“Maskulinitatearen krisiari buruzko diskurtsoa ez dator bat errealitate sozialarekin”

  • Urteak daramatza Dupuis-Deri unibertsitarioak antifeministen eta bereziki maskulinisten diskurtsoak aztertzen eta gezurtatzen. Gizonen gailentasuna mantentzeko helburuz dabilen mugimendu politiko horren aurka antolatzeko behar gorria ikusten du.

Jenofa Berhokoirigoin
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Francis Dupuis-Deri (Montreal (Quebec), 1966. Zientzia politikoen sailean irakaslea da UQAM Montrealeko unibertsitate frankofonoan. IREF Ikerketa eta Ikasketa Feministen Institutuko kidea da. Antifeminismoa eta maskulinismoa ditu nagusiki ikerketa eremu. Esparru horiei buruzko hainbat liburu idatzi ditu, tartean, Antiféminismes et masculinismes d’hier à aujourd’hui (Antifeminismoak eta maskulinismoak, atzotik gaur arte). Demokraziari, mugimendu sozialei edota anarkismoari buruzko liburuak ere argitaratu ditu.

Maskulinitatea krisian dagoela dionik ere bada.

Ez dakit Euskal Herrian nola doan kontua, baina, izan  Quebec, Frantzia, Ingalaterra, AEB ala beste, herri anitzetan entzungai den diskurtsoa dugu maskulinitatearen krisiari buruzkoa. Gizonek gizon izateagatik sufritzen dutela dion diskurtsoa dugu hau. Ez dute sufritzen langabezian daudelako, paper gabeak direlako edo beste. Ez, sufrimenduaren arrazoia emakumeen emantzipazioan edota emantzipazio nahian kokatzen dute.
 

Diskurtso bat dela zehazteko denbora hartu duzu.

Judith A. Allen historialariak dio hori eta nik bat egiten dut haren ikuspegiarekin. XIX. mende bukaeran AEBetan maskulinitatearen krisia egon zela dioten bizpahiru liburu aztertu ditu eta ondorioa nahiko argia du: historikoki begiratuz, absurdoa da hori adieraztea, jakinda orduan emakumeek ia ez zutela eskubiderik. Maskulinitatearen krisia diskurtso bat da, ez da errealitate bat. Hori horrela, diskurtso horren parean aldi oro datu objektiboak jartzeko gomendioa egiten digu A. Allenek. Instituzioetan gertatzen denari begiratu beharra azpimarratzen du, boterea eta dirua zeinen eskutan den eta baliabideak zeinek kontrolatzen dituen so egiteko garrantziaz ari da, baita zeinek zein hiltzen duen edo nork egiten duen eraso ondorioztatzeko inportantziaz ere. Maskulinitatearen krisiari buruzko diskurtsoa ez dator bat errealitate sozialarekin.
 

"Parekidetasun ezean izanda ere, beti egon da antifeminismoa, gizonen gailentasuna eta sexuen arteko bereizketa berresteko balio duena"

Diskurtso hau ez da berria.

Ez naiz historialaria baina historiari begira jarri eta deskubritu dut Mendebaldean badela 500 urte baino gehiago gizon batzuek diskurtso hori daukatela. Adibidez, XVI. mendeko Ingalaterrako edo Frantziako erregeek, apaizeriak eta antzerki edota poema egileek… Erregimen politiko, ekonomiko, kultural edota juridikoa edozein izanda ere,  emakumeen dominazioaren diskurtso hori agertzen da aspaldidanik eta edonon. Joera hori prebentziozko antifeminismo gisa identifikatzen dut, feminismoaren kontra egindako prebentziozko eraso gisa. Emakumeak patriarkatuaren arabera segitu behar lukeen eginkizunetik urrunduz gero, orduan berehala sexu arteko harremanen ezegonkortasuna ondorioztatzen dute. Azkenean, parekidetasun ezean izanda ere, antifeminismo bat egon da beti, gizonen gailentasuna eta sexuen arteko bereizketa berresteko balio duena.


Boteraren aurka borrokatu diren batzuen partetik ere gainera. Pierre-Joseph Proudhon anarkista, besteak beste.

