“UPN-k ez du ikusi nahi hemen dagoena”

  • Nafarroako Behe Erriberan euskararen irakaskuntzak lau hanka ditu: Argia Ikastola 230 ikaslerekin, A eredua (euskara ikasgai duela) ikastetxe publikoetan 910 ikaslerekin, AEK 60 ikaslerekin eta Hizkuntza Eskola 28rekin. Daniel López Moreno euskaltzaleak argi du A eredua bultzatu behar dela eskualde honetan, hori izan daitekeelako euskararentzako sarbide eraginkorra.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Daniel López Moreno (Ablitas, 1948)

Irakasle erretiratua, Tuterako Beterri peñako kidea, Geroa Baiko militantea eta euskaltzale sutsua. Bere hiru semeek Argia Ikastolan ikasi dute. Azken zortzi urteotan Tuterako Olentzero izan da. Hori aski ez eta inguruko herri eta ikastetxeetan ikazkinarena egiten du pozarren.

Haur garaian izan al zenuen harremanik euskararekin?

Ez. Ni, familia osoa bezala, zeharo erdalduna nintzen. Amona bat Salamancakoa genuen. Txikitan ez nuen euskararen batere aztarnarik antzeman herrian. Gerra ondokoak oso urte pobreak izan ziren. Ablitasen kaleak oraindik lurrezkoak ziren eta kaleko argirik ez zegoen, adibidez. Gure aita hango medikua zen eta 8 urterekin barneko ikasle bidali ninduen Tuterara, jesuiten ikastetxe batera. 16 urterekin Xabierrera joan nintzen. Gogoratzen dut han kanta txapelketa batean talde batek abesti bat egin zuela euskaraz eta hori da garai hartako nire oroitzapen bakarra euskararekin lotua.

Eta nola hasi zinen ikasten?

Jesuitekin ikasten jarraitu eta Azpeitiko Loiolara joan nintzen nobizio-aldia egitera. Kanpokoarekin harreman gutxi bagenuen ere, herritarrentzako mezak eta otoitz-aldiak egiten genituen, eta hor izan nuen lehen harreman zuzena euskararekin.
Gero Bilbora joan nintzen. Han ikusi nuen jesuita batzuek bere burua eskaintzen zutela Afrikara edo Venezuelara joateko. Toki horietako hizkuntzak ikasi eta hango kulturetan murgiltzen ziren. Taldetxo batek pentsatu genuen, hemen, Euskal Herrian, antzeko zerbait egin genezakeela, bertako hizkuntza eta kultura landuz. Talde horretan zegoen, adibidez, gaur egun euskaltzaina den Patxi Goenaga edo Alejandro Aldanondo, egun Afrikan jesuita dena.

Zazpi jesuitagaik etxebizitza batera joan eta euskara ikastea erabaki genuen. Probintziako arduradunari eskaera egin genion eta berak Roman Garate jarri zigun arduradun, oso gizon jatorra. Etika irakaslea zen unibertsitatean eta giza eskubideei eta marxismoari buruzko euskarazko liburu batzuen egilea zen. Santutxun bizi ginen. Hasieratik meza egiten genuen egunero euskaraz, baina hori aski ez eta berehala dena euskaraz egitea erabaki genuen. Nik oso suerte ona izan nuen, Patxi Altuna izan nuelako euskara irakasle.  

Gure artean oso harreman polita genuen. Askotan joaten ginen mendira eta Laboa eta Lertxundiren kantak egiten genituen. Kanpoko jende euskaltzalearekin ere harremana lantzen genuen. Horrela, esate baterako, euskara irakatsi genien neska batzuei. Haiek maistra titulua atera zuten eta gero haien senargaiek ere bai. Zarauzko ikastolako irakasle izatera iritsi ziren horietako batzuk. Bestalde, Santutxun bazen ikastola bat eta gutako bik, Patxi Goenagak eta Josema Añonek, han laguntzen zuten. Tasio Erkizia lesakarra zebilen garai hartan irakasle ikastola honetan.

Batzuek gaizki hartuko zuten apaizak halako mugimenduetan ibiltzea, ezta?

