia lantaldean parte hartu zuen: “Aukera galdua izan dela askotan aipatu da, baina eztabaida azaleratu du, ispiluaren aurrean jarri gaitu”. Ipar Euskal herriko militantziako sektore jendetsuenek “bake sozialaren alde” egin zuten Lópezen esanetan, desobedientzia eta konfrontazioa saihestuz.

20.000 Polizia inguruk militarizatu zuten G7 kontragailurra. Iganderako deitutako erresistentzia eta desobedientzia ariketak bertan behera uzteak hautsak harrotu zituen antolatzaile zein parte-hartzaileen artean.

Baina gatazkaren ezinbestekotasuna defendatzen dutenek ere ez dute lortu praktika desobediente publiko, jendetsu edo jarraiturik garatzea, ez kontragailurrean ezta azken urteetan ere –bestelako desobedientziak egon badaude: etorkinen babes mugimenduetan, okupazioan, antiespezisten ekintzetan, arau sozialen aurkakoak...–. Desobedientzia denen ahotan dago, baina oso gutxiren praktikan. Zer dela eta? Indarrak sakabanatuta daudela eta iparrorratz komun baten beharra dagoela uste du Lópezek. “Birsortze” baten beharra defendatzen du, bi oinarriren gainean: “Kapitalismoa ezin dela birformulatu, desegin behar dugula; eta gure kabuz eta horizontalki eraiki behar ditugula gure proiektuak".

Gabezi zehatzagoak atera dira Lópezekin zein Zumalabeko kideekin solasean. Oro har ondorio errepresiboak asumitzeko prestutasuna txikiagoa da militanteen artean, konfrontazioak beldur handiagoa ematen du. Garai batean nekez eztabaidatzen zen konfrontazio estrategia bat sostengarria ote zen politikoki eta pertsonalki, eta horrek kalte handiak eragin izan ditu; agian orain kalkulu sobera dago eta ziurtasun gehiegi behar da ezertan arriskatu aurretik. Zalantza agertzen da baldintzen inguruan: ez dago baldintzarik tentsiorik eta aktibatutako jende nahikorik ez dagoelako? Kontrara, ez ote da desobedientzia bitarteko aproposa gaurdanik baldintza berriak sortzeko?

Baina bada legetik harago joateko desioa herrigintzan, baita egoerarekiko ondoeza eta haserrea ere. Lópezek dio mugimenduak eta eztabaidak egon badaudela, lehenago edo geroago talde edo ekimenen bat pizgarri bilakatuko dela. “Badugu lehen ez genuen eta oso garrantzitsua den euskarri bat: erraztaileak, elkarzaintza, asanbladak giro onean egiteko tresnak… Biharko desobedientzia ondo egiteko baliabideak”.

Demoak, Bizi!, Bakearen Artisauak, Laborantza Ganbera.. Historikoki oso ‘hegoaldezentrikoa’ izan den herrigintzan Iparraldetik zer ikasia dagoen galdetu diogu Lópezi. Fokua zabalduz erantzuten du, munduan ematen ari diren errebolta eta protestetatik ikasi beharra dagoela esanez. Aljeriatik, Iranetik, Txiletik, Jaka Horietatik, Ecuadorretik, Sudanetik... baita Kataluniatik ere.

Herrialde Katalanak: konfrontazioa gora, biolentzia estreinakoz

“Borroka moldeen arloan aurrera pausu bat eman da prozesu independentistan”, dio Arran gazte antolakundeko bozeramile Adriana Rocak sententzia ostean ireki den protesta zikloaz. Konfrontazio handiagoko moldeak hedatu dira. “Independentismo herrikoiak gehiago onartzen ditu orain gatazka eta ezegonkortasuna”. Independentismo ‘herrikoi’ horren barnean ezker independentista sartzen du Rocak, baita alderdi nagusien oinarrietako asko eta ANC eta Omniun elkarteak ere.

Urte luzez praktikatu eta jendarteratu da desobedientzia. 2017ko erreferenduma desobedientzia ariketa masiboa izan zen, herritarra eta instituzionala. Baina ordutik ulerkera aldatu da, Rocaren esanetan. “Desobedientzia oso koreografiatua, arautua, argazkirako pentsatua zen nagusi. Ematen zuen errepide bat moztea biolentzia zela”. Sententziaz geroztik, ekimen desobedienteek konfrontazio handiagoa bilatzen eta onartzen dute. Errepide mozketak, azpiegituren blokatzeak, komunikatu gabeko mobilizazioak... Tsunamiaren adibidea jarri du Rocak. Ekintzen helburua konfrontazio handikoa da eta jendearen jarrera aktiboagoa, baina duen babesa masiboa da –Tsunamiak etengabe azpimarratzen duen indarkeriarik ezaren mugak gainditu ditu jendeak inoiz–.

