Biziarentzat CO2-a baino larriagoa oihanen suntsitzea dela erakutsi duena

  • Maiatzaren 10ean 84 urterekin hil da Viktor Georgievitx Gorxkov fisikaria, euria eta oro har klima esplikatzeko Punpa Biotikoaren teoria sortu zuena. Bere hurbileko laguntzaile Anastassia Makarieva irakasleak idatzi du: “Biosfera umezurtz geratu da”. Eta klima aferetan aditua den Ugo Bardik: “Punpa biotikoa ez da orain arte klimaz dakiguna osatzen duen xehetasun bat gehiago, ekosistemaren lan egiteko moduari begiratzeko modu iraultzaile bat da”. 


2019ko uztailaren 28an
Victor Gorxkov eta Anastassia Makarieva ikerlariak elkarrekin aritu dira San Petersburgoko Fisika Nuklearreko Institutuan.
Victor Gorxkov eta Anastassia Makarieva ikerlariak elkarrekin aritu dira San Petersburgoko Fisika Nuklearreko Institutuan.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

San Petertersburgeko Fisika Nuklearrerako Institutuan aritu da lanean Viktor Gorxkov hil arte, Fisika Teorikoko ikerketa-buru. Institutuak bere hil-oharrean azaldu duenez, mundu mailako fama lortu zuen kuantuen teoriaren alorrean. Baina historian aipatua izango da Punpa Biotikoaren teoriagatik. Azken urteotan Gorxkovek Anastassia Makarieva irakaslearekin batera zabaldu duen teoria oso eztabaidatua da eta zientzialarien gehiengoak onartu gabea, baina Ugo Bardiren hitzetan “arrazoia baldin badaukate, zirrara eragiteko modukoa da. Zeren eta esan nahiko baitu ekosistemak Lurraren klima kontrolatzen duela orain arte uste izan dena baina askoz hein handi eta sakonagoan”.

Punpa Biotikoaren teoriaren arabera, basoak dira ura itsasoetatik lehorrerantz punpatzeko makina izugarri indartsuak. Oihanak, ez soilik zuhaitzak edo belazeak edo soroak: ondo osatutako benetako basoak behar dituzu makina abian atxiki eta biosfera behar duen adina urez asetzeko. “Eta gizakiok –laburbiltzen du aspalditik datorren hondamendia Bardik– bizia ematen diguten oihanak suntsitzen ari gara”.

Gorxkoven teoriaren xehetasunak nahi dituenak internetez eskura ditzakete Anastassia Makarievarekin batera egindako bi elkarrizketa, bata 2010ekoa gaztelaniaz El Tiempo meteorologiazko weberako eta ingelesez bestea, 2012koa, Mongobay hedabide ekologistarentzat. Plazaratutako lanak, hitzaldietan eskainitako materialak eta beste, egileek jarrita dauzkate Bioticregulation gunean.

Punpa biotikoaren teoriak dauzka osagai fisiko eta ekologikoak. Fisikoak: haizeek jotzen dutela ur lurrinaren kondentsazio apaleko eremuetatik kondentsazio altuko eremuetara. Ekologikoak: hosto berdeen ebaporazio ahalmenagatik, lurrunaren kondentsazioa handiagoa dela oihanen gainean ozeanoen gainean baino.

Uraren zikloa martxan atxikitzeko garraiabide bat behar da hezetasuna itsasotik lehorrerantz eraman dezan eta horixe eragiten du punpa biotikoak. Haizeak itsasotik lehorrerantz jotzen du baldin eta hemen oihanak badaude, kontinente barruan euriak eraginez. Euriok  berdinduko dute mendietatik itsasorantz grabitatearen poderioz errekek eramandako uraren galera.

Mekanismoari deitu diote biotikoa mugiarazten duena ez izaki bizidun bakar bat baizik eta gune bateko biota natural osoa delako, eremu horretako bizi konplexu guztia. Punpa biotikoak osotasunean funtziona dezan, eremu batek bere ekosistema osoa bizirik eduki behar du, izan zuhaitz, belar, sasi, bakterio, onddo eta animalia.

Gorxkoven teoriak meteorologian nagusi diren ideiekiko paradigma aldaketa proposatzen du, planetako haize, euri, urakan eta abar deskribatu eta arrazoitzeko modu berria. Garaiotan hainbeste eztabaidatzen den klimaren aldaketaren inguruan ere azalpen eta pronostiko ezberdinak eskaintzen ditu.

Zientzialarien iritzi nagusia da klimaren aldaketa eragiten duela zibilizazio industrialak isuritako karbono dioxidoak, erregai fosilak kiskaltzean aireratutako CO2ak. Ondorioz, klimaren aldaketari aurre egiteko proposatzen den estrategia nagusia da karbono isuriak murriztea. Ez da berdin ikusten Punpa Biotikoaren teoriatik begiratuta.   

