Anartz Gorrotxategi. Alkatea euskarazko lehen komiki-aldizkariaren atzetik

"Herri txikietan ere, gauza batzuk handiak egiten dira"

  • Joan den urtearen amaiera arte ez genuen jakin. Behin eta berriz eta askotan desagertutzat emandako euskarazko lehen komiki-aldizkari Txistu-ren ale guztiak bildu zituen Arabako Arraia-Maeztu udalerriko alkate gazteak. Izan ere, udalerri horretako Musitun jaioa izan zen komiki haren egilea: Abdon Gonzalez de Alaitza.

Miel Anjel Elustondo
2019ko uztailaren 28a
Anartz Gorrotxategi Elorriaga (Gasteiz, 1986)

Olabide Ikastolako ikasle, handik kanpo egin behar izan zituen DBH eta Batxilergo ikasketak. Delineatzailea da. Forondako aireportuan eta Arraia-Maeztuko alkate lanean ari da. Kultur ondarea du zaletasun, zuzentzen duen udalerria bezainbat. Arraia-Maeztuko Musitun jaiotako Abdon Gonzalez de Alaitza Azazetaren aztarnaren atzetik zebilela, 1927an ARGIA aldizkariak barruko orrialdeetan argitaratu zuen Txistu euskarazko lehen komiki-aldizkariaren ale denak bildu ditu, Javier Díaz Noci irakaslea lagun.

Abdon Gonzalez de Alaitza Azazetari buruzko txostena osatu duzula jakin dut. Euskarazko lehen komiki-aldizkariaren sortzailea omen.

Horixe diote. Duela lauzpabost urte zer edo zer irakurri nuen Abdonen gainean, baita Juan Bautista Gamizen gainean ere. Gu bizi garen Arabako Mendialdeko bi pertsona ospetsu, azken finean. Zer edo zer irakurri nuen bi kulturgile horien gainean, eta informazio gehiago bilatzen hasi nintzen, interneten, artxibategietan… eta, bildutako informazioa hartu eta txosten bat osatu nuen. Arraia-Maeztuko alkate nintzen, eta [Arabako] diputaziora jo nuen, kultura diputatuarekin hitz egin eta proposamen bat egitera: bai Gamizi buruz eta bai Abdoni buruz, argitalpen bana egitea. Baina Gamizi buruz egina zeukatela esan zidaten. Eta egia da. Eta, bestalde, Sabandon [Arraia-Maeztu] bertan Gamizek badu oroigarririk, plaza baten izena. Alaitzak, berriz, ez zeukan jaiotetxeko idazkuna eta hilerriko harria besterik. Jendeak ezer ez zekien Alaitzaren biografiaz. Gauza gutxi. Zenbait aditurekin hitz egin nuen eta zenbait datu helarazi zizkidaten, baina momentuan bertan jabetu nintzen haien datuak nik neuk lehendik neuzkan berak zirela. Hala ere, Javier Díaz Nociren berri eman zidan Jose Mari Velez de Mendizabalek, eta haren email helbidea.

Gasteiztarra da Díaz Noci, irakasle Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitatean.

Eta harremanetan jarri nintzen berarekin. Hark ere eskura zeuzkan datu guztiak bidali zizkidan. Artikulu bat ere bai, Txistu komiki-aldizkariaren alerik ez dagoela esaten duena, besteak beste. Hilabeteak igaro eta gero, Díaz Nociren beste mezu bat jaso nuen, esanez Koldo Mitxelena Kulturuneko webgunean Txistu komikiaren aleak aurkitu zituela. “Arraioa!”, esan nion neure buruari, “Komikiak azaldu dira!”. Eta KM kulturunera jo nuen, haiekin harremanetan jarri nintzen, eta hura ezustea! Hantxe Txistu-ren hamasei aleak! Eta orduan, bai, Alaitzaren biografia idatzi behar zela erabaki nuen, luze edo labur, baina idatzi behar zela, edo bestela, komikia berrargitaratu behar zela. Aldundira jo nuen berriro, komikiak inprimatuta, eta lana egin behar zela guztiz erabakita. “Hau argitaratu beharra dago. Zuek laguntzen ez badidazue, argitaletxeren batekin hitz egingo dut, Alaitzaren biografia eta haren lana publikatzeko, Txistu. Burugogorra naiz, eta egingo dut!”.

Bigarren aldiz izan zinen Arabako Aldundiko Kultura Sailean.