Tentsio handiko urteak izan ziren. Langileen mobilizazio ugari eta garrantzitsuak izan ziren garai hartan eta jesuita batzuk oso konprometituta zeuden ‘Misión obrera’ atalaren bidez. Barakaldo, Errenteria, Iruñea eta Tuterako mugimenduetan, besteak beste, hartzen zuten parte.

Zergatik ez zinen apaiztu?

Ni gustura nengoen oso jende jatorra zelako eta Bilboko jesuitetan hiru urtez eskolak ematera iritsi nintzen. Hala ere, argi nuen ez nuela apaiza izan nahi. Kosta zitzaidan, baina azkenean 30 urterekin utzi nuen.

Nafarroara etorri zinen orduan?

Bai. Ordurako nire gurasoak Tuterara etorriak ziren bizitzera, baina nik ez nuen haiekin joan nahi eta Nafarroako Diputaziora jo nuen laguntza eske. Han, Xole Erbiti andere euskalduna eta jatorra ezagutu nuen, Euskara Departamentuko arduraduna, eta berak esan zidan Lizarra Ikastolan pertsona bat behar zutela. Hara joan nintzen, Feliciano Pinillos ikastolako bultzatzaile nagusietako batengana eta José Luis Gorostidi zuzendariarengana, eta segituan onartu ninduten. Zazpi urtez aritu nintzen han. Lan handia egin genuen familiekin batera. Horiek bai, zubia egin zuten errepublika garaian zegoen mugimendu euskaltzalea eta egungo garaia lotzeko. Han jende zoragarria ari da lan sakona eta isila egiten, Oier Sanjurjo futbol jokalariaren gurasoak, esate baterako.

Argazkia: Dani Blanco.

Zergatik utzi zenuen Lizarra eta Tuterara etorri?

Tuterako neska batekin ezkondu nintzelako. Lehen urtean, joan eta etorrian nenbilen, baina ez zen bizimodu erraza eta lan bila hasi nintzen Tutera aldean. Esan zidaten ingeles irakaslea behar zutela hango ikastetxe batean. Ez nekien ingeles asko, baina hala ere hartu ninduten. Euskara ikasterakoan Patxi Altunari ikasitako teknikak baliatu nituen ikasleei ingelesa irakasteko. Lanbide Heziketarako zentro publiko batean, ETI izenekoan, aritu nintzen. Lehen urtea bete ondoren, gaztelaniaz irakasten hasi nintzen. Gerora hainbat herritako ikastetxe publikotan aritu izan naiz lanean: San Adrian, Cortes eta berriz Tuteran, Benjamin de Tudela Institutuan.

Noiztik zara Tuterako Olentzero?

Iazkoa nire zortzigarren urtea izan zen. Eguberrietan hogei bat Olentzero egin ditut herri eta eskoletan.

Noiztik ospatzen da festa hau Tuteran?

Duela 46 urte La Teba peña hasi zen segizioa antolatzen. 1965ean Iruñeko Olentzeroren Lagunak taldeko batzuk etorri ziren galdezka ea hemen zer peña edo elkarte egon zitekeen prest hau antolatzeko. La Teba zen orduan halako ekitaldi bat antolatzeko gai zen elkarte bakarra eta nahiz eta oso espainiarrak izan, proposamena onartu zuten. Baina giroa ez zen oso lasaia. La Tebakoak ez zeuden eroso, berehala hasi zirelako ikurrinak eta beste ikur batzuk ateratzen segizioan. Beterri peñak hartu zuen haien lekukoa. Beterrik ekimena handitu eta zabaldu du. Olentzero oso errotuta dago eta oso maitatua da Tuteran. Jende pila etortzen da joaldunak, gaita jotzaileak eta animaliak ikustera. Geroztik beste herri batzuetara ere zabaldu da tradizioa: Cintruenigo, Corella, Ribaforada, Cascante, Ablitas… Aurten, lehenengo aldiz, Buñuelen egin dugu. Kaleko Olentzeroez gain ikastetxe askotxotan ere egiten da festa.

Jendeak nola hartzen du?

Jendea ez da ergela. Guk ezer esan gabe, askok Olentzeroren alde egiten dute esanez, adibidez, Aita Noel urrutiagotik datorrela, edo Olentzero ez datorrela Azpeititik edo Zarauztik, Lesakatik baizik eta Lesaka Nafarroa dela.

