Sei bizitza testigantza, harreman sexu-afektibo askeagoak helburu

  • Azken boladan dezente zabaldu den kontzeptua da polimaitasuna. Kontua ez da gehiagotan eta pertsona gehiagorekin txortan egitea, kontua pertsonen arteko harreman osasuntsuagoak, askatzaileagoak, gozagarriagoak, komunitarioagoak eraikitzea da. Ez soilik sexua eta maitasuna konpartitzen dutenen artean, baizik eta pertsona guztiekin eta ingurunearekin oro har.

Irudia: Axpi
Irudia: Axpi

Orduan, zergatik mugatu erreportajea harreman “sexu-afektiboetara” eta ez hitz egin “harremanez” edo “jendarte ereduaz” oro har? Zergatik ez hartu baita ere mintzagai, esaterako, lagunen arteko maitasun harreman asexuatuak? Ziurrenik, muga itxuraz objektibo horien zentzurik eza eta subjektibotasuna agerian uztea ezinbestekoa da; baina bitartean, gaur eta hemen, norbaitekin larrua eta afektibitatea konpartitzen ditugun gehienetan harremana aldatu egiten da. Baita larrutan egiteari garrantzia kendu nahi diotenen artean ere.

Solaskide ditugun sei lagunak ez dira ezeren eredu –besteren artean, eredu eza baita helburu–, baina badugu zer ikasia haien praktika, bizipen eta hausnarketetatik: badirela bestelako aukerak, pluralean. Guztiek dituzte edo izan dituzte harreman sexu-afektibo bat baino gehiago aldi berean, inplikatutako pertsona guztien ezagutza eta adostasunarekin. Oinarri komun horretatik aurrera, aniztasuna gailentzen da.

Praktika anitzak, zergati eta ibilbide ezberdinetatik eraikiak
Mahaiaren bueltan bost pertsona batu zaizkigu eta bostei aldatu dizkiegu izenak. Sarak 30 urte ditu eta Arkaitzekin bizi da; lau urte dira bikote harremana hasi zutela. Orain urtebete pasatxo Maiterekin ere ari da harreman bat eraikitzen. Mikelek 37 urte ditu, hamasei daramatza Asierrekin bizitza partekatzen. Biek sexu harremanak dituzte beste pertsona batzuekin, sexua abiapuntu izanik lagun bihurtu direnekin barne. Estitxu da boskotean gazteena, 24 urte ditu. 18 zituenean bere bikotekideak bigarren harreman bat hasi zuen. Hasieran dibertigarria egin bazitzaion ere, “gero heldu zen unea indarrik ez nuena, eta irtetea erabaki nuen”. Duela lau urte harreman berria sortu zuen, egun mantentzen duena, eta iaztik pisukide duen Eguzkirekin ere ari da. Eguzkik mende laurdena betea du, aspaldi bi harreman izan zituen aldi berean baina ez du haren oroitzapen gozorik, bidean ikasitakoa ez bada. Urtea bete da berriz ere bi pertsonekin bizi dituela harreman sexu-afektiboak, gozamen gehiagorekin. Jesus da denetan zaharrena, 56 beteak ditu. Ia 20 urtez bi maitasun harreman mantendu zituen aldi berean, orain bakarra. Tartean, sexu harremanak ere barnebiltzen dituen bestelako lagun harreman ezberdinak egon dira eta daude. Solasaldira batu ezin izan duen Elena Scarattik 47 urte ditu. Berak bai, benetako izena jartzeko eskatu digu; senarrarekin eta elkarrekin duten 17 urteko alabarekin bizi da, eta hainbat maitasun harreman izan ditu aldi berean.

