Pedalen indarraz euskara bultzatu

  • Nafarroa Oinez antolatzeaz arduratu da aurten Tuterako Argia Ikastola, baina ez da prestatzen duen ekitaldi bakarra: urtero, Euskal Herri osoko ikasleak batzen ditu Bardeetako Bizikleta eta Orientazio Martxan. Bizikleta aitzakiatzat hartuta, elkar ezagutzea, euskara bultzatzea eta naturaz disfrutatzea dituzte xede, besteak beste.

Martxaren lehenengo zatia eginda, Castildetierran indarrak hartzen.
Martxaren lehenengo zatia eginda, Castildetierran indarrak hartzen.

Pasa den maiatzaren 9 eta 10ean Euskal Herri osoko bigarren hezkuntzako 3. eta 4. mailako  280 ikasle inguru (14-16 urteko gazteak, gutxi gorabehera) bildu ziren Fontellasen, Tutera ondoan. Bertan dago Argia ikastola eta Bardeetako Martxa zuten helburu. Edizio batzuetan 400 ikasle ere bildu izan dituzte.

Duela hamabost urte, Nafarroako hegoaldean euskara sustatzeko beharra zela-eta, ikastoletako Heziketa Fisikoko hainbat irakaslek Bardeetan pentsatu zuten. “Hau baino politagoa den eremurik ba al daukagu gure inguruan?”, dio Iraitz Rodríguez Argiako Soinketako irakasleak. Donostiarra da eta ikastola honetan bi urte besterik ez badaramatza ere, “erabat ohituta” dago Bizikleta Martxa antolatzera. “Kide berriren bat iristerakoan, denon artean berehala sartzen dugu antolatze dinamikan eta erraztasun osoz irakasten diogu, nirekin egin zuten bezalaxe”.

Bazkalostean autobusez iristen dira ikasleak Keiles pasealekura eta hamabost irakaslek hartzen dute euren ardura. Taldetan banatzen dira eta kolore ezberdin bateko kamisetak ematen zaizkie. Ondoren, elkar ezagutzeko jolas batzuk, alkatearen harrera udaletxean eta ginkana bat egiten dute Tuteran barna.

Elkar ezagutzen
Mapatxo bat eskutan dutela, hiria ezagutzeko parada da ginkana, bertakoekin harremanak estutzeko eta bide batez orientazioa lantzeko. Jolasaren ostean, aurten ikasle guztiak “biribil batean eseri eta elkarren artean hizketan jarri ziren”, gogoratu du irakasleak. Behin “kanpoko gazteei beren etxera ongietorria emateak bertako ikasleei sortzen dien urduritasuna” gaindituta, ikastolara abiatzen dira afaldu eta festa bat ospatzeko. “Aurten, punk talde bat duten ikasle batzuk frontoian kontzertu bat ematera animatu ziren”, gehitu du Rodríguezek.

Bere hitzetan, 14 eta 16 urte bitarteko nerabeentzat onuragarria da alkoholik gabeko festa batez disfrutatzea, adin honetan maiz hasiak direlako dagoeneko lokalean garagardoak edaten, eta festa alkoholarekin identifikatu ohi dute.

Hurrengo goizean, gosaldu eta autobusetan joaten dira Bardeetara. Artzainaren Monumentutik abiatu eta Bardeetako Castildetierra tontor ezaguneraino doa Martxaren lehen zatia. 20 kilometroak bizikletaz egin ostean, hamaiketakoa jateko geldialdia egiten dute. Ez da arraroa izaten bertan argazkiren bat atera eta atsedenaldia hartzeko aprobetxatzea, ezta buruen gainetik hegazkin militarrak pasatzen ikustea ere, Bardeetako tiro eremuan maniobrak egiten ari direla.

Rodríguezek gogoan du Argian klaseak ematen hasi eta lehergailu bat entzuterakoan hartzen zuen sustoa: “Lurrikara zela pentsatzen nuen”. Ikasleak, ordea, aski ohituta daude eztanden danbada entzutera. “Bardeetako Martxara Euskal Herriko beste lekuetatik datozenek ez dute horren berririk eta harrituta geratzen dira; badaezpada ere, tiro eremura sar ez daitezen zaintzen egoten gara irakasleok”.

Hamaiketakoa hartu eta gero, bigarren txanpari ekiten diote: aldapatsuagoa eta gogorragoa da bigarren zatia. “‘Nik ez dut egingo’ sarritan entzuten da”. Erriberan euskararekin ere antzeko zerbait gertatzen da. Rodríguezek dio inguruko hainbat gazteri ez zaiela naturaltasunez ateratzen euskaraz egitea, ez dutela ama hizkuntza. Gainera, Argia ikastolako 200 ikasleetatik asko Nafarroa hegoaldeko herrietatik datoz, “eta zonalde horietan ez da euskaraz egiten ia inoiz; egunerokoan ez dute erabiltzen”. Horregatik ere bada interesgarria euskara errotuago dagoen beste ingurune batzuetatik gerturatzea gazteak, eta Nafarroa hegoaldekoekin hizkuntza horretan solastatzea.

