"Azken finean, hori da sekretu bakarra: lan egin eta auzoa biltzea"

  • Zeresana ematen duen Bartzelonako auzoa da Vallcarca. 2008an bertako eraikin ugari bota zituen inposatutako hirigintza planak, eta geroztik auzoak borrokan dihardu bai entitate publikoen bai interes pribatuen aurka. Júlia de Orovio auzoko bizilaguna eta Assemblea de Vallcarcako partaidea da, eta auzoko Voltes arkitektura kooperatiban egiten du lan.

“Auzo-mugimenduak indar handiago dauka arkitekto bat tartean denean, udaletxearen lengoaia bera darabilelako” (Argazkia: Jordi Borràs)

Bartzelonan, etxebizitza arazoez, gentrifikazioaz edota auzoen erresistentziaz hitz egitean, sarri hizpide den auzoetako bat da Vallcarca. Zergatik?

1976an Bartzelonako Metropoliko Lurralde Plana aurkeztu zenean gurutzea jarri zioten auzoari. Ia 30 urte beranduago, 2002an, desjabetzeak hasi ziren ematen, eta 2008an eraikinak eraisteari ekin zioten. Plana birdefinitzeko lana hasi zuen orduan auzoko asanbladak, hirigintza plana gelditu eta moldatzeko xedez. Zer-nolako auzoa nahi genuen pentsatzen hasi ginen. Arretaz ari gara, gentrifikazioaren beldur: besteak beste, alokairuen prezioa kontrolatzeko borrokan gabiltza.

Gentrifikazioa aipatu duzu, egun askoren ahotan dabilen hitza. Nola definituko zenuke?

Gentrifikazioa prozesu bat da, zeinetan auzo baten ehun soziala aldatzen den. Auzoa degradatzen da, eta bertako jendeak auzoan gustura egoteari uzten dio. Prozesuak beste sektore sozial bat dakar auzora: izan daitezke gazteak, ikasleak, artistak edota okupak. Auzoaren itxura hobetzen doa, eta aldaketa esanguratsua ematen da: denek bizi nahi dute bertan, eta denentzat lekurik ez dagoenez, klase altuagoko jendeak hartzen du behe klasekoen tokia.

Gentrifikazioa turismoarekin lotu ohi da. Vallcarcako egoerak badu turismoaren eraginik?

Bai eta ez. Egia da Park Güellera garamatzan kalea turistentzako dendez gainezka dagoela, eta ziur naiz lokalen alokairua ez dela merkea. Baina auzoko alde zaharreko betiko denden itxiera ez du turismoak eragin, baizik eta hirigintza planek, udaletxeak, eta Núnez y Navarro enpresa eraikitzaileak. Horiek dira auzoa apurtu dutenak, lehen zeuden aroztegi, okindegi eta abarrak eraitsi dituztenak. Hirigintza planak dira auzoak kondenatzen dituztenak.

2008an auzoko hainbat eraikin eraitsi ziren. Assenblea de Vallcarca honen ondorioz sortu al zen?

Argazkia: Jordi Borràs

Lehen taldetxo ugari zeuden auzoan, bakoitza bere lan egiteko moduarekin: okupak, Ateneoko jendea, Heura Negra taldeko kideak, anarkistak, l’Antic Forn elkartea... M15 mugimenduaren harira hasi zen auzoan asanblada antolatzen 2011n, eta berau bilakatu zen koordinazio gune. 2014ko parte-hartze jardunaldien ondoren udaletxeak zilegitu gintuen, eta orduan mahaigaineratu ziren hainbat gai: nolako auzoa nahi genuen erabaki zen, baita hirigintza plana aldatzeko beharraz edo Núnez i Navarro enpresa eraikitzailea auzotik kanporatzeko borondateaz hitz egin ere.

Assemblea de Vallcarca-n ez ezik, Voltes arkitektoen kooperatiban ere egiten duzu lan. Zein da arkitektoaren rola horrelako prozesuetan?

Badago alderdi teknikoa, guztiz ezezaguna zaiena auzokideei: gure lanaren zati interesgarri bat da jakinduria hori transmititzea. Orain Vallcarcan denek dakite zer diren tipologia, bolumena, metro karratuak... beren burua babesteko “hirigintza masterra” egin duen jendea da. Auzo-mugimenduak indar handiago dauka arkitekto bat tartean denean, udaletxearen lengoaia bera darabilelako.

Hirigintza plan batek auzoa kondenatu dezakeela esan duzu. Alabaina, arkitekturak zein hirigintzak, lagundu ere egin dezakete auzo bat, ezta?

