Sutu Amazonia: Europak, Txinak eta Iparramerikak zur, mineral eta okela gehiago behar dute

  • Mundua azken hamarkadotan ohituta zegoen uztailetik urrira –tropikoko lehor sasoian– Amazonian urtero pizten dituzten sute handiei ezikusia egitera. Baina aurtengoan abuztu amaierarako iazko kopuruak %77an ugarituak ziren Brasilen eta Boliviak ikusi du bere 730.000 hektarea kiskaltzen. Planetak klimaren egonkortasunak eta bertako indigenek biziraupena dauzkate jokoan... baina gaitz dirudi herrialde aberatsek azpi-kontratatutako suntsiketa gelditzea.

Amazonia 1989 : 1930eko hamarkadatik aurrerapen eta nazionalismo aipamenez justifikatzen du eskuin brasildarrak Amazoniako oihanaren suntsiketa. (Argazkia: Antonio Ribeiro)
Amazonia 1989 : 1930eko hamarkadatik aurrerapen eta nazionalismo aipamenez justifikatzen du eskuin brasildarrak Amazoniako oihanaren suntsiketa. (Argazkia: Antonio Ribeiro)

Michael Williams geografia irakasle iparramerikarrak 1992an plazaratutako Lurra planeta deforestatzen liburuan (Deforesting the Earth. From Prehistory to Global Crisis) luze eta zabal azaldu zuen beste oihan tropikal gehienek bezala Amazoniakoak ordurako nozitzen zuen hondamendia. 453. orrialdean ageri da NASAk zabaldutako argazki bat, oin honekin: “Brasilgo Rondonia eta Mato Grosso estatuak suteen sasoian, 1984ko abuztuan. Basoak eraistean sortutako suen ke-lainoa baino gorago iristen da kearen motots termikoa, argazkia egin duen Space Shuttle espazio-ontziaren kamera alderantz”.

Amazonia sutan espaziotik ikusita 2019ko abuztuan. (Argazkia: NASA)

35 urte geroago, zirrara handiagoa lortu dute NASAren beste satelite batek Amazoniako suteei egindako argazkiek. Mundua ohituta dago lehorte sasoian Amazonia ketan ikusten, jakina baita basoak garbitzeko erabiltzen dituztela: zura ateratzeko, aziendentzako bazkalekuak sortzeko eta meategi berriak zulatzeko. Aurtengoan, ordea, sateliteen jarraipenak ohartarazten zuen erreketak ohi baino ugari eta handiagoak izaten ari direla.

Gertatzera zihoanaren berri bazuen aurretik Brasilgo Gobernuak, Globo Rural hedabideak kontatu eta Europan Ivan Roy kazetariak zabaldu duenez. Amazonia kiskaltzen ari diren suteetako asko lurjabe brasildar handiek piztu dituzte, oihana eraisteko beren eskubidea aldarrikatu, Bolsonarori atxikimendua erakutsi eta, bide batez, aurreko gobernuek legez kontrako baso-eraisketengatik ezarritako isunak ezabatzea lortzeko. “Whatsapp bidez koordinatu dira erreketa antolatzeko. Zehazki Para estatuan 70 fazendeiro (lurjabe handi) eta hainbat grileiro (lurrak legez kontra eskuratzeko jabego tituluak faltsifikatzen berezituak) abuztuaren 10erako antolatu zuten Dia do Fogo, suaren eguna”. Sute kriminalok BR 163 errepide inguruetan eragin zituzten. BR163ak zeharkatzen du Brasilen menpeko Amazoniaren eremu handi bat, lotuz soro eta abelazkuntza erraldoiak Amazonas bazterreko portuekin.

Oihartzun bila bazebiltzan, lortu dute. Egun gutxiren buruan, mundu osoak ikusiak zituen oihan amazoniarra garretan erakusten zuten irudiak. Espektakuluaren arauak zorrotz betez, politikariek erantzun behar izan zioten jendeen artean hondamendiak eragindako zirrarari eta Miarritzeko G7 gailurreraino iritsi zen gaia, Emmanuel Macron lehendakari frantsesaren eta Jair Bolsonaro Brasilgoaren arteko talka ezagunarekin.

Inoizko urterik beroenetako bat ezagutzen ari den Europan Brasilek klimaren egonkortasunerako daukan garrantziagatik kezkatzen ditu herritarrak. Le Monde Diplomatiquek bere atlasean azaltzen duenez, munduko oihan tropikalen herena dauka, ur gez guztiaren %20 eta Amazoniak bereganatzen du planeta osoak irents dezakeen C02 guztiaren hamarrena. Orriotan bertan uztailean kontatzen zenez, (Viktor Gorxkov, biziarentzat CO2-a baino larriagoa oihanen suntsitzea dela erakutsi duena) Lurraren klimaren egonkortasunak asko dauka jokoan Amazonian.

Hala ere, klimagatik kezkatzen diren herrialde aberatsetako herritarrak kontraesan larrian bizi dira. Jakina da herrialde aberatsek beren aurrerapena lortu dutela, besteren artean, etxean agortutako oihanak eta horietako aberastasunak ordezkatzeko eremu berriak urruti aurkitu eta ustiatuz. Gaur oraindik Europako basoek –mende luzeetako deforestazioak laga dituenak– bizirik diraute europarrek oihanen suntsiketa deslokalizatu dutelako.

Orain, aldiz, europarrek munduko oihan tropikalek zutik irautea nahi dute, klimaren zoratzeak haiek ere harrapatzen dituelako gero eta gehiago. Baina nola saihestu hondamendia orain bezala kontsumituz urruneko triskantzaz ekoiztutako elikagaiak, etxegintzako zurak, teknologia berriak... eta aurre egin barik Europako –Euskal Herria barne– eremu desertizatuak berriro berdetzeko lanari?