Proudhonek ehundaka testu idatzi ditu emakumeen kontra, tonu oso bortitza erabiliz. Aldi berean, bere idatzi pertsonalei begiratuz gero argiki zioen emakume bat nahi zuela, bere zerbitzuko izanen zena, zainduko zuena, bere amaren rola beteko zuena. Proudhonek errotik nahi zituen askatasuna eta berdintasuna gizonentzat, baina hori patriarkatuak ahalbidetu abantailekin. Nonbait ez da inkoherentea, zapalkuntza sistema horrek abantailak dakarzkielako zapalduen aldean ez direnei. Anarkista, sozialista edota errepublikazale askok zuten gauza bera pentsatzen, hots, etxea dela emakumeen espazioa. Proudhon anarkista zen benetan, baina gizonentzako anarkismoaren aldekoa, emakumeak meneko mantenduz, gizonek zeuzkaten abantailekin jarraitzeko gisan. Thomas Hobbes, Jean-Jacques Rousseau, John Locke, Mendebaldeko modernitateko filosofo handi guztiak ildo horretan ziren.


Horrek erran nahi du antifeminismoa ez dela soilik eskuineko kontu bat?

Uste dut antifeminismoa tendentziaz azkarragoa dela eskuin aldean edota eskuin muturrean, ezkerrean baino. Baina aldi berean, antifeminismoa, antiarrazismoaren gisara ez da beti ezker-eskuin espektroarekin koherentea. Ezker muturrean ere sexistak eta erasotzaileak daude.  


Gaur egun, zein da maskulinistek erabiltzen duten hiztegia?

Nonbait analisi feminista alderantziz jartzen dute: patriarkatua matriarkatu bilakatzen da, gizonen zapalkuntza emakumeen zapalkuntza delarik, emakumeen eskubideez hitz egin beharrean gizonen eskubideez mintzo dira, eta abar. Diote jendartearen feminizazioa dagoela arazoaren oinarrian. Ez dira konturatzen maskulinitate konbentzionala izan ohi dutela oinarrizko arazoa. Haien argumentazio osoa deseraikigarria eta gezurtagarria da. Beste elementu bat lapurtu diete feministei: norbanakoaren hitzaren inportantzia. Aita taldeek, demagun, dibortzio kasu katastrofiko bat kontatuko dute, nahiko eraginkorra zaielako enpatia lortzeko eta errealitate soziala lanbrotzeko. INCEL Nahigabeko Ezkongabeen Mugimenduak ere horrela funtzionatzen du.


Gizonez urrikaltzea bilatzen duen joera dute.

Hori da. Atentzioa haiengana bideratu nahi dute, lagundu beharreko biktima gisa azaltzen dira, agintari politikoak eta zibilak interpelatuz. Krisi diskurtsoetan beti identifikatzen da oinarrian den arazo bat. Maskulinitatearen krisia deitzen duten horretan arazoa emakumeak dira, feministak. Beraz diskurtso erabat politiko, erreakzionario eta antifeminista dute.

 

Testuingurua ezberdina izan arren, argudio berek osatzen dute diskurtsoa.

Antifeminismoan korrente ezberdinak daude. Maskulinitatea da horietariko bat. 2000 urteaz geroztik, behin eta berriz errepikatzen ari dira ideia berak. Emakumeekin konparatuz gizonek suizidio tasa altuagoa dutela, haien sufrikarioaren froga gisa baliatzen dute baieztapen hori. Mutilek eskolan dituzten zailtasunak ere goraipatzen dituzte, hezkuntzaren feminizazioan eta eskoletan dagoen modelo maskulinoen eskasian jarriz arrazoia. Gizon heterosexualek seduzitzeko dituzten zailtasunak ere maiz plazaratzen dituzte. INCEL mugimendua dabil horretan. Epaileak emakume eta feministen aldekoak direla ere diote, haurren zaintza haien esku ez uztea eta mantenu pentsioak ordaindu beharra deitoratzeko orduan. Bikote barneko indarkeriari doakionez, harreman heterosexualetan emakume eta gizonen arteko bortizkeriaren simetria dagoela defenditzen dute.


Errealitateari begiratu eta banan-banan deseraiki daitezkeen argudioak.

