Problema ez zen bizikidetza, problema berdintasuna da oraindik

  • Egun alaia izan da irailaren 8a Hondarribiko Alardea berdintasunean ospatu nahi dutenentzat. Emakumeak diskriminatzearen aldekoek iaz eragindako liskar giroa apalduta, inoizko desfile jendetsuena egin du Jaizkibel konpainiak eta herritarren babes handia jaso du. Eztabaidak irekita jarraitzen du ordea: nahikoa al da jai eguna lasai antzean pasatzea? Emakumeek soldadu gisa parte hartzeko eskubideaz hitz egingo da hemendik aurrera?

Jaizkibel konpainiak aurreko urteetan baino lasaiago egin ahal izan du bere desfilea aurten. Baina hori nahikoa al da Alardeko gatazka konpontzeko? (Argazkia: Dani Blanco).
Jaizkibel konpainiak aurreko urteetan baino lasaiago egin ahal izan du bere desfilea aurten. Baina hori nahikoa al da Alardeko gatazka konpontzeko? (Argazkia: Dani Blanco).

Irene Nemirovsky idazle ukrainarrak uda bat baino gehiago pasa zuen Euskal Herrian. Biarritz eta Donibane Lohizune ezagutu zituen eta Hendaiako kaleetan pasa zuen bere azken oporraldia izango zena ere, duela 80 urte, 1939an. Ez da harritzekoa hortaz, haren lehenbiziko nobelan –1923ko Gaizki ulertua, duela bi urte Alberdaniak euskaraz argitaratu zuena– Lapurdiko herria agertzea, ezta liburuko protagonistak badiaren beste aldera pasatzen ikustea ere, Hondarribira. Irailaren 8ko Alardea honela deskribatu zuen liburu horretan: “Kanoikadak entzuten ziren, fusil tiroak; dena zen hautsa, zarata eta musika; hainbat mutiko talde, txapela belarrietaraino sarturik, elkarri gerritik helduta, kale estuak betean zebiltzan kantari eta oihuka. (...) Barandara hurbildu ziren prozesioa pasatzen ikusteko; amaigabea zen: banderak, kanoi zahar herdoilduak, gizon mozkorrak, beren fusilak atzaparretan zituztela, balantzaka. Eta azkenik, apaizak, beren meza jantzi bordatuekin, aurrean Amabirjinaren imajina bat zutela, kandela irazekiz inguratua; jendea belaunikatu egiten zen hura paretik igarotzean eta, isiltasun hartan, are ozenago entzuten ziren kanpai dangak eta ematen zuen elizako horma zahar belztuak dardararazi egiten zituztela”.

Ez dakigu nola deskribatuko zuen aurtengo Alardea Nemirovskyk, nazien herio-makineriaren milaka biktimetako bat izan baitzen. Ezin asmatu beraz, Suite frantsesaren egilea joan den igandean Hondarribiko Kale Nagusian ikusi denarekin baikorra izango ote zen edo ez hainbeste: Jaizkibelek iazkoa baino tentsio txikiagoarekin desfilatu du eta horrek poza eragin du jaietan ere emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna nahi dutenen artean. Baina egunak eragindako euforia pasata, hurrengo urtekoan pentsatzen hasteko unea da.

Urte bat Kale Nagusian pentsatzen

Hondarribian bizi ez den jende askori geratuko zaion galdera da ea zergatik ari den luzatzen hainbeste afera hau. Korapilo honen hariak hobeto ezagutu nahi dituenak bibliografia ona dauka eskura, idatzi dira liburuak eta ikerlanak Alardeak mobilizatzen dituen barru-barruko pultsioei buruz; aztertu da gaia ikuspegi antropologikotik, soziologiaren bidez edo beti presente dagoen politikaren alderditik, besteak beste. Baina, ekarpen horiek baztertu gabe, badago gatazkaren iraupenarentzat oso garrantzitsua den faktore bat, sarritan foku mediatikotik kanpo geratzen dena: Jaizkibelen aurka egin izan diren protestak ez direla zerbait espontaneoa. Alegia, ez dela izan Alardearen eguna iristean herriko gizon eta emakume batzuei berez atera zaien portaera bat. Antolatutako zerbait izaten dela. Hondarribiko emakumeen eskubideen aurka mobilizatutako kolektiboak daudela. Eta politikarien erabakietan eragina daukatela.

Batzuentzat Alardekoa partidu-eguna dela, final bat bezala. Eta finala nolakoa den, halako estrategiarekin atera izan direla zelaira.

