Maider Galardi F. Agirre kazetari eta ikerlariak orain arte ikusezin izandako emakumeei eman nahi izan die ahotsa bere ikerlanean eta horretarako bederatzi elkarrizketa sakon egin ditu. Ikerlanaren izenburuak zehazten du zertaz hausnartu duen: 80-90 hamarkadetan senide eta lagunak gatazkaren erdigunean izan zituzten andreen memoriaren eta praktika erresistenteen bilketa feminista.
Ikerlanaren hasieran dioenez, guztiak ez dira gatazkaren alde berean kokatu eta honek aberastu egin du ikerketa. Errefuxiatu baten arreba, sasian dagoen iheslari baten ama, espetxeratu batena, kartzelatik atera berri den baten bikotekidea edo ETAk hildako baten laguna izateak esperientzia mota ezberdinak eman dizkio bakoitzari, baina hala ere, emakume izateak eta, ondorioz, gatazka “periferiatik” bizi izanak, hainbat aldagai komun ere eman die.
Galardiren arabera, emakumeen presentzia eskasa da bizikidetza foroetan eta gatazkaren ondorioei heltzeko jardunaldietan. Gainera, euskal gatazkaren subjektu feministen inguruan hainbat ikerketa burutu diren arren, orain artean, emakumeak izan arren ere, soilik lehen lerroko protagonistei eman zaie ahotsa eta ez da egin euskal gatazka transbertsalki genero ikuspegitik lantzen duen proposamenik.
Ikerketaren helburu nagusia, beraz, gatazkaren konponbide prozesuan egiten ari den bizikidetza ariketetan eta memoria kolektiboaren bilketan orain arte bigarren lerroan egon diren andreen kontaketak jaso eta beraiek izandako parte-hartze soziopolitikoa ezagutaraztea da. Orain artekoaren berrikuspena proposatu nahi du ikerlariak, biktima izaeraz harago andre hauek subjektu politiko gisa ikusaraziz, etorkizunean memoria kolektiboaren irakurketa osatuagoa egiteko oinarri feministak zeharlerro gisa ezarri daitezen.
Galardiren hitzetan, “gurean gatazka bat eta bakarra izan da aitortua eta honek ikusezin egin ditu beste hainbat”. Gerra logika nagusi izanik (garaile vs. garaitu; alde bat vs. bestea) kontaketa zuzen eta sinplifikatua egin da ardatz bakarraren baitan eta, ondorioz, hainbat ertz eta aldagai kanpoan utzi dira. Gatazkaren eta biolentziaren irakurketa androzentrikoa eginda, lehen lerro horretan parte hartu duten kideen kontaketa soilik jaso da eta ikusezin bilakatu dira gatazkaren parte izan diren beste hainbat subjektu; batik bat, emakumeak. Hauek gatazkaren parte baino, gatazkaren ondorio gisa identifikatu dira.
Horrela, emakumeak bi aldiz izan dira jazartuak. Lehenik, gatazka garaian emakumeen aurka biolentzia forma berezituak erabili direlako (sexu abusuak, bazterketa, bortxaketa…) eta bigarrenik, bake prozesuetan egitura heteropatriarkalak iraunarazi direlako.
Aktore nagusi diren gizonen artean talka nabarmen bat dago egun, memoriaren edo errelatoaren hegemonia lortzeko nahiak sortutakoa. Aurrez esan bezala, ardatz bakarra kontuan hartuta, ardatz horren baitan kokatzen dira bateko eta bestekoak eta ardatz horren arabera aitortzen dizkiote (edo ez) biktimak elkarri. Kontua da, ordea, beste ardatz bati erreparatu eta genero sistemaren araberako rolen bereizketa kontuan hartuz gero, historia guztiz aldatuko litzatekeela, alde bateko zein besteko emakumeen esperientzia antzekoa izan daitekeelako.
Galardiren aburuz, adibidez, “antzekotasunak egon daitezke senarra bisitatzean funtzionario baten etengabeko ukipenak eta kontrola pairatzen dituen emakume baten eta senarra politikaria delako egunero bizkartzaina izan behar duen emakume baten bizipenen artean edo ETAk lagun mina hiltzean lagun sareak huts egin ziolako lekualdatze bat bizi izan zuen emakumearen eta zaintzen jarraitu ahal izateko Iparraldera lekualdatu behar izan zuen emakume baten artean”.
Genero sistemaren arabera egituratutako espazio banaketaren ondorioa da emakumeak gatazkaren bigarren lerro ikusezinean kokatu izana. Atzeguardia hau, noski, eginbehar feminizatuekin lotzen da, intimitatearekin eta kolektibizatu ez diren bizipen indibidualekin.