Bistan da. Har dezagun suizidioaren gaia. Gizon gehiago suizidatzen da, besteak beste, maskulinitatearekin lotu ohi diren bide bortitzagoak eta beraz eraginkorragoak erabiltzen dituztelako (pistola edota urkatzeak). Baina beste datu batzuei so eginez gero, laster gezurtatzen da baieztapena. Adibidez, suizidio saiakeren kopurua berdintsua da gizon eta emakumeen artean. Gaizki izatearen isla diren beste adierazle batzuk ere badira, anorexia demagun, zeinek ia bakarrik emakumeak dituen hunkitzen. Beraz suizidio tasari mugatuz, gaizki izatearen errealitatea ez da bere osotasunean hartzen. Gainera, epistemologikoki begiratzen badiogu gaiari, maskulinisten tesia erortzen da. XIX. mende bukaeran eta XX. hastapenean, hots suizidioari buruzko datuen bilketaren hasieran, gizonen suizidio kopurua gaur egungoa baino askoz altuagoa zen. Alta, garaian mugimendu feminista ia ez zen existitzen. Gaur egungo jendarte ez feminizatuetan ere, Mexikon ala Errusian demagun, gizonen suizidio tasa emakumeena baino askoz altuagoa da.

 

Antolatuta daude ala modu pertsonalean plazaratu diskurtsoak dira?

Gehienik kronikariek, intelektualek, maiz psikologoek plazaraturiko diskurtsoa dugu maskulinitatearen krisiari buruzkoa. Frantzian Eric Zemmour polemikoa dugu adibide on bat. Emakumeei zuzenduriko aldizkariek ere egiten dituzte tarteka zenbaki berezi batzuk “nora desagertu dira gure gizonak?” gisako titularrekin. Gero badaude talde batzuk, haien mobilizazioa justifikatzeko asmoz diskurtso hauek errekuperatzen dabiltzanak. Banaturiko edota dibortziaturiko aita taldeak batez ere, komunikabideak eta Parlamentuko komisioak presionatzeko lobby lana egiten ari direnak. Talde batzuek topaketak egiten dituzte oihan erdian, “barnean daukaten gerraria berriz topatzeko” asmoz, hots, haien maskulinitatea berriro adierazteko.

 

Antifeminista identifikatzen dira?

Ez, izaera hau gordetzen dute, maskulinista izaera ere ez dute plazaratzen. Maiz humanista, berdinzale, sexuen arteko benetako parekidetasunaren aldeko gisa definitzen dute haien burua. Eskubideen erretorika berreskuratu dute, umeen edota aiten eskubideen aldekoa.

 

Azkenean, gizonen gailentasuna mantendu nahia dago diskurtsoaren atzean.

Maskulinitatearen krisia deitoratzean, noski emakumeak kritikatzen dira, baina horrez gain, “benetako” gizon bat eta “benetako” emakume bat definitzeko moldea dute berretsi nahi. Klixe eta estereotipoei segi, gizona ekintza da, bortizkeria, dinamismoa, mugimendua eta emakumea berriz, pasibotasuna, eztitasuna, zaintza, horrek jendartean dakarzkien funtzio banaketa guztiekin. Natural gisa definituriko ezberdintasun hauen berresteko bidea da maskulinismoa.


Antifeminismoaren parte dugu maskulinismoa. Zein dira antifeminismoaren barnean dauden beste mugimenduak?

Anitz daude. Erlijiozkoak batetik, Mendebaldean emakumeen gorputzaren eta sexualitatearen kontrolaz obsesionatuta daude, batez ere amatasunaren eta abortoaren gaiarekin. Nazionalistak, eskuin muturrekoak eta  antikapitalistak ere badira. Adar bakoitzak erreferentzia, lehentasun, borroka esparru eta propaganda propioak dauzka, baina beti ere ideia orokor berarekin: feministak kritikatzea eta arren nagusitasuna berrestea.

"Antifeminista eta maskulinista izaera ez dute plazaratzen. Maiz humanista edota berdinzale  gisa definitzen dute haien burua"


Harrigarria badirudi ere gaur egungo talde maskulinista anitzen hastapenean patriarkatua eta sexismoa borrokatzeko helburua zegoen.