Klimaren berotzea ez, desegonkortzea
Gorxkov eta Makarievaren ustean, klimaren modelizazioak egin dituzten zientzialariek formazio teknologiko handia bai baina ekosistemen funtzionatzeko eraz ezagutza gutxi daukate. Punpa biotikoaren arabera, Lurrak nozitzen duen negutegi eragina nagusiki ur lurrinak, hodeiek eta abarrek baldintzatzen dute, atmosferaren hezetasuna, hori da negutegi substantzia garrantzitsuena. Eta oihanak dira hezetasunaren arduradun nagusiak. Ondorioz, oihanek osorik eta bizirik irautea izan behar du estrategia nagusia. Batetik, basoek badutelako CO2 gehiago irensteko ahalmena. Bestetik, oihanen suntsiketak aurrera jarraitzen baldin badu, CO2a murrizteak ez duelako klimaren zoratzea konponduko.

Amazonia da planetako punpa biotiko indartsuena, Atlantikotik ur masa izugarriak barneratzen ditu lehorrean kilometro askotan barrena. Zer gertatuko da Amazoniako oihana suntsitzen baldin badute? Klimatologoen gehiengoak aurreikusten du eskualde hartan euri-urak %20-30 murriztea. Aldiz, Makarieva eta Gorxkovek diote balitekeela galera %95eraino iristea. Hori gertatu omen zen Australian, duela 50.000 urte gizakiak iritsi eta bertako basoak desagerrarazita basamortua eragin zuenean.

Eta klimaren krisiari aurre egingo bagenio zuhaitz landaketa masiboak eginez? “Zuhaitz espezie gutxi batzuekin egindako baso-berritzeek ez dauzkate punpa biotikoa abiarazteko ezaugarriak. Bi adibide oso sinplifikatu jartzeko: kaktusak aldatzen baldin badituzu, ur oso gutxi ebaporatuko dute eta ez dute lortuko atmosfera heze atxikitzerik; eukaliptuak landatzen badituzu, arin hasiko dira ebaporatzen baina ez dira gai izango lurra heze atxikitzeko. Batean bezala bestean, punpa biotikoak ez du funtzionatuko. Txinako landaketa masiboetan  funtzionatuko ez duen moduan”.

Oihanen suntsitzeak berehala dakartza eurien bakantzea eta erreken idortzea, azken mendeetan ikusi denez Errusian, Kolonbian eta abarretan. Baso-berritze ahaleginek klimaren gain eragina izateko urteak ez, hamarkadak behar dira, gune zabal batean biota oso bat antolatzeko denbora. Horregatik ikerlariok lehentasuna ematen diote aspaldiko oihanei zutik eta osorik eusteari.

“Klimaren edozein aldaketa ‘planetaren berotzeari’ egotzi ohi zaio, baina desertifikatzea oso bestelako zerbaiti zor zaio: atmosferako hezetasunaren punpa biotikoaren hondatzea da arrazoia. Hau da Punpa Biotikoaren teoriaren mezu nagusia: lur gaineko uraren zikloaren osasun ona lotuta dago nagusiki landarezko estalkiaren egoerari eta ez hainbeste baldintza geofisikoei. Ohartarazi nahi dugu ekosistema naturalen mundu mailako suntsiketak klimaren desegonkortzea dakarrela, eta horrek ez du esan nahi derrigor berotzea. Ezegonkortzeak ekarri dezake Lurra ‘elur bola’ bihurtzea edo negutegi eragina izugarri handitzea, baina biak ere biziarekin batera ezinezko egoerak. Klimaren aldaketa ez da beroketa globala, baizik eta klimaren egonkortasunaren galera.

Baso naturalak berreskuratzen urte asko behar dira, punpa biotikoa osoki lanean eduki arte. Askoz errazagoa da lehengo oihanak babestea berriak haztea baino. Oraindik ez dugu garatu ekosistemaren osasuna zaintzeko medikuntzaren zientzia. Bitarte horretan, premiazkoa dugu daukagunari bizirik eustea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Natura
Milazangoa
Asko bai, baina ez mila

Silurikoan sortu omen ziren, kontuak atera! Duela 400 milioi urte edo gehiago. Beraz, planetako lurretan azaldu ziren lehenetako animaliez ari gara, ez da txantxetarako kontua. Eta oraindik txantxa gutxiago, garai hartako espezie batzuek luzeran bi metro ere bazituztela jakinda... [+]


2025-09-26 | Sustatu
Euskal Herritik haratago, Pirinioak eta gehiago Mendiak aplikazioan

Pirinioetako eta Iberiar Penintsulako mendien katalogoa gehitu dugu Mendiak aplikaziora. Abuztuan hazi zen mendi katalogoa, eta dagoeneko igoera mordoxka bat erregistratu dituzte erabiltzaileek. Webgune gisa kontsulta daiteke Mendiak.eus, baina erabilpen aproposerako, app bidez... [+]