Hainbat ikerlarik dioenez, gatazka garaian are muturrekoago bihurtzen dira generoen arteko ezberdintasunak. Gizonezko militantearen paperari emakumearena kontrajartzen zaio: lan erreproduktiboak, zaintza lanak… bere gain hartzen dituen ama edo baldintzarik gabeko bikotekidearen papera, egun osoko militante gizonak eta egun osoko emakume zaintzaileak polarizatuz (Zuriñe Rodriguez, 2016).
Elkarrizketatuetako zenbaiti eroso egiten zaie emakume zaintzailearen rolarekiko atxikipena, naturalizatu eta are esentzializatu ere egiten dute. Ama direnek kontatzen dute kartzelan dagoenaren sostengu izan direla; beraien esku egon da bisitetako zerrenden kudeaketa, abokatuekiko eta herriko mititanteekiko harremana, eta abar. Gainera, adierazgarria da elkarrizketatuetako batek kontatzen duena: herrikideek ez bezala berak izugarrizko lasaitua hartu zuen semea atxilotu zutenean, espetxean egonda bera zaintzeko aukera izango zuelako. Galardiren galdera honakoa da: “Lehen lerroko gizon horiek kartzelara sartzean zein bihurtu dira lehen lerro?”.
Beste zenbaitentzat, berriz, gatazka iturri da emakume zaintzailearen rolarekiko atxikipen derrigortua. Espetxean dagoenaren bikotekidea izanda, haiek utzi edo “abandonatu” ezina sentitu dute maiz, eta elkarrizketatuetako batek, esaterako, hasierako bisitetara militante gisa joan arren ingurukoek bikotekidetzat hartu izana salatu du.
Adibide hauek argi uzten dute iruditeria oso bat dagoela atzean, emakume hauei kontaketan elementu aktibo izateko gaitasuna kendu diena. Horrexegatik da ikerlariaren ustez garrantzitsua aitortzea baietz, gatazkak eragin egin diela eta zuzenean, nahiz eta “bigarren lerroan” egon. Gainera, biolentzia bi zentzutan pairatu dutela aitortu behar da: bai biolentziaren kontzeptu hegemonikoa kontuan hartuz, baita biolentziaren kontzeptua ikuspegi feministatik berrikusiz ere.
Ezbairik gabe, agente aktibo izan dira, nahiz eta beraiek egokitutako rol bat betetzeko asmoz jokatu izana sentitzen duten. Galardiren hitzetan, “maitasuna jarri dute denaren gainetik, baina maitasun hori ere politizatu egin behar da”. Kontziente dira egin dutenaz, baina barneratuta daukagun parte-hartze politikoaren kontzeptualizazioa tarteko, ez dute horrekin lotzen. Plazan dagoen jendea, pankartari heltzen diona, mitinak botatzen dituena, modu antolatuago batean parte hartzen duena dute parte-hartzailetzat, eta beraiek egindakoa ez dute hala ulertzen: medikuak lotzea, Iparraldera bisitan joan eta janari mordoa eramatea…
Bistakoa da politikaren adiera zurruna, hegemonikoa eta ustez neutroa (hau da, maskulinizatua) erabili izan dela euskal gatazkaren aktore politikoak zehazteko: militanteak, politikariak, enpresariak, polizia… Emakume gehienek parte hartu dute eta saretu dira hainbat elkartetan, batez ere euren egoera berean dauden emakumeekin (Etxerat, ETAren biktimen elkarteak…) baina elkarte horiek ere genero sistemaren arabera egindako lan banaketarekin oso lotuta egon dira. Alabaina, ezin da ukatu andre hauen parte-hartzea bai maila publikoan baita egunerokoan aurrera eraman beharreko praktika erresistenteetan ere.
Antzera gertatzen da biolentziaren kontzeptuarekin ere. Indarkeria egoeraren bat bizi izan duten galdetzean, ezetz diote. Sakontzen hastean kontatzen dituzte, ordea, Guardia Zibilaren miaketak, jarraipenak, funtzionarioen ukituak, aurkarien lintxamenduak pairatu dituztela.
Aitorpen ezak bi norabide ditu. Batetik, beraiek dira euren buruari egindakoaren garrantzia aitortzen ez diotenak, eta bestetik, kanpotik ere ez dute inolako aitorpenik jaso, ez maila instituzionalean ezta talde bereko kideen aldetik ere.
Galardirentzat, “gatazkaz baino gatazkez hitz egin beharko litzateke”. Andre horiek ere gatazka bete-betean bizi izan dutela aitortuz eta areago, andre izateagatik gatazkak beraiengan aldagai berezituak izan dituela azpimarratuz.