1960. hamarkadan, ezker muturrari lotutako feminismo bat loratu zen AEBetako unibertsitateetan eta laster Frantzian, Belgikan eta beste zenbait herritan. Inperialismoaren aurkakoa, Vietnamgo Gerraren kontrakoa, ageriki komunista edo anarkista zen mugimendu bat zegoen. Han zeuden sexismoaz eta misoginiaz desgustaturik, emakumeek laster haien talde propioak sortu zituzten. Radical Lesbian edota The Furies taldeak adibidez. Noski, mutilak ere zituzten hurbilekoen artean, izan anaia, harreman heterosexual edota bisexualen baitan bikotekidea, militantzia esparruko kidea ala beste. Elkartasunez, emakumeen mugimendua lagundu nahian elkartuko ziren horietariko batzuk, patriarkatuaz eta sexismoaz modu kritiko batean gogoetatzeko. Hitzaldiak eta kongresuak antolatzen hasi ziren, laster ehundaka gizon batuz. Oinarrian ziren gizonak hastapeneko helburuez desbideratu ziren nahiko laster.


Nola da posible?

Introspekzio joera bati segi, haien egoera galdekatzen hasi ziren. Arazoa da pribilegiodunak elkartzean laster haien arazoez hitz egiten hasteko arriskua dagoela, menekoen arazoak ahantziz. Testuinguru eta ikuspegi oso heterosexual batetik ari zirenez, taldetik atera ziren laster gayak, talde propioak sortzeko. Poliki-poliki haien bikotekideaz edo bikotekide ohiaz hitz egiten hasi ziren gizon heterosexualak, biktima gisa kokatuz. Garaiko ezker muturreko aktibistek ere aitortzen dute talde horien kontrola erabat galdu zutela. Jende berri asko etorri zen eta poliki-poliki guneak bere izaera antisexista galdu egin zuen, gizonen erronkez hitz egiten zuten gizonen topaleku bikatu arte.


Erran dezakegu feminismoa azkarra denean dagoela antifeminismoa ere presenteago?

Horri buruzko eztabaidak daude. Batzuek diote baietz, beste batzuek ezetz, mugimendu feminista ez zegoenean ere bazegoela antifeminismoa. Hori  horrela da. Askotariko faktoreak daude jokoan. Quebecen feminismoa azkarra daukagu eta antifeminismoa ere presente dugu. Sobietar blokean zeuden herriei buruzko ikerketa bat irakurri berri dut, hango aita mugimenduei buruzkoa, diskurtso antifeminista bortitza daukate horiek. Alta, mugimendu feminista ez dago baitezpada indartsu herri horietan. Dena dela, Melissa Blais ikerlariak dion gisara, kontuz ibili behar dugu feminista izatea erraza dela dion ustearekin. Inoiz ez da erraza feminista izatea, mugimendua azkar dagoenean ere erasoak jasateko arriskua dago.


Bortitza da antifeminismoa eta hitzezko bortizkeria ere gainditu dezake, eraso fisiko bihurtuz. Faxismoa gora doan garai honetan antifeminismo erradikal eta bortitz bat plazaratuz doa, inolako konplexurik gabe. Zer diozu bortizkeria horretaz?

Irain misogino eta lesbofoboen bidez, feministen gorputzak eta sexualitateak zikinduz eta indarkeria fisikoari buruzko erreferentziak eginez doa aitzina antifeminismoa. Heriotza mehatxuak jasotzen dituzte lagun feminista batzuek. Blogari feministek sekulako erasoak jasan dituzte. Atentatu terrorista antifeministak ere izan dira. Adibidez, 1989an Montrealgo Eskola Politeknikoan izandako sarraskia, zeinetan hamalau emakume erail zituen antifeminista batek. Abortatzeko kliniken aurkako atentatuak ere ukan genituen AEBetan edota familia epaileen kontrako lehergailu bidezko atentatuak Australian, 90. hamarkadan. Terrorista neonazi batzuk ere hitzartze antifeminista eta misogino oso bortitzak plazaratzen ari dira.


Feminazi iraina geroz eta gehiago entzuten dugu Euskal Herrian...