Bai, eta haiek ere jabetu ziren: “Bigarren aldiz zatoz, baina oraingoan materiala duzu. Aztertuko dugu”. Eta aztertu zuten, eta Alaitzaren gaineko lanaz arduratuko zen pertsona batekin kontaktatu zutela esan zidaten, eta hura harremanetan jarri zen nirekin, eta bidea egin genuen: euskarazko lehen komiki-aldizkariaren aleak berreskuratu ditugu, eta balizko egilearen biografia ere lantzen ari gara.

Argazkia: Zaldi Ero.

Zerk jarri zintuen Alaitzaren peskizan, haren urratsen atzetik.

Udalerria maite dut, eta Euskal Herriko kultur ondarea. Horiexek dira nire zaletasunak: ondarea, kultura eta, are, gure udalerria. Azterka hasi eta Gamiz eta Alaitza azaldu zitzaizkidan, baina seguru nago merezi duten izen gehiago ere badirela Arraia-Maeztun. Bestalde, alkate baino lehen, zinegotzi izan nintzen, 19 urterekin, eta, besteak beste, kultura batzordean lan egin nuen, horixe baita nire zaletasuna. Alkateak, orduan, kulturari zegozkionak erabakitzeko tartea utzi zidan. Zinegotzi eta gero, alkateorde izan nintzen. Gero, alkate. Orain, udaberrian, alkate aukeratu naute berriro, bigarrenez, eta zorionez, alkate naizen garaian ikusiko dut argitaratua Alaitzari buruzko lana. Ilusio handia egiten dit, hiru-lau urte ibili bainaiz jirabueltaka Alaitzarekin eta Txistu-rekin.

Zertan da kultura Arabako Mendialdeko udalerri txiki batean?

Ez dakigu zein garrantzi eduki zuen euskarak hemen. Uste duguna baino presentzia handiagoa izan zuen, eta ondoko belaunaldiek horretaz kontziente izan behar dute, gure historia jakin behar dute: hemen euskaraz hitz egiten zela orain dela hirurehun urte, adibidez. Alaitza aipatu dugu lehen, eta hark Madrilen ikasi zuen euskaraz. Ezusteko galanta izan nuen hori jakin nuenean. Beti aipatzen dira Odon Apraiz, Xabier Landaburu, Federiko Baraibat eta beste, Gasteizen jaioak denak. Aldiz, Alaitza, Mendialdean jaioa, Musitu herrian, mila metroko altueran dagoen herri ttikian –zortzi-bederatzi bizilagun dira bertan gaur egun–, Madrilera joan eta sekulakoak egindakoa da. Ikaragarria. Arabako Mendialdean horixe behar dugu, aitzakia bat, gure iraganari begira jarri eta garbi esateko: “Arabarrok ere badakigu euskaraz”.

Abdon Gonzalez de Alaitza Azazetak, Madrilera joan ohi ziren euskaldunak batzeko eginahalak eta bi egin zituen. Hein handian, bakarrik ibili zen, beti aurrera egin nahirik. Arabako Mendialdean, Arraia-Maeztun, zenbatek partekatzen du zure gogoa?

Egia da Abdonen modura egiten dudala askotan, aurrera, itsu-itsu, baina hori bezain egia da baditudala kideak. Ondarea aztertzeko talde txiki bat osatu da, eta informazio iturri dira beti, eta gauzak egiten ari dira. Gainerakoan, Mendialdea aski baztertuta egon da. “Mendialdekoak, gizagaixo horiek!”, esanez bezala. Baina gu ez gara gizagaixoak, kultura aberatsaren jabe gara, Lautadakoak bezain kultura aberatsa dugu. Hala ere, euskararen historiaren gainean hitz egiten hasten direnean, adibidez, Lautada da beti ardatz. Inork ez du Mendialdeaz hitz egiten. Hasteko, inork ez zekien nor izan zen Abdon. Nahikoa da, ezta? Hemen egon gara, hemen gaude, eta hemen egongo gara, luzaro. Horixe da gure borondatea.

"Arabako Mendialdean horixe behar dugu, aitzakia bat, gure iraganari begira jarri eta garbi esateko: ‘arabarrok ere badakigu euskaraz’"

Gizagaixoak, esan duzu. Nola hartzen zaituzte zu, adibidez, Arraia-Maeztuko alkate, Gasteizera joaten zarenean, aldundi edo Jaurlaritzara?