Soilik gizonek, espazio publikoko protagonistek, dute biolentzia jasan izanaren aitorpena. Baina biolentziaren hamaika ertzi erreparatzea komeni da, ezkutukoari leku eginez. Izan ere, alde bateko zein besteko emakumeek jasandako biolentziak antzeko patroiak ditu sarri. Hasteko, bietan bizi izan dute emakume izateagatik propio jasandako indarkeria sexualizatua. Aurkakoen indarkeria nahiz talde barrukoa (askotan mingarriago zaiena) jasan dute andre hauek: hiper-sexualizazioa, irain sexistak, mehatxu konkretuak, hedabideen trataera…
Patroiak errepikatzeak hautsi egiten du gatazka armatuaren aldebiko logika. Biolentzia bikoitza eta gurutzatua da, beraz: batetik, kolektibo konkretu batean kokatu dituztelako (ez dira haiek berariaz kolektibo horren barruan kokatu) sufritzen dutena eta bestetik, emakume izanik genero sistemaren arabera rol gutxiesgarrietan kokatu dituztelako pairatzen dutena.
Bi kokatze hauen ondorio dira bizi izan dituzten bortxazko egoerak: biolentzia psikologikoa (beldurra, kontrola, ezegonkortasuna…), familia eta lagun giroko ondorioak (espazio pribatuaren aldaketa, biziraupen sareen hausturak…), enplegu arloko bazterketa, bizitza duina ez izatea eta identitate kulturala ukatu beharra (identitate propioa alboratzea, jatorrizko giroetatik aldentzea...). Galardik isiltasunaren diziplina eta kalte ekonomiko handiak ere gehitzen ditu zerrendara.
Andre hauek ekintzarako gaitasuna duten subjektu gisa irudikatu nahi izan ditu ikerlariak eta agentzia aitortzeaz gain, boterea ere badutela aitortzen du, “bizitzea egokitu zaien egoera eraldatzeko asmoa (kontzientea batzuetan, inkontzientea besteetan) badutelako”.
Galardik egunerokoan egindako praktika eta aldaketa txikiak ditu hizpide, gutxienez egoera orekatzeko, eta kasu batzuetan, iraultzeko mekanismoak. Egunerokoan egoera biolentoei aurre egiteko estrategiak garatu dituzte: autoritateari aurre egiteko estrategiak (poliziak etxea miatzerakoan, funtzionarioak bularretakoa kentzeko eskatzean, herritarrek bizkarra ematean…) nahiz egoera gatazkatsuetatik irteteko moldeak asmatu dituzte. Denek aipatzen dute, esaterako, tarteka beraien egoera latzetik at kokatzeko aukeren beharra. Bestalde, babes sareak ezinbestekotzat dituzte, norberaren bizipenak modu kolektiboan lantzeko espazioak: militantzia sarea nahiz hurbilekoen sostengua.
Honekin lotuta, adierazgarria da elkarrizketatuetako lauk eskatu diotela ikerlariari elkarrizketa beraien babes sareko partaide baten aurrean egitea.
Nazio Batuen Erakundeak 13/25 ebazpena kaleratu zuen 2000.urtean andreei bakea eraikitzeko eginbeharra esleituz, berezko osagaia balute bezala. Esleipen horrek, bistan denez, indartu baino ez du egiten aurrez aipatutako genero sistemaren araberako rolen banaketa. Nazioarteari erreparatuz, ugari izan daitezke azken bi hamarkadetako erreferentziak: Kolonbia, Guatemala, Mendebaldeko Sahara… eta badira zenbait ikerlari nazioarteko gatazka armatuen ondorioak genero ikuspegitik lantzen dihardutenak, adibidez, Irantzu Mendia.
Euskal Herrian, aldiz, Frantziako Estatuak eta batez ere espainiarrak ez dute Euskal Herrian jazotakoa gatazka izan denik onartu, ezta alde bat baino gehiago egon direnik ere, eta horrek eragin zuzena dauka genero ikuspegitik aztertzeko zailtasunean. Galardik dioen moduan, ikuspegi feminista txertatzea ez da bakarrik gatazkan parte hartu duten emakumeei ahotsa ematea, gatazka bere osotasunean kuestionatzea baizik.
“Balizko bake egoera baterantz trantsizioa ematen ari dela uste da” dio Galardik, “baina gizonak bakarrik ari dira bakea eraikitzen, beraiek dira subjektu aktiboak, berriro ere emakumeak ikusezin bihurtuz eta genero rol eta estereotipoak are gehiago indartuz”.
Gatazka politikoaren ulerkera androzentrikoagatik gatazka armatuaren (eta bere ondorioen) irakurketa planoa egin da, oposizioan eta polarizatuta dauden bi lerroen kontaketa. Kontrara, Galardiren esanei jarraiki, hamaika gatazka gurutzatu dira gurean ere. Emakume hauek eztabaidaren periferian daude uneotan, baina gatazka beren egunerokotasunaren zentroan egon da, eta dago. Hala ere, epika handiaren kontakizunetatik urrun geratu dira eta min pertsonala “politikotzat” ulertzeko zailtasunak dauzkate.