Estitxu: "Esaten dizute, ‘aprobetxatu orain probatzeko’, nagusitu ahala eredu monogamo eta heterosexualera bueltatu beharko bazenu bezala"

Jesusek natural bizi izan du beti bere bidea: “Ez dut planteatu inoiz nola izan behar duen. 25 urte arte ez nuen maitasun harreman seriorik izan. Eta hasterakoan oso erraza egin zitzaidan, nire lehendabiziko bikotekideak bazituelako aurretik bestelako harremanak. Hortik aurrera horrela mugitu naiz”. “Nik kontrakoa”, erantzun du Estitxuk: “Uste dut teoria gehiegi dudala. Hasi nintzen harreman sexu-afektiboak garatzen identitate bolleroa onartu nuenean. Harremanak beti lagunekin edo militantzia kideekin garatu ditut, sare baten baitan”. Eguzkik antzera azaldu du: “Harremanak garatzen dira zapalkuntza esperientzia eta proiektu politiko partekatu batetik”. Scarattik sentitzen zuenetik sortu du, nahiz eta gero asko hausnartu egindakoaren inguruan. 2008an ohartu zen senarrarekin zuen maitasuna emozionala zela: “Ez nuen engainatu nahi. Asko maite nuela eta ez nuela galdu nahi esan nion. Baina zer edo zer aldatu zela nigan eta ez nuela erakarpen sexual hori sentitzen. Asko maite nuela baina ez nintzela zoriontsua soilik berarekin. Zoragarriro ulertu ninduen, eta gure harremana eraldatzea erabaki genuen”. Sarak dio teoria eta praktika arteko nahasketa batetik egin duela bidea, lanketa feminista bidelagun: “Hasi nintzen harreman heterosexual batean, denbora batez monogamian. Une batean beste harreman batzuk garatzeko gogoa edo grina piztu zitzaidan. Bollera bat ezagutu nuen. Harekin oheratu nintzen, mutilari kontatu eta esan nion pertsona hori ezagutu nahi nuela, intimitate bat garatu”. Mikelek gayen testuinguru berezia nabarmendu du: “Guk aplikazioak eta cruising guneak ditugu, eta hor bilatzen dena sexua da. Batzuetan, sexu harreman horietatik bestelako harremanak eraikitzen ditugu: nik bikotekiderik aspaldi ez, baina lagunak edota militantzia kideak bai. Nire bikotekideak berdin”.

Batek ere ez du eredu jakinik buruan. “Norberari balio diona, eta inorekin partekatu badezake, aurrera”, dio Mikelek. “Oso ados” da Jesus, “galdetzen badidazu nireaz, ez dut eredurik. Kontatu dezaket zer egin dudan, ez zer nahi dudan”. “Errazago zait identifikatzea zer ez dudan nahi, zer nahi dudan baino. Ez dut familia nuklear tradizionalik osatu nahi”, dio Sarak; “Hori, eta bidean bizitza ez uztea”, Eguzkik.

"Familiaren espazioa, senarra eta alabarekin partekatzen dudana, zaindu egiten dugu. Hor ez da inor sartzen", kontatu digu Elena Scarattik (Arg: Dani Blanco)

Adostutakoak eta adostu gabekoak
Zenbait kontu zehaztasunez eta aurretik adostu dituzte gure solaskideek, beste batzuk ez, edo bai baina egoera eta behar jakinak suertatu ahala.

Bakoitzaren bizitzan garrantzitsuak edota sakonak diren harreman sexu-afektiboen berri inplikatutako guztiek izatea zentzuzkotzat dute mahaikide denek. Horrek ez du esan nahi dena kontatu beharra dagoenik halabeharrez. Bestelako harremanak kontatzea “niretzat oinarria da”, dio Eguzkik: “Nire harremanak adiskidetasunetik eraikiak dira, orduan, kontatzen badizut zer asanblada dudan bihar edo norekin hartu dudan trago bat gaur...”. “Kontatzea edo ez, muga ez da hain argia”, dio Mikelek: “Guk kontatzen diogu elkarri, baina testuinguru batean ematen bada; ez goaz curriculuma partekatzera, hori adostasun bat izan zen. Hurrengo astean oporretan doa eta biok dakigu zertara doan, kito”. Bi maitasun harremanetatik batekin hitzartu zuen Jesusek bestelako harremanak elkarri kontatzea.

