Hondarribiko jai egun handian, Alarde tradizionalak eta Jaizkibel konpainia parekideak bat egin behar zuten lehen aldiz abiapuntuan, baina argazki hori saihesteko, tradizionaleko konpainia guztiak berandu joan dira hasiera puntura. Plantoak planto, ordea, lehen aldi ugari bizi izan ditu aurten Jaizkibel konpainiak, mugiezinak ziruditen gauzak mugitzen hasi baitira, kasik hiru hamarkada pasa direnean.
Orain euritsu, orain ateri, azken urteen antzekoa izan da hondarribiarrek bizitako irailaren 8a: Alarde tradizionalak eta Jaizkibel konpainiak ordu ezberdinetan egin dute desfilea, bananduta eta bakoitza bere aldetik. Txaloak jaso dituzte batzuek eta besteek, eta Jaizkibel konpainia pasatzerakoan ere txaloak nagusi izan diren arren, bizkarra eman dio Alarde tradizionalaren aldeko ikusle batek baino gehiagok, baina urrun gelditu dira garai bateko liskar eta borrokak. Ohiko ere bilakatu da Jaizkibel konpainiako jendea beste konpainiatakoekin mintzatzen, agurtzen, besarkatzen ikustea. Irudi hori espero zitekeen goizeko lehen orduan, lehendabiziko aldiz abiapuntuko eremua partekatzekoak baitziren konpainia guztiak, baina Alarde tradizionaleko mandoek erabaki dute berandu agertzea, Jaizkibelekin bat ez egiteko. Hala, Alarde tradizionalak bere ohitura apurtu eta hogei minutu berandu ekin dio desfilatzeari.
Udal aldaketak ekarritako berrikuntzak
Gertaerak erakusten duen arren gatazka konpontzetik urrun dagoela oraindik, ez du Jaizkibelen eguna zikindu, eta lehen aldi ugari bizi izan dira Hondarribiko jai egun handian, hala ahalbidetu baitu udal gobernu berriak. Urte luzez EAJk gobernatu duen herrian, Abotsanitzek hartu du lekukoa. Lehen aldiz, Jaizkibel konpainia parekideak udal baimena izan du konpainia gisa desfilatzeko, lehen aldiz aitortu zaio Alarde tradizionalaren ibilbidea, eta beraz leku beretik abiatu da eta Kale Nagusian behera amaitu ahal izan du desfilea –zapataria joaz eta dantza eta kantu artean, une hunkigarria eta berezia da hondarribiarrentzat desfile amaiera–, lehen aldiz gurpildun aulkian atera da kantinera bat. Eta naturaltasun eta normaltasun osoz egin du, nahiz eta bat baino gehiago beldur izan, ibilbidea egiteko zailtasunak eta oztopoak izango ote zituen.
Lehen aldi ugari bizi izan ditu Jaizkibelek, eta aldi berean, gauza askok berdin jarraitzen dutela frogatu du aurtengo irailaren 8ak. "Milimetroka irabazten den bide luzea da" Jaizkibelek aurretik duena
Lehen aldiz, baita ere, harrera egin dio EAJk Jaizkibeli. EAJk argudiatu du harrera egin diola aurten udal gobernuak Jaizkibeli baimena eman diolako desfilatzeko konpainia gisa –eta ez orain arte bezala manifestazio gisa–. Kontua da EAJk berak gobernaturiko urte luzeetan ez diola inoiz konpainia gisa desfilatzeko baimenik eman. Hain justu, EAJ gobernuburu izan den urte horiek izan dira Jaizkibelentzat "urterik gogorrenak”, zioen Uxoa Anduaga Jaizkibel konpainiako txilibituak.
Lehen aldi horiek udal gobernu berriaren borondatea erakutsi dute, aldaketak ekarri dituzte, Jaizkibelen iritziz “aldaketa txikiak”, oraindik asko baitago egiteko, baina haserre handia piztu du Alarde tradizionaleko hainbatengan. Jaizkibelek festa Kale Nagusitik behera bukatuko zuela-eta, adibidez, arratsaldeko desfilearen aurretik bati baino gehiagori entzun diogu zurrumurrua: “Kale Nagusian kristoren istilua izango da”, Alarde tradizionala ikusteko zain zeudenek Jaizkibeli boikoten bat egingo ziotelakoan-edo. Bada, arazorik gabe egin du konpainia parekideak bide zati hori ere.
Normaltasun faltsua
Aurten abiaturiko norabideari jarraituz gero, okupaturiko espazioetan, desfilearen ibilbide eta ordutegietan, ekitaldietan… Alarde tradizionalaren pareko eskubideak irabazten joango da Jaizkibel konpainia, eta horrek, aldi berean, sarri entzun ohi den diskurtsoa indartu dezake: “Bakoitzak bere erara bizi ditzala festak”. Edo beste era batera esanda: “Berme berdinekin ateratzen gara, bakoitzak aukeratu dezala non atera eta jarrai dezagun bananduta, zatituta, bakoitza berean eta denak lagun, liskarrik gabe”. Mantra hori ezaguna zaie Irungo bizilagunei: bi alarde daude bertan, bata parekidea, bestea tradizionala deiturikoa, eta istilurik gabe egiten dute eguna batzuek eta besteek. Baina hain justu horixe saihestu nahi du Jaizkibelek, ez ditu bi alarde nahi, alardean konpainia gisa gehitzea nahi du, bat gehiago izan nahi du, helburu argiarekin: alarde bakarra, parekidea eta publikoa lortzea.
