Ez du etorkizuna irabazia, baina irabaz lezake

  • Argia-ren mendeurrena kari, euskarari buruzko mahai-inguru publikoa egin dugu irailaren 27an, Baionako Euskal Museoan, Ipar Euskal Herriko Mintzalasai elkartearekin elkarlanean. Euskara Ipar Euskal Herrian, Euskal Elkargoa sortu ondoren hizpide izan genuen. Solaskideak euskararen iraganaz mintzatu ziren, baina bereziki, gaur egungo euskararen egoera azaldu zuten, baita etorkizunari begira euskarak dituen ahalak edo eskasiak azpimarratu ere, itxaropenak eta etsipenak barne. Mahai-inguruaren ondorioetako bat hauxe izan da: aitzina begiratzeko baitezpadakoa dugu iraganean begirada pausatzea.

    Mugarriak mugarri, hona horietako batzuk: duela 60 urte hasi zen Euskara Batuaren asmoa, non eta Ipar Euskal Herrian. 50 urte dira Seaska sortu zela. AEK-k, berriz,  (Gau-eskolak) 40 urte bete ditu, baita euskal irratiek ere. Hamarkada horietan halaber, herri elkarte eta mugimendu ugari sortu dira.

    Ondoren eratu ziren, Euskal Kultur Erakundea (EKE), Euskal Konfederazioa eta Euskararen Erakunde Publikoa (EEP). Horiek ere ari dira gaur egun. Euskal Konfederazioak euskararen aldeko elkarteak eta taldeak bildu ditu bereziki, Ipar Euskal Herriaren erakundetze bidean. Gaur egunera etorrita, 2017an Euskal Hirigune Elkargoa sortu zen, iraganaren eta geroaren arteko instituzio mugarria. Bere zereginaz galdezka ekin genion solasaldiari.

Ezkerretik eskuinera: Eneko Bidegain, Jean Claude Iriart, Marie Andrée Ouret eta Mikel Asurmendi moderatzailea. Argazkilaria: Dani Blanco.

Euskal Hirigune Elkargoa 2017ko urtarrilean sortu zen. Zein da zuen aburuz, euskararen inguruan egiten ari den hizkuntza politika?

Jean Claude Iriart: Lehenik eta behin hauxe oroitarazi behar da: Euskal Elkargoa sortu zenean, lehen unetik, instituzioak berak hizkuntza politikari lotutako eskumen bat hartzea adostu zuen. Hori izan da beharbada, hastapen-hastapenetik hartua izan den lehenengo erabakia, oso inportantea. Alabaina, horrek ez du erran nahi instituzio guztien ardura hartu duela, orain arte euskararen politika gidatzeko eskumen hori baino ez duela hartu baizik. Horiek horrela, Euskal Elkargoaren lana, berau osatzen duten herriek egin izan dutenarekin konparatuz baloratu behar da. Izan ere, Elkargoak eskumen hori hartu duenean, euskararen eskumenaren parte bat herriei hartu die batez ere, ez dio estatuari, ez departamenduari ez eskualdeari hartu [Akitania Erregioa]. Edonola ere, erabakia hartu zelarik herriek beraiek euskararen alde kudeatzen zituzten konpetentziak haiek ere lantzen segitu behar zutela erabaki zen, eta egiten ez zuten kasuan, Elkargoak behar zituela herri horiek gehiago lagundu.

"Lurraldeetako hizkuntzak aitortuak izan ziren, euskara nola gaskoia, baina aitormena ofizialki izan bazen ere, horrek ez du erran nahi ofizialtasuna eman zaienik"

Jean Claude Iriart

Lehen erabakia hori izan zen, urte baten ondoren hartua izan zen –2018ko ekainean–, baita bi arrazoiren ondorioz hartu ere. Batetik, Elkargoak biziarazi nahi zuen hizkuntza politika hainbat arlotan eta orientabide batzuk finkatuak izan ziren. Harrezkero, badago hautetsi bat, kabinete bat, zerbitzu bat, horri buruz lanean ari dena denbora osoz. Erran nahi baita, hori izaten dela prozedura normala edozein politika garatzean: eskumen bat hartzen delarik, urte baten ondoren definitua izan behar da.

Aldi berean, biziki inportantea da ere, arras sinbolikoa izanik ere: lurraldeetako hizkuntzak aitortuak izan ziren, euskara hala nola gaskoia, eta haien aitormena ofiziala izan bazen ere, horrek ez du erran nahi ofizialtasuna eman zaienik. Ofizialtasuna eman zaie lurralde hizkuntza gisa. Hau da, printzipiozko jarrera bat izan da, zinez sinbolikoa, horrek ez baitie hizkuntza hauei, ez euskarari beraz, ofizialtasuna eskubidea ematen, ez legezkoa ere. Nolabait errateko, kolektibitateak euskara lurralde hizkuntza izatea nahi du eta onartu zaio.

Eneko Bidegain: Jean Claudek esplikatu du argi eta garbi zein diren Euskal Elkargoaren eskumenak, hau da, ez dira Frantziako Estatuak emaniko eskumenak, baizik herriek nahi edo galde egiten dituzten eskumen gisako batzuk. Estatuak euskarari eman dio lurralde ezagutza, baina ez da hizkuntza ofiziala. Orduan, Ipar Euskal Herrian eta Euskal Herri osoan euskararen egoera zein den ikusita, eta zer etorkizuna izan dezakeen egungo egoeraren arabera, iruditzen zait, Elkargoak duen botere maila ez dela aski hizkuntza politika egin ahal izateko. Hots, euskarak ez ditu behar onarpen sinbolikoak, euskarak behar ditu leku eta ezagupen osoa, eta ez bigarren mailako hizkuntza izatea.

