Aurten askoz gutxiago etorri dira, inoiz baino gehiago hil dira itsasoan eta xenofobia gora

  • Mediterraneoa gurutzatzen duten iheslarien kopuruak behera egin du Italiaren eta Tripoliko kostazainen arteko harremanak sendotu direlako. Baina xenofobia hazi egin da migratzaileen etorrerak behera egin duenean. Salvini efektua? Ez hori bakarrik.


2019ko irailaren 08an
Abuztuaren 20an lehorreratu zen Open Arms Gobernuz Kanpoko Erakundearen erreskate ontzia Lampedusan. 19 egun eman zituzten itsasoan, estatuek ez zietelako lehorreratzeko baimenik ematen. Itsas salbamendua kriminalizatu du Italiako Gobernuak eta araudi ber

Baderrek Sudango lagunekin topo egin du Lampedusako elizaren aurrean. Etxera deitu nahi dute ondo daudela esateko. Wifi sare askea eskaintzen dien uharteko txoko bakarra da elizakoa, eta iheslari gehienek bat egiten dute bertan. Baderrek nekez jasan dezake bera ekarri duen Open Arms salbamendu ontziaren aferak piztu duen arreta mediatikoa. “Mikrofonoak hurbiltzen dizkiguzue aurretik ezer kontatu gabe. Adierazpenak egin baino lehenago ezagutu egin nahi zaituztet”, esan digu kazetarioi.
Sudango gazteak badaki nor den Matteo Salvini, Open Arms lehorreratu zenean Barne ministro zena: “Libian nengoenean irakurri nuen Italiako Gobernua oso zorrotza zela, baina ez nuen pentsatzen itsasoan hesi imajinario bat ezarriko zuenik”. Abuztuaren 29an, erreportaje hau inprentara joan den egunean bertan iragarri dute Bost Izarren Mugimenduak eta Alderdi Demokratikoak osaturiko Italiako koalizio berria. Salvini ez da Barne ministro izango eta ikusiko da gobernu berriaren migrazio politika aldatuko den.

Open Arms ontziaren barruko egoera, itsasoan 16. eguna egin zutenean. Argazkia: Francisco Gentico / EFE.

Baderrentzat oso zaila izan da Lampedusatik 800 metrora egon eta lehorreratzea ezinezkoa zela jabetzea. “Italiak ez digu harrerarik eskaini nahi, ados, guk ere ez dugu Italian geratu nahi. Baina oso krudela iruditu zait sarrera oztopatzea”, erantsi du. Orain, mapan kokatzen ari da Lampedusa. “Europatik oso urrun dago! Begira, hurbilago dauka Tunisia Erroma baino”, esan du harrituta. Baderrek ez du uhartean denbora asko igaroko. Erregistro prozesua amaitu eta egokitu zaion herrialdera lekualdatuko dute.

Bitartean, Lampedusako plaza nagusiaren inguruko jatetxeak turistaz beterik daude. Italiarrentzat opor helmuga masiboa da uhartea. Udako denboraldian nekez aurki daiteke lo egiteko tokirik. Autoek eta Vespa motoek errepide guztiak betetzen dituzte. Hondartzak jendez gainezka daude. Neguan, berriz, beste itxura bat hartzen du denak. “Erraz ahazten den lur pusketa gara”, adierazi du Daniela Freggi irakasleak. Freggik dortoken zaintzarako zentroa dauka Lampedusako portu komertzialaren aurrean: “Azken urteetan errotik aldatu da uhartearen bizimodua. Lehen, lau katu ginen neguan. Ostalari gehienak Brasilera edo Argentinara joaten ziren udan irabazitako diru guztiarekin”.

Erabat turistikoa den eta paradisuko irla dirudien Lampedusako hondartza. Argazkia: Linda Vukaj.

Eta orain? “Lampedusa Europaren atea bihurtu da eta mugak indartzeko hamaika programa abiarazi dituzte”, azaldu du Freggik. Izan ere, egun zeharo militarizatuta dago Lampedusa. NATOk base militarra dauka, Italiako armadak mendebaldeko eremu osoa kontrolatzen du eta mugak eta kostaldeak zaintzen dituen Frontex agentzia europarrak hainbat misio jarri ditu martxan. Droneek hegan egiten duten bakoitzean internet eta telefono konexioak erortzen dira. “Militarizazio bortitza pairatzen ari gara, baina ez hori bakarrik. Erakunde humanitario guztiek bulegoak ireki dituzte Lampedusan”, esan du Giacomo Sferlazzo artistak.

