"Dena da irudi, baina jendeak ez du denborarik hartzen irudi horiek ikusteko"

  • Sekula ez du txoririk marraztu, nahiz eta txori zale amorratua den. Txorien lumen atzetik hiriz hiri ibili nahiko luke, kolore desberdinen xerka, istorio desberdinen bila. Pintore izateak rara avis bilakatzen du; are gehiago oinarrian lan figuratiboak eta zuri beltzekoak izanik. Rara avis askea da, ordea.

Argazkia: Gorka Erostarbe.
Argazkia: Gorka Erostarbe.

Ez daki ziur bera ote den Oier Aranzabalen Margolaria dokumentala zuri-beltzean plazaratu izanaren erruduna –Mikel Urdangarin musikariaren esperientziatik abiatuta sortzailearen hautaketez, zailtasunez, bakardadeaz gogoeta egiten du filmak–. “Berak esan behar luke hori… Berez koloretan filmatua dago dokumentala. Argazki batzuk egin izan dizkit lehenago ere Oierrek, eta beti esan izan dit ezin izan dituela koloretan editatu. Dokumentalean ere berdin, nire partea editatzen hasi zenean ezin izan zuela koloretan egin”. Dokumentalean parte hartu zuen Alain Urrutiak ere (Bilbo, 1981), Urdangarin adiskideari nolabaiteko kontrapuntua eginez. Txori erraria da Urrutia. Bilbotik Londreserako hegaldia hartu zuen 2014an, eta hiruzpalau urtetan han izan zuen habia. Iaz, Berlinera jo zuen. Erronka berrien bila beti, hiri eta txori berrien bila, argi eta kolore berrien bila, baita zuri-beltzean izanik ere. Schönhauser Allen du estudioa; txikia, zuria. Mahai bat, pintzelez josia, pentsamenduaren txokoa arbel eta guzti, eta hiru horma bere lanez jantziak. Bertan hartu gaitu udaberri amaieran, Madrilgo Casado Santapau galerian The Age of Anxiety (Antsietatearen garaia) erakusketa egin aurretik.

Londrestik Berlinerako aldaketak ez dizu eragin: zuri-beltzean jarraitzen duzu.

Tira, zuri eta beltz asko dago. Hor zure atzeko hori zer da, beltza? [Bere lanetako bat seinalatuz] Ez, urdin bat ezta? Kolorea badaukate nire lanek. Kolorearen memoriarik ez daukagu, ordea. Zuri desberdinak daude eta beltz desberdinak: beltz hotzak eta beltz beroak daude; zuri hotzak eta zuri beroak. Zuri eta beltz diferenteak erabiltzen ditut eta batzuetan gehitzen dizkiet gorriak eta urdinak ere. Tonalitateak badaude eta erabiltzen ditut, baina jendeak ez ditu igartzen.

Margolariaren begiek laguntzen dizute beltz eta zuri horiek bereizten?

Arbolei deitzeko milaka forma dugu euskaraz, alturaren arabera eta fruituak ematen dituzten edo ez: arbola, zuhaitza, zuhaixka, zuhaiztxo… eta guk, gaur egun, ez ditugu horietako asko desberdintzen. Nekazariek, baserritarrek eta halakoek bai. Arroparekin lanean dabilen jendeak badaki koloreak bereizten. Nik orduak eta orduak sartu ditut koadroak egiten. Ikasi egiten da denborarekin ikusten ere.

Zuri-beltza erabiltzeak, nahiz eta anitzak izan, badu zuretzat sinbolismo berezirik edo kontu praktiko bat izan da hasieratik?

Sekula aipatu ez didaten kontua da praktikotasunarena, eta hasierako arrazoia hori izan zen: praktikoa zela. Ni oso alferra nintzen lanerako, eta lagun batek esan zidan: pintorea izan nahi baduzu, egunero pintatu behar duzu. Nahi duzuna egin nahi duzula ere, egunero egin behar da. Ez dago beste erremediorik, eta nik neure burua behartu nuen pintatzera. Hasi nintzen pintatzen erretratu bat eguneko. Nire asmoa zen halaxe urte oso bat egitea. 2006an izan zen hori, eta bospasei ordu igarotzen nituen erretratu bakoitza egiten. Kalera irten, ordurako sakelakoarekin, argazkiak ateratzen nituen, eta gero horren gainean egiten nituen erretratuak. Egunero egiten nuen bat. 86 bat egin nituen, denak zuri beltzean, eta arrazoia zen praktikoa. Errazagoa zelako.

Planteatu ere ez duzu egin oraingoz kolore biziagoetara jotzea?