Harrera ona egiten digute, akabo, bada! Baina Araba zer da, bada? Gasteiz duzu, makroenzefalia hori, batetik, eta bestetik, berriz, gainerako herri guztiak. Eta herriei esker osatzen da Araba, horixe da bere identitatea. Aldundian askoz harrera hurbilagoa egiten digute Jaurlaritzan baino. Jaurlaritzara joan Musitun arazo bat dugula esanez, bateko baso eta besteko erreka, eta Musitu non dagoen begiratzen hasi behar dute. “Non arraio da Musitu?”, eta mapa eskatu behar izaten diezu, eta Musitu non dagoen seinalatu. Aldundian hurbilagoa da dena. Ez du ezer ikustekorik.

Zein dira Arabako Mendialdearen penak eta nekeak?

Hasteko, despopulazioa. Horixe da arazorik garrantzizkoena. Mendialdean erroldatuak ez gara 3.000 ere, eta 47 herri gara! Herri asko, biztanle gutxi. Arraia-Maeztun, 733 gara gaur gaurkoz, hamasei herritan banatuak. Maeztu eta Apinaiz ez beste herri guztiak, txiki-txikiak dira, baina herri txikietan ere, gauza batzuk handiak egiten dira. Abdon da adibide eta froga, euskarazko lehen komiki-aldizkaria berak egin baitzuen, Madrilen.

Despopulazioari aurre egiterik badago?

Bai, aurre egin lekioke, nahiz eta Gasteiz beti hor egon, eta Gasteizen bizitzea erosoagoa izan. Dena dela, Mendialdeko despopulazioa, gogorrena, joan den mendeko 60ko hamarkadan hasi zen gutxi gorabehera. Gasteiz hazi egin zen, bateko fabrika eta besteko industria, eta hemengo nekazari askok ere hara jo zuten. Hiriak erakarmen indar handia izan zuen. Hemen, bestalde, nekazariak ziren, ez zegoen dirurik. Joan den mendearen 60ko hamarkadan Gasteizera joan zirenak, hantxe geratu ziren, hantxe egin zituzten seme-alabak, eta hauek ere hantxe bizi dira. Garai batean hemen gelditu ziren gazte apurrak, oraingo atso-agureak dira. Despopulazioa ez da, beraz, oraingo gertakaria, orain dela 60 urteko exodoaren ondorioa baizik. Egoera irauli nahi dugu, eta horretan ari gara. Arraia-Maeztun, esaterako, azkeneko hamar urtean hazi egin gara.

Argazkia: Zaldi Ero.

Hara! Jende gehiago bizi zarete orain Arraia-Maeztun mende honen hasieran baino?

Bai. %5 gehiago gara, baina inguruko herri txikietatik etorri zaigu jendea. Adibidez, Birgara, Azazeta, Atauri edota Elortzatik gorako herrietatik. Populazioari eusteko, nahitaezkoak dira zerbitzuak, eta baditugu Arraia-Maeztun: medikua, garraioa, errepide egokiak… Mila metroko altueran gaude, baina elurra egiten duenean, laster dira lanean traktoreak errepideak garbitzen. Lautadan baino arinago egiten dugu lan. Esanak esan, ordea, bultzada behar dugu orain artekoari eusteko, eta aurrera jotzeko. Eta, batez ere, pentsamoldea aldatu behar dugu: lan egin nezake Gasteizen, baina Mendialdean bizi.

Arraia-Maeztuko alkate zaitugunez, erraza al da udala zuzentzea?

Egunero lan eginez gero, bai. Hala ere, hor da beti hirigintza, legediz eta araudiz betea. Gauza asko ez daude udalaren esku: aldundiaren erabakimen dira, edo Europarenak. Arazoren bat sortzen denean, hor dira beti herritarrak, eta haiei azaldu egin behar zaie hori, araudia zorrotza dela, gauza asko ez daudela udalaren esku. Alkateak ez du erabakitzen, normatiba bat dago, eta harixe lotuta egin behar duzu lan. Beste arlo batzuetan, aukera handiagoa duzu. Kulturan, adibidez. Nik esango nuke hirigintza kudeatzea ez dela erraza, eta, hirigintzarekin batera, jendearekiko harremanak ere arreta berezia eskatzen duela, antze handia. Auzoen arteko sesioak ez dira erraz ulertzen, nork bere bertsioa kontatzen du, nork bere egia du… Batzuk, psikologoaren gelara bezala sartzen dira alkatearen bulegora. Jendeak behar hori ere badu, beste inori kontatu behar dizkio bere kezkak. Guk, lagundu ahal badiogu, primeran. Horretarako gaude, ezta?