Tropikoko errautsak gure etxean

Brasilek 215 milioi abelburu dauzka, horietatik %40 oihanari kendutako larreetan bazkatuz. Baina bertako ganaduez gain urrunekoak ere elikatzen dituzte duela gutxi arte baso primario izan eta orain soro bihurtuek. Soja plantazioak gero eta aurrerago doaz Amazonas ibarrean gora eta Brasilek laster kendu behar die labore horren ekoizpenean txapeldun titulua AEBei. Soja transgenikoa, noski, %90ean. Mato Grosso estatuak bakarrik iaz 30 milioi tona bildu omen zuen, gainerako soja brasildarrarekin batera erabiliko direnak bai bertako behiak gizentzeko eta bai esportaziorako, nagusiki Txina eta Europar Batasunera, hemengo oilo, behi eta zerriak gizentzeko.

Amazoniako txikizioaren eta europarron ahoaren arteko bidea iradokitzen du Iñigo Segurola eta Jakoba Errekondoren azken hitzaldiaren tituluak: Baratzetik platerera sortzen dugun paisaia. Paisaia negargarri berriak eragiten ditu biktima hurbilak ere, sobera aipatzen ez direnak: betidanik eremuotan bizi ondoren kanporatzen dituzten indigenak, inbasoreei aurre egiten ausartzen diren militante eta gidariak eta, oro har, etxalde erraldoi eta meategietan baldintza gogorretan lan egitera behartutakoak. Bolsonaroren aroan, BR163 errepideak aurrera egin ahala ugarituz doazenak.

Boliviak ere nozitu ditu suteak, Chiquitaniako oihan bereziko 700.000 hektarea kiskali dituztenak abuztuaren 18tik 23ra bitartean, bi urtetan erretzen den guztia adina. Lekuko aditu batzuek diote bi mende beharko direla munduko oihan tropikal idor handiena zen hori lehengoratzeko, hain dira bereziak han bizi diren espezie eta ekosistema.

Chiquitaniako paraje bat suak kiskalita. (Argazkia: 10 Minutos)

Chiquitaniako hondamendia, bertako prentsak dioenez, urtero eremuak horrela garbitzen dituzten nekazariek eragin dituzte, piztu ondoren haien garrek ihes eginda aurtengo tenperatura eta idorte bereziengatik. Baina agian ez da kasualitatea ere hori gertatu izana Evo Moralesek haragi esportazioak handitzeko neurri berriak iragarri eta gutxira. Uztailean plazaratutako decreto supremo baten bidez, Moralesen gobernuak El Beni departamenduko lurjabe handiei baimendu zien 4,5 milioi hektarea berri erabiltzea –zuhaitz eta basoak eraitsita– aziendak bazkatu eta haientzako laboreak ekoizteko.

Hainbat gizarte erakundek egin dute protesta lege berriak konstituzioa urratzen duelakoan. Chiquitaniako desastreak naturari eragindako kalteez gain hankaz gora ipini du Santa Cruz inguru osoa. Moralesek lehenbizi ukatu eta azkenean onartu behar izan zuen nazioarteko laguntza. Alex Villca buruzagi indigenak esan die kazetariei: “Erantzukizunak eskatu behar zaizkio Evo Morales presidenteari, herritar indigenei eta Ama Lurrari kalte egiteagatik”.


ASTEKARIA
2019ko irailaren 15a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondamendiak
Frontexek bazekien ‘Adriana’ ontziko migratzaileak arrisku larrian zeudela, baina ez zuen ezer egin

Greziako kostaldean joan den urteko ekainean 720 migratzaile zeramatzala hondoratutako itsasontziaren kasuari buruzko ikerketa publiko egin du Europako Herritarren Defendatzaileak. Azaldu duenez, Frontex erakundeak ez du nahikoa "tresnarik" egoera horietan bere... [+]


Lemoako Bistibieta zabortegian egon liteke 'Prestige' hondamendian euskal kostaldean bildutako galipotaren %37

Elkarrekin-Podemos taldeak informazioa eskatu du Eusko Legebiltzarrean, Lemoako Bistibietako zabortegian egon daitekeen hondakinen inguruan. Ekologistek sarritan salatu dute bertan gorde zituztela 2002an hondoratutako Prestige petroliontziak askatu eta euskal arrantzaleek itsaso... [+]


2024-01-02 | Leire Artola Arin
Japoniako 7,6 graduko lurrikarak eragindako hildakoak erregistratutako 48ak baino gehiago izan daitezke

Astelehenean Japoniako mendebaldeko kosta kolpatu duen lurrikararen ondorioz dozenaka pertsona zaurituta eta etxebizitza ugari suntsituta daude. Gutxienez 48 hildako eragin ditu, baina hondakinen azpian harrapatutakoak “lehenbailehen” erreskatatzeko beharra... [+]


Milaka pertsona hil dira Afganistanen izandako lurrikaren ondorioz

Azken hamarkadetan Afganistanen izandako “lurrikara suntsitzaileenetarikoak” izan dira. 2.530 pertsonal hil eta 9.240 zauritu dira EITBk argitara eman duenez.


Gutxienez 6.200 hildako eta 10.000 desagertutik gora eragin ditu Libiako hondamendiak

Kalteturiko lurraldea hondamendi eremu izendatu dute. Gehien kaltetutako hiria Derna izan da, eta erreskate taldeek zailtasunak dituzte hara iristeko.


Eguneraketa berriak daude