"Oxala Mediterraneoko herrialdeek beren betebeharrak beteko balituzte, eta bilaketa eta erreskateko uretan eskura dauzkaten operatibo guztiak martxan jarriko balituzte, jendeak itsasoan arriskurik izan ez dezan". Mikel San Sebastian Aita Mari erreskate ontziko kidearen hitzak dira horiek, 2023an egindako erreportaje batetik ateratakoak. Denbora pasatu izanagatik ere, hitzok ez dute gaurkotasunik galdu, pasa den asteko titular batek gogorarazi duenez: 2025a hasi zenetik 1.800 pertsona baino gehiago hil dira Afrikatik Europara bidean, Ca-minando Fronteras elkarteak kaleratutako txostenaren arabera. Pertsona diogu, beste batzuek atzerritar edo etorkin diotenean.
Ezer erakutsi badu egungo egoerak da legeak berdin duela. Nazioarteko hitzarmenak daude, giza eskubideen adierazpenak eta estatu arteko akordioak eta guztiek diote giza eskubideak daudela ezeren aurretik, eta estatuak derrigortuta daude baliabideak erreskate lanetara bideratzera. Baina gero dator errealitatea eta kontrakoa esaten du. Aipatu txostenak argi dio heriotza horiek saihestu zitezkeela; are, salatu du heriotza horien erdia inguru “erabaki politikoen, kalkulatutako omisioen eta heriotza normalizatzen duen mugen arkitekturaren” ondorio direla.
Egoera konplexua da, hor ez dago zalantzarik. Gero eta diskurtso gehiago entzuten dira, hain zuzen ere, errealitatean gauzatzen dena areagotzeko eskatzen dutenak. Alegia, gero eta gehiago entzun dira diskurtsoak, gizatasunaren izenean, mugak ixteko eta itsasoan interbentzioak eskatzen, bidean datozenak bueltarazteko. Horrelako erraza balitz bezala, jendeak itsasoa kapritxoz gurutzatuko balu bezala. Eta egia da Europa aspalditxotik dagoela katramilatuta afera horretan, bi aukera baino ez baititu parean: legea bete eta eskura duen laguntza guztia eskaini eta biziak salbatu; edo mugako poliziei mezu argia helarazi, mugaren zirrikitu guztiak itxi eta itsasoa hilerri erraldoi bilakarazi. Eta argi dago zer erabaki duen.
Ez, kontua ez da horren sinplea eta ez dira bi aukera erraz eta egingarri neurri berean. Baina egoera ere ez da horrelakoa: 1.800 hildakotik 1.300 Mauritaniako bidea hartutakoak izan dira, eta agerikoa da eskualdea gerra eta gosete sakonean dagoela. Beraz, harrotuko dira haizeak eta jendeak esango du Euskal Herriak, Espainiako Estatuak, Europa osoak, ez duela gaitasunik heldutako migratzaileak “xurgatzeko”. Baina, agian biziak salbatzea jokoan dagoenean, Europak konturatu beharko luke ezin duela bere bakea horren gainean sortu, eta biziak salbatu edo jendearen etorrera kudeatzearen artean, ez lukeela zalantzarik egin beharko.
Gurera ekarri dugu Achille Mbenbe politologo kamerundarraren "nekropolitika" terminoa. Heriotzaren prismatik begiratzen die herritartasunari eta botereari, eta argi uzten digu pertsona multzo batzuen biziak gutxietsiak, balio gabekoak eta beraz, lasai asko desagertu... [+]
Kritiken artean deportatu ditu Italiak hamasei errefuxiatu Albanian eraiki duen "harrera-zentro" batera. Proiektua 2023. urtean erabaki zen Meloniren Italiaren eta Albaniako Ramaren arteko akordio bat izan zela eta, eta "migrazio-kudeaketak bizkortzea" du... [+]
"Migrazio zirkularra" sustatu nahi du PSOEren gobernuak, langile batzuek behin-behineko hainbat lan egiteko migra dezaten Espainiako Estatura, eta gero euren jatorrizko herrialdeetara itzul daitezen.