Bortizkeriarik gabeko bizitzak feminismotik eraikitzeko proposamena

  • Bortizkeriarik gabeko bizitzak lortzeko bidean, justizia feminista eta autodefentsa feminista beharrezkotzat jotzen ditu Euskal Herriko mugimendu feministak. Indarkeria matxisten aurkako nazioarteko egunaren kari, bide horiei begira jarri gara. Batak ala besteak, prozesua kolektiboki eraman beharra azpimarratzen du, arazoaren indibidualizazio joerarekin bukatu eta botere dinamikei begira jarriz.

Autodefentsa eta justizia feminista ukan dituzte hizpide Euskal herriko V. Jardunaldi Feministetan.
Autodefentsa eta justizia feminista ukan dituzte hizpide Euskal herriko V. Jardunaldi Feministetan.Monica del Valle. Focu

Kalean elkar ikusteko gomita oholtza gainetik luzaturik, lehen hitzordu gisa azaroak 25a jarri zuten Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministen antolatzaileek bukaerako ekitaldian. Txalo zaparradaz harturiko gomita. Iritsi da indarkeria matxisten kontrako nazioarteko eguna, bi hitzorduen artean bortizkeria horren continuum barruko hamaika indarkeri gertaturik, jakindakoak eta ez jakindakoak. Tartean beste feminizidio bat Baionan, kalean elkartzea nahi baino goizago ondorioztatuz.

Bortizkeria hauen aurkako borroka segitzeko konpromisoa berretsi du Euskal Herriko mugimendu feministak. Bortizkeria hau sistemikoa eta sistema heteropatriarkatuaren biziraupenerako den heinean, nola heldu indarkeriarik gabeko bizitza hauetara? Bidea feminismotik eraikiko da edo ez da eraikiko. Justizia feminista eta autodefentsa feministaren lan ardatzak jorratzen jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten behin baino gehiagotan Durangoko topaketetan. Hortik doa aldaketa, batez ere segurtasun eredua indarkeria intentsifikatzen dabilen garai hauetan. Indarkeria eredu hau salatuko du azaroak 25ean Bilgune Feministak: “Horren aurka eginen dugu, horrek guztiak ez gaituelako aske egiten, kontrakoa, arazoa oraindik eta gehiago sakontzen du”, Bilgune Feministako Amaia Zufiaren hitzetan. Aurka egin  eta ondokoa exijitu: emakumeen askatasuna eta bizitza duina bermatzeko baliabideak, prebentzioa, justizia eredu feminista eta gizon eta komunitate osoari ardura hartzeko urratsa. Autodefentsa feminista ere du estrategia gisa, “behar bat izateaz gain, eskubide bat ere dena” Zufiaren erranetan.

Justizia feministaren gaia mahai gainean jarri eta gogoeta kolektibo eta partekatu bat aurrera eramaten dabiltza azken urteetan hainbat feminista. Zer da justizia feminista? Zein osagaik definitzen dute eredu hau? Nola eraiki eta gauzatu? 2019 urte hastapenean osatu Justizia Feminista Mintegia izeneko gunea dabil nagusiki hausnarketa eramaten. Feminismotik justizia eredu berri bat garatzeko hamaika giltza eta ideia plazaratzen aritu ziren funtsean Mari Luz Esteban eta Joana Etxano taldeko kideak, Jardunaldi Feministen barnean. Hamahiru emakumeren artean adosturiko testua publiko egin zuten orduan.

Aitortza eta erreparazioa

Feminismotik osatuta, ondoko helburua ukan behar luke justiziak: “Egindako minaren aitortza eta erreparazioa, eta honekin batera, berriro ez gertatzeko bermea”. Beti ere, justizia eredua unibertsala izan behar dela kontutan hartuz: “Eraldaketarako ibilbidea denontzako eta denon artekoa izan behar da”. Zapalkuntza sistemez kontziente, “dominazio egitura guztien eraldaketa” daukate zeharkako helburutzat.

