“Anaia Handia ez da jada mehatxua, lagun fidagarria baino”

  • Fisikaria eta konputazio kuantikoan aditua da Lars Wehring koloniarra. Alemaniako Capulcu kolektiboko kide moduan kapitalismo korporatiboa garatzen ari den gizarte hiper-konektatuaren arriskuez ohartarazteko hitzaldia eman zuen maiatzean Bilboko Zirika gunean. Teknologiaren eta boterearen arteko loturak ikertu ditu, eta teknologikoki geroz eta bideratuagoak diren harremanen aurrean, harreman naturalak berreskuratzeko autodefentsa digitala egin behar dugula dio.  

"Teknologia ez da tresna, sistema oso bat baizik, pentsatzeko era bat. Horregatik diogu teknologia biolentzia dela, gerra soziala" (Argazkia: Iñigo Azkona)

Zer da Capulcu kolektiboa?

Izena Turkiako Erdogan presidentearen aurkako 2013ko protestetatik hartu genuen. Istanbulen parke baten defentsan ari ziren herritarrak gutxiesteko çapulcu batzuk zirela esan zuen Erdoganek; alegia, arloteak, alferrak. Manifestariek buelta eman zioten irainari, hitza euren buruak identifikatzeko harrotasunez hartuz.

Gu kaletik ezagutzen ginen, mugimendu sozialetatik eta hacker eszenatik. Eduard Snowden-en 2013ko salaketak izan ziren gure kolektiboaren abiapuntua. Autodefentsa digital moduko zerbait egin behar genuela pentsatu genuen, pribatutasun eta anonimotasun guneak mantentzeko. Baina berehala ikusi genuen autodefentsa hori, guztiz beharrezkoa izan arren, ez zela nahikoa izango, diskurtso erradikala osatu behar genuela teknologiari berari buruz.

Teknologia bera neutrala da?

Aurrerabide teknologikoaren ahalmen askatzailean sinetsi eta aldi berean berau kapitalismotik askatzen saiatzeko joera bat egon da ezkerraren baitan, teknologia neutrala dela iritzita. Beste iritzi batekoak gara gu, ikuspegi erradikal autonomotik iruditzen baitzaigu kritika gehienak ikuspegi sozialdemokratatik egiten direla. Marcusek zioenez, dominazioa ez da soilik teknologiaren erabilera, teknologia bera menderakuntza da. Dominazioaren zenbait helburu eta interes ez dira kanpotik ezarriak, teknologiaren beraren ezaugarri baino. Botereak teknologia darabil gizartea norabide batean eraldatzeko. Beraz, teknologia ez da tresna, sistema oso bat baizik, pentsatzeko era bat. Horregatik diogu teknologia biolentzia dela, gerra soziala. Muntaketa katea asmatu zuen Taylorrek langilearen autonomia borrokatzeko, eta antzeko prozesua gertatzen ari da egun.

Kapitalismoaren lorpenetako bat ei da langile klasearen autokontzientziaren desagerpena. Are, prekario direnak ere ez dira sentitzen langile klasekoak.

Gainera, pentsatzen dute beren bizitzen kontrola dutela, gailu horiek guztiek boterea ematen dietela, eta ez dira ohartzen korporazioei ematen ari diren botereaz. Gailuok erabilgarriak direla hartzen badugu bakarrik kontuan, orduan galduta gaude. Plataforma kapitalismoaren —UBER, Airbnb, Deliveroo eta antzerako plataformei erreferentzia egiten die terminoak— birtualizazio prozesuek kontzientzia galarazten digute.

Argazkia: Iñigo Azkona

Amazon da kapitalismo korporatiboaren egungo paradigma?

Bai, Googlerekin batera. Biek nahi dituzte gure egoera, ohitura eta asmoak sakonki ezagutu, monitorizatu negozioa egiteko. Langileak eurak ere gailu baten bidez kontrolatzen ditu. Gailuak eskaera bakoitza osatzeko gaiak zeintzuk diren esaten dio langileari, eta bakoitza eskuratzeko biltegi barruan biderik laburrena zein den esaten dio. Gailuak langile horren abiadura ere neurtzen du Amazonentzat, baina ez dio esaten berari zein den bere emankortasun maila; langilea, kezkatuta, gehiago ahalegindu dadin. Hiru hilabeterik behin, batez bestekoaren azpitik dauden langileak kaleratzen ditu Amazonek.

Facebookek gure datu pribatuekin profilak sortu eta iragarleei saltzen dizkie, baita alderdi, lobby edo gobernuei ere.