Mendialdean, politikari. 19 urterekin, zinegotzi. Gero, alkateorde, alkate bi agintalditan…

Pilotan jokatzen nuen, futbol-taldean, herriko jai-batzordean… Maeztu gustatzen zait, Maeztukoa sentitzen naiz, nahiz eta Gasteizen jaioa izan, eta politika gustatzen zait. Etxeko giroan ere hortxe zegoen beti politika. Eusko Alderdi Jeltzalean sartu nintzen 18 urterekin, eta handik urtebetera zinegotzi aurkezteko eskatu zidaten. Pentsatzeko ere esan zidaten. Nik, ez nuela pentsatu beharrik esan nien. “Udalean zinegotzi sartzeko aukera baldin badut, eta herriaren alde lan egiteko modua baldin badut, egingo dut!”. Garai hartan, Eusko Alderdi Jeltzaleak eta independenteek hiruna zinegotzi zituzten; zazpigarrena, Alderdi Popularrarena zen. Laugarrena nintzen zerrendan, eta ez zen seguru aterako nintzela. Baina atera nintzen. Orain, Maeztu ez ezik, udalerria da nire helburua, batzuk eta besteak ezagutzen ditut, ez izenak edo nongoak diren bakarrik, beren biziak, beren kezka eta gorabeherak baizik: pertsonak. Guztiz aberasten naute udalerriko pertsonek. Esaterako, ezagutzen nituen Jesus eta Magdalena, Musitukoak, baina egundo ez nuen pentsatu Abdonen oinorde zirela. Ikaragarria! Handiak gara Arabako Mendialdean!

Udalbatzarretan egiten al duzue euskaraz?

Gutxi. Zazpi zinegotzietan, lauk ondo dakigu euskaraz. Bat, hortxe-hortxe dabil. Bik, ez dakite hitzik ere. Udalerriaren argazkia duzu, azken finean. Gazteok badakigu, baina ez dugu hitz egiten. Horietakoa naiz ni. Lagunarteko kuadrillan denok gara euskaldunak, baina ez dugu euskararik hitz egiten. Beharbada, umeak jaio zaizkigunean, euskarara itzuli gara. Kanpainak egiten dira, Euskaraldia, Korrika eta beste, baina jendea ez da aktibatzen. Nik, bestalde, orain dela lau urtetik hona hartu dut hitz egiteko trebetasuna, tokatzen zaidalako, eta gustatzen zaidalako, baina, hasieran, beldurra ematen zidan, hitz asko ahaztu egin zaizkidalako. Hala ere, saiatzen naiz.

Alkate zara, eta aldi berean, Forondako aireportuko langile.

Bai, goizeko lauretatik goizeko zortzietara egiten dut lan Forondan, multinazional batean, paketerian. Goizeko hiruretan jaikitzen naiz egunero. Forondako lana egin eta etxean naiz zortzi eta erdietan. Dutxatu, gosaldu eta goizeko bederatziak eta laurdenetan udaletxean naiz, eguerdiko ordu biak arte. Bazkaldu, eta bi orduko lo kuluxka egiten dut, derrigorrean, bestela ezin dut iraun. Behin baino gehiagotan, bilera izaten dut arratsaldean… Iluntzean, emaztearekin eta alabarekin egon nahi izaten dut, eta hamaikak aldera-edo, ohera behar izaten dut. Gauean hiruzpalau ordu egiten dut lo, arratsaldean, bi. Nire erloju biologikoa zeharo aldrebestuta dabil. Gogorra da. 

Bujanda, Korres, Maeztu

“Amama, Korresen jaio zen. Ama, Bujandan, baina Gasteizen hazi zen. Aita eibartarra da, Gasteizera etorritakoa. Anaia eta biok Gasteizen jaio ginen, baina Maeztura etortzen ginen astebururo. Hemen osatu genuen kuadrilla, hamazazpi bat lagun ginen, denak ere Gasteiztik hona etortzen ginenok, eta hementxe bizitzen jarri gara dozena erdi. Joaten gara Gasteizera, egiten dugu lan, eta atzera Maeztura itzultzen gara. Hogei minutuko bidea da”.
 

Foronda

“24 orduz irekiko dutela diote, baina bidaiariez ari dira. Gu beti ari gara lanean: Forondan paketeak jasotzen ditugu enpresa batzuetatik eta besteetatik. Aireportuan dira arratsaldean, eta gauez, hegazkinez, Leipzigera, Bergamora, Lisboara, Sevillara… bidaltzen ditugu, goizeko zortzietan edota bederatzietan banatzaileak dena delako aireportuan guk bidaliak jaso eta goizeko hamarrak aldera jasotzaileak zuzen jaso dezan. Horretarako, gauez jardun behar dugu guk lanean, nahitaez”.
 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Komikia  |  Kultura  |  Arraia-Maeztu

Komikia kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude