Indigenen olatu berria

  • Pentsatzen jarrita –hilabetea da Ameriketatik itzuli nintzenetik–, kontinente bat, edozein dela eta, handiegia, zabalegia, besarka ezina da edonorentzat, lur osoaren dimentsioa izan baitu beti. Lur horretatik harago zabaltzen dira ozeanoak eta zeruak, eta infinituaren nahiz transzendentzia ororen sinboloa den ortzi-muga.

Hilabetetik gora behar izaten zuten garai bateko itsasontziek Europatik Ameriketara heltzeko; denbora luze bat baliabide murritzekin, neurriz kanpoko sakoneko, indarreko eta apetazko bitarteko bat zeharkatzeko: ozeanoa. Ulertzekoa zen, beraz, orain 500, 400, 200 urte onik ailegatzen zirenak, beren buruak lur berrira bota eta Jainkoaren faborea eskertuz, haren misterioaren edo ikaragarriaren azpian, ezer-gutxi izanaren sentimendua.

Asko aldatu da pertzepzio hori Madrilen edo Parisen hegazkina hartu eta, ordu batzuen bueltan –egun oso bat ere ez–, New York edo Buenos Aireseko aireportuan lurreratzen denarentzat. Baina gorputzak sumatzen du desplazamendu bortitz horren kolpea; jet lag deitu eta ordu-aldaketari egozten diogu, saihetsezinezko eragozpen txikia bailitzan –buruko mina, gorpuzkera arraroa…–. Ez gara indio haien modukoak; espedizio bateko lanabesak mendian gora garraiatzeko kontratatuak izan eta hirugarren egunerako lurrean eseri eta geldirik eta isilik geratu ziren bi egun osoz. Alferrik izan omen ziren erreguak eta mehatxuak. Denbora hura pasa ondoren altxatu eta segitu omen zuten, ugazaba zuriei inongo eskaririk egin edo esplikaziorik eman gabe. Gerora jakin zuten haiek arrazoia: “Azkarregi ibiliak ginen. Horregatik itxoin behar izan genuen geure arimak guregana iritsi zitezen”.

Gauza guztiok jakinda baina pentsatu gabe abiatu nintzen hiru hilabetez Ameriketara, lehen urratsean latituderik aldatu gabe, Madrildik New Yorkera. Eta bertan aste batzuk igaro ondoren jo nuen hegoaldera, Antilla txikietan bigarren egonaldia betez. Azkenik, Europatik urrun dagoeneko –baina hizkuntza europarretan, jatorri europarreko jendeaz inguraturik…– Ekuadorrera egin nuen jauzi. Amerika ez da kontinente soila. Asiarekin batera zabalena izateaz gain, munduaren ipar-hegoa guztiz zeharkatzen duen bakarra da –imajinatu Europa osoa eta Afrika bat eginik–. Horregatik diogu, agian, Ameriketak, pluralean.

Jakina nuen eta pentsatu ere bai, oraingoan, kontinente aldaketa oro, denboran barrena egindako bidaia dela, aldi berean. Aldaketa gehiegi elkarren ondoan! Altitudez eta latitudez desplazatua (2.560 metroko altueran zegoen hartuko ninduen Cuenca hiria, 300 bat kilometro ekuatore lerroaren azpian, tropikoan beraz); jatorri europarrekoak gutxiengoa ziren han eta, gure denboran bizita ere –garaikideak ditugu guztiz, hori zitzaidan kezkagarriena– dagoeneko nirea ez zen denbora bateko inpresioz beteriko ingurune batean barneratzera behartzen ninduela sumatzen nuen lehen unetik. Turista kontzientziatuaren sindromeaz jota, gainera, debekatuak nizkion neure buruari hotelak ala lurraldea ezagutzeko turisten zirkuituak. Cuencan nengoen, eta ez beste nonahi, hango lagun batek bere etxean hartuko ninduelako; eta ez nintzen handik mugituko, ez bazen bertako edonork egiten zituen bidai ohikoez gain.