Adibidez, duela 40 urte bideetan ez zegon batere euskarazko seinalitikarik eta orain badu presentzia, beraz, urrats bat da. Alabaina, euskarazko seinalitika finagoa da, tipiagoa da. Eta aldizkari ofizialetan berdin, euskara gutxiago eta tipiagoa izaten da eta irakurtzeko zailagoa. Orduan, pentsatu behar dugu, euskaldunok bista hobeagoa dugula, eta beharbada, AEK-k egin dezake kanpaina bat lema honekin: “AEK-n matrikulatu zaitez, okulistan gutxiago gastatuko duzu”. Barkatu, serioski orain. Karrika eta bideetako seinalitikak mezu bat helarazten digu egunero: “Euskara bigarren mailako hizkuntza da”.

"Elkargoak duen botere maila ez da aski hizkuntza politika egin ahal izateko, euskarak ez ditu behar onarpen sinbolikoak, euskarak behar ditu leku eta ezagupen osoa, eta ez bigarren mailako hizkuntza izatea"

Eneko Bidegain

Iraganean, denbora batean, frantses hutsean zeuden seinaleak ezabatzen ziren, eta gaur egun bigarren mailan eta leku sinbolikoa eman diote leku euskarari. Niri umiliagarria iruditzen zait politika hori. Euskara urratsak ematen ari da irakaskuntzan, baina BABn, herritarren %20k baino ez du euskara ikasten eskoletan. Areago, ikastoletan edo eskoletan euskara ikasten dute, baina eskoletatik kanpoko ekimen gehienak edo ia denak frantsesez dira. Orduan, mundu frantses batean, frantses hizkuntzak dituen neurriak kontuan harturik, gaur egun ez dut uste euskarak behar duen laguntza daukanik. Ez eta Euskal Elkargoak euskara teknikari batzuk lanean jarririk ere. Frantziak badaki nolako laguntzak ematen dituen eta noraino ezartzen dituen neurriak...

Marie Andrée Ouret: Ni ez naiz Eneko bezain ezkorra. Iruditzen zait Euskal Elkargoa sortzea urrats handi bat izan dela. Duela bospasei urte ez genekien sortuko zenik ere, sekulako oztopoak zirelako, euskararen kontrako haizeak izugarriak ziren, baina hondarrean sortu da, eta horrek erakusten du politikoki ere gauzak aldatu ahal direla.

Elkargoak sekulako aukerak ematen dizkigu euskaren inguruan aritzeko, eta behar ditugu baliatu. Izan diren adierazpenak ziki inportanteak dira. Noski, euskararen ezagupena ofizial egin da, ez da euskararen ofizialtasuna erdietsi, baina bagenekien hori ezinezkoa zela. Beraz, horrekin kontentatu behar dugu. Hala ere, ezin da erran ezdeusa denik, eta sinbolikoki ere badu bere balioa, nire irudikoz, xantza badugu, Kolektibitate hau inportantea da, [Ipar] Euskal Herriko lurralde osoa hartzen du, eta horri esker ematen ahal zaio euskarari politika bat. Hori ere asko da. Ikusi behar da noraino joan gaitezkeen. Horrelako Kolektibitate potente batek badu ahala. Eskoletan ez dela bermatua euskararen presentzia? Ez dela aski? Nik uste dut Elkargoa oraino berria dela, eta eredugarria izanen dela herrientzat, baita beste herri elkargoentzat ere. Ematen dituen urratsak eredugarriak izan daitezke haientzat, hala nola, hainbat lan arlotan ukitzen dituen eskumenetan, publikoari ekartzen dizkion zerbitzu guztietan, horiek guztiak gauza irabaziak izanen dira. Elkargoa aski ausart aritzen bada, aski urrun joan gaitezke eremu horietan. Ni Baionako Herriko Etxean lanean ari naiz, eta ikusten dut zaila dela aitzina egitea. Baina lehen aldia da esparru horretan euskaraz aritzen garela, lehen aldikoz euskara hutsean bilkura bat egiten duzunean, arraroa da, baina gero emeki-emeki normalizatzen joaten da. Eta aitzina zoaz. Berdin ere, kultur animazio bat egiten duzunean. Beraz, bideak izan badira, eta guk urratu behar ditugu.

