Errekaleor bertako basoaren bila


2019ko apirilaren 21ean
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

2 013an Gasteizko Errekaleor auzoa okupatu zutenetik presente izan dute proiektuko kideek agroekologiaren eta lurra lantzearen gaia. Proiektua abiatu eta laster jarri zuten martxan, esaterako, baratze komunitarioa, gerora Errekaleorreko bizilagunetatik harago Gasteizko jendeari ere irekiko zitzaiona. Orain egitasmo berri batekin datoz: bertako baso bat berreskuratzeari ekin diote. Martxoaren 10ean egin zuten lehen zuhaitz landaketa.

Basoa berreskuratu, espekulazioari aurre egin

“Arabako Lautadan baso irlak daude, eta hauetan erkametzak dira nagusi. Gure asmoa da hemen ere erkameztia sortzea”, azaldu du Unaitxuk, Errekaleorreko baso lantaldeko kideak. Lehendabiziko landaketan 160 zuhaitz sartu dituzte: aipatutako erkametzak, elorri zuriak eta lizarrak, besteak beste.

Proiektuko kideak dioenez, basoa berreskuratzeko egitasmoak helburu bikoitza du: lehenik, naturarekin harreman estuagoa izatea. Landaketetarako ikuspegi agroekologikoa darabilte. Baina, bestalde, landaketak egiten ari diren eremua Vital Kutxarena dela kontuan izanik, aurrera begira lur zati horretan egon daitezkeen mugimendu espekulatiboei aurre hartzea ere bada bultzatzaileen nahia. “Sistemaren eta instituzioen kontraesana ere planteatzen dugu: Gasteizko eraztun berdea Errekaleorretik pasatzen da, baina benetan, hemen ez dago ezer berderik”, dio kideak.

Bizi kalitatea hobetzeko ingurua zaintzen

Errekaleorren iparraldean, azken etxebizitzetatik oso gertu dagoen lursailean hasi dira basoa berreskuratzeko lanetan. Aurtengo landaketa proiektu piloto modukoa izan da, baina hurrengo urtean landaketa gehiagorekin jarraituko dute eta deialdia zabaldu eginen dute. Unaitxuk argi du Errekaleorreko auzokideen bizi kalitatearentzat aurrerapausoa izanen dela basoa birsortzea. “Errekaleor ingurua ez dago egoerarik onenean: oso modu degradatuan dago guztia, eta horri buelta ematea da gure asmoa”.

Auzoko etxebizitzak bezala, ingurua zaintzeari ere garrantzia ematen diote proiektuko kideek. Horregatik, baso lantaldearekin koordinatuta beste bi proiektu ere badituzte martxan: auzoaren hegoaldetik pasatzen da proiektuari izen ematen dion Errekaleor erreka, eta horren garbiketa lanetan ari dira. Ingurumenari begirako hirugarren hanka ere martxan dute: “Fruitu arbola asko oparitu zizkiguten, eta auzoaren ondoko landa zati handi batean horiek landatzeari ekin genion. Guztira 200 zuhaitz edo egongo dira. Baso jangarri baten antzeko zer edo zer ari gara sortzen eremu horretan”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baratzetik mundura
2025eko irailaren 22
UAWC hazien bankua Palestinan
Bulldozerrak Palestinako haziak suntsitzen

2025eko irailaren 1
Gidari artzain eskola
Artzainen hurrengo belaunaldiaren bila

2025eko uztailaren 28
Udako azoka ekologikoak
Aurtengo hamabi plazak

Eguneraketa berriak daude