Adiskide bat nuen

"Adiskideak gara?"
Anabel Fernández Rey
Ilustrazioa: Anabel Fernández Rey
Itzulpena: Manu López Gaseni
(Pamiela, 2019)

Adiskidetasunari buruzko liburua dugu Anabel Fernández Reyk idatzi eta ilustratutako hau. Istorio sinplea da, haur eta hartz handi baten arteko harremanari buruzko istorioa. Egileak, mezua hobe helarazteko, jolastu ahal izateko, apropos erabili du  animalia pertsonifikatuta bi gizaki jarri beharrean.

Haurrak laguntza eskatzen dio behin eta berriro hartzari. “Ez dut barazkirik jan nahi. Lagunduko didazu zuk, tripontzi horrek?”, “Ezin naiz bakarrik orraztu. Zuk, goitik hobeto ikusten duzunez, lagunduko didazu?” edo “Oso azkar ibili nahi dut. Zuk, bultza egiten dakizunez, lagunduko didazu?”, eta horrela ikusi ahal dugu haurra irribarrez, nahi duena egiten, eta ondoan hartz handia serio, haurrak esandakoak, eskatutakoak, egiten. Irudi sinple eta pastel kolorekoak, suabeak, dira. Detaileetan eta paisaian edo inguruko kontuetan arreta desbideratu gabe, haurraren eta hartzaren arteko ekintzan zentratzen da eta horretara garamatza irakurle-ikusle gisa.

Bi protagonisten arteko harremana, baina, aldatu egiten da une batean. Haurrak bere jostailu guztiak barreiaturik dituelarik hartza jasotzen ari denean aurpegi serio baino serioagoarekin. Hurrengo irudian, bi orriak betetzen dituen hitzik gabekoan, hartza pentsatzen azaltzen zaigu, eta handik aurrera bera izango da bere “adiskideari” laguntza eskatuko diona behin eta berriro.
Azkenean, adiskidetasuna bien arteko harremana dela ikusten da, biek eman behar dutela laguna pozik egoteko, bien parte-hartzea behar dela eta orduan bai, orduan liburuaren izenburuan ageri den galdera ikurrak ez du zentzurik izango.

Istorio sinplea dela aipatu dugu, irudien erabileran, testuan eta kontatzen duen argumentuan, baina sinplea izanda ere badu bere mezu sakona. Haurrek erraz harrapatuko dutena istorioaren nondik norakoagatik eta baita irudietan protagonista bien baitan ematen diren aldaketengatik; are gehiago, mezua hobe ulertzeko nahitaezkoa da hartz handiaren eta mutikoaren aurpegiak aztertzea, egiten dituzten keinuak, transmititzen dituzten mezuak aztertzea. Egileak, ederki lortzen baitu, horien bidez, adiskidetasunari buruzko mezua helaraztea. Eta horretarako nahikoa da liburuaren azalean ageri den ilustrazioa eta amaierakoa konparatzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburu kritikak
Beldurra gogoko

Beldurrak airean
Aitor Arana
Ibaizabal, 2023

--------------------------------------------------

Zazpi ipuinek osatzen dute Aitor Aranak gazteentzako idatzi duen liburu hau. Ugaria eta ezaguna da Aranaren produkzioa; 125 liburutik gora idatzi ditu, horietako zenbait... [+]


Pagoa, zuhaitza

Altxa, hildakoak!
Fred Vargas
Txalaparta, 2024

------------------------------------------------

Egun batetik bestera, ordu batzuen buruan gertatu da gertatu dena: zuhaitz bat agertu da Sophiaren lorategian. Pago bat.
Hasiera horrek hartzen ditu liburuko lehen orriak... [+]


Emariari idatzitakoak

JAUSIZ
Alain Mendizabal Diaz
1545 argitaletxea, 2023

---------------------------------------------------

Itxuraz tente eusteari utzi eta behea jotzea zail egiten zaigu, grabitate indarrak zein soinean daramagunaren zamak lurrera erakarri arren. Hondoarekin topatzea,... [+]


Etorkizun utopikoen zirrimarrak

Zirriborroak eta gero
Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Lucía Baskaran, Harkaitz Cano, Gabriela Damián Miravete, Belén Gopegui, Karmele Jaio, Danele Sarriugarte, Iban Zaldua eta Patxi Zubizarreta
Consonni, 2023

[+]


Duela mende erdiko haurtzaroa

Begi bat kokotean
Juan Kruz Igerabide / Elena Odriozola
Ediciones modernas el embudo, 2023

--------------------------------------------------------

Umetan, atzera begira egoten nintzen maiz. 'Begia aterako zaik kokotean', mehatxatzen ninduan apaizak, elizan atzera... [+]


Eguneraketa berriak daude