Konpainia erraldoia da Jaizkibel, konpainia parekide bat baino gehiago osatzeko adinakoa; hori egingo balu, ordea, beste alarde bat sortzeko arriskua legoke, eta ez du bide hori egin nahi Jaizkibelek
Are gehiago, konpainia erraldoia da Jaizkibel, Hondarribian dauden konpainietan handiena, mila lagunetik gora biltzen dituena, logistikoki gauzak zailtzeraino. Azken finean, modu parekidean desfilatu nahi duenak Jaizkibelera jotzen du, eta jende hori bada nahikoa kopuru konpainia parekide bat baino gehiago osatzeko; hori egingo balu, ordea, beste alarde bat sortzeko arriskua legoke, eta ez du bide hori egin nahi Jaizkibelek.
Esan bezala, lehen aldi ugari bizi izan ditu Jaizkibelek, baina aldi berean, gauza askok berdin jarraitzen dutela frogatu du aurtengo irailaren 8ak. Batzuentzat urrats txikiak eman dira aurten, beste batzuentzat handiak, baina Uxoa Anduagak zioenez, “milimetroka irabazten den bide luzea da” Jaizkibelek aurretik duena. Hondarribiko udal gobernuak esan zuen iazkoa sinboloen urtea zela eta aurtengoa urte administratiboa. Zeren urtea izango da datorrena?
Hondarribiko Alardearen harira herrian aurten bizi izan den tentsioa garbi islatu du Igor Enparan alkateak, hondarribiar guztiei bidali dien eskutitzean. "Gezurrez eta gorrotoz betetako kanpaina pairatu dut. Zurrumurruak eta gezurrak zabaldu dira herritar guztion arteko... [+]
Hondarribiko Alarde tradizionala eta Jaizkibel konpainia desfilatzen aterako dira, urtero bezala, irailaren 8an. Baina orain arte EAJk gobernaturiko udala Abotsanitzek eskuratu du eta egin dituen aldaketek hautsak harrotu dituzte Alarde tradizionalean. “Konpainia guztiak... [+]
«Gatazkaren konponbidean baliagarria izango delakoan» EH Bilduko Lantalde Feministak egindako hausnarketa plazaratu du Arma Plazan. Igor Enparan alkateari «Jaizkibel konpainiak bakarrik betetzen duen legea betearazten hasteko, eta Alarde bakarra, guztiona eta... [+]
Konpainia parekideak 2023ko jaien eta irailaren 8ko alardearen balorazioa egin du, eta aurtengoa "urte pozgarria" izan dela azpimarratu. Nabarmendu du udalak egindako keinuek lagundu dutela elkarbizitza espazioak sortzen, baina alarde baztertzaileari ere harrera egitea... [+]
Arartekoak ostiralean jakinarazi du azkenean ez duela alarde baztertzailea agurtuko. Halere, Hondarribiko alkateak, Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen sailburuordeak emakumeak baztertzen dituen alardeari harrera egin diote.
Hondarribiko alardearen bezperetan, alarde tradizionalaren baitatik sortutako proposamenez, udal aldaketak zabaldu ditzakeen ateez eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak iragarritakoaz (alarde tradizionalari eta Jaizkibel konpainia parekideari egingo diela harrera) hitz egin dugu... [+]
Hauteskundeen ondoren zabalduko den aro berri honetako alkatea "konponbidearen alkate bilakatzea" espero du Guztion Alardeak.
Bilera izan berri dute bi aldeek. Guztion Alardeak bere diagnostikoa eta zenbait gogoeta plazaratu zituen bilera horretan, eta fundazioak hauekiko desadostasuna agertu zuela esan dute.
Hondarribiko alardean konpainia parekide bakarrak egindako desfilea oso jendetsua izan da eta txalo artean hartu dute ibilbidean zehar.
Alarde fundazioari eta Hondarribiko Udalari bideratu diete alardean parte hartzeko eskakizuna, kantinera bezala ez ezik, soldadu gisa ere bai. Guztion Alardea elkarteak eman du urratsaren berri. Alarde baztertzailearen bueltako gazteek sortu zuten elkartea, defendatzen baitute... [+]
Koronabirusagatik desfilerik gauzatu ez den arren, Jaizkibel Konpainiak kaleak hartu ditu. Elkarretaratzea egin dute alarde parekidea aldarrikatzeko, eta uztailean egindako proposamena berriz plazaratu dute: datorren urtean alardeko konpainia bat gehiago izatea.
Emakumeek ere alardean desfilatu ahal izatea helburu, duela 25 urte atera zen lehen aldiz Jaizkibel konpainia Hondarribian. Aurtengo irailaren 8an ez da alarderik izango, baina elkarretaratzea egingo dute, “1996 urrun hartan, alarde parekidearen aldeko aldarria kaleratu... [+]
Emakumeak onartzen dituen konpainiak desfile nagusiaren barruan egon nahi du 2022tik aurrera. Hondarribiko alardearen auziari konponbidea bilatzeko pausoa dela adierazi du elkarteak.