Kolorea ageri da nire grisetan, eta azkeneko Madrilgo erakusketako lanetan aurreko lanetan baino askozaz nabarmenago. Horrek ez du esan nahi kolore biziagoetara saltoa egingo dudanik. Ez nago gustura kolore biziz inguratuta nagoenean, lekuz kanpo sumatzen dut neure burua. Gurean, naturan ere ez dago kolore bizirik. Eta, seguruenik bai, noiz edo noiz helduko da zeru gorri bat pintatzeko momentua, baina oraingoz ezin dut aurreikusi noiz gertatuko den. Oraingoz grisetan pintatzen jarraitzeko asmoa daukat, eta agertuko da kolorea agertu behar bada. Zea Maysen letrak dioen moduan: “...taupada bakoitzaz koloreztatuz zuri beltza”. 

Margolaria filmean kontatzen da musikari izateko hautuak zein zailtasun dituen, ingurukoen presioak eta abar, sarri ez delako lotzen ofizio batekin. Zuk noiz erabaki zenuen margolari izatea, eta bizi izan zenuen presio hori Mikel Urdangarinek bezala?

Nik berez zientzietatik jo nuen, baina azken unean erabaki nuen artea nahi nuela ikasi. Gurasoek esan zidaten: “Alain, zientziatan ona zara, ingeniaritzek dute irteera, arkitektura ikasi...”. Beno, azkenean onartu zuten, baina esan zidaten ea zergatik ez nuen diseinua ikasten Arte Ederren barruan, eta hala egin nuen. Gustatzen zitzaidan ordenagailuaren aurrean jartzea, marrazkiak egitea… Karrerako hirugarren urtean Italiara joan nintzen, Erasmus programaren bidez, Milanera. 2001eko irailaren 18an. Nik ez nekien ezertxo ere italieraz. Hor aldatu zen dena. Dorre bikiena gertatu eta astebetera. Egun horretan erabaki nuen pintore izango nintzela. Fakultatera iritsi eta galdegin zidaten: “Zer egiten duzu”. Eta nik erantzun nuen: “Diseinua”. Diseinua beraientzat dibujo da, margoketa. Orduan, pintura eta marrazketako irakaslea jarri zidaten. Nik jabetu nintzen akatsaz, baina isiltzeko erabakia hartu nuen. Orduan erabaki nuen pintatu nahi nuela, eta konturatu nintzen ez neukala estresik: pintatzen nuen garagardo batekin, klasean, lasaitasunez. Hortik pintura serio hartzera beste urrats bat dago, baina ernamuina hori izan zen.

Zure burua ia baduzu pintoretzat, margolaritzat?

Eztabaida zaharra da hori, norberak bere burua sortzailetzat hartzearena-edo. Nik lan egin izan dut ehorzle moduan Wisconsinen, egin dut lana turroia egiten, edota tabernari bezala; magoa ere izan naiz, kirola ere egin izan dut, batzuetan besteetan baino serioago… Nik ez nuke nire burua pintore moduan definituko, baina argi daukat besterik ez dakidala egiten… Ez dakit egiten dudanarekin inora helduko naizen, baina momentuz hau egiteko asmoa daukat. Grezieraz pintoreari Zoegraphos esaten diote. Zoe bizitza da eta Graphos idazlea;  horrekin identifikatzen dut gehiago nire burua. Aspaldi nabil pinturarekin bizitza idazten. 

Alain Urrutia duela lauzpabost urte Madrilgo ARCOn.
Bilbon eta Londresen egin izan du lan eta Berlinen bizi da gaur egun (argazkia: Gorka Erostarbe).

Bilbotik Londresera joan zinen lehenik, handik Berlinera gero. Beti kontraste edo kontrapuntu bila?

Lagun batek dio beti egin behar dugula egiten ez dakigun hori. Eta neu saiatzen naiz ez dakidan hori pintatzen. Bestela ez dugu ezer ikasten. Jende asko eroso dago egiten dakien horrekin eta ongi da, baina nik behar dut ez dakidan horren bila joan. Bilbon oso gustura bizi nintzen. Kafe Antzokian lan egiten nuen, pintatu egiten nuen, nahikoa irabazten nuen, nahi adina kontzertu ikusten nituen… aparta zen bizimodua, ez nuen beste ezeren beharrik. Baina ezerosotasunaren bila joateko joera daukat. Horrez gainera, hizkuntza zalea naiz; duela urtebete heldu nintzen Berlinera. Alemana ikasten hasi nintzen, eta ez dut esango hitz egiten dudanik, baina komunikatzeko gai sentitzen naiz oso modu oinarrizkoan bada ere. Eta badakit hemendik beste norabait mugituko naizela eta ikasiko dudala beste hizkuntza bat. Non amaituko dudan badakit: Euskal Herrian. Tartekoa… bideak esango du. 

Filmean bada sekuentzia polit-indartsu bat. Zu eta Urdangarin Londresen zaudete, noria erraldoi zurian igota. Eta ari zarete arrakastaz, goian edo behean egoteaz. Zer da arrakasta zuretzat?