Azoka Cuenca hirian. (Argazkia: Juan Gorostidi)

Hiri horretan paseatuz, bertako azoketan bazkalduz edo hango liburutegira edo antzokira hurbilduz, orain ehun edo berrehun urteko Europako girotik zerbait ukitzen nuela sumatzen nuen, baina hori ez zen errealitate garaikide baten alde bat baino. Hango parte zaharra, Gizateriaren Ondare Kulturala izendatua, kolonia garaiko arkitekturaz josia dago, baina garai bateko patioak, auto-aparkalekuak dira egun gehienak. Aldi berean, zapatariek, okinek, jostunek, abokatuek ala mekanikoek kale-mailan zabaltzen dituzte lantokiak eta, behin baino gehiagotan, bertan dute bizilekua, altura bakarreko edo biko eraikinetan. Aro digitala ailegatu izan ez balitz bezala, kale guztietan aurkitu litezkeen telefoniazko denda mordoek inpresio hori gezurtatuko ez baligute. Liburu- disko- eta DVD-dendak ere oso ugariak dira, baina ez ibili jatorrizko kopia baten bila, guztiak baitira saretik jaitsi berriak. Dolar baten truke aurkituko dituzu azken filmak. Dolar bat baita han salneurri unibertsala: dolar bat, hiru ahuakate eder; dolar bat koko-urezko botila, dolar bat eta erdi eguerdiko bazkaria… Liburu denda bat aurkitu nuen non liburuak ohiko bide komertzialari jarraitzen zioten; gainontzeko berrogei ala ehunetan liburuak fotokopiatuak ziren, itxura txukunekoak, halere.

Lehengo gonbidapenari jarraituz, fardelez inguratutako xaman batekin hartu nuen mendirako bidea, autobusez. Ez zuen, aitzitik, indio itxurarik gizon hark, baina prefektura hautatu berriak sustaturiko gazte topaketak izango zuen azken erritua zuzentzera zihoan. 2.500 metroko altuera zuen “behealdetik” 500 bat metro altuago zegoen mendialdera gindoazen, eta paisaia ere aldatuz zihoan: landa soroak eta belazeak, eukaliptoen plantazioekin tartekatzen ziren lehen mailetan. Gorago, ezezagunak zitzaizkidan espeziez beteriko oihan primarioa, baina baita etxolak eta baserriak ere; behiak ala zaldiak. Busa herrixka batean utzi eta jendea eta kargak garraiatzera dedikatzen ziren pick-ap auto-taxiekin tratutan sartu zen nire adiskidea. Haietako batean sartuta, berehala amaituko ziren errepide asfaltatuak eta, pare bat aldiz galdu ondoren, iritsi ginen gazteen topagunera, 100 metroko ur-jauzi baten pean kokatua.

Kazetariaren plantak eginez bilatu nuen haien bozeramaileetako bat, 200 bat izan zirela lau egunez elkartuak esplikatu zidana, Jibones ibarrekoak haietariko  gehienak, baina baita Cuenca hiriburukoak ere. Gibelean genuen ur-jauzi hura Kimsakotxatik zetorren inguru oso zabal baten ur emarien parajetik, eta topaketa hark uraren defentsaren izena zuen goiburu “Yaku Wambrakuna” kitxuaz, “Ura” eta “Gazteak” hitzak elkarrekin jarrita. Antzerki musikatu bat ari ziren gauzatzen une hartan, eta topaketa haiek laburbiltzen zituen manifestua irakurriko zuten gero: “…aztertu dugun errealitateak tristuraz eta etsipenez betetzen gaitu, baina errebeldeak gara, gure arbasoek hainbatetan bezala, esperantzaren hazi, urgentziaz behar ditugun sakoneko aldaketen alde borrokatzeko prest… Gazteok ez dugu jasoko praktika politiko dekadente hori non kontzientziak salerosten diren zenbait txanponen truke. Ez dugu onartuko ere borroka sozialen erabilera plataforma politiko gisa. Gure politika ulertzeko era doitasunean eta etikan oinarritzen da, eta dei egiten dugu helburu komunak bilatzen duten borroketan parte hartzera, hauen adierazpideen, mobilizazioen eta kulturen aniztasuna onartuz. Horrela bilakatzen dira ekintza artistiko, eta artea, kontzientzia eta borroken sendotasunaren muin”.

