“Emakumeek lan ikaragarria egiten dute, eta gizonok beste behin eroso gaude, kanpotik begira”

  • Duela bost urte, feministek bultzatuta, eraso matxistei bestelako modu batean aurre egiteko saiakera abiatu zen Iruñerrian. Logika zigortzaile patriarkalak gaindituz, bide eraldatzaileagoak eta osatzaileagoak urratu nahi dituzte. Jabi Arakama Urtiagak prozesu horietan hartzen du parte, gizon erasotzaileekin lan eginez, besteak beste.

Argazkia: Josu Santesteban.
Argazkia: Josu Santesteban.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hamaika urte dira Jabi Arakama maskulinitateak lantzen hasi zela. Iruñeko Gizonenea gizon taldeko kide da, Gasteizko Ez:Berdin zentruarekin lotura estua du, hitzaldiak eta tailerrak jaso eta ematen ditu. Iruñerriko esperientziaz jardun dugu berarekin, baita espazio eraldatzaileetan sozializatzen diren gizonek erasoen aurrean dituzten jarrerez ere.

Azken urteotan gero eta gehiago azaleratu dira espazio ezkertiar edo abertzaleetan eta herri mugimenduetan gertatutako eraso sexistak. Zeintzuk izan dira jarrera ohikoenak horiei heltzeko orduan?

Duela gutxira arte erasoak estaltzea zen arau. Azken urteetan gero eta gutxiago zorionez, nahiz eta asko ezagutu gabe jarraitzen dugun. Azaleratzean, historikoki, garrantzia kendu diogu edo gutxietsi. Ondoren, erasoen benetako garrantziaz konturatzen hasi ginenean, gure lehendabiziko erreakzioa izan zen ia-ia automatikoki ateratzen zaiguna, sistema patriarkal honetan ikasi duguna, zigor sisteman oinarritutakoa: erasotzaileak espazio horietatik bota eta “konponduta”. Erasoak kasu indibidualtzat hartu izan ditugu, ez ditugu landu ikuspegi integraletik eta modu kolektiboan.

Bestelako lanketak sustatzen hasi zineten Iruñerrian.

Konturatu ginen ez duela ezertarako balio erasotzailea kanporatzeak, beste hiri batera mugitzeak, arazoa beste norabait eramatea da. Duela bost urte beste begirada batetik hasi ginen lanean, bai erasoa jasan duen emakumearekin, bai erasoa egin duen gizonarekin, eta taldean.

Feministek bultzatuta abiarazi dira prozesu horiek.

Beti atzean emakume feministak aurkitu ditut. Haiek jarri dira nirekin harremanetan. Feminismo erradikaletan militatzen duten emakumeez ari naiz. Kontraesanak eta zalantzak izan ditugu uneoro. Lehendabiziko bileretan erabateko adostasunik ez zegoen, esaterako. Beti zegoen B plana: pertsona kanporatzeko aukera, taldea babesteko.

“Gizonok gure burua zigor genezake, baina erasotik asteak igaro eta ezer egin gabe jarraitzen dugu, gizon taldea osatu gabe, gure jarrerak aldatu gabe parrandan edo asanbladan”

Zeintzuk dira urratsak?

Erasoa salatzen duen emakumearen hitza ez da zalantzan jartzen eta horrekin hasten gara lanean. Erasoa egin duen gizonarekin hitz egiten da. Esaten zaio salaketa bat edo batzuk egon direla, oso larritzat jotzen dela taldean, onartezina dela. Taldeak erabaki behar du taldearentzat onartezina dela, hori oso garrantzitsua da.

Emakumeak bere lana egiten du normalean, indibiduala edo talde mailakoa. Kolektiboetan neskek talde bat sortu ohi dute berehala, azken erasoa lantzeko eta espazio mistoaren egiturazko gauzak eta kontu ikusezinagoak jorratzeko. Koordinazio taldea sortzen dute. Gizonarekin hitz egiten du taldeak eta akordio jakin batzuetan oinarritutako prozesua abiatzea proposatzen diote. Akordioak oso zabalak eta askotarikoak izan daitezke. Espazio jakinetarako betoa ezartzen zaio erasotzaileari askotan, printzipioz epe-muga batekin, ez betiko. Betoaren funtzioa bikoitza da. Batetik, emozionala edo pertsonala, erasoa jasan dutenak eta beldurra izan dezaketenak babestu nahi dira. Bestetik, politikoa, mezu bat emateko: “Onartezina da talde honetan, neurriak hartuko ditugu, eta horrelakoren bat egiten duena ez da ongi etorria izanen”.  

