Zart!

  • Zart! Komikia zarta bat da airean. Zartako bat zuzentasunari, homogeneotasunari, asperdurari. Zartadura bat da irudimenean, zartagailu bat esku artean. Zart! Zartadatik bezainbeste izaten du ikusezinetik, ordea, letren munduan, bigarren mailako literaturatzat edota genero frikitzat hartua maiz.

Argazkia: Irati Majuelo Itoiz

Alabaina denok irakurri izan ditugu komikiak noiz edo noiz, denok geratu gara harrapatuta binetetan zehar sortzen diren istorio ezinezkoetan, bere sinpletasunean erakusten digun egia handi horretan, zaplasteko batez aurpegiratutako kontraesanean. Haustura bat da gure buru karratuetan. Zart! Leherketa, haustura, zaplasteko horren indarra jaso nahi izan dute Nafarroako Komikiaren Azokaren X. edizioan, eta hori dela eta argitaratu dute izen bereko fanzinea 30 ilustratzaile eta komikigileren artean.

Irudia eta hitza du, beraz, oinarri Komikiaren Azokak. Bien arteko harremanaz eta Nafarroan izan duen bilakaeraz mintzatu ziren Ziudadelako Mistoen eraikinean Maite Mutuberria, Jesús Sotés, Liébana Goñi eta Joaquín Serrano marrazkilari nafarrak. Kike Infamek gidatuta eta euren esperientzia pertsonaletatik abiatuta, Nafarroako komikigintzari eta ilustrazioari errepasoa eman zioten 1960ko hamarkadatik hasita.

Joaquín Resano historikoak heldu zion lehen garai horri, komikigintzak pentsamendu kontserbadoreari kontra egin eta erregimen frankistan arrakalak irekitzeko nola balio zien azalduz. Fanzineen loraldiak ere hartu zuen tartetxo bat. Eta ez da gutxiagorako, Resanok Pedro Oses eta Simonidesekin batera Hamelin fanzinearen 1.500 bat ale saltzen baitzituen Iruñean garai hartan. Fanzinea landu du bereziki Liébana Goñik, Resano baino gazteagoa den arren. Autoedizioaz eta kolektiboan egindako publikazioez hitz egin zuen iruindarrak. Maite Mutuaberriak eta Jesús Sotések, ordea, ilustrazioan dihardute komikigintzan baino gehiago. Album ilustratuen garapenaz, eta idazle eta ilustratzaileen tandemaz aritu zen Mutuaberria, Lohia, bere azken lan pertsonala, aurkeztu aurretik. Sotések, berriz, betidanik marraztu arren, argitu zuen duela gutxi arte ez zuela argitaratzeko eta hortaz bizitzeko apustua egin, eta maila lokalean lanik aurkitu ezean, kanpoko agentzietan bilatu beharrak dakartzan ondorioez mintzatu zen.

Ibilbide pertsonalez gain, istorio ilustratu baten sorkuntza prozesua izaten da sarri harrigarriena egiten zaiguna izaki hilkor ez-marrazkilarioi. Sekretu horiek deskubritzeko aukera ere egon zen, lustratzaileek euren karpeta eta koadernoak zabaldu baitzizkieten entzuleei. Istorio baten hastapena lau marratan dagoela erakutsi, eta forma nola hartzen doan ikusteko. Artisten burua zabaldu eta bertan sortzen diren ideia, burutazio, zirriborro eta bestelako piztiak pare-parean izateko aukera paregabea izan zen. Bakoitza bere estilo, metodo eta materialarekin, bakoitza bere biluztasun eta lotsarekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Komikiak
2023-12-15 | ARGIA
'Ño' komikiaz solasaldia, gaur Bilboko La Sinsorga kulturgunean

Ño komikiaren testuen egile Miren Artetxe eta Eli Pagola, eta Maitane Gartziandia ilustratzailea Bilboko La Sinsorga kulturgune feministan (Askao Kalea, 9) izango dira gaur, arratsaldeko 19:00etan, haien lanaz hitz egiteko.


Euskarazko komikien HernaniKomik II. azoka

Azaroaren 17an eta 18an izango da, ostiralez eta larunbatez, Hernaniko Atsegindegi plazan


Mikroa eskuan eta irribarrea ezpainetan

Ño!
 

Testuak: Eli Pagola eta Miren Artetxe
Ilustrazioak: Maitane Gartziandia
Argia, 2023

------------------------------------------------------

Komikia hasi aurretik eta amaitu ondoren bai azal eta kontrazalean, bai tapa eta barruko tapetan informazio... [+]


2023-09-27 | ARGIA
‘Ño!’ komikiaren erakusketa inauguratuko dute ostegunean Hernanin

Maitane Gartziandia, Eli Pagola eta Miren Artetxe egileek komikiaren lan prozesua eta mamia azalduko dituzte Kulturarteko Plaza Feministan irailaren 28an, komikiaren marrazki originalez lagunduta. Urriaren 5ean Iruñeko Laban aurkeztuko dute beren lana egileek.


Eguneraketa berriak daude