2025-09-15 | Iñaki Sanz-Azkue
Aspis sugegorria
Gorrian zuri

Sugea ikusi orduko: “Sugegorria!”. Telesforo Aranzadi zenak esaten baitzuen, begiek ez dutela ezagutzen dutena baino ikusten. Eta sugegorria ezagutu, ezagutzen dugunez (entzunaz, sikiera), hori bera izaten da joera: ikusten dugun suge oro sugegorria dela iruditzen... [+]


2025-09-11 | Xuban Zubiria
Hondartzan bainua hartzeko ordaindu egin behar

Italiako hainbat hiritan hondartzen eta itsasoaren izaera publikoa aldarrikatzeko mobilizazioak egin ditu udan Itsasoa Aske mugimenduak. Hondartzen erdia enpresa pribatuek kudeatzen dutenez, bainua hartzeko ordaindu beharra daukate herritarrek. Zonalde turistikoenetan ordainpeko... [+]


2025-09-09 | Jon Torner Zabala
Itsasoaren berotzeak euskal kostaldeko espezie batzuen portaera aldatu du, Aztiren arabera

"Berdela iparralderantz ari da mugitzen, itsasoa berotzeak sardinari ez dio on egiten eta geroz eta gutxiagoa dago, antxoarentzat ona da eta geroz eta gehiago dago, baina txikiagoa da...", dio Aztiko ikerlari Xabier Irigoienek, EITB Datak tenperaturaren gorakadaz egin... [+]


Enpatia garaia

Ekofeminismoak bizitza nondik eta nola baloratzen duen, ikuspegi konplexuagoa eraikitzeko proposamena dakart. Desazkundearen inguruko ekofeminismoa eta antiespezismoa ezagutzearen ondorio dira datozen lerroak; landa eremuan jaio eta hirigunean bizitzeak dakartzan ikuspegiekin;... [+]


2025-09-08 | Nagore Zaldua
Itsas izar arantzaduna
Izarren hautsa

Izarrak, ortzi mugagabean, keinu egiten diguten argi izpi dardarti liluragarriak dira, osotasuna eta ezereza bateratuta, zer garen ulerrarazteko oroitarri zaizkigunak: izan sua, izan ondotik joan zaizkigun kuttunak, gizakiaren txikitasuna edo Anbotoko Mariren edertasuna;... [+]


2025-09-08 | Jakoba Errekondo
Orria egitera

Orriuldu gabe daude oraindik zuhaitzak eta arbolak. Hostoak ihartu gabe daude, bai. Eta hostoa jasotzeko sasoi aproposa da. Hostoa, batez ere geroago jasotzen da; zuhaitzaren adaburua janzten duen orritza edo hostotza erortzen denean edo orriultzen denean, lurraren instantziako... [+]


2025-09-03 | Kanaldude
Itsas korronteak eta klima aldaketa
MULTIMEDIA - solasaldia

Paul Moal-Darrigade ozeanografoak "Itsas korronteak eta klima aldaketa" bere tesia aurkezten du Donapaleun Otsail Ostegunak hitzaldi zikloaren baitan, eta Kanaldudek jaso du solasaldia bideoz. 

 


2025-09-01 | Jakoba Errekondo
Pagatza, bizitza, sutza

Ez naiz aparretsia, orraztearen aparretsia, ezta gutxiagorik ere. Baina ikasturte berriari ekiteko, zer den ez den, lakarra zuzen-zuzen ederki asko eginda nator zuregana.


2025-09-01 | Irati Diez Virto
Satitsua
Burmuina txikituta bizirauten duen ñimiñoa

Bizitza azkar pasatzen dela entzun eta esaten dugu maiz. Hala ere, gizakiok urte dezenteko bizi-itxaropena daukagu. Hainbat urte izan ohi ditugu ongi garatu, bizi eta ugaltzeko. Badira, ordea, hori guztia denbora askoz ere laburragoan egin behar duten gu bezalako ugaztunak:... [+]


Mingain urdina

Odolustea uztailaren 10ean hasi zen. Hamar buru hil zaizkigu harrezkero: hazarkume bat, ahari bat eta zortzi ardi. Odol analisiek baieztatu dute mingain urdinaren gaitzaren ondoriozko heriotzak izan direla denak ere.


Atlantikoko korronte baten kolapsoa adituek uste baino gertagarriagoa da

Ikerketa batek ondorioztatu du adituek uste baino AMOC korrontearen kolapsoa egoteko aukera handiagoak daudela. Korrontean aldaketa handiek eta azkenengo kolapso batek euri tropikaletan eraldaketa handiak eragingo lituzke, Europan negu oso hotzak eta uda lehorrak izango... [+]


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
"Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da"

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


Eguneraketa berriak daude