Elenak dio berea “oso espontaneoa” dela. Baina hitz egin gabeko adostasunik bada. “Familiaren espazioa –senarra eta alabarekin partekatzen duena– zaindu egiten dugu. Hor ez da inor sartzen”. Ez dio senarrari bere harremanen berririk eman beharrik eta ez du egiten normalean, baina askotan jakin badakiela dio, edo noizean behin harreman horietako pertsonez galdetzen diola, “bere iritziak inporta didalako”. Berak ez du galdetzen: “Ez zait interesatzen. Bera pozik badago, maite banau eta ondo tratatzen banau, zertarako?”.

Espazioak eta denborak ateratzen dira hizpidera. Konpartitzen duten etxean beste inorekin larrutan ez egiteko akordioa du Jesusek, “bestea baldin badago”. Sara Arkaitzekin bizi da. Maite beste herri batekoa da, eta bisitan datorkionean lagunen etxe batera jotzen dute. “Etxean edo nahi dugun tokian”, dio Mikelek. Sarak eta Mikelek beste adostasun bat aipatzen dute denborei eta egoteko moduei dagokionez: elkarrekin egotean “elkarrekin gaude eta horretara”. Sarari funtsezkoa zaio agenda denboraz adostu eta antolatzea, beti erraza ez dena. Ez soilik Arkaitzekin eta Maiterekin egoteko: “Argi dut ez dudala bizitza bi harreman horien inguruan soilik ardaztu nahi, lagunekin ere egon nahi dut”.

Adostasunak inplikatutako pertsonen beharren arabera joan beharko lukete eraldatzen, berriak sortzen edo desagertzen. Beti ere elkarren zaintza logika batean. Sarak azaltzen du hiruren artean berriki adostu dutela Arkaitzek eta Maitek euren aldetik hitzordu bat izan dezaten saiatzea, pixka bat bada ere elkar ezagutu daitezen. Estitxuk adostasun esplizitu gutxi baino inplizitu asko ditu. Hitz egindakoen artean nagusia, “honetan elkarrekin goazela”. Oinarritzat du hori ere Elenak: “Bi mundu paralelotan bizi ditut harremanak, baina errespetutik. Batean dudana sakratua da, baita bestean dudana ere”.

Sara: "Errazago zait identifikatzea zer ez dudan nahi, zer nahi dudan baino. Ez dut familia nuklear tradizionalik osatu nahi"

Bizitzaren fase heldugaberako abentura?
Monogamiaz haragoko harreman sexu-afektiboak soilik bizitzaren epe baterako al diren galdetu diegu gure solaskideei. Mahaikide denek ulertzen dute munduan egoteko modu baten gisara, politikoki eta pertsonalki beharrezkoa eta eraldaketa balio batzuei lotua.

Baina teoriatik eta desioetatik errealitaterako arrakala handia da batzuetan. Arau eta normaltasun monogamoaren barnean ez-monogamian bizitzea ez da erraza. “Adibidez, ama izan nahi badut, hori nola egiten da? Nola kudeatzen da, nork hartuko du parte? Errazena dagoena birproduzitzea da”, dio Sarak. Elenaren alabak 6 urte zituen senarrak eta biek harremana eraldatzea erabaki zutenean. Alabaren bizipenez galdetu diogu, alabari berari edo gurasoei presio berezitua suposatu ote dienentz: “Arduratu gara bai, familiaren habia babestu dugu. Baina gure alaba maitasun giro batean bizi da, hori da garrantzizkoena eta toki askotan ez dagoena. Jakingo du gutxi gorabehera zein harreman mota dugun, badaki frikiak garela, eta uste dut bost axola zaiola zer egiten dugun etxetik kanpo”. Saiatzen direnentzat borroka pertsonal eta kolektiboa da, akigarria izan daitekeena eta beldur baten mamuak laguntzen duena une askotan: saiakerak porrot egitekotan “arau orokorra apurtzen saiatzeagatik bakarrik geratzea”, Eguzkik azaldu bezala.

