Hezkuntzan ere euskarak hamaika oztopo

  • Nafarroa osoan euskara ofiziala izan dadin hamaika ekimen antolatzen ari direla kontatu dizuegu erreportaje honetan. Bada, hezkuntzari dagokionez ere, zonifikazioari aurre egiteko zenbait modu dituzte; oztopo adina indar dute euskaltzaleek. Jarraian bi adibide: batetik, Tafallako Ikastolak mende erdia darama haurrak euskaraz hezten, eta han ospatu dute 2022ko Nafarroa Oinez festa; bestetik, Larragako eskola publikoko gurasoak mobilizatzen ari dira Nafarroako Gobernuak dagokien D eredua baimendu diezaien.

Larragako guraso talde batek Nafarroako Gobernuari eskatu dio D eredua ezartzeko. / Argazkia: Iñigo Uriz / Foku.

Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskara loratzeko borroken artean dago Ikastolen Elkarteak aspaldi abiatutakoa. Bada, urtero bezala, aurten ere Nafarroa Oinez festa antolatu dute urriaren 16an. Tafalla –eremu mistoa– euskarak hartu du asteburu horretan, Garcés de los Fayos Ikastolako Paula Arregi zuzendariaren esanetan. "Egia da gure espektatibak oso altuak zirela, baina esango nuke gainditu direla. Izugarrizko jendetza hurbildu da herrira, eta Tafalla euskalduna ikusteko aukera izan dugu asteburuan".

Arregik jaialdiaren biharamunean aitortu digu proiektua aurrera eraman ahal izan dutela familien lan bolondresari esker, eta ikastola komunitate gisa definitu du; mende erdia daramate haurrak euskalduntzen, eta hasieratik hona bilakaera izan dutela argitu digu. "Lehen Nafarroa Oinezetara milaka pertsona etortzen zen, eta gaur egun ez dira hain jendetsuak. Uste dut aldaketa handiena hori izan dela, pixka bat txikiagoa bihurtu da festa baina aldarrikatzeko beste modu batekin, indar handiagoarekin. Gaur egungo belaunaldiak, gazte hauek, oso indartsu datoz, eta benetan lagundu nahi gaituzte gure proiektua aurrera eramaten".

Erdian erein leloa aukeratu dute festarako, eta Arregik onartu du fruitua eman duela hartutako lanak. "Ohorea" izan da Arregirentzat ardura hori izatea, eta nabarmendu du horrelako festak antolatzeak erakusten duela "bide onetik" doazela: "Ez naiz inoiz aspertuko esateaz ikastola gabe ez ginatekeela egongo orain gauden momentuan euskarari dagokionez. Bidea zaila da, zaila da euskaraz bizitzea Tafallan, baina bide egokian goaz, eta jarraitu behar dugu ereiten eta ereiten, zeren gero uzta jasotzen duzunean merezi baitu".

Urriaren 16an ospatu zuten Tafallan Nafarroa Oinez. / Argazkia: Nafarroa Oinez.
Larragan D eredu eske

Bestalde, eremu diskriminatuetako hainbat ikastetxe publiko lanean ari dira hezkuntza euskalduna lortzeko. 2015ean Euskararen Legeari egin zioten aldaketa bati esker, D eredua ireki daiteke Nafarroa osoko ikastetxe publiko guztietan, eskaeraren arabera, baina errealitatean oztopo ugari izan ohi dituzte. Horren adibide da Larragako –eremu ez-euskalduna– San Miguel ikastetxea.

A eta B eredua dituzte, eta gaur egun, euskarazko murgiltze ereduaren alde egiten dutenek bi aukera dituzte: edo herriko eskolan gelditu, baina D ereduan ikasteari muzin egin, edo D eredua ikastera Tafallako eskolara joan, herria utziz. Izan ere, Nafarroako eskola mapak zehazten du D ereduan ikasi nahi duen Larragako ikasleak Tafallara joan behar duela.

Ikastetxeko guraso talde batek Nafarroako Gobernuari eskatu dio D ereduko lerro bat irekitzeko, baina erantzunaren zain daude.

Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak nabarmendu digu ez dela aurtengo Larragako edo iazko Mendigorriako arazoa, arazo orokorra baizik: “Gobernutik ez dago euskararen aldeko inolako eskaintza aktiborik, eta familiek eskatzen dutenean, dena da oztopo. Egoera horrek erabat baldintzatzen du euskarazko hezkuntza eredua, baina ikusten dugu behin D eredua ezartzen denean, gero eta gehiago direla horren alde egiten duten familiak”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zonifikazioa
2024-02-29 | ARGIA
Euskalgintzaren Kontseiluak dio euskara "mespretxatzen eta gutxiesten" duela Nafarroako Kontseiluak

Eremu mistoko Osasunbideako zerbitzuetako lanpostuetan euskararen ezagutza meritu gisa baloratu ahal izatearen aurka agertu da Nafarroako Kontseilua azken irizpen batean. Otsailaren 21ean eman zuen argitara. Aldiz, ingelesa, frantsesa eta alemanaren ezagutzak puntuatzen du... [+]


2023-02-13 | ARGIA
Zonifikazioaren aurkako aldarria egin dute Mañerun, eremu mistora sartzeko ezetza jaso ondoren

Mañeruko herritarrek, udalbatzak babestuta eta Hordago taldeak deituta, elkarretaratzea egin dute zonifikazioaren aurka. Hamar egun pasatu dira eremu mistoan sartzeko proposamenari atea itxi ziotenetik Navarra Sumak eta PSNk.


2023-02-02 | ARGIA
Mañeru eremu mistora pasatzea eragotzi dute PSN eta Navarra Sumak, eta euskarafobia leporatu diete kalean

Mañeru eremu "ez euskaldunetik" mistora pasatzeko eskaria egin du aho batez udalbatzak urtarrilean, eta horretarako Nafarroako Parlamentuan gehiengoaren babesa behar du. Ostegunean egin dute bozketa, eta bertan behera gelditu da udalbiltzaren nahia PSNek... [+]


Eguneraketa berriak daude