Jaizkibelek elkarrizketa mahai bat bideratzeko eskatu dio Hondarribiko alkateari

  • Konpainia parekideak 2023ko jaien eta irailaren 8ko alardearen balorazioa egin du, eta aurtengoa "urte pozgarria" izan dela azpimarratu. Nabarmendu du udalak egindako keinuek lagundu dutela elkarbizitza espazioak sortzen, baina alarde baztertzaileari ere harrera egitea "ez dela neutrala".


2023ko irailaren 18an - 08:57
Azken eguneraketa: 12:35
1.000 lagun inguruk desfilatu dute aurten Jaizkibelekin. (Argazkia: Bidasoko Hitza)

"Urte pozgarria" izan da aurtengoa Jaizkibel konpainiarentzat; hala adierazi du 2023ko jaien eta irailaren 8aren inguruan egindako balorazioan. 1.000 lagun inguruk desfilatu dute aurten Jaizkibelekin, eta haien aldeko keinuz eta txaloz beteta egon da ibilbidea.

Aurten Hondarribiko alkateak lehen aldiz egin dio harrera Jaizkibel konpainiari. Abotsanitz alderdiak irabazi zituen hauteskundeak maiatzean, eta aldaketa nabaritu da alardearen auzian. Igor Enparan alkateak eta zenbait ordezkari politikok elizaren atarian agurtu dute Jaizkibel lehen aldiz, alarde baztertzaileari egiten dioten leku berean.

Aldaketa gehiago ere izan dira, konpainia lehen aldiz atera baita Gernikako Arbolatik. Beste konpainietako kideek harrera egin eta babesa erakutsi izana baloratu dute parte-hartzaileek. "Batzuek ekidin nahi dute elkarri babesa adierazteko eta elkarrekin ospatzeko espazioak sortzea, baina argi dago hondarribiar askoren nahia dela jaiak elkarrekin ospatzea".

Jaizkibelek nabarmendu du zailagoa izango litzatekeela elkarbizitza espazio horiek sortzea, Udalak egindako keinuengatik ez balitz. Hala ere, alkateak alarde baztertzaileari ere egin dio harrera, eta bien aldeko keinuak egitea "ez da neutrala", konpainiako kideen ustez. "Ez da gauza bera eskubide bat defendatzea eta eskubide hori bera urratzeko 'sentsibilitatea' edukitzea".

Udalari eta instituzioei eskatu diote hurrengo hilabeteetan "konponbidearen aldeko estrategia argi eta zintzoa" adieraztea. Zehazki, Enparani eskatu diote elkarrizketa mahai bat bideratzea abendua baino lehen, "betorik onartu gabe".

Hondarribiko EAJk harrerarik ez, beste behin

Hondarribiko EAJren jarrera gaitzetsi dute, eta "benetan larritzat" jo dute irailaren 8aren bezperatan kaleratutako idatzia. Bertan adierazi zuen Jaizkibelek ez duela Hondarribiko Udala aintzat hartzen eta zinegotzien presentzia edo absentzia "irizpide politikoen arabera epaitzen" duela. Aurten ere herriko EAJk ez dio harrerarik egin konpainiari, eta adierazi du Jaizkibelek "udalbatza legitimatu eta manifestazioaren bidea uzten duenean" egingo diola harrera.

Hondarribiko EAJ ez, baina Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia harreran izan zen. Jaizkibelek adierazi du ez duela "koherentziarik ikusten" Gipuzkoako eta Hondarribiko EAJren jarreren eta hitzen artean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondarribiko alardea
Jaizkibeli ere harrera egin dio lehen aldiz Hondarribiko alkateak

Arartekoak ostiralean jakinarazi du azkenean ez duela alarde baztertzailea agurtuko. Halere, Hondarribiko alkateak, Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen sailburuordeak emakumeak baztertzen dituen alardeari harrera egin diote.


"Nor dira haiek, guztiona den ondarearen inguruan herri osoaren izenean hitz egiteko?"

Hondarribiko alardearen bezperetan, alarde tradizionalaren baitatik sortutako proposamenez, udal aldaketak zabaldu ditzakeen ateez eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak iragarritakoaz (alarde tradizionalari eta Jaizkibel konpainia parekideari egingo diela harrera) hitz egin dugu... [+]


Hondarribiko hurrengo alkatearentzako gutuna plazaratu du Guztion Alardeak

Hauteskundeen ondoren zabalduko den aro berri honetako alkatea "konponbidearen alkate bilakatzea" espero du Guztion Alardeak.


Guztion Alardeak egindako proposamenekiko desadostasuna agertu du Alarde Fundazioak

Bilera izan berri dute bi aldeek. Guztion Alardeak bere diagnostikoa eta zenbait gogoeta plazaratu zituen bilera horretan, eta fundazioak hauekiko desadostasuna agertu zuela esan dute.


2022-09-08 | ARGIA
Jaizkibel konpainiak aurrera egin du aurten ere: "Inoiz ez genuen plaza horrela bete"

Hondarribiko alardean konpainia parekide bakarrak egindako desfilea oso jendetsua izan da eta txalo artean hartu dute ibilbidean zehar.


Eguneraketa berriak daude