Sferlazzok “humanitarismoaren negozioa" deitzen dio horri. Lampedusako artista PortoM izeneko elkarte kulturaleko kide da, eta museo txiki bat sortu du migratzaileen objektuekin. Sferlazzo ez dator bat hedabideek sortu duten Lampedusaren ikuspegi erromantikoarekin: “Harrera uhartearen irudia elikatu dute, baina hemen denetarik dago: iheslariei laguntza eskaintzen dieten herritarrak, errealitateari bizkarra ematen diotenak eta xenofobo hutsak direnak”. Italia osoa irudikatzen duen mikrokosmosa da.

2018ko ekainean egindako argazki honek jazarpen militarra erakusten du. Lampedusako herritarrek lurraldearen militarizazioa salatzen dute: NATOk base militarra dauka bertan, Italiako armadak mendebaldeko eremu osoa kontrolatzen du eta mugak zein kostaldeak zaintzen dituen Frontex agentzia europarrak hainbat misio jarri ditu martxan. Droneek hegan egiten duten bakoitzean internet eta telefono konexioak erortzen dira.
Migrazio politiken bilakaera

Noiz hasi zen militarizazio hori? “Lehenengo ontziak 1990eko hamarkadan iritsi ziren. Italiak Europar Batasuneko araudia onartu zuen eta bisatuak inposatu zizkien Mediterraneoaren beste aldean bizi ziren bizilagunei. Tunisiarrez beteriko txalupak izan ziren lehenak iristen”, gogoratu du Sferlazzok. Baina milurte berriko lehen urteetan migrazio politika gogortu zuen Silvio Berlusconiren bigarren gobernualdiak. Bossi-Fini izeneko lege polemikoak klandestinitate delitua (reato di clandestinità) erantsi zuen. Italiak lehen deportazioak onartu zituen eta itsas armadako ontziek Mediterraneoa patruilatzeari ekin zioten.

Nolanahi ere, Ekialde Hurbilean piztu ziren gatazkek exodoa bultzatu zuten 2011n. Iheslariak Lampedusara, Calabriara, Siziliara eta Apuliara iristen hasi ziren. Askok Europa iparraldera jotzen zuten zuzenean, baina beste asko, Dublingo Akordioak betearaziz, lehorreratu ostean erregistratzen zituzten. Italia zen Europar Batasuneko sarrera eta beraz, Erromako Gobernuari zegokion asilo eskaerak ebaztea. Italiak dirutza handia jaso zuen larrialdi egoerari erantzun azkarra emateko.

"Europak bizkarra eman dio Mediterraneoan gertatzen ari den dramari. Erakunde publikoek utzi duten hutsunea esku pribatuek bete dute. Itsas salbamendua pribatizatu egin da"
Sferlazzo

Baina 2013ak inflexio puntua ekarri zuen. Urriaren 3an, 366 pertsona ito ziren Lampedusako Isola dei Conigli hondartzatik gertu. Handik egun gutxira, beste hondoratze batek Europa osoaren lotsak azaleratu zituen. Enrico Lettaren gobernuak Mare Nostrum izeneko salbamendu operazio handinahia abiarazi zuen orduan, eta hondoratzeak errotik gutxitu ziren. Baina kanpaina horrek hilero 9,5 milioi euroko gastua zuen Italiarentzat. Erromak laguntza eskatu zion Bruselari eta Triton izeneko operazio europarrak Mare Nostrum ordezkatu zuen. Frontexek gidatutatuko kanpaina berriak askoz baliabide gutxiago zituen eta helburua ez zen iheslariak erreskatatzea, mugak kontrolatzea baizik. Tritonek, berriz, Sophia operazioari eman zion lekukoa, eta Sophia aireko zaintzara mugatu da azkenaldian.

Hala, Europar Batasunak hutsik utzi duen eremu horretan murgildu dira GKEen salbamendu ontziak. “Europak bizkarra eman dio Mediterraneoan gertatzen ari den dramari. Estatukideek edo erakunde publikoek utzi duten hutsunea esku pribatuek bete dute. Itsas salbamendua pribatizatu egin da”, uste du Sferlazzok. Italiako Barne Ministerioak eskainitako datuen arabera, egun bost erreskate ontzi daude itsasoko Bilaketa eta Erreskate Eremuan (SAR).