Konpainiak desfilatzen hasi baino 24 ordu lehenagotik, zenbait gazte lekua hartzen ari dira Hondarribiko Kale Nagusiko espaloietan. Azken urteetako joera da: beste inor baino lehenago jarri, orduak eta orduak pasa lagunen artean txandak eginez, eta irailaren 8ko goizean lehen lerroan egon Jaizkibelen desfilearen aurka aritzeko, plastiko atzetik. Aurten, kalera iritsi eta berehala ikusi da aldaketa: bi espaloiak estaltzen zituen plastikozko hesiaren ordez, espaloietan zeuden pertsonek zakar poltsa beltzak zeuzkaten jantzita. Zarata gutxiago, Jaizkibelen alde ari den jende gehiago. Eta nobedadeak ordezkaritza instituzionalean: Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea (EAJ) udaletxeko arkupeetan dago –Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea, EAJkoa hau ere, ez ordea; ez arkupeetan, ezta tradizionalki herriko hautetsiek eliza parean hartzen duten lekuan–.

Ertzaintzak Jaizkibelen aldeko pankarta bat kendu zuen irailaren 8an. Urtetan ez ditu konpainia parekidearen aurkako plastiko beltzak erretiratu ordea (argazkia: Dani Blanco).

Urtetan Bill Murray protagonista zuen Marmotaren eguna pelikularen antza izan ondoren, gauzak mugitzen hasi diren seinalea ote da klima berri hau? Edo aldatu den gauza bakarra desfile diskriminatzailearen alde daudenen aurtengo planteamendua al da? “Beraientzat ez dira 20 urte pasa: hau urtean behin egiten dute, beraientzat 20 egun izan dira”, esan zidan Jaizkibel konpainiako kide batek 2016ko Alarde egunaren amaieran. Emakumeak desfilatzen saiatu zirenetik 23 urte bete dira aurten. 23 egun besterik ez dira izan betikoentzat?

Ez du ematen hainbesterako denik ere. Plastiko beltzen protesta antolatzen duen Hondarribiko Emakumeak izeneko taldearen Facebookeko orrialdea begiratzea besterik ez dago, ikusteko higadura-gerra bihurtu den gatazka honetan ahalegin handiak egin behar dituztela haiek ere, posizioak galdu nahi ez badituzte. Urtarriletik ari dira batzarrak deitzen: bederatzi hilabetean bost bilera orokor egin dituzte, azken hiru hilabeteetan hilean bat gutxienez; otsaileko asteburu goiz guztietan San Pedro kalean mahaia jarri zuten Alarde baztertzailearen aldeko sinadurak biltzeko eta txosten informatiboak banatzeko; martxoaren 8arekin lotuta afari bat antolatu zuten eta, bide batez, eskualdeko kolektibo feministen aurkako ohar bat argitaratu ere bai, salatuz emakume langileen nazioarteko eguneko manifestazioan “Emakumeak Alardean” aldarria entzun zela; apirilean, finantzazio-bide gisa, zozketa bat antolatu zuten –telebista bat eta telefono bat ziren sariak–.

Eta hori gutxi balitz, talde horretako figura esanguratsu bat lehen lerroan agertu zen uztailean, Alardearekin Bat ekimena aurkeztu zutenean. Ikastolen alde Euskal Herri osoan antolatzen diren festen antzeko zerbait da: herriko hainbat lekutan prestatutako guneak, mota askotako animazioak, herri-bazkari bat... familiarekin egiteko moduko plana. Diferentzia batekin: dirua Alarde Fundazioak biltzen duela, alegia, emakumeei parte hartzen ez uzteko herriko jai-egun handiko desfilea pribatizatu zuen erakundea, zeinak ez duen betetzen EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako legea eta, beraz, Nafarroan erregistratu behar izan zuten. Uztailaren 28an ospatu da aurtengo Alardearekin Bat, hirugarren edizioa du jada.

Uztailaren 28an ospatu zen Alardearekin Bat izeneko jaia, Alarde diskriminatzailea babesten dutenek finantzatzeko antolatzen duten ekitaldia.

Gauza hauen guztien berri izateko eskualdeko prentsa irakurri behar da, irailaren 8tik aurrera gainontzeko hedabideetan ez baita ohikoa Alardeko gatazka iraunarazteko ezinbestekoak diren ekimenei buruz informatzea. Eta hedabide lokalen kasuan –bereziki gaztelaniaz publikatzen direnenean–, Hondarribiko kirol talde bati edo elkarte gastronomiko bati buruz bezain normal informatzen da emakumeek Alardean parte hartzearen aurka urtean zehar antolatzen den guztiaz.

Pitzadurak harresi beltzean

Nemirovskyk Alardeko giroa deskribatzen jarraitzen du: “Miarritze guztia, Donostia guztia eta espainiar probintziako biztanleria guztia, hasi Irundik eta Iruñerainokoa, bertan ziren. Umemoko zirrimargotu batzuk borrokan zebiltzan eta elkar iraintzen zuten euskarazko eta gaztelaniazko hitzak nahasten zituen mordoilo ulertezin batean. Neskatxa ederrak paseatzen zebiltzan buru hutsik, buruzapi bordatua sorbaldan zutela. (...) Adineko emakume batzuek mantelina beltzez estalia zeukaten burua”.