Saltzen ari dira, baina gero eta gehiago ikusiko dugu nola beraiek erabiliko dituzten zuzenean sektoreak dominatzeko. Amazon bera, adibidez, osasun aseguruen arloan sartuko da aurki. Guri buruz hainbeste dakite, datuak erabiliz gure egoera eta gure arriskuak kalkulatu ditzaketela, egiten dugun kontsumoaren arabera. Generali aseguru etxeak eskumuturreko adimentsuak ematen dizkie bezeroei doan. Hortik ateratako datuekin badakite pertsona horrek ariketa egiten duen, bere gorputzak nola erantzuten duen eta berari asegurua egitea komeni zaien. Ikuspegi paternalista da, “mundua konplexuegia da zuretzat, eman iezaguzu adituoi informazio guztia eta guk zainduko zaitugu”; laster hasiko dira “gure hobe beharrez” DNA laginak eskatzen, asegurua egiteko, eta prezioak dinamikoki ezarriko dira bakoitzaren profilera egokituta.

Garai batean ikuspegi autonomoak asko erreparatzen zion botereak zelatatzen gaituelako ideiari. Egun, paradigma erabat aldatu da: Anaia Handia zailagoa da identifikatzen eta gainera gu geu ari gara berari informazioa ematen.

Bai, eta konplikatzen ari da. Botere zapaltzailearen 80ko urteetako ikuspegia sinplea zen, simpleegia. Orwellen irudiak ez du oso ondo islatzen egungo egoera, jada ez baita denok ikusten gaituen panoptiko beldurgarri bat, gehiago da normalizazio prozesuen nahasketa bat. Ez baduzu parte hartu nahi deskonektatu dezakezu, baina eguneroko komunikazio sozialetik at geratuko zara. Beraz, libreki sartzearen eta sartzera behartua izatearen arteko nahasketa da. Gure bizitzaren inguruko xehetasunak ematera gomitatuta gaude eta mekanismoak oso ondo funtzionatzen du, gure bizitzaren alderdi intimoenak ezagutzera ematen ditugu atsegin handiz. Boterearen egungo bertsioak oso gutxitan erabiltzen du lehenengo errepresio mekanismo zaharra. Anaia Handia ez da jada mehatxua, lagun fidagarria baino.

Deskonektaturik bizitzeko gero eta aukera gutxiago daude, beraz?

Txinan, adibidez, puntuazio sozialaren sistema integrala ezarri dute, interneterako ez ezik, offline bizitzaren alderdi neurgarri guztietara ere zabaltzen dena. Esaterako, gidari moduan ondo portatzen bazara puntuak irabaziko dituzu, zaintza sistemak zure autoaren matrikula ezagutzen duelako. Puntu negatiboak jasoko dituzu arauak hautsiz gero. Egiten duzun guztiagatik puntu positiboak edo negatiboak jasotzen dituzu: erosteagatik, zerbitzuak ebaluatzeagatik... Gero, puntu horien arabera definitzen dira zure gaitasunak gizartean, baita egin dezakezuna ere: atzerrira joan, etxea alokatu... Zenbait gauza egin ahal izateko gutxieneko puntu kopurua eduki behar duzu. Offline-online desberdintzapena desagertzen doa.

Zer gertatzen da nahikoa puntu lortzen ez duen jendearekin?

Ez dira automatikoki disidenteak, baina oso aukera murritzak dituzte gizartean. Txinan, ez duzu lortzen abiadura handiko trenerako edo nazioarteko hegaldietarako txartelik, ez duzu lortzen lanposturik, etxebizitzarik... Zure profilaren ebaluazioa ezinbesteko eskakizuna bihurtzen ari dira geroz eta oinarrizko zerbitzu gehiagotan. Sistema integral hori Europara ekartzeko asmoa dute, eta orain harrokeriaz esan dezakezu ez zenukeela inoiz horrelako sistema bat onartuko, baina normalizazio prozesuaren parte bihurtuko dute, bortxa erabili gabe.

Amesgaizto distopiko baten deskripzioa dirudi horrek.