Ez nuen inoiz entzun eta erran behar dut humanitatearen historiako irain erridikuloenen artean dugula! Nazismoa genozidio politika bat izan da, konkista militar bat, milioika hildako eragin dituena. Erran gabe doa feminismoa ez dela hori. Are gehiago, errotik eta harrigarriki, bortizkeria ezari lotua den mugimendua dugu feminismoa. Zientzia politikaren ikuspegitik, absurdoa da ikustea nolaz ez den bortitzagoa. Frantzian bi egunero emakume bat hiltzen du bere bikotekideak edo bikotekide ohiak. Eta ez da matxinadarik? Ez dut ulertzen. Baina, irainera itzuliz, erabat antifeminista dela argi da.


Antifeminismoaren lanjerra gutxitzeko pistak zein dira?

Hiru postura ezberdin daude feministen artean: ez ikusiarena egitea, unean uneko borroka eramatea eta borroka hau lehentasun gisa jartzea. Ikusiz nire ikerketa esparrua dela, antifeminismoaren aurkako borrokan naizela eta hurbilekoak ere arazoaz kezkaturik ditudala, iritzi pertsonala emanen dut. Jakinik, noski,  emakume feministek nahi dutena egingo dutela. Uste dut garrantzitsua dela batzuek lehentasunez borroka ildo bezala hartzea, antifeminismoa borrokatzeko tresnak eskura ukateko. Sare sozialetan oso bortitza da antifeminismoa, feminista anitzi egiten diote eraso. Paradigma indibidualista bat sendi da, zeinek dioen sare sozialetan izateak hori dakarrela eta azkarra izateaz gain, ukaldiak biltzen ikasi behar dela. Joera oso indibidualizatzailea da. Elkartasun estrategiak garatzea beharrezkoa da, sarean ere feminista bati eraso egiten diotenean elkartasun eta babes estrategiak aktibatu behar ditugu.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Laura Macaya
“Indarkerian esku hartzeko marko hegemonikoek ez diete onik egiten emakumeak suspertzeko prozesuei”

Urte luzeak daramatza Laura Macayak indarkeria jasan duten emakumeei lagun egiten, arlo instituzionalean, militantzian, bai eta beste justizia-eredu batzuetatik abiatuta ere. Horri guztiari buruzko liburu bat kaleratu berri du: Gatazka eta abusua ez dira gauza bera (Katakrak,... [+]


Iñaki Mujika ('Handbike' txirrindularia)
“Uste dena baino askoz hobeto bizi zaitezke gurpildun aulkian”

Motorrez gainezka dago Iñaki Mujikak Altsasun duen tailerra. Ilaran daude denak, baina bada barreneko gelaxka batean aparte gordetako bat. Mujikak beretzat egokitu nahi duen motorra da. 2021ean igo zen azkenekoz motor gainera; istripu larria izan zuen moto-kros zirkuitu... [+]


Emakume sexualizatuak oholtzan eta Arrigorriagako polemika: askatasunaren eta eredu patriarkalaren artean

Norbere gorputzaren gaineko erabakiez, estetika heteropatriarkalaren morrontzaz, kontraesanez eta musikaren industriaz solastatzeko baliatu dugu Arrigorriagako polemika: herri horretako jai batzordeak Vulkano orkestra festa-egitarautik kentzea erabaki du, ikuskizuneko... [+]


ZERO CHOU
“Pertsona homosexualak eta tradizioa adiskidetzea nahi dut”

30 urte baino gehiago daramatza Zero Chou zinemagile taiwandarrak istorioak kameraren atzetik kontatzen, bai zinemarako, bai telebistarako. Aurten, Zinegoak jaialdiaren 22. edizioko ohorezko saria jaso du.