Topikoa izango da, baina nik nahi dudana da trankil bizitzea. Pintatu, erakusketak egin eta bizitzeko adina irabazi. Ez dut behar gauza handirik. Ez nuke jakingo deskribatzen, baina lasaitasunarekin izan dezake zerikusirik.

Hori ez al dago kontraesanean ezerosotasunaren puntuarekin?

Bai, baina ezeroso egoteak ez du esan nahi ez zaudenik gustura. Kirolarekin gertatzen da hori. Esfortzu bat egiten duzu, ezeroso zaude, baina gero gustura geratzen zara, eta lasai sentitzen zara. Kirolarekin gertatzen den lasaitasun hori da nik nahi dudana. Zure lanak nolako harrera izango duen jendearengan ezin duzu kontrolatu. Nahi nukeena da nire lana ikusteko modua aldatzea jendeak, bere denbora aldatzea.

Zer esan nahi duzu denbora aldatzearekin?

Jendeak ikusten dituenean nire koadro txikiak, beste denbora bat hartzen du. Egiten dudana da jendeak artea nola kontsumitzen duen aztertu eta hori buruan eduki. Duela urte batzuk, Guggenheimen erakusketa jarri nuenean, pasillo bat nuen obrak jartzeko. Pasillo horretan jarri nuen obra bat lau metro eta erdikoa zena altueran eta hamaika metro zabaleran. Zergatik egin nuen hori? Distantziarik ez emanda ikusteko, handik igarotzen zenak erreparatuko zion, bai ala bai. Arte Ederretako ikaslea nintzen artean ia-ia, karrera amaitu berria. Jendea erakusketa handiak eta izen ezagunen lanak ikustera zihoan museora. Arreta pixka bat eskuratzeko horixe nuen aukera. Jendearen arreta eta denbora irabazteko. Erakusketen inaugurazioetan ikusten dut: jendeak ez du ikusten obrarik ia. Hitz egiten du, ardotxo bat hartu, baina ez du denborarik hartzen obra ikusteko. Instagramen berdin. Dena da irudi, baina denborarik ez du hartzen jendeak irudi horiek ikusteko. Horren kontra egin nuen beste erakusketa bat, bederatzi koadro txikiz osatua. Estrategia erabat desberdina, hortaz. Zu galeria batera sartzen zara eta halako koadro txikiei erreparatzeko gerturatu beharra daukazu. Madrilen egin nuen erakusketak izenburutzat zuen 20 minutos de pensamiento abstracto. Nik ez nuen azalpen-testu bat idatzi nahi koadro horiek ikusteko, ez nien begirada baldintzatu nahi.

"Erakusketen inaugurazioetan jendeak ez du ikusten obrarik ia. Hitz egiten du, ardotxo bat hartu, baina ez du denborarik hartzen obra ikusteko"

Ez zara azalpen-testu horien zalea?

Ez zait gustatzen azalpen estuegiak ematea; eman ahal ditut pista batzuk, giltza batzuk, baina irakurketak zabalduko dituztenak edo ikusleari gehiago arakatzeko gogoa piztuko diotenak. Irakurketa ez mugatzea, gehiago zabaltzea da erronka.

Margolaria-n azaltzen da musikariak bakardadearekin duen harremana. Nolakoa daukazu zuk?

Gaur egun zailtasunak ditugu kontzentratzeko. Horregatik ere jarri nuen izenburu hori: behar ditugu hogei minutu pentsamendu abstraktua garatzeko. Horretan askotan pentsatu izan dut korrika egiten dudanean. Bakardadea ona da pentsamendu abstraktu hori garatzeko. Estudio honetantxe orduak eta orduak pasatu ditut bakarrik. Estudiotik ez naiz apenas irteten. Eta ez naiz bakartia, soziala naiz. Baina, pintatzeak asko du bakardadetik; pintzela, oihala eta zu zeu. Koadro txiki baten aurrean orduak igarotzen dituzu. Produktibitatea artean erridikulua da. Orduak eta orduak sartu, baina akaso lan bakarra aterako zaizu baliagarria.

Denbora ematea da kontua...

Nik denbora asko behar izaten dut koadroak margotzeko, denbora asko hartzen dut. Ekainean erakusketa izan dut Madrilen. Erakusketa horretako koadroak pintatu nituen Berlinera ailegatu nintzenean. Iazko udan amaitu nituen, eta gero uzten dut arnas har dezaten, eta azken orraztua Gabonetan egin nuen. Artista asko azken unera arte egoten da gauzak aldatzen. Nik ezin izaten dut hori egin, eta era berean saiatzen naiz egindako lanak interneten ez erakusten aldez aurretik. Hedabideek eta egungo gizarteak abiadura eskatzen dute, eta ni saiatzen naiz hortik eskapo egiten. Jende askok esaten du: “Nik ikusita daukat koadro hori”. Ez, ez, zuk ikusita daukazu koadro horren irudi bat Interneten, baina ez koadro hori.