Hori horrela, gaur egungo eredua iraultzea premiazkoa daukate:   justiziaren objektuari dagokionez, “errudunaren” zigorra kokatzen duelako erdigunean eta erantzukizun kolektiboa, biktima babestea eta berarekiko elkartasuna bermatzea lehentasuntzat hartzen ez dituelako.  Subjektuei dagokienez berriz, zapalduek bigarren mailako hiritar gisa tratatuak izaten segitzen dutelako. Zigortu beharrekoak “besteak” gisa, “munstro” gisa izendatuz, zapalkuntza sistemen oinarrizko logika binarioak ere bizirik iraunarazten dituelako. Azkenik,  justizia-tresnei dagokienez, nonahi den zigor-sistemak ere konponketa baino kaltea dakarrelako: “Helburua sistemaren oinarri eta baloreak iraunaraztera mugatzen da, (…) hortik aldentzen dena “erruduntzat” hartuz eta gainontzekoengan araututako eta baimendutako jokabideak zeintzuk diren ezarriz”. Gainera, ohartarazten dutenez, indarkeria matxistak jasandako emakumeei dagokienez, adibideak ez daude eskas erakusteko gaur egungo justizia sistemak emakumeen arrisku eta zaurgarritasun egoera areagotzen duela, edota bigarrenez biktimizatzen dituztela.

Hots, zapalkuntza dinamikak, botere-harremanak eta injustiziak bere horretan mantentzeko nahikeriz dabil gaur egungo justizia sistema. Hori erranik, zer nolako ezaugarriak lituzke justizia feministak? “Justizia banatzen den zerbait baino eraikitzen den zerbait denaren ideiarekin bat egiten dugu, eta beraz, subjektu ezberdinen parte hartzea eta tresna ezberdinak izatea eskatzen dituen prozesua dela onartzen dugu”, irakur daiteke Esteban eta Etxanok plazaratu testuan.

"Justizia banatzen den zerbait baino eraikitzen den zerbait denaren ideiarekin bat egiten dugu". Justizia Feminista Mintegia

Justizia instituzionaletik haratago,  dimentsio kolektibotik osatua litzateke: “Komunitate mailan posiblea delako elkartasun eta erantzukizun kolektiboetan oinarrituriko beste logika batzuk birpentsatzea eta garatzea”. Gaur egungo ereduaren alderantzizkoa, beraz. Justizia Feminista Mintegiak ohartarazten duenez, gaur egungoak norbanakoa gizartetik bereizten duelako, arazoa indibidualizatuz eta botere dinamikei kasurik egin gabe.  Alderantziz, “entzuketa eta behaketa aktiboak”  sustatuz, komunitateak eta jendarteak laguntza sarea ehuntzeari garrantzia handia bideratzen dio justizia feministak. Adibidez, erreparatzaileak izan daitezkeen bideak zeintzuk diren galdetu behar litzaieke biktimei, araberako neurriak hartzeko. Zentzu berera joz, erasotuarentzat “segurtasun eta lasaitasunerako bermeak” sortu behar direla ere diote.

Elkartasun, babes eta segurtasun giro horretan, kultura ez punitiboaren bidea errazago osatu ahal izateko. Hain zuzen, zigorrean oinarrituriko joera baztertzea beharrezkotzat daukalako eredu honek. Erantzunak mina jaso duten pertsonen “beharrizanak bermatzeko”  eta prozesuaren “izaera erreparatzaileak” segurtatzeko bideak liratezke. Beti ere, bortizkeria berriz ez gertatzeko bermea segurtatuz.