Harritu ninduen hitz hauen tonuak, heldutasunak. Ondoren, pare bat orduz luzatu zen erritua: lur haietako lau hazi nagusiz zoruan marraztutako “txakana” zabal bat, gurutze erregular eta lauki baten gainezarpenez osaturikoa eta kolorez beteriko mandala modukoa; erdian beste haziz eginiko espirala eta kolibria. Lau adarretako bakoitzean, mundu zabalerako eta Izpiriturako ate bana; sua, kantuak, dantzak, isiluneak… Amaitzeko, “pampa mesa” deituriko otordu komunitarioa: lurrean zabaltzen den oihal luzean barreiatzen dira janari guztiak eta bertan eserita hartzen ditu eskuz, bakoitzak behar duena.

Argazkia: Juan Gorostidi

        

Yaku (“Ur”) hitza oso presente zegoen inguru hartan, eta hori hartu berria zuen lehen aldiz prefekturarako hautatu berria zen indigenak: Carlos bezala bataiatua izan zena, Yaku izango zen aurrerantzean. Azken sei urteetan ECUARUNARI elkarteko presidentea zen, Ekuadorreko mendialdeko kitxua herriek azken mende erdian duten konfederazio nagusiarena. Nire lagunek hitz egina zidaten gizon hari buruz: Azuay eskualdeko prefeta berria nabarmendua zen azken hamarkadetako uraren defentsarako borroketan; bost aldiz atxilotua eta Ekuadorreko indigenen eta baita inguruko Andeetako jatorrizko herrialdeen artean pertsona ezagunenetarikoa ere. Posible izango al zen berarekin hitzordu bat lotzea? Bai, posible zen, ateak zabalik zeuzkan egoitzara hurbildu eta idazkari bati eskaria eginez. Yakuk asteko bi egun oso erabiltzen ditu beregana hurbiltzen zen edozein talderekin elkarrizketa zuzenentzako, eta horien arteko zirrikitu batean hartuko ninduen, ni ere.

         Astebete nuen tartean, eta udal liburutegira hurbildu nintzen haren liburuak irakurtzera. Abokatua izanda, justizia indigenaz idatzia zuen bere libururik ezagunena, 500 orrialdetik gorakoa; baina beste hainbat ere bai: Agua u oro. Kimsakocha, la resistencia por el agua (“Ura ala urrea. Kimsakotxa, uraren aldeko erresistentzia”), Reforma educativa y etnocidio cultural (“Hezkuntza erreforma eta etnozidio kulturala”) ECUARUNARIren gobernu kontseiluak izenpetua hau, edo La Resistencia (“Erresistentzia”) argitaratu berria eta eskura oparitu zidana elkartu ginenean. “Hau beste mundu bat da”, saihetsezina nuen pentsatzea. Zelako baldintzak bete beharko nituzkeen Europan ala Euskal Herrian Azuay-en pareko eskualde bateko (Nafarroako zabalera, milioi inguru biztanle, Ekuadorreko hirugarren hiriburua duena…)  lehendakaria elkarrizketatzeko?