J. C. Iriart: Enekori entzunik, agian komeni da hau argitzea: instituzio bakoitzak egiten du nahi duena bere konpetentzia eremuetan, eta hori behar dugu zinez argiki jakin eta hartu, hala baita. Hau da, egunero bizitzen dugun paisaia linguistikoan ikusi ahal ditugu instituzioek antolatzen dituzten zerbitzuak. Horien barnean daude, estatuak egiten dituenak, eskualdeko eta departamenduko sailek egiten dituztenak, baita herriko etxeek eta zerbitzu sozialek ere orobat. Eta orain badira, Euskal Elkargoak zuzenean egiten dituenak. Erran nahi baitut, eguneroko paisaia ez duela instituzio bakar batek kudeatzen. Euskararen erabilpenari dagokionez, bakoitzak kudeatzen du berak hautatzen duenaren arabera. Elkargoak badu posibilitatea berea egiteko, mementoz ezin dugu erran legeak permititzen duen guztia egiten ari dela, urratsak eman dira, inportanteak, eta orain arteko herri elkargoekin konparatuz, lehenenago baino aise gehiago egiten dela ohartu gara, eta badago gehiago egiteko. Marie Andréek erran bezala, tokian tokiko herri elkargoentzako eredu izan daiteke Euskal Elkargoa. Badirela, naski, gehiago egiten duten herriak? Bai. Baina gehienek Elkargoak baino gutxiago egiten dute. Bistan da, estatuak, eskualdeak eta departamenduak ez dute Euskal Elkargoaren erreferentzia izan behar, ez ereduak. Haientzat euskararen eredua bestelakoa da, estatuarentzat (irakaskuntzan salbu) euskarak ez du tokirik eguneroko bizitzan. Eskualdeentzat eta departamenduarentzat arras gutxi ere. Instituzio horiek ez dira Euskal Herritik kudeatuta. Euskarak dituen mugak lotuak dira Euskal Herriak dituen konpetentziei. Egunen batean, Euskal Elkargoak konpetentzia gehiago eta garatuago izanen balitu, bada euskarari ahal edo laguntza gehiago eman liezaioke. Bat besteari lotua da, Euskararen mugak lotuak dira Euskal Elkargoak dituen konpetentziei.

Bi jarrera ikusi ditugu.  Politika posibilista egin daiteke, baina Bidegainen ustez horretan badago arriskua nolabait.

E. Bidegain: Niretzat, egiten den urrats orori nire ongietorria, baina, ez dugu itsutu behar. Konparaketa bat eginen dut: klima aldaketaren astea izan da berriki, manifestazio batzuk izan dira kari horretara, eta nola halako neurriak hartu dira. Baina, serioski, zein neurri hartu dira? Ikasleek manifestazioa egin dute... Eta zer? Bestela litzateke auto pribatuen erabilpen greba egin izan balitz, ezta? Edota garraio publikoaren greba egin izan balitz, trenena, adibidez, bada Ipar Euskal Herria kolapsatua geratu izan liteke. Klimaren aldeko mobilizazioak deitzen dira, baina funtsean ez da deus egiten. Egoera hori euskarari buruzko politikarekin konparatu dezakegu: euskararen eremuan ere hartzen dira neurri batzuk, baina epe luzera begira betiere, orainean gure kontzientzia lasaia izateko. Gaur egun, frantses hizkuntzak daukan boterea kontuan harturik, globalizazio garaian, lasterka goaz, lasterketa horretan neurri tipi batzuek ez dute aski balio euskarak bizi duen larrialdi egoeran, bizi duen mehatxu egoeran. Barkatu, egoera hain beltza ikustea, baina klimaren egoera bezain beltz ikusten dut euskararena. Itsasoaren maila metro bat igoko omen da mende honen amaierarako, euskara orduan bizirik izanen dela espero dut, alabaina oraingo neurriak soilik harturik ez dut uste luze biziko denik.  

Orain 60 urte, Euskara Batuaren hastapena izan zen, Ipar Euskal Herrian izan ere. 50 urte Seaska sortu zela. AEK-k (Gau-eskolak) 40 urte ditu, baita euskal irratiek ere. Erakunde eta mugimenduak herritik sortu ziren. Hala nola Euskal Kultur Erakundea (EKE). Euskaltzale batzuen iritziz, aro bat joan da, eta beste bat heldu. Euskalgintza zaharra eta berria artikulua  agertu da prentsan. Aldaketarik ba al dago?

"Euskararen ezagupen ofizialA eman da, ez da euskararen ofizialtasuna erdietsi, baina bagenekien ezinezkoa zela. beraz, horrekin kontentatu behar dugu. Hala ere, ezin da erran ezdeusa denik, eta sinbolikoki ere badu bere balioa"

Marie Andrée Ouret

M. A. Ouret: Galdera zaila duzu hori. Nik ez dakit ere euskalgintza zaharra eta berria badenentz. Berria, agian zaharra naizelako. Eskola elebidunetan ez dakit dagoen, hasteko. Nik alderatzen baditut gure garaiko euskara zaleak eta egungoak, egun badago aise gehiago kontzientzia, jendea kontzientziatuago dago eta politizatuago ere bai. Konparazionera, Seaskan heziak izan diren gazteak usatuagoak dira mobilizatzen. Horietako asko Seaskako guraso dira gaur egun, horiek erakusten dute euskararekiko garai batean ez zegoen beste jarrera bat, euskararen egoeraren kontzientzia handiagoa dute. Gazterian denetarik dago, bistan da, baina beren desmartxak oso politikoak dira, baita egiten dituzten aktibitateak ere, ez dakit hori den euskalgintza berria…

Bestalde, Seaska eta eskola elebidunetako –publikoak eta erlijiosoak– familiak ez dira publiko bera, bistan da. Alta bada, Seaskan ikasleak ari dira emendatzen, 4.000 ari dira 1. eta 2. Mailan. Masa bat dago. Gero, bistan da, batekoak eta bestekoak ez dira publiko bera. Nik eskola publikoan ikusten ditut bi mundu horiek. Eskola publiko eta erlijiosoetan, orokortu nahi gabe ere, ez dute baitezpada euskararen kezka bizia, haurrek ikasten dute gurasoek euskara jakitea plus bat dela ikusi dutelako, eta kito. Hori bada ere muga edo arazoa. Izan ere, anitz haur sartzen da irakaskuntza sistema horretan, geroz eta gehiago, ama-eskoletan hautatzen dute eskola elebiduna, baina beren ibilbidea ikusirik, bigarren mailatik goiti euskararen ikasketa uzten dute. Egia erran, ez dago atxikimendu handirik, oportunitatez egiten den hautua da, bistan da, ez duzu hor atzemanen publiko militante bat. Funtsean, eskolan badute euskararekiko lotura, baina kanpoan ez dute segidarik ematen.