Bai, eta behetik hasten da zabaltzen. Esaterako, ikasleak, gurasoak, lagunak… Hainbat talde Whatsapp bidez antolatzen dira. Horri uko eginez gero, nolabait aldentzen zara, zure burua egozten duzu talde sozialetatik. Ez da, beraz, Txinako kontua soilik, Europan ere oso erraz ezarriko dela dirudi. Horregatik erresistentzia askoz goizago hasi behar da, bizitza sozialaren neurtze eta bideratze prozesu zibernetiko hauek geldiarazi behar ditugu, aurre egin behar diogu bizitza sozialean dena neurgarria delako ideia horri. Neurketa horiek ebaluazioak bihurtuko dira eta ebaluazio horiek abiapuntua izango dira gure bizitza soziala aurreikusteko eta gure portaera disidentea zuzentzeko. Beraz, hasteko, gure neurketa prozesuari berari egin behar diogu aurre.

Argazkia: Iñigo Azkona

Domotika da distopia hori gure etxeetara sartzeko erabiltzen ari den bide bat?

Bai, auto, etxe eta hiri adimentsuak... gure bizitzaren alderdi orotan sartzeko prozesua da eta uko egin behar diogu. Erosoagoa da dena interkonektaturik ez dagoen sistema autonomo batean bizitzea, bestela gure bizitzaren kontrola galtzen dugulako. Smart Home kontzeptuan, zuk ezin duzu konputagailu zentralera konektatu gabe etxeko atea itxi edo argia piztu ere, hori matxuratzen bada ezin zara zure etxetik irten, absurdua da. Dena interkonektatzeko joera dependentzia handiak sortzen ari da, ez da joera askatzailea, kontrakoa baizik. Amazon, Google, Facebook, Apple bezalako korporazioen mendeko bihurtzen gaitu.

Zer gertatzen da benetako plaza eta taberna fisikoekin, sozializazio gune tradizionalekin?

Korporazioak ahultzen ari dira estatu klasikoaren errepresentazio autoritatea. Administrazioak herritarrak kontrolatzeko ahalmena galtzen ari dira konpainia hauen mesedetan, antzeko estrategiak badituzte ere. Estatuak, hirigintzaren bidez, kontrolagaitzak diren benetako plazak eta kaleko topaguneak ezabatu nahi ditu, eta Facebook eta Google gauza bera saiatzen dira: komunikazioa aurrez definitutako kanaletara ekartzen. Gure ikuspegitik funtsezkoa da kalean benetako harreman analogikoak izatea, kontroletik at daudelako.

Mundu interkonektatu horretan zenbat eta gehiago sartu, orduan eta zailagoa zaigu irtetea.

Hala da, eta teknologia garapena abiada mordoa ari da hartzen, jada ez gaude haren aurrean jarrita trena geldiarazteko moduan, baina akaso bai haren atzetik korrika egiteko moduan. Pentsatu behar dugu zeintzuk diren oraino erabat onarturik ez dauden teknologiak, adimen artifizialak garapen handia izango du laster baina ez dago oraindik onarturik. Hor, adibidez, garaiz gaude oraindik erresistentzia jarrera indartsu batekin eragiteko.

Zer egin dezakegu, posible da deskonektatzea?

Deskonektatzea garesti ordaintzen da, egungo gizartean zure aukera guztiak moztea dakarrelako. Beraz, norberak begiratu behar du zerbitzu sozial direlako hauetatik zeintzuk behar dituen benetan, zeri egin diezaiokeen uko. Ni sekula ez nintzateke sartuko Facebooken, gauza askori uko egitea litzatekeelako, baina badira, Mexikoko aktibisten artean esaterako, Whatsapp borrokarako erabiltzea onartzen duten jende eta kolektibo batzuk.

Zer beste tresna ditugu eskura?

Hackerren erasoak, datuen filtrazioa, Google busen eta robot autoen aurkako boikotak, Google betaurrekoen aurkako kanpainak, Google campusen eta Amazon banaketa zentroen aurkako protestak, haien azpiegitura digitalen aurkako erasoak, bizitza sozialaren zibernetizazioari aurre egitea, eta beste. Etorkizuna idatzi gabe mantentzea.

Akats bat Matrix-en
“Bada anekdota esanguratsu bat: bizikleta bidezko janari banatzaileak euren burua antolatzen hasi ziren, baina ez Whatsapp talde bat sortu zutelako, sistemaren akats bati esker baino. Kontua da rider horiek toki jakin batzuetan biltzen zirela, hurrengo eskaeraren zain, eta une horietan hasi ziren hainbat gauzez eztabaidatzen, euren lan baldintzez, esaterako”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Teknologia berriak
Teknologia
Mundu ikuskerAA

Gizakiontzat ez da inoiz erraza izan lasai pentsatzeko denbora tarte luzeak hartzea, bizimodua aurrera ateratzearen ardurarekin bizi gara, bai geurea zein geure ondorengoena. Bizitzeko izan dugun aukera honetan, ahalik eta ongien nahi ditugu gauzak egin. Ardura horiengatik,... [+]


Atera argazkiak eta parte hartu euskal Fedibertsoko egutegian

2025 urteko egutegia argitaratuko du Abaraska taldeak, argazkiak partekatzeko Pixelfed.eus sare sozial euskaldun, libre eta federatua sustatzeko asmoarekin. Parte hartzeko nahikoa da azaroaren 15a baino lehen bertan argazkiak partekatzea #FediEgutegia2025 traola erabiliz.