Guk arkitektoen eta auzoaren arteko bilkura dugu. Vallcarcak ezberdin funtzionatu du arazoari gerturatzeko izan duen moduagatik. Ni guztiekin biltzen naiz egunero, hausnartu egiten dugu, denon artean erabaki zer behar dugun. Lan horren ondoren jasotzen dut eskaera zehatza, egin behar diren planoak. Denon arteko elkarlana da. Arkitektoak ez du irtenbiderik ematen, irtenbidea bilatzen dagoenari laguntzen dio.

Euskal Herriko hainbat hiritan ere auzo ugari hasi dira beren egoera salatzen. Vallcarcako prozesua bizi ondoren, zein gomendio emango zenieke?

Lehenik eta behin antolatzeko eta lan asko egiteko prest egoteko esango nieke. Auzoetan askotariko jendea bizi da, eta denon artean antolatu beharra dago. Gure kasuan Assenblea de Vallcarca izan da bilkura gunea: ia-ia atez ate joan gara, auzokideei egoera zein zen azalduz eta asanbladetara etortzeko gonbita luzatuz. Behin auzoa mobilizatu zenean manifestazioa egin genuen, eta komunikabideen bidez ere presioa egin dugu, ahal izan ditugun elkarrizketa guztiei bide emanez. Udaletxearekin harremanetan ere hasi ginen gero.

Erakundeekin lan egitean proposamenak argi eramatea da garrantzitsua, bilera aurretik aukerak eta dokumentuak ongi-ongi landu behar dira. Azken finean, hori da sekretu bakarra: lan egin eta auzoa biltzea.

Auzo berria marrazten
“2002ko hirigintza plana birdefinitu nahi genuen, baina orri zurian marrazten hastea ez da horren sinplea. Urte horietan guztietan prozesua martxan eduki dugu, eta galderak ugari izan dira: Zer esan nahi du hirigintza sozialak, auzo-herria nahi badugu? Nolakoa da auzo-herria? Nola egiten da? Apurka-apurka, galderak erantzuten joan gara. Lan teorikoa izan da, eta bukaerarako bagenituen marraztuak eraikinen formak, gune berdeak, espazio publikoak. Guzti hori hausnarketa prozesuaren emaitza izan da”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hirigintza
2024-02-29 | Estitxu Eizagirre
Nola elikatu hiriak?
Hiriko parkeetan zergatik ez fruta arbolak eta barazkiak landu zuzenean biztanleentzat?

Hiriak nola elikatu? Horra Egonarria saioan Eli Pagolak Audrey Hoc laborariari luzatu dion galdera. Hoc-ek, bere lagun Aimar Rodriguezekin batera, fruitu arbolak ekoizten ditu, Etxalarren baso jangarria dauka eta Biriatuko udalarekin elikadura burujabetzaren estrategia martxan... [+]


Frankismoak errepresialatutako emakumeen izenez jantziko dira Txantreako karrikak

Hiru urteko lanaren emaitza jaso du Iruñeko Udalak sinatutako dekretuak. Auzotik sortutako ekimenari esker, zazpi kale eta hiru plaza izendatuko dituzte.


Chinatown: zokoratuak eta zukutuak

Txina, 1417 urte inguruan. Zheng He almiranteak, Ming dinastiako enperadoreen soldatapeko esploratzaileak esan zuen posible zela “mundu osoa ibiltzea Txinatik irten gabe”. Ordurako Indiako Ozeanoan, Itsaso Gorrian eta Asiako hego-ekialdean zabaltzen hasia zen kolonia... [+]


2024-01-04 | ARGIA
6.486 donostiarrek ezezko botoa eman diote Basque Culinary Center Gros eta Uliako parkeetan ezartzeari

Uliako auzo elkarteak eta SOS Manteo plataformak herri galdeketa egin dute asteburuan. 6.948 lagunek hartu dute parte, eta 6.486 parkeak babestearen alde agertu dira.


2023-12-13 | Axier Lopez
Gipuzkoa konkistatu zuen Gaztelako erregearen omenezko kaleari izena aldatu dio Arrasateko Udalak herritarren eskariz

Gipuzkoa Nafarroako Erresumatik aterarazi eta Gaztelarentzat konkistatu zuen Alfonso VIII. erregearen omenezko kaleari izena aldatuko diote. Horren partez, “17 emakume" deituko da kale hori, frankismoaren lege matxisten aurka borroka egin zuten herriko emakume batzuen... [+]


Eguneraketa berriak daude