Erran dezakegu, hala ere, euskarak prestigio gisako bat irabazi duela.

M. A. Ouret: Prestigio gehiago baduen ez dakit, baina, bederen euskara erakargarriagoa da gaur egun, gure haur eta gazte garaian baino. Gurasoek hainbat arrazoiengatik hautatzen dute haurrak euskaraz eskolaratzea. Pentsatzen dute beste hizkuntzak ere errazkiago ikasiko dituztela, eta integratzeko molde bat bezala ere ikusten dute euskara ikastea. Horretan aitzinatzen ari gara.   

"Erraten ari naizen guztia frantsesez erranen banu, ene espresioak zorrotzagoak izanen ziren, ene hiztegia aberatsagoa,ene ideiak argikiago emanen nituzke.
Ez dut uste kasu bakarra naizenik"

Jean Claude Iriart

J. C. Iriart: Euskalgintza berria? Iraganeko aldiak aipatu dituzu: duela 30-40-50-60 urteetan herri elkarteak ziren bereziki euskararen aldeko desmartxetan engaiatuak. 1990etik instituzioak ere hasi ziren horretan lanean, orduan ikusi genituen euskararen aldeko lehen politika instituzional batzuk egiten. Nik ez nuke erranen, euskalgintza zaharra, klasikoa eta berria dagoenik; euskalgintzan badaude elkarteak, eta horiek ez dira tipitu ez aldatu, baizik eta eboluzio aski baikorra eman dute. Instituzioen esku-hartzeak ez ditu ahuldu elkarteen ahala eta engaiamendua, eta erran nezake, aldi berean, agertu dela euskalgintza publikoa.

Elkarteak eta instituzioak ez daude elkarren aurka, eta euskararen aldeko indarrak hazten ari dira. Instituzioak hasi dira euskara politika bat ezartzen. Aipatu garai haietan aurrekontuen aldetik ez zegoen diru iturri izpirik, hor aldaketa inportantea eman da. Instituzio andana batek elkarteek egiten duten lana –gisa batez, euskalgintza publikoa bilakatu dena– diruz laguntzen dute; hori azken 60 urteetan azkartu baizik ez da egin. Noski, euskararen alde eman diren urrats horiek guztiek ez dutela euskararen etorkizuna ziurtatzen ohartarazi behar dugu. Ezin dugu erran egoera zailetik atera garenik. Erran daiteke haatik, euskararen beherakada gelditu dela, egia da ere, biziki beherean zegoela, eta beraz ezin dugu erran borroka hori irabazia dela. Orduan, behar dugu kontuan hartu egoera iluna dela, baina era berean badirela esperantza izpi batzuk. Ezin dugu erran euskarak etorkizuna irabazia duela, baina irabaz dezake. Heldu diren urteetan instituzioek eta gizarte berak zer eginen duten ikusi behar da, gizartean mugak daude eta instituzioetan ere bai. Denak prest bagina euskara ikasteko eta erabiltzeko, ez genuke instituzioen beharrik. Baina errealitatea ez da horrelakoa.

E. Bidegain: Euskalgintza zaharra eta berria delakoari buruz bi hitz: gai hori Hegoaldean zabaldu da bereziki, Argian Bea Salaberrik idatzi du horretaz, aurretik idatzitako artikulu bati erantzunez. Euskalgintza zaharra deitzen den hori, Euskal Herri osoa kontuan harturik idatzi zuen Hegoaldeko iritziegile batek: AEK, EHE, Kontseilua, Ikastolen elkarteak eta beste talde batzuk hizpide izan zituen. Batzuek euskalgintza zaharra deitu hori krisi batean sartu dela diote, loaldi batean sartu dela, eta diotenez, zerbait egin behar da euskalgintza berri bat sortzeko. Bea Salaberrik horri erantzun zion nolabait. Ipar Euskal Herrian AEK-k eta Seaskak, esaterako, hainbat diru laguntza ukaten dute eta horiek ez balira izan, ez ziren aitzina aterako, hori azpimarratu behar da. Alabaina, dagoen diru politika laguntza ez da aski euskararen behar guztiei buru egiteko. Euskalgintza berriaren beharra aipatu da, eskuin ezker sortu diren talde batzuk kezkatuta daudelako euskararen egoeraz. Beharbada, “euskara eta euskalgintza politizatu” behar dela argudiatzen hasi dira. Adibidez, batzuen ustez, euskararen ofizialtasunak galdera edo eskaera politikoa izan behar du.

AEK, Seaska, EKE, Euskal Konfederazioa, Herriko Etxeak. Hainbat eta hainbat erakunde badira. Euskal Elkargoa sortu da, baina EEP ere bada, EKE… Akomeatzeko molderik ba al dago?