Errege Magoen urre eta argien aurrean, Olentzerorena animalien jaia da, jatorra, xumea eta hurbila. Jendeari asko gustatzen zaio. Animaliak Leitzatik ekartzen ditugu eta horrek erruz erakartzen ditu ikusleak. Goxokiak ere botatzen ditugu.
Jende asko dago Olentzero ongi ahoskatzen ere ez dakiena, baina ikustera gustura etortzen dira. Azken urte hauetan ohitura zabaltzen doa, poliki-poliki bada ere.

Nik hori dena A ereduarekin lotzen dut. Ia mila haur eta gaztetxo ari dira Erriberan euskara ikasgai bezala ikasten, eta gutxi izanik ere, aurrerapauso handia da hemen.

"Guraso batzuek ez dituzte haurrak eramaten A eredura G eredura baizik, baina euskarako klase partikularrak ematen dizkiete"

Zer garrantzi du A ereduak Nafarroako Erriberan?

Izugarria. Euskarak gaur egun lau hanka ditu Behe Erriberan: Argia Ikastola, A eredua, AEK eta Hizkuntza Eskola. Ikasturte honetako datu zehatzak bildu nituen txosten bat prestatzeko eta horren arabera A ereduan 910 haur eta gaztetxo ari dira ikasten. Ikastetxe publikoetako Lehen Hezkuntzako datuak hauek dira: Ablitasen 70 ikasle, Cabanillasen 20, Cascanten 69, Castejonen 42, Cintruenigon 123, Corellan 10, Cortesen 80, Fontellasen 4, Murchanten 62. DBH, Batxiler eta Lanbide Heziketari dagokionez, Benjamin de Tudela institutuan 34 ikasle daude eta Valle del Ebron 25.  

D ereduan aukera bakarra Argia Ikastola da. Bertan 230 ikasle daude 21 irakaslerekin. Horiei gehitu beharko genizkieke AEKn ikasten ari diren 60 pertsonak eta Hizkuntza Eskolan ari diren 28 lagunak. A eta D ereduan beraz, 1.400 ikasle eta irakasle. Nire kalkuluen arabera, beste 500 bat euskaldun egongo dira Tuteran eta 60 bat gehiago inguruko herrietan. 2.000 pertsona inguru, 100.000 biztanle duen eskualdean. Nire ustez A eredua bultzatu behar da Erriberan, hori da euskararentzako sarbide oso interesgarria.

Ari dira haurrak G eredutik (euskara ikasgai ere ez da) A eredurako bidea egiten?

Zabalkundea oso motel doa, egia esan. Aurten, adibidez, Corellan, 7.600 biztanleko herrian, hamar haur besterik ez dira etorri A eredura. Nafarroako Gobernuak ahalegin berezia egin beharko luke sustatzeko: idazle edo intelektualak hitz egitera gonbidatu, pailazoak eta antzerki lanak eskaini, Nafarroako beste eskualdeetako ikastetxeetara txangoak antolatu gure haurrek ikus dezaten toki askotan hitz egiten dela euskara Nafarroan…

Eskuin politiko eta mediatikotik euskararen aurka egiten den presioaz zer pentsatzen duzu?

UPNk ez du ikusi nahi hemen dagoena. Beste gauza batzuk auskalo nondik ekartzen badituzte ere berdin zaie, baina euskara ezin dute ikusi. Oso politizatuta dauden herritarrek sinesten dute gobernuak hizkuntza inposatzen diela. Beste batzuek, aldiz, pentsatzen dute beren seme-alabak Iruñean, Donostian edo Bilbon biziko direla agian, eta baliogarria egiten ahal zaiela euskara. Horregatik, batzuk ez dituzte haurrak eramaten A eredura, baina klase partikularrak ematen dizkiete. Hala ere, ez da erraza jendea erakartzea. Aurten, Buñuelen A eredua zabaltzen saiatu naiz eta ama batzuekin hitz egin ondoren ikusi dut oso lanpetuta dabiltzala eta ez dutela ez gogorik ez aukerarik gauza gehiagotan sartzeko.

2018ko Eguberrietan hogei bat Olentzero egin ditu herri eta eskoletan López Morenok.