Ia mende bat geroago, Jaizkibel pasatzean txalo jotzen ari den jendearen artean ere, herriko bizilagunez gain, badago kanpotik etorritakorik. Jaia bera bezain aspaldikoa den ohitura dirudi. Zapi koloretsuak sorbaldan eramateko joerak ere indarrean jarraitzen du, orain emakumeek parte hartzearen aldeko ikur bihurtu da eta Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deialdiari erantzunez elkartu diren askoren janzkeran ikusten da osagai hori.

Nemirovskyk aipatzen zituen mantelina beltzak berriz, plastikozkoak bihurtu dira. Baina ez dira eternalak azkeneko urteko mugimenduei erreparatuz gero: 2018ko Alardean diskriminazioa defendatzen dutenek buelta bat estutu zuten haien jazarpena, Jaizkibeleko kide askok salatu zituzten erasoak eta irainak, baita kazetari batzuek ere, eta horrek herritar asko inflexio-puntu batera eraman ditu. Baita Alarde Fundazioa elkarrizketa prozesu batez hitz egiten jartzera ere –ñabardura askorekin, hori bai–.

“Elkarrizketa” izan da Alardearekin lotuta 2019an zehar gehien entzun den hitzetako bat. Ez dago adostasunik noren artean eta zertarako hitz egin behar den ordea. Gipuzkoako Foru Aldundiak auzia bideratzeko bitartekari bat jarri zuen iaz, baina aurtengo ekainean jakin zenez, dagoeneko ez da lan horretan ari, ez zuelako lortu Alarde Fundazioko partaideen “konfiantzarik”. Ekimen hori baztertuta, Alarde diskriminatzailearen aldeko elkarteak elkarrizketa-eredu propio baten alde egin zuen otsailean, iaz bizi izandako “tentsioa baretzea” beste helbururik jarri gabe. Herriko eragileak bakarrik esertzea proposatu zuen eta Hondarribiko alkatea izatea moderatzaile. Apirilean, Sagarzazuk baiezkoa eman zion planteamendu horri. Jaizkibel konpainiak ere onartu zuen hitz egiteko gonbidapena, bi baldintzarekin: bitartekaria bi aldeek onartutako norbait izatea, alegia, figura neutral bat –Sagarzazu alkateak Alarde baztertzailean parte hartzen du eta Jaizkibelek ordutegia aldatu beharko lukeela defendatu du publikoki– eta elkarrizketen helburua izatea “irtenbide adostu” bat lortzea. Abuztuan, Hondarribiko Udalak elkarrizketa bideratzeko izendatutako bitartekariak, Jenny Piercek, bertan behera utzi zuen bi aldeen artean egitekoa zen bilera, denbora gehiago behar zela argudiatuz enkontrua lasaia izan zedin. Elkarrizketari buruzko elkarrizketan trabatuta iritsi da iraila.

Beste alor batzuetan gehiago aurreratu da: Jaizkibel konpainiak Alardearen aurretik egin dituen entseguetatik sumatu da inoiz baino jendetsuagoa izango zela aurtengoa, baita babesa adierazten dieten jende kopuruaren aldetik ere. 1.000 laguneko zifrara gerturatu den desfilea egin du herriko jai egun handian. Ez dago Alardean jende kopuru hori berdindu dezakeen konpainia bakar bat ere. Eta zenbaki absolutuetan Alarde baztertzailea oraindik nagusi den arren, zilegitasunaren balantza desfile parekidearen alderantz joaten ari da.

Ez dago bizikidetza arazorik, berdintasun falta bai ordea

Beste ariketa bat egitea ere komeni da gauzak aldatzen ari direla ikusteko: Alardeaz medioetan agertzen diren irudi gehienak Kale Nagusikoak izaten dira. Logikoa da alde batetik, hor gertatzen direlako tentsio handieneko momentuak. Baina, bestetik, Jaizkibelen aurka daudenei herrian dutena baino pisu handiagoa ematen die, ematen du emakumeek parte hartzearen inguruko iritzi-giroa kale horretan gertatzen denaren arabera neurtzen dela. Eta hori ez da oso fidela konplexuagoa den errealitatearekiko.

Hondarribiko Kale Nagusitik kanpo bestelakoa da argazkia azken urteetan: herritarrek normaltasunez ikusten dute desfile parekidea, diskriminazioaren aldekoen gotorlekutik kanpo (argazkia: Dani Blanco).