Antsietatearen aurka, denbora?

Antsietatea da gaur egungo gure bizimoduan igartzen dudana… Eta hortik W. H. Audenen poesiaren izenburua erabili izana Madrilgo azken erakusketaren izenburutzat: The Age of Anxiety. Erabat desberdina da Audenek bere poema horretan islatu nahi duen antsietatea eta nik erakusketan islatu nahi izan dudana. Berean, Bigarren Mundu Gerra ostean gizartean geratzen den hutsunea da ardatz nagusia. Nirean, ordea, gaur egun irudiak edo bizitza irakurtzeko nabarmendu den errazkeria. Abiadura. Nik ikusleari nire lanak ulertzeko orduan arreta eskatzen diot, denbora.

Berlinen egoteak nola eragiten dizu artista modura, Euskal Herritik kanpo egoteak?

Niretzat arazotsuagoa litzateke une honetan han egotea, edo han izanik nola eramango nukeen pintore izatea. Pintura ez dago bogan Euskal Herrian. Han ez nuke leku bat izango ziur aski. Errespetu bat lortu dut, baina lortu nuen Madrilen erakusketak egiten hasi nintzenean. Madrilen ere ez nintzen inor, eta errespetua lortu nuen Londresera joan nintzenean, eta horrela...

Pintura ez dago bogan. Arte kontzeptuala edo perfromancea aldiz bai. Nola bizi izan duzu diziplinen arteko tentsio hori?

Pinturaren barruan ere rara avis samarra naiz, figuratiboa lantzen baitut. Ez dudala lortuko bidea egitea euren arauak segitzen, tira… XX. mende bukaeratik sarritan hitz egiten da pinturaren heriotzari buruz. Pentsalari asko izan dira pinturaren heriotzaz idatzi dutenak eta hori da gaur egungo pintore askok duten kexa, edo arte sistemaren barruan euren lekua topatzen ez dutenean euren buruen defentsan esaten dutena. Eskultore, argazkilari, performer edo bestelako artista bati galdetuz gero, oso antzekoak izango dira euren kezka eta ardurak, eta modu antzekoan egingo dute euren buruen defentsa.

Eta orain, zer?

Proiektuak baditut esku artean, Bogotan, Mexiko Hirian, Euskal Herrian… Nire buruari helmugarik jartzea ez zait gustatzen, ze hara iristen zarenean, zer? Norberari zangotrabak jartzea da hori. Pentsatu nire buruari jartzen diodala honako helburua: nahi dut Guggenheimen erakutsi. Egin nuen, eta? Orain zer? Horrelako helmugak jartzeak ez dauka zentzurik. Helburuak muga bihurtzea ez da ona.

Txoririk margotu duzu inoiz?

Ez, ez dut txoririk marraztu. Aspaldidanik dut txorienganako fijazioa… Londresera bizitzera joan nintzenean, bele luma bat topatu nuen parkean, eta luma horretan ordura arte pinturan bila nenbilen grisak aurkitu nituen. Orduz geroztik garbi izan nuen beste hiri batzuetara joango nintzela luma berrien bila. Ideia hori Itziar Koteronek nire lanari buruz egindako Luma Berrien Bila dokumentalaren abiapuntua da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pintura
Van Goghen koinata eta fenomenoaren ama

Bussum (Herbehereak), 1891ko azaroaren 15a. Johanna Bongerrek (1862-1925) zera idatzi zuen bere egunerokoan: “Urte eta erdiz lurreko emakumerik zoriontsuena izan nintzen. Amets luze eta zoragarria izan zen, amestu litekeen ederrena. Eta ondoren sufrimendu izugarri hau... [+]


2023-09-17 | Julen Azpitarte
Beste munduko margolanak

Hilma af Klint (Solna, 1862 – Danderyd, 1944) artista suediarra pintura abstraktuaren sortzailetzat jotzen da egun, baina Vasili Kandinskiren aurretik, bere obra abstraktua ezkutuan izan zen 1980ko hamarkadaren erdira arte. Milaka margolan, testu eta koaderno sekretupean... [+]


Ekilore-zopa

Klimaren aldeko ekintzaile batzuek Van Goghen Ekiloreak koadroari zopa poto bat jaurtitzeaz, lehenbizi, zera esan behar da: munduko intentziorik onenarekin egindako ekintza izan dela. Bigarrenik berriz, aurrekoari erantsi behar zaio munduko intentziorik onenak ez duela askorik... [+]


Esnezaleak ezkutatzen duena

Johannes Vermeer margolariaren artelan ezaguna eskaneatu dutenean ezusteko elementu batzuk azaldu dira, egileak gero kendutakoak.


Eguneraketa berriak daude