Jendartearen presioak gutxiespen eta infantilizazio forma hartzen du askotan. “Gurea gehiengoarentzat zoologikoaren parekoa da: ‘Izan behar duzue bizitza bat’, diote”, azaldu du Mikelek. Jesusek antzera: “Lanean bikoteen inguruko solasaldia ateratzen denero, ni ez naiz existitzen, ez didate deus galdetzen. 56 urte ditut eta Jesusito deitzen didate, umetxoa banintz bezala”.

Estitxuren aburuz, monogamiara ez mugatzeagatik eta lesbiana izateagatik jasotzen den infantilizazioa ildo beretik doaz: “Esaten dizute, ‘aprobetxatu orain probatzeko’, nagusitu ahala eredu monogamo eta heterosexualera bueltatu beharko bazenu bezala”. Eguzkik jarrera horiek zergati bat dutela uste du: “Gure existentzia hutsak araua desnaturalizatzen du. Nik ikusi ditut lagunak nirea kontatzean eurena zalantzan jartzen”.

Zailtasunen gainetik, bizipozak
Harreman moduok ematen dizkieten pozak aletzen hasita, Elenak egiazkotasuna azpimarratu digu: “Zorionik handiena da. Ez ezkutatzea, ez engainatzea, zu zeu izan eta hori bizitzea ahalbidetzen dizun pertsona batekin egotea”. Estitxuk beste hari batetik jo du: “Prozesu pertsonal oso potentea da. Piloa ikasten duzu zure buruaz”. Hari-mutur horri heldu dio Sarak: “Kristoren ariketa da, sentitzen dut ez naizela pertsona bera. Sentimendu hori hiruok partekatzen dugu. Beste toki batean zaude”. Toki interesgarriagoa, politikoki eraldatzailea. Eguzkik gaineratu duenez, “ez dago atzera bueltarik, nire identitatearen eta egiteko moduen parte da, baita esklusibotasunera bueltatuko banintz ere, monogamiaren arazoa ez baita monogamia bera, baizik eta beste aukerarik ez egotea”. Mikelek bere hitzak lotzen dizkio hari konpartituari: “Egiten duguna egiten dugula, aukeratu dugulako da, ez ‘tokatzen delako’. Denbora horrek balio gehiago du. Eta aldaketak edozein unetan etorri daitezke, hau prozesu bat da”. Jesusen esanetan, lau urte daramatza maitasun harreman bakarrarekin, “horrela suertatu delako. Orain iruditzen zait zaila izango dela beste bat eraikitzea. Baina azkenaldian deskubritu dut sexurik gabeko maitasun platonikoa posible dela. Aurkikuntza polita izan da, gauzak mugitzen dira, bizitza hor dago”.

Eta solasaldiaren nondik norakoen aurrean gure zalantza, poz arrazional eta ideologiko xamarrak bilbatu ez ote ditugun. “Gozatzen duzue?”. “Bai” orokortuak mataza osatu duelakoan gaudela, azken hari-puntada Sarak eman du, tripetatik eta bihotzetik: “Ni zoriontsuago bizi naiz!”. Eta barre alai konplizea gailendu da gelan.

Ez daude harreman monogamoetako min eta miserietatik libre, diote. Ez hainbeste asmo makurren ondorioz, erreminta eta jakintza faltagatik baizik

Neoliberalismo likidoaren arriskuak
Harreman eredu monogamo tradizionala –esklusibotasun sexuala, bizitza osorako bikotea, umedun familia nuklearra osatzen duena– auzitan dagoela ematen du, zenbait espaziotan polimaitasunaren kontzeptuak urteotan izan duen zabalpena lekuko. Horrela al da egiazki?