 Amerika osoan bezala, euskal abizenez josia dago inguru hura ere. Zabala ezpatariaren balentriak eta heriotza kontatzen dute laurehun urteko komentu batean, eta ohikoak dira Otxoak, Larreak, Luzuriagak. Eta Agirreak, nola ez. Inguru hauetan ibili baitzen Araotzeko heroi ala antiheroi zoratua, Gaztelako enperadore Felipe II. ahalguztidunari aurre egin ziona “El Dorado” lurralde ametsezkoan galdu eta Peruko erregeordetza konkistatzera abiatu bitartean. “A, euskaldunak!” erantzuten dute harrituta abizen haien jatorriaz edo esanahiaz zerbait esaten diezunean.

 Estatistikek esaten dute %8a direla “indigenak” Ekuador osoan, baina haien komunitateko liderrek bestela diote: “%30 izango gara”. %8 hura bere burua indigenatzat duen eta galdetzaileari horrela dela esaten diotena da. Mendeetako mespretxuaren eta maila guztietako zapalkuntzaren ondoren, gutxiengo batek hartzen du galtzaileen duintasuna edo harrotasuna ikurtzat; gehiengoak, biziraupena apaldua aukeratzen du, gainezka egin bitartean.

Horixe da joan den urriko matxinadetan azaleraturikoa. Jatorrizko herriek hartzen dute gidaritza eta bitartekaritza gainontzeko mugimendu altxatuen izenean, eta indar osoa dute estatuko ordezkariekin buruz buru tratatzeko. Altxatu ziren garraiolariak gobernuaren neurrien kontra; errepideak moztu eta Ekuador osoa geldiarazi, baina atzera egin zuten hirugarren egunerako. Sutan ziren ordurako hiriak eta indigenek “hiriburura goaz” iragarri orduko, lekualdatu egin zen Ekuadorreko Gobernua “hiri seguruago batera”, Quitotik Guayaquilera, famaz bertako hiririk arriskutsuenera, ez ordea oligarkentzat.

 Zortzi egun geroago, Quiton elkartu ziren bi aldeak: CONAIEko buruzagiak –Ekuador osoko, oihaneko nahiz mendialdeko indigenak biltzen dituen konfederazioa– eta estatuko buruzagiak (gobernua, Asanblada Nazionala etab. Ordura arte “alferrak”, “terroristak”, “Venezuelako gobernuaren eta Correa ustelaren txotxongiloak” bezala tratatuak izan ostean –“Zoazte atzera paramora!” zen irain arrazista ohikoena–, zuzeneko telebista kameren aurrean, matxinada eragin zuen neurrien deuseztatzea lortu zuten, ahaltsuen ustezko arrazoiak banan bana indargabetuz.

Zer da han ezberdin? galdetzen nion neure buruari. Euskal Herrian nintzen, artean, eta egunero irakurtzen nituen handik zetozen berriak, eta baita ezkertiar europarrek egiten zituzten azterketak ere; Belgikan babestuta zegoen Correa presidente-ohiaren agerraldiak (Ezker Batuko eurodiputatuak alboan): “Munduko Diru Funtsaren aurkako altxamendua”, “larderia neoliberalaren porrota”… Eta bai, halakorik bazen ere, zerbait gehiago azaleratzen zuen hark. Jarraitzen genuen ohiko eskemekin eta aurreiritziekin hara begira, eta zenbait aldagai –nagusiak agian– eskapatzen ari zitzaizkigun.

Azkar pasa ziren Cuencan egin nituen zortzi asteak. Izan nuen aukera Amazonia aldera hurbiltzeko, petrolioaren ustiaketak hasi zirenean eraiki zen Macas izeneko hirira, eta baita Cuenca inguratzen duen Cajas parke naturalera ere. “Paramoa” deitzen diote hari, 3.500 eta 4.000 metroko altueran den lurraldeari, baina hura ez da geuk irudikatzen dugun lur mortua. Bertan bizi diren landare, zuhaitz, hegazti eta gainontzeko abereen edertasuna eta aniztasuna harrigarria da. Beste hamaika ezezagunen artean han ikusi nituen mikak urdin-esmeralda kolorekoak ziren, eta hartzak eta otsoak –horiek ezin ikusi– bereziak omen. Gameluen familiako asko dira bertakoak (llamak, alpakak…) eta, guztien artean ura: lakuak eta urmaelak, iturriak eta oinazpiko goroldioa blaituriko ehun goxoa. Hauspoari kosta egiten zitzaion jarraitzea, baina merezi zuen izenak asmatu aurreko mundu batean ibiltzen ari nintzenaren ilusioa dastatzea.