E. Bidegain: Euskararen ezaugarrietako bat elkarteen atomizazio hori da, instituzio horiena. Hala ere, euskararen aldeko elkarteek eta taldeek, funtzio ezberdinak dituzte, bakoitzak berea dauka, beraz, nik ez dut arazorik ikusten. Herriko Etxeen, Euskal Elkargoaren eta Euskal Konfederazioaren arteko zubia badago euskalgintzari dagokionean, eta euskara elkarteak eta taldeak ere zeregin horretan ari dira, baina, naski, batzuek diru laguntza dutelako eskuak loturik dituzte. Nire irudiko, denborarekin, Euskal Konfederazioan dauden hainbat taldeen presioa desagertzen joan da, iraganean presioa egiten zuten talde edota mugimendu horiek dirua ez zuten aintzat hartzen, kontra-botere bat egiten zuten euskararen ofizialtasunaren alde. Gaur egun, besteek, erakunde instituzionalen menpe lan egiten duten horiek, ez dute presio lana egiten ahal. Bereizketa bat eginen nuke hala ere, irakaskuntzan edo hedabideetan ari direnena, esaterako. Horiek horrela, nire gustuko, euskalgintzan hiru zango behar ditugu: instituzionala, erdi instituzionalak eta horietatik kanpo ari direnena.

Irakaskuntza hizpide: eskola publikoak eta katolikoak, eta Seaskaren artean harremanak ba al dira?

M. A. Ouret: Harremanak badira. Euskal Konfederazioa aipatua izan denez, ohar bat: erakunde horretan elkartzen dira euskararen aldeko talde eta elkarteak, eta horiek diru laguntza ukaten dute, baina Euskal Konfederazioak berak ez. Beraz, ez du zailtasunik presiorik egiteko, badu gaitasunik. Alta bada, eragiten duen edo ez, hori beste gauza bat da. Beraz, Euskal Konfederazioaren baitan biltzen gara eskola elebidunak –publikoak eta katolikoak– Seaska biltzen den ber, eta badugu elkar aritzeko eta mintzatzeko gune bat. Azken urteetan hala ere, izan ditugu momentu batzuk aski larriak, bakoitza bere aldetik aritu izan gara. Adibidez, Hezkunde Nazionalak erregularki ateratzen dituen erreformak kari –kolegioen erreformak direla eta bertze–, usu erreforma horiek eskolako sailak kaltetzen dituzte, bereziki hizkuntzetan eragiten dute, eta neurri kezkagarriak izaten dira. Alabaina, une larriak izanki ere, elkartu gara eta ekintzak antolatu ditugu elkarrekin.

"Gero eta nonbre handiagoan ikasten dute ikasleek euskaraz, baina ez nahi eta beharko genukeen nonbrean euskararen kalitatea ziurtatzeko"

Jean Claude Iriart

J. C. Iriart: Niretzat erakunde ezberdinen artean ez dago akomeatzeko arazorik, ez dago problematika berezirik. Dena den, egia da, Euskal Konfederazioak nolabait gelditu du bere presio lana. Nik uste dut hori sentitzen dela, baina, nire irudiko, abilki jokatzen ari da. Presioari buruz gehiago errateko, beste aro bat –aro berria, naski– ongi etorria litzateke, eta beste talde batzuek presio hori egin lezakete, eragin handiago izateko. Hori erranik ere, ez zait iruditzen euskalgintzan ari diren eragile handiak, AEK, Seaska eta abar, blokeatuta daudenik instituzio politikoen aldetik, diru-laguntza ukaten dutelako. Beren errebindikazioak pausatzeko autonomia atxikitzen dute, ahaltasuna badute, ez dira ahuldu horretan. Bistan da, mugak badira, alde batetik, gizartean, herritarrek presio handiago egingo balute, hautetsiek egin lezakete gehiago. Baina falta den presio hori Euskal Herriaz harago dauden instituzioei buruz egin beharko litzateke: [Pirinio Atlantikoak] departamendua, [Akitania] erregioa eta estatuaren gaineko presioa, baina hori egia erran, nekeza izaten da. Ikusi besterik ez dago zer den Ipar Euskal Herria lurraldea Frantziako lurraldearen aldean. Bistan da, presio handiago egingo bagenu, horrek ondorio hobeagoak ekarriko lituzke. Alabaina, ene ustez, oraingo legediak –bai Herriko Etxeetan bai Euskal Elkargoan– permititzen dituzten bide berriak ez ditugu aski urratu. Aitzinera egiteko posibilitateak badaude, aukera guztiak urratu behar dira.

Duela 50 urte euskarak zuen espazioa eta egungoa bera al dira? Orduko euskararen corpusa, “izaera edo mamia”, aberastu da edo pobretu al da? Zertan aldatu da euskararen egoera?

E. Bidegain: Duela 50 urtera arte, euskara etxeko hizkuntza zen Iparraldean, laborantza munduan ziur, espazio publikoan ez zuen batere lekurik. Gaur egun, badu leku espazio publikoan eta anitzez gutxiago etxean, eremu pribatuan. Hori izan da aldaketa, baina eremu publikoan bere lekua sinbolikoa da, ez da aski euskarak jasan duen galerari aurre egiteko. Dena den, zehazkiago, euskararen corpus-ari dagokionez, euskararen gaia eta materiala aberastu da, besteak beste, irakaskuntzari eta unibertsitateari esker. Euskarazko prentsari esker, egunero prentsa hor dago –Argia-k 100 urte bete ditu: zorionak!–, Berria eta tokian tokikoak; literatura bestalde, eta abar. Naski, Iparraldean horiek beharbada ez dira hainbeste nabaritzen. Sorkuntza hori ez da erraz heltzen jendearengana. Adibidez, euskarazko film bat ateratzen bada, lehenago proiektua izaten da New Yorken Hendaian baino. Horrek Iparraldean prestigio pixka bat kenarazten dio euskarari. Halaber, alde batetik badago ekoizpen handia, baina aldi berean, prekarioa. Euskararen ekoizpena hiztunen artean, Lapurdin bereziki, zorigaitzez, apala da. Euskararen transmisioaren etenak segitzen du. Lapurdin badago komunikatzeko gaitasunik ez daukan euskaldun kopuru aski handia. Hau da, jendea euskaraz edo edozein hizkuntzaz ez bada ongi moldatzen hiztegi eta gramatikarekin, hizkuntza horretan nekeza da eguneroko solasa gauzatzea. Orduan, euskaldun kopurua handitu da Lapurdin, baina ez du euskara maila aski eroso aritzeko. Erdizkako euskara batekin ezin da egin euskaldun komunitate sendo bat, gainera, badira euskara ontsa menperatzen dutenak, baina beren lana dela eta, Euskal Herritik kanpo bizi dira. Beraz, sortzen den euskaldun anitz galtzen ditugu eguneroko harremanetan. Ondorioz, euskaldun anitz sortu dira baina bidean anitz galtzen dira. Euskararen corpusa badago, alde batetik, ekoizpen aberatsa erdietsi dugu, baina gisa berean, badago haustura bat. Beraz, besteak beste, literatura eta prentsa are gehiago sustatu behar dira.

M. A. Ouret: Nik ezagutu dut euskara herri tipi-tipi batean, Suhuskunen [Baxenabarre]. Garai hartan, jende guztiak, suhuskundar guztiak, euskaraz ari ziren, denek bazekiten. Euskara ez zen ikasten, bazenekien edo ez zenekien. Euskara ez zuen  nehork ikasten, halarik ere, euskara hura biziki mugatua zen, herriaren eremuan gelditzen zen, arrunt laborantzan. Jendea haien artean bizi zen, ez ginen batere alfabetatuta, baziren sekulako hutsuneak. Gaur egun, berriz, diferentzia handia da horretan, eskertu behar da eskoletan egindako lana, besteak beste. Seaskatik ateratzen diren gazteak alfabetatuak dira, teorian bederen euskaraz mintzatzeko gai dira. Tresna linguistikoak badituzte. Aldiz, egia erran, eskolatik ateratzen direnean ez dira euskaraz ari, belarriprest anitz bada, aldiz, duela 50 urte Suhuskunen denak ahobizi ziren.

Ez dut inor kritikatu nahi, baina begiratzen dugu gure inguruan, nire lanean, eta maila eskasa dute gazteek. Masa kritiko baten beharra dugu, diotenez, arnas-guneak behar ditugu gure hizkuntzan bizitzeko, masa kritiko hiztun hori ez dugu erdietsi oraino, eta halaber, hiztun onak behar ditugu, euskaraz aritzeko eta erakusteko irakasleen maila duten hiztunak. Momentu honetan egoera kritikoan gaude, gauza batzuk irabazi dira eta beste batzuk galdu. Suhuskunen euskara bizi zen, mugatua, baina egun muga gutxiago dutenek ez dute euskara erabiltzen aski.

"Kontzientzia hartzea beharrezkoa da, eta euskara hizkuntza ofiziala izango balitz ere, ez litzateke
salbatua izango"

Eneko Bidegain

E. Bidegain: Mari Andréek dioenaren ildoan, Joxe Manuel Odriozola saiogileak bere azken liburuetako batean ongi baino hobeto esplikatzen du hori: duela 50 urtera arte, estatu-nazioek, hau da, boterea zuten administrazioek esku-hartu zuten kontzientzia nazionalik gabeko herrietan. Konparazionera, laborantza munduan euskara bizi zen frantsesaren aldean, baina ekonomia aldatu zenean, industria eta hiriak zabaldu zirenean, baita hedabideak azkartu ere, euskara gainbehera etorri zen. Frantsesa estatuaren mailako hizkuntza bilakatu zen, administrazioan frantsesa –Hegoaldean espainola nola– ezarri zen guztiz. Harrezkero euskarari ez zaio nazio hizkuntzaren funtzioa aitortu, ez eman. Gizartearen antolaketa berria eman zenean, euskarak ez zuen ondoko hizkuntzen hein bera hartu. Zorionez, euskara batuak lagundu du gure hizkuntza eraikitzen, horretan ari gara. Horretaz ohartzea funtsezkoa da euskararen menpeko egoera ulertzek.

J. C. Iriart: Belarriprest eta Ahobizi aipatu ditu oixtian Marie Andréek. Solaskideen irudimenetik segituz, iruditzen zait hizlari bizien artean elebitasuna ez dela arras orekatua. Ene adibidea hartuko dut, nik gaur erraten ari naizen guztia frantsesez erranen banu, ene espresioak zorrotzagoak izanen ziren, ene hiztegia aberatsagoa, ene ideiak argikiago emanen nituzke. Ez dut uste kasu bakarra naizenik. Iruditzen zait, elebidunen artean, ahobizi-en artean ere, badaudela frantsesa hobeki menperatzen dutenak euskara baino. Horrek erran nahi du –bi hizkuntza ez badira hein berean menperatzen– errazki lerratzen garela frantsesera. Horrek badu bere ondorioa egun guziz erabiltzen dugun euskararen kalitatean. Oro har, eskolan ikasten duten gazteengan so egiten badugu, terminalera arte irakaskuntza segitzen dutenak elebidunak dira, baina horien artean ere biziki gutxik atxikitzen dute bi hizkuntzen hein edo maila bera. Hau da, gero eta nonbre handiagoan ikasten dute ikasleek euskaraz, baina ez nahi eta beharko genukeen nonbrean euskararen kalitatea ziurtatzeko. Beraz, oro har, pobretu gara.