ANC, Omnium, CDRen edo Tsunamiren jarrerek erakusten dute mugimenduek alderdiekiko autonomia eta jarrera exijentea izatearen garrantzia

Herrialde Katalanei arreta handiz begiratzen dio euskal herrigintzak azken urteetan. Zer irakaspen eskaintzen digute hango praktikek? ANC, Omnium, CDR edo Tsunamiaren jarrerek erakusten dute mugimenduek alderdiekiko autonomia eta jarrera exijentea izatearen garrantzia. Konplizitate zein areriotasun garaietan –ANC eta Gure Esku Dagoren arteko aldea esparru honetan, herrialde bakoitzean nagusi den eredu zeharo ezberdinaren metafora argigarria da–. Desobedientziak gatazka eta masibotasuna uztartzeko potentzialitatea duela ikusi dugu berriz ere. Baina potentzialitate hori urtetako lanaren fruitua da, txikitasunetik hasi zen. Gogoratzen Arenys de Munteko erreferenduma? Hamar urte pasa dira. Hots, desobedientzia egunerokotasunean entrenatu behar da: ezin da egun batetik bestera pasa obedientzia orokortutik desobedientzia masibora. Desobedientziak, azkenik, prozesuaren grabitazio zentroa ezkerrera mugitzeko gaitasuna du. Oso errealitate ezberdinez ari gara, bai, baina Euskal Tsunamiaren deialdiaren arrakastak erakusten du tekla egokian asmatuz gero Kataluniako desobedientziak pizgarri izan daitezkeela Euskal Herrian. Gaur gaurkoz, ordea, euskal independentismoa ilusio eta erabakitasun handiagoz mobilizatzen da Kataluniagatik Euskal Herriagatik baino.

Borroka molde biolentoak ikusi ditugu lehendabizikoz Kataluniako prozesu independentistan –biolentzia zer den eztabaidatzeko espaziorik ez dugu–. Prozesuaren totem nagusiarekin apurtu da une batez: indarkeriarik eza. Baina biolentziak eta biolentziak daude. Kataluniakoaren ezaugarri nagusiak dira espontaneotasun maila altua, antolakunderik atzean ez izatea, iraunkorki garatzeko itxurarik ez izatea edo autodefentsazkoa izatea, besteak beste. Gazteak izan dira protagonista, gehienak antolatu gabeak. Rocaren esanetan, prozesuari loturiko frustrazioari eta haserreei gehitu egiten zaizkie etorkizun sozial, klimatiko, ekonomiko eta politiko ilunaren pertzepzioa. Independentismoaren barnean jarrera kriminalizatzaileak egon badira ere gutxiengoak izan dira, sektore askok babestu egin ditu istiluak eta gazteak, eta gehiengo zabalak ulerkortasuna agertu du neurri batean edo bestean.

Rocaren esanetan errepresioak ez du momentuz beldurra hedatzea lortu eta, aitzitik, osaera anitzeko babes sareak antolatu dira espetxeratuen alde. Baina tartean tarteko istiluek balio al dute independentisten kopurua handitzeko? Edo alderantziz gertatzen da? “Segun eta nondik zabaldu nahi duzun”, erantzun du Rocak: “Guk ezkerretik eta behetik zabaldu nahi dugu”.

50 urtetako biolentzia politikoaz parametro etiko eta politiko propioetatik egindako irakurketa zintzo batek mesede egingo lioke herrigintzari

Biolentziaren inguruko eztabaidak ez du zerikusirik Euskal herrian. Eztabaidak baino, eztabaida ezak. Zumalabek antolatu zituen eztabaida eta hausnarketa saio itxietan, parte hartzaileek aukera bera eskertu zieten, tabu bilakatu baita. Irakaspenen inguruko hausnarketarik eta transmisiorik ez dagoela sumatu dute Zumalabeko kideek, ezta errelato propiorik ere. Iragan hurbileko 50 urtetako borroka ziklo baten alde oso garrantzitsu batez ari gara, arrasto sakonak utzi dituena euskal jendartean. Orainaldiko eta etorkizuneko borroken kalterako da hutsunea. Parametro etiko eta politiko propioetatik egindako irakurketa zintzo batek mesede egingo lioke herrigintzari, akats zein lorpen handi eta txikiek borroka berriak elikatu ditzaten.