Teknologia
Botere guztia

Badira zenbait pertsona aztertzekoak direnak, euren artean Elon Musk. Duten askatasunaren ideiak dena kontrolatzeko beharretik datorrela dirudi, botere guztia izatetik, botere guztia izanda negozioak sortzea errazagoa delako, eztabaidarik ez baitago; eredu hegemonikoak indartsu... [+]


Europak 15.000 milioi euroko isuna jarri die Apple eta Google multinazionalei

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Apple eta Irlanda kasua ebatzi, eta Googleren aurkako zigorra berretsi du, nagusitasunezko posizioaz abusatzeagatik.


Gurasoek nola eta zenbat erabiltzen dituzten pantailak zuzenean dago lotuta seme-alabek pantailekiko duten harremanarekin

Nerabe batek mugikor, tablet eta pantailei ematen dien erabileran eragin handienetakoa gurasoak direla frogatu du ikerketa batek. Alegia, nahiz eta adin horretan gurasoenganako distantzia bilatu ohi den, pantailekiko garatuko duen harremanean gurasoak oraindik ere eredu direla... [+]


Ikasgeletan mugikorra erabiltzeari buruzko eztabaida prozesua iragarri du Jaurlaritzak

Eskolan adimen artifiziala erabiltzera animatu ditu irakasleak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, eraldaketa digitalaren beldur ez izateko esan die. Ikasgelan mugikorra erabiltzeari buruzko gogoeta prozesu bat ere iragarri du: “Ez dago erabilera horrek duen... [+]


Eskoletan eduki sexualeko irudi faltsuak zabaltzen ari direla salatu dute Hego Koreako feministek

Neska gazteak agertzen dira irudietan eta Telegram bidez zabaltzen dituzte. Irailaren 1ean kanpaina bat abiatuko dute sare sozialen bidez, gobernuak neurriak hartu ditzan.


2024-08-29 | Sustatu
Suitzan diote: Diru publikoa, kode publikoa

Duela aste batzuk Suitzak lege federal aitzindaria onartu du (Europako legedietan aitzindaria), LMETA delakoa, Loi fédérale sur l’utilisation de moyens électroniques pour l’exécution des tâches des autorités frantsesez,... [+]


2024-08-29 | Axier Lopez
Telegram jo-puntuan Frantzian

Telegrameko sortzaile eta kontseilari delegatu Pavel Durov larunbatean atxilotu dute Parisetik gertu dagoen aireportu batean bere jet pribatutik jaistean. 39 urte eta nazionalitate frantziarra eta errusiarrak ditu Durovek, eta Dubain bizi da azken urteotan. Iruzurra,... [+]


Telegramen sortzaile Pavel Durov aske utzi dute, baina zaintza judizialpean eta Frantziatik irtetea debekatuta

Bost milioi euroko fidantza ordaindu du, eta astean bitan agertu beharko du poliziaren aurrean. Hamabi delitu egotzi dizkiote, eta bere seme-alabetako baten aurkako “indarkeria larriagatik” ikerketa ireki diote Frantzian.


Teknologia
Eraginak kontrolatzen

Gizakiok harremanetan gaude gure artean eta bizi dugun ingurunearekin; egiten dugun guztiak eragina du, onerako zein txarrerako. Sortu dezakegun eragin negatiboa murrizteko norberaren balioak, kultura, harremanak eta aukera materialak erabakigarriak izaten dira.

Askotan... [+]


Zergatik ez gara arreta mantentzeko gai?

Langileen %80ak ez du ordubete irauten arreta galdu gabe eta %20 inguru hamar minuturo distraitzen da. Kontzentratzeko gaitasun falta ez da soilik mugikorren eta estimulu teknologiko andanaren errua, elikadurak, kutsadurak eta oinarrian gure bizi estiloak ere zerikusi handia... [+]


Eguneraketa berriak daude