Azkenik, instituzioetako ordezkariek, hautetsiek, ikasten edota erabiltzen dute euskara?

J. C. Iriart: Hautetsiak besteak bezala dira, horretan ez da diferentzia izpirik. Hasteko, hautetsiak egun guziz gurutzatzen dira herritarrekin, gizarteko partaideak dira, baina euskararekiko lotura aski pertsonala da, eta praktikatzen dute edo ez, axola badute edo ez dute. Gizarteko beste herrikideak bezalakoak dira.

Publikotik galdezka

Mahai-ingurua Baionako Euskal Museoan egin zen.

Eneko, zuk Euskal Elkargoaren mugak edota zailtasunak azpimarratu dituzu. Non egin beharko litzateke indar gehiago?

E. Bidegain: Zorigaitzez, galdera hori egiten da, baina ez da aterabiderik aurkitu. Nire ustez, momentuz, kontzientzia hartzea beharrezkoa da, eta euskara hizkuntza ofiziala izango balitz ere, ez litzateke salbatua izango. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) ere hori ageri da. Eskualde oso euskaldunetan salbu, euskara ez da osasuntsua, anitzek irakaskuntza amaitu ondoren mozten dute harremana euskararekin. Orduan, aterabidea da, edo izan liteke, lan mundua euskalduntzea, ekonomia euskalduntzea, eguneroko bizi eremuak euskalduntzea, hori da lehentasunezkoa. Adibidez, lan mundua euskalduntzeko apustua egingo bagenu, horrek erraztuko lituzke harremanak, elkar trukaketa Hegoaldeko eta Iparraldeko enpresen artean, horrek erraztuko luke euskalduntzea, baita aisialdia ere euskaraz bizitzea. Izanik ere, ekonomia neurri batean aisialdiari lotua baitago gaur egun.

"Euskarak bizirik atxikitzeko biztanleen %25 hiztun behar du. Azken inkestek diotenaren arabera Ipar Euskal Herrian %21ean gaude"

Marie Andrée Ouret

M. A. Ouret: Ados. Irakaskuntzan ere anitz gauza gehiago egiten ahal da. Arriskuak aipatu dituzu zuk Mikel [Asurmendi]. Egia da, erakundeek anitz egin dutela azken urteetan, kasik zerotik partitu ginen, eta agerikoak dira eman diren pausoak, baina arriskua dago pentsatzeko pauso gehiago fite eta aise eginen direla. Duela urte batzuk Lurralde kontratua sinatu zen estatuarekin, kolektibitate hainbatek izenpetua. Euskarak ere ukan zuen bere partea. Euskararen bilana egin zen, euskararen beharrak zehaztu ziren, ikastola eta eskola berrien sustapena azkartzea deliberatu zen, besteak beste.  Euskal  Konfederazioak –UNESKOk atera agiriaren arabera– hizkuntzaren sailkapena argitaratu zuen: euskarak bizirik atxikitzeko biztanleen %25 hiztun behar du. Azken inkestek diotenaren arabera, Ipar Euskal Herrian %21ean gaude. Emendatzen ari da, goiti ari da. Baina oraino ez gaude behar den heinean. Hots, nahiz eta aldeko seinaleak badiren, euskara lanjerrean dago. Euskal Konfederazioak erran zuen euskararen eremua azkartu behar dela, eskola elebidun gehiago ireki behar dela, haur guztiek beharko luketela ikasi euskaraz, jasaten duen beherakadari ekiteko. Adibidez, haur guztiek Seaskaren ereduan ikasiko balute, biztanleen %35 hiztunen heinera heldu gintezke. Errealki nahi baldin bada euskararen egoerari aurre egin, eskoletan oraino ere anitz dago egiteko. Konparazionera, Korsikan ere horretan ari dira, eskola publiko guztiak nahi lituzkete elebidunak izatea. Beraz, guk ere badugu oraino neurri gehiago hartzea eta urratsak ematen segitzea.

Euskaraz egiteko arnas-guneak eta toki informalak antolatzea beharrezkoa ikusten duzue?

E. Bidegain: Ipar Euskal Herrian ez ba erraz horiek antolatzea, bereziki itsasaldean. Esaterako, zailtasun handiak daude zerbitzu-gunetan edo komertzioetan. Nire gustuko, bitarteko berriak sortu behar dira, sakeleko telefonoetan aplikazioak, adibidez. Horien bidez, euskaldunak zein ostatu edo kanpinetan aurkitu ditzakegun erraztu daiteke, gisa hartara, euskaldunon mapa eguneratu genezake. Gure inguruan, euskaraz egingo digutela jakiteak lagundu liezaiguke euskaraz bizitzen egunero. Horrek, agian, lagunduko luke euskaldunon komunikazioa indartzen.

Mintzalasai festibalaren 8. edizioa prestatzeko 90 laguntzailek lan egin dute irailaren asteburuetan.

 

ENEKO GORRI | Mintzalasai elkarteko kidea

Mintzalasai festibalaren 8. edizioa prestatzeko 90 laguntzailek lan egin dute irailaren asteburuetan. Astelehenetik ostiralera 500 lagunek parte hartu dute euskarazko aktibitateetan, euskaraz bizi nahi duen jendea badela frogatuz. Bizki pozik gaude erantzunarekin. Aurtengo ekimena baikorra izan da. Euskararen aldeko nahikaria eta atxikimendua badela erakutsi digu.  
Mintzalasai-ren hiru ezaugarri azpimarratu nahi nituzke:

Urbanoa edo hirikoa. BAB  hiri-eremuan (Baiona-Angelu-Biarritz) kokatua izan baita, Euskararen etorkizuna bertan jokatzen da neurria handi batean eta erdaldun gune horiek jostaleku estrategiko bihurtu nahi ditugu.
    