Esan bezala, Ameriketako jatorrizko herriak egiten dira presente Ekuadorren, ukatu bezain presente, –“Amerika” hitza bera absurdoa da haien ikuspuntutik; Abya Yala da kontinente hura haientzat, eta kolonialismoaren neurriaz ari zaigu izena bera; ustekabean gugan–. Izendegietan, plazetako eta karriketako plaketan izen europarrak baino ez dira agertzen, euskaldunak asko. Eta ni bezalako turista kontzientziatuak ez daki nora zuzendu sentimendua.

Horrela sortuko zen, agian, jendarte haiekiko hirugarren jokabide bat gurean: misiolariena. Berea joera anbibalentea izan da hasieratik: zapalkuntza gorrienak ere behar izaten duen legitimazio-bidea eskainiz baina, aldi berean, zapalketa horren lekuko eta salatzaile ia bakar. Quitora eta Guayaquilera egin nituen bisitetan aprobetxatu nuen hamarkadetan ikusi gabeko nire herriko misiolari batzuk bisitatzeko. Ederrak izan ziren enkontruak, eta gerora otu zitzaidan –betidanik iruditu zait harrigarria– konkistaren bortitzenetik egun arte garatu den erdibideko jarrera horrek beharko lukeela pentsatzeko eta esplikatzeko saioekin jarraitzea. Kontuan hartuta misiolarien joera horiexen parte direla ere gure “internazionalistak” eta GKE asko; Haraindiko Kausa bati bizitza eskaintzea aukeratzen dutenen hautu heroikoak, alegia.

Ekuador ez da Kuba, Nikaragua edo El Salvador. Izan ziren, bai, talde armatu iraultzaileak joera hori zabaldu zen sasoian, baina hango famatuenak Mexikoko corrido baten oihuaren antza zuen izena zeraman –AVC “Alfaro Vive, Carajo!”–, eta armak entregatzea erabaki zuen 1991erako, euskaldunok haien berri jaso aitzin. Misiolariak, aldiz, oihanean ere barneratu ziren eta bizirik atera zirenek egin zituzten hango biztanleen ikerketarik sakonenak. Nire lagunek kontatu zidatenez, badira oraindik bere izena, hizkuntza edo izaera alde batera utzi eta tribu batean edo bestean onartuak izan direnak. Quiton salestarrek duten unibertsitateko liburutegian gordetzen omen dute  Ekuadorreko lan antropologiko sakon eta zabalena; zientoka euskal apaiz pasa da Ekuadorreko “Los Ríos” eskualdetik…

Airean zintzilik bezala geratu ziren inpresio bortitz eta goxoak, Cuencakoak, Quitokoak ala Guayaquilekoak, nirea hiru kokaleku horietatik –indigenena, euskal kolonoena, misiolariena– hurbilen zein ote zegoen galdezka. Artean, doan eskaini zizkidaten modu sotilei eta medizina indartsuei beren lana egin zezaten utzi nien.