Istilu ikusgarriak egon ziren Katalunian sententzia ostean, prozesu independentistan lehen aldiz.

Euskal Herriko Jardunaldi feministak eta aliantzak

Aliantzak indartu egin dira borroka armatuaz geroztik, Zumalabeko kideen esanetan. Epe laburrekoak, egoera konkretu baten edo kanpaina zehatz baten inguruan ehunduak, zein arnas luzeagokoak edo estrategikoak. Azken horiek dira eraikitzen eta mantentzen zailagoak. Herri mugimenduen arteko etsaitasun garaiak ere ari dira izaten, klase kategoriaren inguruan ardaztu diren mugimenduetako batzuk EArekin, feminismoarekin edo sektore autonomoekin izan dituzten talkak lekuko. Hutsik geratu den erradikaltasunaren espazioa okupatzeko lehia antzematen da. Baina aliantzetara mugatuko gara gaurkoan.

Aliantzen gakoetako bat batasunaren eta aniztasunaren arteko tentsioan asmatzea da. Agendak, edukiak, kultura politikoak edo metodologiak adosteak ahalegina eskatzen du, eta gutxitan inbertitzen da behar beste. Aldi berean, indar txikia duten mugimenduen jardun eta aldarrikapenei hauspoa emateko baliagarriak izan daitezke. Hori da “Gerra hemen hasten da” ekimenaz antimilitaristek Zumalaberi azpimarratu dioten lorpenetako bat, esaterako. Arrisku bat aipatzen dute: neoliberalismo basatiaren eta eskuin muturraren beldurrez, aliantzak kapitalismoaren aurpegi onbera aldarrikatzen duten edukien gainean eraikitzea.

Guztiontzat baina erradikalak izango diren batasun anitzak sortzean dago erronka. Ipar iraultzailea mantenduko dutenak baina eguneroko beharrei erantzunez aldi berean. Azkenaldian ugaritu egin dira XXI. mendeko “Manifestu Komunista” baten beharra aldarrikatzen duten ahotsak, ezker guztia batuko duen ipar komun bat. Arruzza, Bhattacharya eta Fraserren “feminismoa %99aren alde” proposamena ildo horretan egindako ekarpena da, eta aliantzei berebiziko garrantzia ematen die.

“Urteetako lana izango da, gatazka egongo da, mina. Zaila da botere harremanak lantzea edo egiturazko arrazakeria onartzea”
Cony Carranza

Aliantza anitzek beste desafio zail bati erantzun behar diote: kolektiboen arteko botere asimetriak, pribilegioak eta zapalketak borrokatzea. Inor saiatu bada aliantzak sortzen eta horien barneko desorekei aurpegira begiratzen, hori feminismoa da. Cony Carranza Castro feminista arrazializatua da. Euskal Herriko mugimendu feministaren Salda Badago jardunaldien prestaketan aritu da, eta jardunaldietako dekolonialitatearen mahaia bultzatzen.

Urteak direla hasi zuen Carranzak Euskal Herriko feminismo zurian bere tokia hartzeko prozesua. Munduko Emakumeetan lehenik, Emakumeen Mundu Martxan edo Eskubide Sozialen Kartan ondoren, Garaipenen... Bera eta beste emakume batzuk “zubi” bihurtu ziren pixkana, eta zubi lan horren emaitzetako bat da Salda Badagoren egitarau zentralean dekolonialitatea kokatzea. Izerditutako emaitza.

Dekolonialitate mahaia “inflexio puntua” izan dela dio Carranzak, pozez. Askok zoriondu zuten gerora, baina erresistentziak eta haserreak ere piztu ziren modu injustuan seinalatuak sentitu ziren feminista zurien artean. Ez zuen sorpresa handirik hartu Carranzak: “Hau urteetako lana izango da, gatazka egongo da, mina. Zaila da botere harremanak lantzea edo egiturazko arrazakeria onartzea”.

Dekolonialitatearen mahaia "inflexio puntua" izan zen Carranzarentzat (pantailan ezkerrean).
Urteotan landutako aliantzen fruitua, batetik; lantzen jarraitu behar denaren ispilu, bestetik.