Hibridoa. Ekimenak administrazioaren baliabideak eta elkartegintzaren ausardia uztartuz funtzionatzen du, mugimendu euskaltzalea berrasmatuz eta lankidetza sinergiak azkartuz.
    
Hiperaktiboa. Iraileko festibalaz gain, beste ekimen asko antolatu dugu: Mintzalasai ikastetxeetan sartze garaian eskoletako haurrei euskaran birmurgiltzeko aukerak eskaintzeko eta Mintzalasai euskaltegietan ekainean, ikasturte bukaeran euskara ikasten duten 550 helduei momentu pribilegiatuak eskaintzeko. Testuingurua zein den ez dugu ahanzten: hiru hiri hauetan, haurren %80ak ez du euskara ikasten ez etxean ez eta eskolan. Gure aldetik, molde xume eta konkretuan ekintzak obratzen segitzen dugu.

Euskara Ipar Euskal Herrian, Euskal Elkargoa sortu ondoren mahai-inguruan Euskalgintza zaharra eta berria aipatu da. Beti izan da dikotomia markatzeko joera bat: euskalgintza instituzionala versus euskalgintza soziala, zaharra versus berria, sektoriala versus integrala… Mintzalasai ekimenaren sustatzaileoi Euskal Herrian zerbaiten atarian gaudela iruditzen zaigu, zerbait berria sortzen ari dela.

Etorkizuneko hizkuntza politika publikoak gure mobilizazioaren araberakoak izan dira. Eskaera
eta presio soziala giltza dira

Nik uste, 60-70eko hamarkadetan aritu zirenen eta gaur egun ari garenon artean lotura eta segida dagoela. Besteak beste, gau-eskolen, ikastolen eta hedabideen –euskal irratiak eta abar– lanaren poderioz heldu gara 2010eko hamarkada honetara, eta zinez, denbora biziki laburrean sekulako aitzinamenduak izan dira euskararen alorrean. Eta, beharbada, hor dago beste dikotomia bat: aldaketa hauen lekuko izan den aitzindarien belaunaldia alde batetik, luzaz haizeak kontra borrokatu dena eta beste aldetik oinordekoen belaunaldi gazteagoa, euskara naturalago bizi duena, lorpen soziala ez balitz bezala. Ikastolak etxeko garajetik prefabrikatuetara pasa dira eta ondotik hormigoizko paretetatik azken teknologietako eraikinetara. Euskararen aldeko manifak gas negargarriekin bukatzen ziren duela 30 urte; gaur egun senatari frantsesen diskurtsoekin…  

Bistan da, euskalgintzan ari garenok uste dugu hala ere, euskarak ez duela behar duen ahalmen guztia. Erraten da egungo gazteek ez dutela aurreko belaunaldiek zuten jite bera, alta, egungo gazte-gazteak, azken belaunaldiak, ez dira ahulagoak horregatik: gaztetxeak, musika festibalak, bertso saioak, libertimenduak, kabalkadak… horren lekuko dira. Ez dugu ezkor izan behar. Nire garaian, ezkerreko mugimendu iraultzailean hizkuntza nagusia frantsesa zen, eta gaur egun gazteak beren eguneroko bizimodua euskaraz egiten dute molde aski naturalean. Oinordeko azken belaunaldia inspirazio iturria da: desobedientzia eta euskararen aldeko errebeldia lantzen ditu. Nik biziki interesgarria hatzematen dut. Egunero, karrikatik etxera sartzean baikor izan nahi dut, ekintzaile izateko gauzak aldatzeko gaitasuna dugula sinetsi behar dugulako.

Azkenik, hauxe gehitu nahi dut: etorkizuneko hizkuntza politika publikoak gure mobilizazioaren araberakoak izan dira. Eskaera eta presio soziala giltza dira. 


LARRUN
2019ko urriaren 27a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Ipar EHn
2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


2024-04-10 | Euskal Irratiak
Hur Gorostiaga
"Behotegik berak adierazi du euskara ez dela lehentasuna"

Aitzinkontua ez emendatzea bozkatu du Euskararen Erakunde Publikoak. Iazko bera izanen da, lau milioi t'erdi inguru. Horrek Euskalgintzako hainbat sektoreren kexua piztu du, eta EEPren izatea zalantzan jarri dute, gaur egun, tresna baliagarria ez delakoan. Hur Gorostiaga... [+]


Ikasle euskaldunek Frantziako Legebiltzarrean euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute

Euskal Herriko 16 ikasle Parisen dira astearte honetan, euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu eta horretarako neurriak har ditzatela eskatu diete diputatuei, Frantziako Legebiltzarrean. “Urduri gaude, baina badakigu zer erran nahi dugun”, adierazi diote goizean... [+]


2024-02-04 | Bea Salaberri
Alde egin ala deus ez

Udaberrian, Iparraldeko Hizkuntz Politika Publikoa berrituko da: hortik, datozen urteetako norabideak, asmoak eta horien zerbitzuko jarriko diren dirutzei buruzko erabakiak hartuko dira eta horretan jarrera argia hartu beharko dute eskualdeak, departamenduak, estatuak eta Euskal... [+]


Eguneraketa berriak daude