Gazte bete sormen

  • Topagunea dira lagunak, kontzertuak, txandak, kanpina, hitzaldiak, resakak eta... bai, Euskal Herriko gazte sortzaileak ezagutzeko aukera ere bai. Horretarako zegoen aurten bereziki Lemoan Gazte Sortzaileen Plaza, gazteak sortzen dabiltzana entzun, ikusi eta dastatzeko gunea. Karpatik pasa ziren trap zaleak, txelo jotzaileak, antzerkilariak eta dub bibrazioak. Baina oholtza handiaren bizkarrean, gaztetxeko areto eta geletan ere sortu ziren hainbat proiektu eta emanaldi interesgarri. Hara hurbildu ginen igande bazkalostean, ez egunik onenean (oraindik bizirik?), ezta ordurik onenean ere (siesta, agian?), baina emateko zutena jasotzeko gogoz.

Argazkia: Laura Moscoso Vila.
Argazkia: Laura Moscoso Vila.

Noiz: Apirilak 21
Non: Gazte Topaguna, Lemoa

“Tripak: huts bete hots” zioen egitarauak. Huts, nahiko huts zegoen gaztetxea hamar minuturen faltan, oraindik begietako bekarrak kendu eta azken uneko kafea hartzen duten gazteak hartzeko zain. Eserlekuak betetzen joan ziren ordea, eta aretoa txukun geratu zen kortesiazko bost minutuak pasatzerako. Publikoa isilik, artistak noiz agertuko. Haien ordez bideo bat, paper zimurtuz estalitako egitura batean proiektatua. Lanpara itzali bat, aulkitxo bat eta koaderno bat lurrean botata. Edozer pasa liteke, eta publikoa edozertarako prest dago.

Bi lagun agertu dira, naturaltasunez, ohiko kontuei buruz hizketan, erraietatik datozkien oihartzunak taularatzen. Denok berdin ikusten al ditugu koloreak? Ni naiz? Zu? Noraino naiz ni, noraino zu? Elkarrizketa eta poemen bidez nitasunaren eta kolektibotasunaren arteko harremanei buruz hausnarrarazten duen ikuskizuna topatu dugu, non eta gaztetxe batean. Adibide hoberik ezin liteke egon subjektiboa eta politikoaren arteko zeharkaldiak eszenaratzeko. Emanaldiaren hasieran hartutako hari muturretatik tiraka jarraitu dute saio guztian zehar bi lagunek, orain hitzez, orain idatziz, baita ikus-entzunezko eta gorputz adierazpen bidez ere, tripetako hutsak hotsez harilkatzen.

Erabilitako bideo eta grabaketek sorkuntzaren istorioa osatzen dute gainera, eguneroko batetik lapurtutako pusketak eszenaratzean txertatu izan balituzte bezala. Making off-a obran bertan plasmatua. Metaobra bat, azken finean. Bideo, hausnarketa, kanta, poema, keinu, errezitaldi bakoitzak azal bat eransten dio obrari, barnekoak biluztu eta hautemandako hutsuneak janzteko aukera emanez. Korapiloak egin eta desegin, artilezko jantzietan bezala.

“Tripak: huts bete hots” Eguzki Donnellan Armengod eta Haizea Beruete Lopetegi hasiberrien sormen proiektua da. Gasteizko Gazte Sortzaileak bekari esker sortu dute ikuskizuna bi artistek, Itziar Rekalde Luzarragaren gidaritzapean. Duela gutxi egin zuten lehen emanaldia Gasteizen bertan, eta oraindik ere estrenatzeke omen dituzte zenbait eszena. Beraz, hasi berriek hasi berri duten bira segi, eta ea zer oihartzun ekartzen dizuen tripen hotsak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sorkuntza
2023-12-12 | Jon Torner Zabala
Euskal Herriko emakume sortzaile eta ekoizle txikien azoka, 16an eta 17an Biziolan

Dinagu kolektiboak Biziola kooperatibarekin elkarlanean antolatuta, Euskal Herriko emakume sortzaile eta ekoizle txikien Gabonetako azoka egingo da abenduaren 16an eta 17an Lazkaon. Larunbatean 31 sortzaile bilduko dira, eta igandean beste 30 desberdin.


2023-09-28 | ARGIA
Emakume sortzaileen topaketak iraganen dira urriko lau asteburuetan Garaionen

Emakume Sortzaileak Plazara topaketen bigarren edizioa dute aurtengoa. Antzerkia, musika, olerkia ala beste, 25 artisten ezagutzeko aukera izango da Ozaetako Garaion sorgingunean.


2023-08-01 | ARGIA
Sormen bekak eta egonaldiak eskainiko ditu aurrenekoz Aiaraldeko Kultur Faktoriak

Diziplina ugaritako lau proiekturi esleitu berri die beka, eta udazkenean erakutsiko dira publikoaren aurrean. Horrez gain, jakinarazi dute sormen egonaldiak antolatuko dituztela udazkenean.


Barruan daramagun ipuin-kontalaria

Erronka jarri nahi izan dugu ARGIAtik: zenbateraino utzi diezaiokezu sormenari hegan egiten? Zenbateraino bihurritu dezakezu istorio bat eta bilakatu beldurgarria, barregarria, dramatikoa? Gauza al zara euskarak duen aberastasunari etekina atera, hitz-jolasei leku egin eta... [+]


Maitane Azpiroz. 'La Trapecionista'.
“Oso zaila da hain pertsonala den zerbait beste norbaitek gorpuztea”

Zirkuan eta dantzan trebatu da Maitane Azpiroz La Trapecionista dantzaria eta trapezista (Iruñea, 1982). Zamaren ideiatik tiraka Artxipielago obra sortzen ari zelarik, haurdun geratu eta beste kide bati pasa behar izan zion lekukoa. Orain ez du antzezlanean antzezten,... [+]


Eguneraketa berriak daude