Ofizialtasunaren beharra
Euskara ez da ofiziala Erriberan eta zonifikazioaren ondorioz, zonalde “ez euskalduna” deiturikoan hezkuntza sistemak ez du D ereduaren irakaskuntza bermatzen. Nafarroako lurraldearen %43az ari gara eta zehazki, 180.000 biztanleri eragiten die horrek (Nafarroako biztanleriaren %28). 110 udalek kudeatutako 4.215 kilometro koadro dituen eremu honetan guztian, Argia ikastolaz gain bakarrik sei ikastetxe publikok (Caparroso, Zarrakaztelu, Castejón, Zentroniko eta Lodosakoak) eta itunpeko batek (Lodosako Ibaialde Ikastolak) eskaintzen dute euskaraz ikasteko aukera, eskari nahikoa baldin badago. Hori bai, Lehen Hezkuntza bukatutakoan akabo, ez dago goragoko ziklorik ikastetxe horietan, eta denek dute PAI ingeles eredu polemikoa, Ibaialdek izan ezik. Tuteran, hegoaldeko hiri nagusian, bat bera ere ez dago. “DBH bukatu ondoren, ikasleek kanpora joan behar dute, ikasketekin jarraitu nahi izanez gero”, azaldu du Rodríguezek.

Argia ikastolako 200 ikasleetatik asko Nafarroa hegoaldeko herrietatik datoz, “eta zonalde horietan ez da euskaraz egiten ia inoiz; egunerokoan ez  dute erabiltzen"

Heziketa Fisikoko irakaslearen esanetan, Argiako azken mailako ikasleak, 4. DBHkoak dira Bardeetako Martxan euskaraz aritzeko ardura handiena hartzen dutenak: “Heldutasun puntu hori dute dagoeneko eta kanpoko ikasleekin euskaraz harremanak egiten saiatzen dira”. Beraiek izan ohi dira baita ere Castildetierratik Yugoko Amabirjinarainoko 11 kilometro dituen Bizikleta Martxaren bigarren txanpa egitera lehenengo ausartzen direnak.

“Zati honetan ikusten ditugu tomate aurpegi gehien”, aipatu du barretsu Soinketako irakasleak. Hala ere, euskararen erabilerarekin gertatzen den modu berean, hasieran gorritu bai, baina azkenean Euskal Herriko talde handi baten indarrak “nerabe lotsatiak animatu” eta Martxaren bigarren txanpa ia denek egiten dute. Amaieran, migak eta txistorra bazkari tipiko aparta dute zain.

“Ikasle ohiek kontatuta, gerora irribarretsu gogoratzen duten esperientzia izaten da hau”. Eta esperientzia errepikatzen jarraitzeko asmoa du Argia ikastolak. Gaur egun, Bardeetako Martxaren helburu nagusia da Erriberako ikasleen artean euskara sustatzea; etorkizunean, nahiko lukete Euskal Herriko txoko honetan euskarak akuilurik behar ez duela-eta, naturaz gozatzea izatea Martxaren helburua, ez besterik.

Bardeetako martxaren azken edizioan parte hartu duten gazteak, Tuterako udaletxe aurrean.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroa Oinez
2023-10-09 | ARGIA
Euskararen ofizialtasuna aldarrikatu dute Nafarroa Oinezen

Etxarri Aranatzen, Andra Mari ikastolak antolatu du 2023ko Nafarroa Oinez, Hotsein lelopean. Festaz gain, bi aldarrikapenek hartu dute tokia: euskara ofiziala izatea Nafarroa osoan eta Euskal Herri osoan euskaraz bizi ahal izatea. Hurrengo Nafarroa Oinez Zangozako Ikastolak... [+]


2023-06-14 | Ilargi Manzanares
Nafarroa Oinez kantuak aldarrikatuko du euskarak ofizial behar duela Nafarroa osoan

Etxarri Aranatzeko Andra Mari Ikastolak aurkeztu du asteartean “Nafarroa osoan bai!” kantua, San Ferminetarako prestatu duten Oinez Txokoarekin batera. Joseba Tapiak konposatu du musika, eta Maddalen Arzallusek egin du letra.


2022-10-30 | Leire Artola Arin
Nafarroa hegoaldetik sortu da euskararen aldeko bultzada berria

Euskararen Foru Legeak nafarrak diskriminatzen ditu, eta hizkuntza eskubideak esleitzen zaizkie bizi diren eremuaren arabera. Bada, duela urte batzuk ereiten hasi ziren hamaika ekimen zonifikazioari aurre egiteko, eta udazken honetan inoiz baino indartsuago hasi dira euskarari... [+]


Zonifikazioa Nafarroan
Hezkuntzan ere euskarak hamaika oztopo

Nafarroa osoan euskara ofiziala izan dadin hamaika ekimen antolatzen ari direla kontatu dizuegu erreportaje honetan. Bada, hezkuntzari dagokionez ere, zonifikazioari aurre egiteko zenbait modu dituzte; oztopo adina indar dute euskaltzaleek. Jarraian bi adibide: batetik,... [+]


2022-10-17 | ARGIA
Jendetza bildu da Tafallan euskarari babesa ematera

Urriaren 16an jendetza bildu da Tafallan Nafarroa Oinez ospatzeko. Egunaren arrakasta nabarmendu du antolakuntzak, "bai bertaratu den jendearengatik, bai eta normaltasun osoz igaro den jaiegunarengatik ere". Eskerrak eman dizkie, batetik, Tafallan "euskara... [+]


Eguneraketa berriak daude