PortoM kultur elkartearen egoitza: migranteen zurezko ontzien puskekin josia du fatxada eta iritsi berrien objektuekin erakusketak osatzen dituzte. Argazkia: Linda Vukaj.
GKE-en aurkako kriminalizazioa

Annalisa Camilli Internazionale aldizkariko kazetaria da eta itsasoko legedian aditua. Azken urteetan sakon aztertu du Mediterraneoko erreskateen bilakaera: “Nekatu arte hitz egin genezake [oraintxe arte Barne ministro] Salviniren politika xenofoboaz, baina salbamendu operazioei zilegitasuna kendu zien lehena ez zen lider ultraeskuindarra izan. 2017an, Italiako gobernu sozialdemokratak eta Marco Minniti Barne ministroak hasi zuten kanpaina hori”. Camilliren iritziz, Minniti izan zen GKEen eta Libiako trafikatzaileen arteko ustezko kolaborazioa aipatu zuen politikaria. “Erromak Kode Etikoa izeneko araudi berria sinatzera derrigortu zituen salbamendu erakundeak. Funtsean, haien lana oztopatzeko hainbat erregela berri ezarri zituen”.
Erabaki horrek interes politikoei erantzun zien, Camilliren aburuz: “2018ko boza orokorrak oso hurbil zeuden eta Alderdi Demokratikoa jaisten ari zen inkestetan. 2017an etorrerak bikoiztu egin ziren eta Salvini inbasioaren mamua xaxatzen ari zen”. Hala, Italiako Gobernuak akordio berriak sinatu zituen Tripoliko kostazainekin. “Ontzi berriak eman zizkien eta kostazain libiarrak Italian trebatu zituzten. Ondoren, Erromak legezkotzat jo zuen Libiako SAR eremua”, nabarmendu du Camillik.

Azken hiru urteetan etorrerak %95 gutxitu dira. Baina ontzien kopuruak behera egin duen unean gora egin du eskuin muturrak

Estrategia horrek etorreren beherakada ekarri du ezinbestean. Erromako Barne Ministerioak eskainitako datuen arabera, 2019ko urtarrilaren 1etik abuztuaren 23ra 4.722 pertsona iritsi dira Italiara. Iaz, epe berean, 19.526 heldu ziren. 2018an, berriz, 98.076. Azken hiru urtetako estadistikak aztertuz gero, etorrerak %95 gutxitu dira. Hala ere, iheslariz beteriko ontzien kopuruak harreman estua du Libiaren egoera politikoarekin. Europar Batasunak eta Italiak babesten duten Fayez Al Sarrajen Tripoliko Gobernua gero eta ahulagoa da, eta ez du eremu txiki bat baino kontrolatzen.

Nolanahi ere, herritarren pertzepzio politikoa ez dago migratzaileen etorrerari lotuta. Izan ere, ontzien kopuruak behera egin duen unean gora egin du eskuin muturrak. “Matteo Salvinik aurreko gobernuaren estrategia jarraitu zuen, hau da, Italiako mugak kanporatu zituen eta Libiari mugaldeko poliziaren rola eman zion”, adierazi du Camillik. Edonola ere, Barne ministro ultraeskuindarrak ginga jarri zion erreskate taldeen aurkako kriminalizio kanpainari eta dei efektuaren ideia zabaldu zuen: “Migratzaileek denek batera ihes egiten dute badakitelako salbamendu ontziak itxaroten daudela”, errepikatu ohi zuen.

Ontzia porturatzeko zain.
Portu itxiak

Lega alderdiak eta Bost Izarren Mugimenduak osatzen duten koalizio gobernuak portu itxien politika bultzatu du. “Iaztik salbamendu ontziek ezin dute hemen lehorreratu. Berdin du porturik hurbilena Italian egotea. Segurtasun Dekretua Bis delako araudi berriak 900.000 euroko isunak ezarri ditu itsasoan erreskataturiko iheslariekin lehorreratzen diren itsasontzientzat”, azaldu du Camillik. Maltak ere politika bera kopiatu du, eta, ondorioz, salbamendu operazioak bertan behera utzi dituzte erakunde askok.
Hori hala, itsasoan itotako iheslarien kopuruak gora egin du portzentajean. 2019an 859 pertsonatik gora hil dira dagoeneko Mediterraneoan, Nazioarteko Migraziorako Erakundeak abuztuaren 28an emandako datuen arabera. Horrek adierazten du itsasoa zeharkatzea inoiz baino hilkorragoa dela. 2018an Libiatik ateratako 29 pertsonatik bat ito zen. 2019an, ordea, zortzi pertsonatik bat. 2014tik 14.768 migratzaile xurgatu ditu Mediterraneoak. 