Zigor justiziatik aldendurik

Kultura punitiboa kolokan jarriko duen lanketa bat hasteko beharra ikusten du Justizia Feminista Mintegiak. Ez da lan erraza eta hori ere badakite. Baina  zaila izan arren, egingarria ere badela diote, feminismoak ondoko ahalmena duelako: pentsamenduen logikak aldatzeko gaitasuna. Baina kontuz, planteaturiko biraketa antipunitibistak “ez du zerikusirik inpunitatearekin edo isiltasuna ezartzearekin”, Esteban eta Etxanok argi utzi zutenez. Ariketa errazteko bidean, prozesu honetan gure buruari zein justizia mota nahi dugun galdetzeaz gain, eguneroko indarkeria kasuen aitzinean emandako erantzunei buruz gogoetatzera deitu zuten.

Argazkia: Gorka Rubio / Foku

Gatazken kudeaketaren ardura kolektibo horrek baliabide asko eskatzen ditu, bai materialak, bai pertsonalak. Baita kontzientzia hartze asko ere: “Inportanteak dira barrura zein kanpora begirako prozesuak, indibidualak zein kolektiboak: erruarekin, minarekin, diferentziekin edota gatazkekin dugun harremana lantzea eta prozesuak ebaluatzeko eta abiatzeko tresnak sortzea”.

Komunitatearen parte izaki, mugimendu feministaren zereginak ere azpimarratu zituzten: batetik, jendartean ideologikoki eragitea eta bestetik, eraldaketa prozesuan parte hartzea. Jendarteko sektore guztietan, orain arte egin ohi duen bezala: akuilu eta iraultze funtzioan segituz. Beti ere, erakunde publikoei dagokien ardurak exijitzen jarraituz. Zuzenbide arloan ere, “borroka sinbolikoa” ematea garrantzitsutzat daukate, legedian eta diskurtso juridikoan dagoen posizio maskulinoa iraultzeko.

Komunitateak eta jendarteak laguntza sarea ehuntzeari garrantzia bideratzen dio justizia feministak

Azken hamabost urteetan hamaika erantzun mota garatu dira feminismotik: indarkeria matxisten aurkako ekimen edota protokoloak, zein prebentzio eta formakuntza anitzak, demagun. Guztiak kontuan hartzekoak eta guztiak logika antipunitistak isiltasunaren sinonimo ez direnaren frogak. Justizia eredu honi buruzko gogoetan parte hartzeko gomita luzatu eta mikrofonoa F.A.R.R.U.K.A.S (Feministas Autónomas Revolucionarias y Ruidosas Unidas Kontra las Agresiones Sexistas, Eraso Sexisten Aurkako Feminista Autonomo, Iraultzaile eta Zaratatsuak) taldeko kideei pasa zieten. Ekintza zuzenaren hautua plazaratzeko espazioa eskainiz.

Azken aldi hauetan babes zabala jasotzen duen bidea dugu autodefentsa feministarena. Forma ezberdinak ditu eta  Euskal Herrian geroz eta ikusgarriagoa bazaigu ere ez da berria. Agian, indarraren sinbologiak berreskuratu eta norbanakoak daukan ahaltasuna argira ekarri izanak du horrelako zirrara eta babesa eragiten. Erasoari erantzuteaz gain, erasoekin bukatzea du helburu bide horrek. “Ez dugu genero maskulinoak izua sentitzerik nahi, bai, aldiz, erasotzaileek: eraso egin ez diezaguten nahikoa ikara senti dezaten nahi dugu”, irakurri daiteke F.A.R.R.U.K.A.S taldearen manifestuan. Beldurra aldez aldatzeaz gain, beldurraren feminizazioa deitoratu ohi du mugimendu feministak, sentimendu eraikia dela erakutsiz.

Autodefentsarako bidean, sentimendu hau politizatzeko beharra ikusten du Elsa Dorlin filosofo feministak: “Bai, beldurra hor da eta guztia egina da sentimendu horretan fokuratzeko, baina beldurraz gain, beste sentimendu anitz badira. Kontua da, gainbaloratzen dugula beldurra, horretara bideratzen gaituelako botereak”,  ARGIAri eskainitako elkarrizketan irakur daitekeenez. Beldur hori lantzeko beharraz gain, koadro afektibo guztiari so egiteko garrantzia azpimarratzen du Dorlinek.