Presio handia jaso duzue legealdi honetan eskuinaren aldetik?

Nik antsietatez hartzen dut periodikoa. Askotan agertu izan dira pegatinak faroletan, kaleko hormetan edo erakusleihoetan esanez: “Se impone el euskera” edo “Defiende Navarra”. Euskaraz idatzitako seinaleak eta kartelak amorruz kendu dituzte. 2016an Tuterako Ikastola eraso zuten. Sartu eta pintada iraingarriak egin zituzten. Ni horretarako oso haurra naiz eta halako eraso mingarriak ikustean berehala egiten dut negar. Amorruaren amorruz, behin baino gehiagotan atera naiz kalera espraiekin halako mezuak ezabatzera.

Kalean, irakaskuntzaz gain, euskararen aldeko mugimendu gehiago sumatzen al da?

Zenbait ekimen interesgarri jarri dira abian. Iazko ekainean, esate baterako, lehen aldiz ospatu zen Euskararen Jaia Tuteran, Tuterako Euskararen Aldeko Plataformak antolatuta, Udalaren eta Gobernuaren laguntzaz. Lau plazatan egin ziren haur eta helduentzako kultur eta jai giroko ekitaldiak eta oso ongi atera zen.
Beste adibide bat da Tutera Kantuz taldeak aurten martxan jarri duen euskara maitatzen ikasteko ekimena. 35 lagunek osatzen duten talde honetan, euskara politikatik at kokatu eta ikuspegi ezkorra aldendu nahi dute. Abestien letrak eta azalpenak biltzen dituzten fitxak banatzen dituzte. Euskaraldiaren inguruan eta Korrikan ere, nola ez, jende askotxo mugitu zen. Bestalde, hemen ETB ikusten dugu orain eta hori oso garrantzitsua da.

Ezker Batukoa izan da alkatea legealdi honetan. Zer moduz aritu da euskarari doakionean?

Oso ongi. Eneko Larrarte ongi ari da. Oso gertukoa da. Gainera, bere ama Geroa Bai-n dago.

Beterri

“Beterri peña, euskaldunen eta euskaltzaleen topagunea da Tuteran. Abesbatzak eta txistularien saioak izaten dira, edo haur txikientzako emanaldiak. Oso jator ari dira lanean, eta gainera, erreleboa lortzen ari da 25 urte inguruko gazte kuadrilla gogotsu bat sartu delako. Bazkide gehiago ezin da egin goraino dagoelako betea eta jaietan mundu guztia hara joaten da. Bitxia da ikustea nola eskuindarrak ere arazorik gabe ikurrinaren azpitik pasatzen diren tabernara sartzeko”.

Euskara denontzat

“Hemengo jesuitei edo mojen eskoletakoei kritika egin behar diet: Nola liteke euskara ez balego bezala aritzea? Eskolatik aterako dira jakin gabe Goikoetxea zer den edo bat-bi-hiru kontatzen jakin gabe. Gutxieneko bat behar da, ez soilik A ereduan, G ereduan ere bai. Abesti batzuk, ezagutza minimo batzuk… Derrigorra beharko luke izan Nafarroa osoan. Ingurua ezagutzearen barruan sartzen da”.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2025-05-13 | Gedar
Polizia berriz sartu da Bilboko Unamuno ikastetxera, eta zazpi ikasle identifikatu ditu

Ikasle bati isuna ipini diote institutuan lan politikoa egiteagatik, eta hori salatzeko agerraldi bat egiten ari ziren bitartean, gazteen aurka jo du Ertzaintzak. Zazpi lagun identifikatu ditu.