Brigitte Vasallo idazle eta ekintzailea (Argiaren 2632. zenbakian gai honi buruz solastatu zitzaigun) bestelako harreman eredu iraultzaileen defendatzaile sutsua da, eta polimaitasunaren izenean nagusitzen ari diren praktika kontrairaultzaileekiko kritiko zorrotzagoa, akaso. Neoliberalismoak kooptazio eta merkantilizazio lan sakona egin duela salatzen du, polimaitasuna despolitizatuz eta funtzionala zaion ezaugarrietara moldatuz: kontsumitu eta botatzeko harreman likidoen kateatzera, non dena den erraza, dena hedonismoa, dena Hollywood. Ez da onberagoa Vasallo sektore ezkertiar eta erradikaletan ikusten dituen hainbat praktikarekin, nagusiki gizonen eskutik: praktika monogamoen azala eraldatuz –pertsona gehiagorekin txortan eginez–, sistema monogamoaren muina bere horretan mantentzen da –hierarkiak eta elkarren aurkako lehia–. Iraultzaren eta askatasunaren izenean minak areagotuz, eta min horietaz desarduratuz.

Arrisku horiekiko ardura bere egiten dute solaskideek. “Polimaitasunaren inguruko zenbait idatzi irakurrita ematen du garai bateko matxiruloa polimaitalea dela gaur egun”, dio Jesusek; “Polimaitasuna kontsumo bihurtu daiteke ideia argirik ezean, poligamiarekin nahastuz”. Bestelako harreman sexu-afektiboak, eurenak tartean, ez daude harreman monogamoetako min eta miserietatik libre, diote. Ez hainbeste asmo makurren ondorioz, erreminta eta jakintza faltagatik baizik. Jelosiak, bakarrik geratzeko beldurra, botere-harremanak, zaintza eza, erruduntasuna… hor daude, besteak beste. Batzuk desagertu edo baretu egin daitezke, beste batzuk areagotu, ordea, monogamia gainditu nahiagatik ere monogamiatik abiatzen garelako. Gauza ez da minen aurrean ezikusia egitea, baizik eta nola heldu horiei eraldaketa lagunduko duten modu eraldatzaileetan. Solasaldia herren geratuko litzateke solaskideek euren minak eta horiei aurre egiten ikasi dituztenak partekatu gabe. Berdin erreportaje hau ere. Horregatik banatu dugu erreportajea bitan. Irakurri bigarren zatia: Pozen atzeko minak eta arriskuak.

Argazkia: Dani Blanco

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Harremanak
Gure maitasun gosea

Maitasun erromantikoari buruzko mitoaz aritu nintzen azken kolaborazioan, hari buruz egiten ditugun espektatiba okerrez, ematen diogun zentralitateaz, horrek ekarri ohi dituen min eta frustrazioez, bikote instituzioak dauzkan pribilegio bidegabeez. Hala ere, kide... [+]


Lagunak

Lagun hitzak euskaraz esanahi asko dauzka. Pertsona izan liteke, kidea, hurkoa, kamarada, laguntzailea, bikotekidea, adiskidea. Azken finean, bizitzan zeharreko edo momentu puntual batzuetako bidaidea dela adierazten digute berbok: bidean laguntzen diguten horiek. Akonpainatu,... [+]


Haurdun geratu nahi eta ezin, isilpeko dolua

Antzutasuna tabu eta estigma den gizarte honetan, zenbat galdera erantzun bila: haurdun geratu nahi eta ezin lortu, noiz arte luzatzen dira saiakerak, eta bide horretan zenbaterainokoa da nekea, bakardadea, erruduntasuna, lotsa, beldurra, obsesioa? Nola eragiten die etxeko eta... [+]


Maitasun erromantikoaz

Gehiago entzuten da orain maitasun erromantikoaren auziaz hitz egiten, eta gainera eta zorionez, modu kritikoan. Azkenean, harreman sexu-afektiboen gaia bere sakonean hasi gara aztertzen, zein handiak diren bikote harreman batek izan eta eman behar duenari buruz egiten ditugun... [+]


2023-12-19 | dantzan.eus
Mari Domingi, berdintasunaren adierazle ala hetero-arauaren berme?

Grazia egiten dio Itxaro Bordari Olentzeroren emazte berriak. Mari Domingi Olentzeroren laguna dela diote, ordea, Mari Domingi taldeko kideek. Olentzerok alboan emakumearen beharrik ez duela dio, berriz, Fernando Oiartzunek; Olentzero bera izan baitaiteke emakume. Eta... [+]


Eguneraketa berriak daude