Bortizkeriaz desjabeturik

Feminismoak gomendaturiko deseraikitze prozesu horren harira, aldaketa bideratzeko oharpen garrantzitsua plazaratu zuen oholtzatik Medeak taldeak: “ Ez gara ahulak, bortizkeriaz desjabetu gaituzte”. Hori horrela da: indartsu garenaren segurtamena eta konfiantza deseraiki digute. Horretaz kontziente, ahultasuna eta bortizkeria “desnaturalizatzeko” beharra plazaratu zuen. Eraikuntza hau ideologia baten barnean kokatzen dela azaldu ohi da autodefentsa feministaz aritzeko orduan. Iruditegi horren arabera, emakume baten gorputza sexualki gizonen eskura da, bortizki erabili eta bortxatu daitekeen objektu gisa ikusia.
Iruditegi hau deseraiki eta berriak eraikitzeko tresnak asmatzen, garatzen, zabaltzen dabil etengabean mugimendu feminista. Iruditegi berritik autodefentsa eta justizia feministaren bidea errazagoa izaten delako. Noski, jardunaldietan behin eta berriz argitu izan den gisara, bakoitzak ditugun zapalkuntza eta pribiligioei ere begiratu behar zaie. Eraso matxista baten aitzinean ere emakume guztiak ez direlako kokapen, indar eta ahuldade berekin.

Bilgune Feminista azken urteetan lantzen dabilen osatze feminista ere dugu autodefentsaren parte. Ertzak eta deserosotasunak erdigunera eraman eta ahalduntzea bilatzea du helburu, beti kolektiboan eta feminismotik, “maitasunetik, ongi izatetik eta plazeretik”. #Nierebai gisako ekimenak ere badira bideak: ahaldunduta, erasotuen hitza askatu eta publikoki erasotzaile gisa kokatzen duelako erasoaren egile den gizona. Isiltasunarekin bukatu eta intimitatetik plaza publikora eramaten duelako arazoa. Nola ez, azaroaren 25a kari, ezker eskuin burutuko diren elkarretaratzeak ere dira indarkeriarik gabeko bizitzen helmugara heltzeko geltoki.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Autodefentsa feminista
Jone Gil Landaburu, Euskal Herriko Mugimendu feministako kidea
"Gure indarra instituzioen hipokrisiaren eta diskurtsoez jabetzeko ahaleginen gainetik dago"

Azaroaren 30eko Greba Orokorretik "indartuta" eta "saretuta" atera dira feministak. Jone Gil Landaburu, Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideak nabarmendu du horri esker mugimendu feministak zaintzaren auzia erdigunean jarri duela. Horrez... [+]


2023-07-06 | Ilargi Manzanares
"Ukitzen banauzu, txikituko zaitugu" lelopean autodefentsa feminista aldarrikatu dute Iruñean

Mugimendu feministak deitutako manifestazioan bildu dira ehunka pertsona, Iruñeko Alde Zaharretik Sanfermin bezperan. Eraso matxistarik ez dutela onartuko adierazi dute.


2023-05-14 | Diana Franco
Teknologia
Jakitetik egitera

Orain dela zenbait urte, lagun batek hainbat gogoeta partekatu zuen nirekin, digitalizazioa eta zaintzari lotuta. Eskarmentu handiko emakumea da, munduan bere izateak zauri txikiena egiteko bidean, izan behar dituen bizitza on baterako jokabideak oso barneratuta dituena. Eremu... [+]


Zazpi esaldi feminismoaren ezjakinak eta aurkakoak erraz detektatzeko

Zure aurrean dago pertsona hori, apur bat ozen esaten dizuna, zuri, berak ez duela feminismorik behar. Gizona izan daiteke, emakumea ere bai… Bere burua ezkertiartzat ere har dezake. Edozein dela ere, berak gauza batzuk badakizki jada, zuk baino dezente gehiago. Zu... [+]


Eguneraketa berriak daude