Kriminalizazioaren gainetik Lurrezko herria

Euskal Herrian zein munduan, gero eta ugariagoak dira lurraren defentsan sortzen diren mugimenduak, bizitzari eusteko ezinbestekoa den lurraren balioa aldarrikatzen dutenak. Borroka hauek ez dira soilik erresistentzia; itxaropenaren eta konplizitatearen oinarri ere bihurtu dira... [+]


Gorputz hotsak
“Drag-ari esker deskubritu nuen pertsona trans bat nintzela”

“Bohemioa”, “poeta”, “mozkorra” eta “amodioaz maiteminduta” dagoen drag bat da Travis Tea (2024, Travistonia planetakoa). Autopertzepzio bat dela dio, eta kanpotik “talenturik gabeko eta antigoaleko poetatzat” dutela... [+]


2025-07-09 | June Fernández
Meloi saltzailea
Jimenez Escudero

1925. urtea izango balitz, akaso emakume erraketistak izango lirateke Zeruko Argiako aktualitate orrialdeetako protagonistak. Agian haien kirolari merituak goraipatzeko, agian feminitate arauak desobeditzeagatik seinalatzeko. Nire buruari agindu diot haien izenak memorizatzeko... [+]


Hizkuntza inklusiboak “ikuspegi berdinzaleagoa” garatzen laguntzen du, ikerketa baten arabera

Emakundek babestutako Hizkuntza aldaketa sozialerako tresna: hizkuntza inklusiboaren erabileraren ondorio batzuen azterketa teorikoa eta enpirikoa ikerketak ondorioztatu du hizkuntza inklusiboa erabiltzea garrantzitsua dela genero ezberdintasunak ez areagotzeko.


2025-07-07 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Jaiak ere, gizonenak?

Uda giroan barneratuta, heldu dira herriko festak, baita sexu erasoen salaketen gorakada ere. Gozamenerako guneak sortzeko hilabeteetako lana egiten dute jai eta txosna batzordeetako kideek, eta goraipatzekoa da espazio horiek bermatzeko herritar boluntarioek egiten duten... [+]


2025-07-07 | Ahotsa.info
Iruñerriko mugimendu feminista: “Antolatuta gaude eta autodefentsa feministaz erantzungo dugu”

Sanferminak ate joka direla, Iruñerriko feministek Alde Zaharreko kaleak zeharkatu dituzte, eraso sexisten aurkako aldarria zabalduz.


Ez zen kapritxoa izan; 25 urte axeri-dantzan

"2000. urteko San Joan egunez, aspaldiko urteko jende multzorik handiena bildu zen Andoaingo Goikoplazan, hamabiak jotzearekin batera dantzarako prest. Lehenengo aldiz gizon eta emakumez osatuta zegoen axeri-dantzarien taldea zen". Hitz horiekin ireki zuen "Emakumeak... [+]


2025-07-02 | June Fernández
Meloi saltzailea
Senar puteroak

Zezenketaren kontrakoa naiz, baina debekua heltzen den bitartean, jarraituko dut zezen-plazetan gozatzen”. Lagun baten iruzkin zinikoa gogorarazi dit Jose Luis Ábalos PSOEko ministro ohiaren azken polemikak. 

Izan ere, Koldo ustelkeria kasuaren testuinguruan... [+]


Harrotasunez bete dituzte Euskal Herriko hiriburuetako kaleak, E28ko manifestazioetan

LGTBIQ+ Komunitatearen Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat kolektibok deituta sexu askapena eta harrotasuna aldarrikatu dituzte larunbatean Euskal Herriko hiriburuetan eginiko manifestazioetan. Loratuz Lotu, Anitzak, Lumagorri eta Sumin Trans taldeek jaso dute Ehgamek... [+]


San Martzial eguna, Irungo Udalak elikaturiko marmotaren eguna

Irungo udal gobernua ez da gai izan 29 urte luzetan alardeari lotutako gatazka konpontzeko… ez duelako nahi izan, beste alde batera begiratu duelako, alarde baztertzailea babestea aukeratu duelako, ausardia politiko falta eta arduragabekeria instituzional itzela erakutsi... [+]


Lurra eta konpromisoa ardatz, Bizkaiko hamar emakume baserritarren historia kaleratu dute

Maribi Ugarteburuk, EHNE Bizkaiaren enkarguz, herrialdeko hamar emakume baserritarren bizi historiak batu ditu Erein, Borrokatu, Bizi liburuan. Azken mende erdian Hego Euskal Herrian nekazaritzan eta abeltzaintzan izandako gertaerak bizi izan dituzten emakumeak dira protagonista.


Eguneraketa berriak daude