ERREFERENTZIAK:

INREDH, por los derechos humanos, de los pueblos y la naturaleza

Revista Andina de Estudios Políticos:

Ekuadorreko Jatorrizko Herrien Erakundeak:

Confederación de Nacionalidades Indígenas del Ecuador (CONAIE)

Confederación Kichwa del Ecuador (ECUARUNARI)

Federación de Organizaciones Indígenas y Campesinas de Azuay (FOA)

 

(Artikulu hau LARRUN-eko 247. zenbakian kaleratu da)

Kitxua, xuar eta beste hamaika

Ekuadorren 14 nazionalitate daude, eta oraino bizirik dirauten beste hainbeste hizkuntza, UNICEFen 2008ko informearen arabera. Kitxua da hedatuena, Kolonbia eta Peruko Andeetan ere egiten dena, guztira bi milioi eta erdi eledunekin. Xuar taldekoak Amazonian bizi dira, Ekuadorren eta Perun, eta 80.000 inguru izanik, erdiak baino gutxiagok erabiltzen dute xuar hizkuntza. Askoz ere tamaina apalagoan geratzen dira gainontzekoak, asko desagertzeko zorian (awapita, tsafikia, kaiapa, siona, sekoia, zaparoa…).

2008ko Ekuadorreko Konstituzioak espresuki errekonozitzen ditu haien eskubideak, laugarren kapituluan, 21 artikulutan ondo xehatuz: “Identitateak, antzinako tradizioak eta berezko dituzten erakundeak mantendu eta sustatu behar dira” (57.1). “Haien lur komunitarioak zatiezinak eta besterenezinak dira” (57.4). “Inoiz aldaketa planak sustatzen badira, kontsultak bideratu beharko dira” (57.7). “Heziketa interkulturala eta elebiduna sustatu beharko da” (57.14). Hizkuntzak, beraz, ofizialki errekonozituak dira eta teorikoki babestuak maila guztietan. Praktikan, aldiz, ezerezean geratzen da errekonozimendu hori eta ez dira errekurtsoak bideratzen hezkuntza elebiduna edo gainontzeko oinarriak ipini ahal izateko.

“Heziketa elebiduna etxeetako korridoreetan sortu zen: herrietako haurrak eta nerabeak, baita nagusiak ere –oso gaztetan ezkontzen zituzten neskak, ugazaben bortxaketak saihesteko ahaleginean–. Auzolanean eraikitako udaletxeetara aldatu zen gero; estatua zergak kobratzera baino ez zen agertzen bertan. Heziketa erreboltari hau ez zen batere formala; haurrak ez ziren gela itxietan gordetzen, komunitatearen esparru zabaletan tartekatzen ziren bertako bizitzaren bitartez, gure ama-hizkuntzan eta gure mundu-ikuskeran hezi zitezen. Arrazionaltasuna ez zen nagusitzen: errituak, mitoak, sinboloak eta filosofia indigenaren gainontzeko osagaiak harekin batera zetozen” (Yaku Pérez, Reforma Educativa  y Etnocidio Cultural. ECURUNARI, 2019 liburuan).

 

Erreferentziak:

UNICEF 2008ko txostena.

Native Land

 

 

2019ko urriko altxamendua

Zortzi hildako, 1.340 zauritu, 1.192 atxilotu eta 883 dekretua, indargabetua. Hauxe litzateke zifra hotzetan, urriko hamaika eguneko altxamenduaren balantzea Ekuadorren. Baina ez da gehiegi arakatu behar beste zerbaiten arrastoak antzemateko. Alfer huts gisa (“erlamandoak!”) presidenteak  irainduak izan ostean, urriaren 13ko irudi bat nabarmendu zen guztien begi bistan: mugimendu indigenaren ordezkariak estatuko botere nagusien aurrean herri oso baten hitza ordezkatuz eta haien eskakizunak betearaziz: ez soilik neurri ekonomiko onartezin batzuk atzera botaz, nazio aniztasuna zer den ere adierazpide garbiz erakutsiz.