Sexu/genero sistemaren aldagaia kontuan hartu eta gurutze bat eginez, bi aldeetako andreek jasandakoak antzeko formak izan ditzakeela ohartuko gara, patroiak eta kontaketak oso antzekoak direlako. Ikerlariak honako galdera luzatzen digu: “Zer gertatutako litzateke errelatoa Espainiako eta Frantziako Estatuen aldeko eta ETAren aldeko kideen arteko bereizketa eginda beharrean gizon-emakumeen arteko bereizketaren arabera osatuko bagenu?”.
Ikuspegi honetatik behatuta, gakoa ez dago lerroen arteko bereizketa egitean, genero sistemaren araberako bereizketa egitean baizik.
Marijo Louis paristarra da sortzez, 1977an heldu zen Miarritzera Euskal Herriko borrokek erakarrita. Josetxo Otegi zizurkildarrak 1983an pasa zuen muga Gipuzkoatik Lapurdira, Poliziatik ihesi. AEK-ko irakasle eta ikasle zirela ezagutu zuten elkar. 1986an, GALen atentatuen,... [+]
Ibilbideen serie honetako ezberdinena dirudike Baiona Ttipiak, bere antzinako eraikinei beha jarriz gero: ez blokerik, ez adreilurik, ez maldarik.... herrixkatxo lasai bat da. Aitzitik, Errobi ondoko auzo honen historian barrena eginez gero, konturatuko gara borroka politiko... [+]
Lau egunez Lakuntza milaka lagunez bete du Hatortxu Rockek. Aurtengo edizioak presoen aldeko jaialdiaren bideari amaiera eman dio. Hala ere, abenduak 27rako jaialdi berria iragarri dute: Aske.
Jesus Maria Gomez Ezkerro 'Txutxo', 2001eko urtarrilean atxilotu zuten, 2021ean hirugarren gradua ezarri zioten, eta 2023ko otsailean baldintzapeko askatasuna eman zioten. 24 urte geroago aske geratu da.
26 urtez euskal preso eta iheslariak etxeratzeko aldarria oholtza gainera eraman ondoren, Hatortxu Rock jaialdiak bere azken edizioa egingo du ostegunetik igandera bitartean, Lakuntzan (Nafarroa). Jaialdian bildutako dirua preso sein senideentzat dispertsioak zekarren zama... [+]
"Euskal Herriaren jazarpena elikatzen du Euskal Herriaren bakearen bidean egindako akordiotzat saldu duten honek", adierazi dute larunbatean Arrasaten eginiko prentsa agerraldian.
Astelehenean, 40 urte beteko dira Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabea presoek Martuteneko kartzelatik ihes egitea lortu zutenetik. Egiako pisu batean izan ziren ezkutaturik bi iheslariak, eta oraindik milaka eztarrik abesten dute «kristoren martxa dabil!».
GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatuaren urteurrenaren datatik gertu antolatu dute ekimena dozenaka herritarrek. Helburua "egia aldarrikatu, memoria landu eta GALen gerra zikinaren biktimak aitortzea" da, eta irailerako egitaraua aurkeztu dute.
Rosa Zarraren hilketaren 30. urteurrena da ekainaren 30ean. Ekainaren 29an, biolentzia polizialaren biktimaren omenaldian, hainbat eskakizun egin zituen Egiari Zor fundazioak. Zarraren familiak Juan Mari Atutxa Segurtasun sailburu ohiari barkamena eskatzea galdegin dio.
Bere konpromiso politikoagatik eta unibertsitatean zuen militantziagatik, eskuin muturreko taldeen hainbat eraso pairatu zituen 1987 eta 1988 urteetan. Hemezortzi urterekin pairatu zuen lehen erasoa, Bilboko Santutxu auzoan bizi zen eraikineko igogailuan; geroztik, hiru eraso... [+]
Aurrez, Plentziak, Alkizak eta Gernikak euskal errepublikaren parte izatea erabaki zuten. Baztanekin, dagoeneko Euskal Herriko lau herriek hartu dute erabakia.
78ko Sanferminak Gogoan plataformak eta Gasteizko Martxoak 3ko ekimenak bat egin dute espainiar estatuak gertakari latz horietan bere erantzukizuna onartu eta biktimen aitortza ofiziala egin dezan. 'Estatua Erantzule!' izena darama kanpainak.
Kartzelan 27 urte egon eta gero askatasunean geratu dela iragarri du Etxerat elkarteak.
Eusko Jaurlaritzak 2022an eskuratu zuen Zaballako (Araba), Basauriko (Bizkaia) eta Martuteneko (Gipuzkoa) kartzelen gaineko eskumena, eta ordutik uhalen edo eskuburdinen bidez loturik izan dituzten pertsonen inguruko datu batzuk eman ditu Maria Jesus San Jose (PSE-EE) sailburuak... [+]