Salbamendu operazioak gutxitu direnez, inoiz baino hilkorragoa da itsasoa zeharkatzea: 2018an 29 pertsonatik bat hil ziren eta 2019an zortzi pertsonatik bat

Migrazioaren gaineko dekretu berriarekin, Italiako araudia itsasoko legediaren gainetik jarri du Italiak. Baina Barne ministro ohiaren kanpaina ez zen itsasoko salbamendua kriminalizatzera mugatu. Salvinik Italia zabaleko harrera etxerik handienak itxi zituen. Geroztik milaka pertsona kalean geratu dira. “Erromako eta Milango tren geltoki nagusietako plazak iheslariz bete dira eta Salvinik segurtasun ezaren mamua xaxatu zuen berriz ere. Mediterraneotik migratzaile gutxi iristen dira, baina kalean gero eta gehiago ikusten ditugu. Inbasioaren arriskuak hor jarraitzen duela zabaldu nahi dute. Estrategia krudela bezain eraginkorra da”, irizten dio Camillik.

Hala ere, portu itxien politikak kontraesan handia azaleratu du. Lampedusa da, beste behin, errealitate hori hobekien islatzen duen tokia. Itsas blokeoa indarrean egonik ere, azken urtean milaka iheslari iritsi dira txalupa txikietan. "Lehorreratze Mamuak" izena jarri diete hedabide italiarrek. Iragan ekainean 1.218 pertsona heldu dira egurrezko ontzietan eta belaontzioetan. Tunisiatik zein Libiatik atera dira eta itsas blokeoa arazorik gabe gainditu dute. “Lehorreratze horien inguruan inork ez du ezer esaten, are gutxiago Salvinik. Baina Gobernuz Kanpoko Erakundeen ontziek porturatzeko baimena eskatzen dutenean, munduaren amaiera dela dirudi. Txalupa autonomoak Lampedusara iristen badira, zergatik ezin dira salbamendu taldeen ontziak sartu?”, galdetu du Salvatore ("Totò") Martello Lampedusako alkateak. Bere galderak ez du oraindik erantzunik jaso.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Migrazioa
Polizia operazio "arrazista" Donostian: 29 lagun eraman ditu Poliziak identifikatzeko

Ostegun goizeko 8:00etatik 12:20era Polizia operazio handia egon da Donostiako Martutene auzoko etxe okupatu batean. Espainiako Poliziak, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak elkarrekin egin dute operazioa, “atzerritarren bulegoaren operazioa” dela azaldu dute. Donostiako... [+]


Lotsaren ituna

Duela aste batzuk Bartzelonan batu ginen Mugak Zabalduz karabanaren aurtengo ibilbidea eta helburua zehazteko asmoz. Uztailean Trieste eta Balkanetako mugara joango gara, berriro ere (bederatzigarren edizioa da) Europak sustatzen duen migrazio-politikak sufrimendua eta heriotza... [+]


Materialismo histerikoa
Atzerritar

Eta mugak igarota ere zer, muga azalean geratzen da, eta betirako, etengabe, da atzerritar barruan muga daramana, hain atzerritar, ezen ez duen guztiz pertsona ematen. Ezen hori baino ez dugun ikusten, hemengoa izanik ere bai, askotan, ijitoa bada, adibidez, atzerritarra... [+]


Frontexek bazekien ‘Adriana’ ontziko migratzaileak arrisku larrian zeudela, baina ez zuen ezer egin

Greziako kostaldean joan den urteko ekainean 720 migratzaile zeramatzala hondoratutako itsasontziaren kasuari buruzko ikerketa publiko egin du Europako Herritarren Defendatzaileak. Azaldu duenez, Frontex erakundeak ez du nahikoa "tresnarik" egoera horietan bere... [+]


Eguneraketa berriak daude