Hau ez da, inondik ere, garaipen erabatekoa. Ez dakigu nola bideratuko dituen orain estatuak Nazioarteko Diru Funtsak ezarri nahi dizkion errezetak eta etorriko diren eraso berrien aurreko erantzunak. Baina komeni da gogoratzea historia hau ez dela berria. 1992an, Quitoraino 500 kilometroko ibilaldia burutuz, Amazoniako 1’2 milioi hektarea haien ondare izendatzea lortu zuten. 1994ko eta 1995eko mobilizazioek atzera bota zituzten nekazarien gizarte segurantzaren eta lur komunalen pribatizazioa sustatzen zituzten legeak. 1997an eta 2000n Abdalá Bucaram eta Jamil Mahuad presidente neoliberalen gobernuak erauzi zituzten. Gerora, gauzak katramilatu ziren eta mugimendua zatikatu zen, hainbat gobernuren kolaborazioa eta Rafael Correaren aupatzea tarteko. 2015erako mobilizazioetan argi geratu zen, halere, azkenaren eta indigenen arteko talka, aurtengoan gertatu bezala.

Jatorrizko herriak dira Ekuadorren antolatuenak eta kontzientziatuenak, eta haien legitimitatea erabatekoa dela agerian geratu da oraingoan. Inguruko beste lekuetan ez bezala –Kolonbian, Perun edo Bolivian, esaterako– konfederazio bakarrean elkartzen dira han Amazoniakoak eta Andeetakoak, baina horrek ez du esan nahi mugimendu zabalaren baitan ezberdintasunak ez daudenik. Eta hiri nagusietan –Quiton eta, batez ere, Guayaquilen, non kokatzen diren kreoleen oligarkiaren indar nagusiak– indigenen aurkako oldarrak beldurgarria izaten jarraitzen du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekuador
Mexikok harremanak eten ditu Ekuadorrekin, Quiton duen enbaxadan polizia indarrez sartzeagatik

Estatu batek bere lurraldean dagoe enbaxada baten aurka horrelakorik egiten duen lehenengo aldia da. Mexikok enbaxada itxi eta iragarri du Ekuador salatuko dutela Nazioarteko Justizia Auzitegian nazioarteko eskubideak urratu izanagatik.


Yuliana Ortiz Ruano. Fabulazio kritikoa
"Emakumeei eta diferentziei ez digute balio kontakizun heroikoek"

Elkarrizketen meritua, batzuetan, elkarrizketatuarena da oso-osorik. Yuliana Ortiz Ruano idazleak, hari-mutur bati heldu, eta bere argitasuna hedatzen dizu aurrean, opari baten moduan. Fiebre de carnaval [Inauteri-sukarra] eleberria aurkeztu du orain dela gutxi Bilbon, Ecuador... [+]


Luisa Gonzalez izan da bozkatuena Ekuadorren, gatazka nagusitu den hauteskundeetako lehen itzulian

Abuztuaren 20an izan da hauteskundeen lehen itzulia Ekuadorren, eta bigarrena urriaren 15ean izango da. Bozken %33,13 lortuta nagusitu da Luisa Gonzalez, eta bigarrena, berriz, Daniel Noboa izan da bozken %23,94rekin. Hauteskundeetarako astebete falta zela hil zuten Fernando... [+]


2023-08-17 | Ilargi Manzanares
Ekuadorko Yasuní erreserba defendatzeko karabana antolatu dute indigenek eta ekologistek

Ekuadorko hainbat probintzietan barrena ibiliko da karabana abuztuaren 20ra arte, Yasuní biosferako erreserba aberatsean petrolio ustiaketa proiektuaren aurka egiteko. Egun horretan herri-galdeketa egingo dute, eta esplotazioaren aurkako bozkak lortu nahi dituzte... [+]


2023-07-26 | ARGIA
31 preso hil dira Ekuadorko espetxe bateko liskarretan

Pasa den larunbatean (hilak 22) hasi ziren presoen arteko borrokak Ekuadorko Guayaquil hiriko Litoral espetxean. Iturri ofizialek jakinarazi dute 31 preso hil direla, eta hamahiru zauritu –baita polizia bat ere–. Poliziak eta Armadak "kontrola" berreskuratu... [+]


Eguneraketa berriak daude