Australia, 1859. Thomas Austin (1815-1871) kolono ingelesak anaiari idatzi zion bi dozena untxi eskatzeko. “Untxi gutxi batzuek ez dute kalterik egingo, etxean bezala sentitzen lagunduko didate eta gainera zer ehizatua izango nuke”.
Beraz, Austinek ez zituen untxiak hazi nahi, hil baizik. Ehiztaria zen, eta ordurako bere lurretako animalia gehienak garbituak zeuzkan. Horregatik, 24 untxiak bere lur sail zabaletan askatu zituenean, han ez zegoen ia harrapari naturalik eta untxiek hoberen egiten dutena egin zuten: ugaldu.
1866rako Austinek 14.000 untxi eta arazo handi bat zeuzkan bere lurretan. Mendea amaitzerako, arazoa handik 5.000 km-ra eta Australiako gobernura iritsi zen. 1901 eta 1907 urteen artean 3.000 km-tik gorako hesia altxa zuten untxiak gehiago zabaldu ez zitezen. Tranpak ere jarri zituzten hesien azpitik pasatzen ziren untxiak harrapatzeko. Baina hesien azpitik ez ezik, lurrazpitik ere ederki pasatzen dira untxiak.
1920rako Australiako untxien populazioa 10 mila milioikoa zen. Belarra, landare txikiak eta zuhaitz gazteak janez egin zuten aurrera. Sustraiak ere jan zituzten, landare berriak haztea galaraziz eta, ondorioz, bertako animaliak elikagairik gabe utziz. Lurra babesteko landarerik gabe, higadurak lurzorua suntsitu zuen eta aurrez berdez estalita zeuden eremuak basamortu bihurtu ziren. Australia bera ez ezik, inguruko uharteak ere kolonizatu zituzten untxiek. 1906 eta 1936 bitartean hegoaldeko kostaldeko irla bateko hiru papagai espezieak desagertu ziren eta 26 zuhaitz espezieetatik hiruk baino ez zuten iraun.
Hesiak, pozoiek, gas toxikoek… alferrikakoak ziruditen. Eta 1950eko hamarkadan gerra biologikoari ekin zioten. Mixomatosiarekin eraso zituzten eta untxien %5 besterik ez ziren bizirik geratu. Nahikoa urte gutxitan izurria berritzeko. 1996an kalizibirusarekin saiatu ziren eta, eragozpen etikoak alde batera utzita –birus horrek heriotza krudela eragiten du–, badirudi neurriak arrakasta izan zuela. Orduz geroztik untxien populazioa txikitzen ari da, baina lehentasunezko arazoa da oraindik Australiako Ingurumen Ministerioan.
Austinen untxiekin gertatutakoak ederki erakusten du nolako kaltea eragin dezakeen espezie inbaditzaile arriskutsuenak, gizakiak.