Kamerak beste puntu batzuetan jarriz gero, eszena oso diferenteen berri izango lukete gaiaz informatu nahi dutenek: minutu gutxi falta dira 8:00ak izateko eta Gernikako Arbola pasealekutik aurrera joan da Jaizkibel. Geldialdi bat egin du Kale Nagusian gora abiatu aurretik. Urduritasuna sumatzen da kideen artean, aurten zer aurkituko duten jakin nahia, baina beste gauza batzuk ere gertatzen ari dira: taberna bat dago ondoan eta konpainia baztertzaileetako gizonak bertan, tragoak hartzen. Baina ez dago liskarrik haiekin. Naturaltasunez agurtzen dute elkar Jaizkibeleko kideek eta beste konpainietakoek, batez ere gazteek. Bizilagunak dira edo senideak edo klasekideak edo kuadrilla berekoak, elkarrekin hizketan, batek besteari zigarro bat pasatzen, txantxaren bat edo beste, selfie bat... jaietako egun normal bat. Ordu batzuk geroago, arratsaldean, Jaizkibel San Pedro kalean desfilatzen ari da eta hondarribiar gehienek beste edozein konpainiari bezala begiratzen diote. Agian oraindik batzuei kosta egiten zaie txaloak jotzea, baina kale honetan, herriko bizitza soziala egituratzen duen arrantzale etxeen artean, giroa ez da Kale Nagusikoa. Hura Alarde diskriminatzailearen azken gotorlekua baita. Handik aterata, beste itxura bat du herriak. Beste irudi horrek, ordea, puskatu egiten du problema hau herritarren arteko bizikidetza-arazo bat bezala aurkeztu nahi dutenen kontakizuna. 

Kalean normala dena instituzioetan ere normala izan behar litzatekeela esaten zuen Trantsizio garaiko politikari batek. Hondarribiko, Gipuzkoako eta EAEko erakundeek ere aplika diezaiokete printzipio hori beren buruei afera honetan: urtetan konpainia parekidearen aurrean erakutsi duten mututasuna adierazgarria da –salbuespen bakarra Gipuzkoako Foru Aldundian Bildu egon zen garaian gertatu zen– eta horrek hegoak eman dizkio Alarde baztertzaileari. Gai hau “bizikidetza arazo” soil gisa planteatzea ere, Gipuzkoako Aldundiak egiten duen moduan, sakoneko problema urardotu nahi dutenekin bat egitea dela geroz eta nabarmenago geratzen da.

Irailaren 8a pasako da eta 365 egun geratuko zaizkie erakundeei gai honetan perspektibaz aldatzeko. Urte batez Alarde parekidearen aldekoek jaia tentsio gutxiagorekin bizitzeak ez baitu beste guztia aldatzen: konpainia batek besteetatik bereizita desfilatzen jarraitzen du, emakumeak ere partaide direlako. Eta hori normaltzat hartuz gero, nolako aurrekaria jartzen da, ez bakarrik Hondarribian, baita instituziook gobernatzen duten gainontzeko lekuetan ere?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondarribiko alardea
Jaizkibelek elkarrizketa mahai bat bideratzeko eskatu dio Hondarribiko alkateari

Konpainia parekideak 2023ko jaien eta irailaren 8ko alardearen balorazioa egin du, eta aurtengoa "urte pozgarria" izan dela azpimarratu. Nabarmendu du udalak egindako keinuek lagundu dutela elkarbizitza espazioak sortzen, baina alarde baztertzaileari ere harrera egitea... [+]


Jaizkibeli ere harrera egin dio lehen aldiz Hondarribiko alkateak

Arartekoak ostiralean jakinarazi du azkenean ez duela alarde baztertzailea agurtuko. Halere, Hondarribiko alkateak, Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen sailburuordeak emakumeak baztertzen dituen alardeari harrera egin diote.


"Nor dira haiek, guztiona den ondarearen inguruan herri osoaren izenean hitz egiteko?"

Hondarribiko alardearen bezperetan, alarde tradizionalaren baitatik sortutako proposamenez, udal aldaketak zabaldu ditzakeen ateez eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak iragarritakoaz (alarde tradizionalari eta Jaizkibel konpainia parekideari egingo diela harrera) hitz egin dugu... [+]


Hondarribiko hurrengo alkatearentzako gutuna plazaratu du Guztion Alardeak

Hauteskundeen ondoren zabalduko den aro berri honetako alkatea "konponbidearen alkate bilakatzea" espero du Guztion Alardeak.


Guztion Alardeak egindako proposamenekiko desadostasuna agertu du Alarde Fundazioak

Bilera izan berri dute bi aldeek. Guztion Alardeak bere diagnostikoa eta zenbait gogoeta plazaratu zituen bilera horretan, eta fundazioak hauekiko desadostasuna agertu zuela esan dute.


Eguneraketa berriak daude