2025-05-12 | Euskal Irratiak
“Errientaren apartamentua ikasgelaren gainean zenez, ikaslea hara eraman eta bortxatzen zuen”

Donibane Garazi inguruko herri ttipi batean sortua da Bea, eta 1970eko hamarkadan ondoko eskola publiko batean ikusi zituen bortizkeria, sexu eraso eta bortxaketak salatu dizkigu. Irakasleak eragiten zizkiela tratu horiek ama eskolako eta lehen mailako haurrei, mutikoak bortizki... [+]


2025-05-12 | ARGIA
Mobilizatzeko deia egin du Seaskak maiatzaren 23rako, agintariei “baliabideak eta errespetua” eskatzeko

Frantziako Hezkuntza Ministerioak oraindik ez dio Seaskari argitu hurrengo urtean zenbat ikasgela eta irakasle izango dituen. Hori dela eta Baionako kaleak betetzera deitu dituzte guraso eta euskaltzaleak. Igandean, Herri Urratsera milaka lagun hurbildu dira beste urte batez,... [+]


Hezkuntza publikoko irakasleek akordioa lortu dute Jaurlaritzarekin

Tentsio handiko ikasturtea amaitzear, ostegunean hasi eta ostiralean jarraituriko azken negoziaketa maratoian Eusko Jaurlaritzarekin akordioa sinatu dute sindikatu guztiek, ELAk izan ezik. Datorren asteko grebak bertan behera geratu dira. Segidan, adostu dutena eta batzuek eta... [+]


Maiatzaren 18an ospatuko dute Sortzen jaia Takoneran

Sei urteko etenaldiaren ostean, maiatzaren 18an, Sortzen jaia ospatuko dute Takoneran D ereduko eskola publikoen aldeko jaia.  Ikuskizunak, haurrendako jolasak eta Gorka Urbizu edota Borla taldeen kontzertuak izango dira.


Hezkuntza publikoko irakasleen eta Jaurlaritzaren arteko negoziazioak ostiralean jarraituko du

“Proposamen oso eskasa egin du Hezkuntza Sailak, berme eta zehaztapenak txertatu barik”, kontatu dio ARGIAri STEILASeko bozeramaile Haizea Arbidek. Ostegun honetan bilera izan dute sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, EAEko irakaskuntza publikoko... [+]


Datu zenbait argitaratu, emaitza osoa ezkutatu

Hezkuntza Sailak ebaluazio diagnostikoen berri eman zuen otsailean: 2023ko etapa erdikoa eta 2024ko etapa amaierakoak izan zituen hizpide. Emaitza negargarriek egiturazko arazoa dugula erakutsiko luketenez, sailak erabaki zuen tramitea bete bai (ED 23 eta 24 txosten exekutiboak... [+]


NUPeko ikasleen %85,5ek uste du unibertsitatea ez dela “behar bezala ahalegintzen” euskarazko ikasketak bermatzeko orduan

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Euskara Taldeak inkesta bat egin du ikasleen artean. Halaber, euskara plana ikasturte honetan amaitzen dela ikusirik proposamen berriak egin dizkiote unibertsitateko zuzendaritzari. NUPen euskaraz ikastea "ezinezkoa" dela ere salatu... [+]


Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak negoziazio mahaira deitu ditu sindikatuak ostegunerako eta proposamen “berria” iragarri du

Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deitutako greba astearen atarian dator Hezkuntza Sailaren mugimendua. Ostegunean bilduko dira sindikatuak eta Hezkuntza Saila, bertan ezagutaraziko du sailak proposamen zehatza, baina zenbait eduki aurreratu ditu asteartean Begoña... [+]


2025-05-06 | Gedar
“Selektibitatea hezkuntzaren elitizazioan sakontzeko tresna da”, salatu du IAk

Elkarretaratzeak egingo dituzte selektibitateari eta Baxoari ezetz esateko. Gainera, apunte-banku bat eta klase partikularrak jarri dituzte martxan IAko kideek.


Analisia
Grebak, sistema eraldatzeko

ARGIAren efemerideen kanalean topatu dut berri zaharra: 1918ko apirilaren 23an, Irlandako langileek greba orokorra egin zuten I. Mundu Gerrarako derrigorrezko erreklutamenduaren aurka. Langileen eta independentziazaleen erantzunari esker, Britainia Handiak atzera egin behar izan... [+]


Donostiako Udala vs. Ekologistak Martxan: nork du arrazoi?

Ekologistak Martxan taldeak ohartarazi ostean Donostiako Ategorrieta hiribide inguruan airearen kutsadura maila oso handia dela, udaletik zalantzan jarri dute erabilitako metodologia eta adierazi dute errepide horretan dagoen estazio ofizialaren datuak hartu behar direla... [+]


Eguneraketa berriak daude