Gainontzeko zapalkuntza ardatzetan ere antzeko erresistentziak sortzen dira behekoek goikoak interpelatzen dituztenean. Are gehiago: behean gaudenean goikoarekiko zilegi edo eraldatzaile jotzen ditugun jarrerak ez zaizkigu hain onargarriak egiten goian dagoena norbera denean. Behetik amorruz interpelatu dezakegu goikoa, ‘brotxa lodia’ erabili eta talde bezala izendatu dezakegu –espainola, burgesa…–. Aldiz, tonu pedagogiko adeitsua, ‘pintzel fina’ erabiltzea eta pertsonen artean ezberdintzea eskatzen diogu behekoari –gizon matxistak, zuri kolonialistak…–. Carranza hezitzailea da, gozotasuna eta pazientzia lehenesten dituela dio, batzuetan zaila egiten bazaio ere. “Baina ez dut amorrua baztertzen”. Horregatik borrokatu zen “beste presentzia bat duten” emakume gazte arrazializatuak dekolonialitatearen mahaian ahotsa izan zezaten, entzuteko deserosoagoak askorentzat.

“Kontua ez da erruak banatzea, baizik eta ardura hartzea borrokan konplize bihurtzeko”, azaldu du Carranzak. Pribilegioak onartzea eta lantzea eta besteei dagokien espazioa paternalismorik gabe libre uztea garrantzitsua da, baina baita minak konpartitzea ere: “Hemen ere badaude mina eta sufrimendua, odol historiak, desagertuak. Bilgune Feministarekin egin ditugun topaketetan bakoitzaren minez eta pribilegioez hitz egin dugu”.

Sentikortasun handiagoa eta baba gehiago

Errepaso partzial honen ostean, galdera. Zer gako hartu behar dugu kontutan? Hiru ideia azpimarratu dituzte Zumalabeko kideek: moldeak eraginkortasunetik baloratzea, erremintak helburu bilakatu ez daitezen; gatazkaren ulerkera positiboari eustea, tenkatzea edo konfrontatzea demokratizatzailea delako; eta belaunaldiak elkarrizketan jarri beharra, borroka ulertzeko edota militatzeko moduetan gertatu diren hausturen aurrean. Lópezek “birsortu eta elkar lotu” beharra azpimarratu du berriz, eta gure historiatik, feminismotik eta munduan pizten ari diren erreboltetatik ikasi behar dugula aldarrikatu. Carranzak “sentipentsamenduaren” bandera altxatu du, “burutik gorputzera eta zentzumenetara” pasatzea. Emma Goldmannen esaera sonatua moldatuz amaitu du: “Begietara begiratzeko gai ez bagara, ez da nire iraultza”.

Arrazionalki aztertuta, ez du ematen oso osasuntsu daudenik herrigintza eta bere borroka moldeak. Besteak beste, Zumalabeko kideek aipatu dituzten ajea eta elkar oztopatzeak gainditu behar dira. Baina ezkortasun horrek iragan idealizatu baten nostalgiatik badu zer edo zer, eta, bestalde, Euskal Herria ez da basamortu bilakatu. Praktikak, humusa, saiakerak eta proposamenak egon badaude. Azterketa arrazionalek begitartea iluntzeko motiboak ematen dituzte, eta noraeza gailentzen da. Baina, pertsonak eta jendarteak gutxi dute arrazionaletik, aurresanezinak gara onerako eta txarrerako. Eta mundua, mundua bai dagoela aurresanezin. Eraldaketa garaian gaude, hurrengo urteetan euskal herrigintzak agertoki sozial, politiko eta ekonomiko ezezagunei egingo die aurre. Agertoki horietan eragiteko gaitasuna izatea da erronka. Ezkerretik alternatiba sinesgarririk ezean, are eskuinerago eginez bilatuko ditu jendeak irtenbideak, ziurgabetasunaren eta beldurraren aurrean. Herrigintzak bere borroka moldeak zorroztu behar ditu uneoro errealitatean eragiteko, testuingurua eta bere burua aztertuz. Baina erreminta horiek zikin egon behar dute, erabileraren erabileraz kamuste etengabean.  

Edonola ere, burura zuzenduriko liburu mamitsu berriak baino –honen moduko erreportajeak baino ere, beraz–, azalean eta tripetan sentikortasuna handiagoa eta eskuetan baba gehiago behar ditu herrigintzak.


ASTEKARIA
2019ko abenduaren 22a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri mugimenduak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


"Gazteok zutik eta mugimenduan gaude, errealitate gordin baten aurrean"

Askotariko erresistentziak gorpuzten eta aldarrikatzen ditu Aiert Alberdi kantautore oñatiarrak oholtzan zein egunerokoan: gaztea, genero disidentea, euskalduna, langile klasekoa eta herri txikikoa… Musika eta feminismoa ditu indarkeria patriarkalari aurre egiteko... [+]


Eguneraketa berriak daude