Bere jokaeraz hausnartu eta lan pertsonala egin dezala eskatzen zaio gizonari. Larritasunaren arabera neurriak desberdinak dira, adibidez, terapian edo gizon talde batean hastea. Adierazgarria da lan horiez gehienetan emakumeak arduratzen direla. Haiek bilatzen dituzte terapeutak, gizonarekin lan egiteko hirugarren pertsonak...

Zeinek osatzen du koordinazio taldea?

Beti dago emakumearekin erlazio zuzena eta estua duen pertsona bat, baita gizonarekin harremanetan dagoen bigarren bat ere. Azken hori izan daiteke berarekin astez aste gai horiez hitz egiten ari dena, edo ez ―terapeutarengana joaten bada, esaterako―. Eremuko edo kolektiboko  (gaztetxea, gobernuz kanpoko erakundea...) bi edo hiru pertsona ere badaude. Eta mugimendu feministako ordezkaritza potentea, bi lagun gehien jota, baina ezagunak, inplikazio eta maila handia dutenak. Garrantzitsua da gizonak mezua jasotzea: “Honen atzean talde potentea dago, feministak, eremuko kideak... hau serioa da”. Aldi berean, erasotzaileari adierazi behar zaio bera laguntzeko prest daudela.

Zigorraren paradigma baztertu eta alternatiba eraiki nahi duzue. Zeintzuk dira helburuak?

Lehenik eta behin, zauria ez handitzea. Betiko eran eginda gerta daiteke, esaterako, erasotzailea kanporatzea, baina taldea apurtzea. Edo tartean diren pertsonek min gehiago egin eta jaso dezakete. Mina egina dago, saiatu gaitezen ez zabaltzen. Horren baitan, erasoa jasan duen emakumearen beharrak asetzea funtsezkoa da, baita taldearen segurtasuna eta babesa bermatzea ere, aldi berean. Azkenik, gizonaren beharrak ere kontuan hartzen dira, mendeku logikan sartu gabe. Epe luzeagoan, hausnarketa kolektiboa oso potentea da eta oso lagungarria izan daiteke gatazken aurrean beste modu batez jokatzeko.

Argazkia: Josu Santesteban.

Zenbat prozesu abiatu duzue? Zein eremu motatan?

Argi dut eraso matxistak eta sexistak espazio guztietan gertatzen direla. Horiek lantzen aurreratuenak edo finenak  espazio libre alternatiboak dira: gobernuz kanpoko erakundeen mundua, gaztetxeak, okupatutako bestelako espazioak... Musika talde batek ere deitu zigun duela urte batzuk eta prozesu polita egin zuten denek, erasotzaileak eta beste guztiek.

Sei kasutan aritu gara, bat salbu beste guztiak Iruñerrian. Eraso motak denetarikoak izan dira: bortxaketak potenteenak, baina baita ere ukipenak, jazarpena, mespretxu oso bortitzak, eta indarkeria. Ohikoan bi urte inguruko prozesuak izaten dira, nahiz eta luzeagorik ere egin dugun. Urtebete baino gutxiagokoak inoiz ez. Prozesu ofizialaz ari naiz, erasotzaileak terapian edo gizon taldean jarrai dezake gero, esaterako.

Mezu bikoitza: hel diezaiogun arazoari geuk eta egin dezagun lan logika ez punitiboetatik.

Ahalduntzeaz asko hitz egin dugu gure artean. Erasoei ardura eta erantzukizun kolektibotik heltzea boteretze tresna erraldoia da. Prozesuotan ohartzen gara gai garela, serio hartuz gero, gure balore sistemarekin bat datozen erantzunak emateko horrelako gai potenteen aurrean.  

Lauzpabost urte joan dira hasi zinetenetik. Balorazio bat egiterik?

Balorazioa positiboa da. Ikusi dugu hainbatetan, ez beti, beste modu batez ari gaitezkeela eta emaitza positiboak lortu. Asko ikasi dugu, hanka sartu dugu eta sartuko dugu, batera eta bestera probatu dugu, identifikatu ditugu funtzionatzen duten zenbait gauza. Erasoa jasandako emakumeak askotan pozik geratu dira, lasaituta. Haien prozesu pertsonala egin dute, eta horrez gain, ikusi dute haien eskuzabaltasunari esker, mendeku gogoari edo barruei eutsi dietelako, arriskutsua zen pertsonak prozesu potentea egin duela. Gizon hori aldatu da. Taldea ere aldatu da, jakinduria garatu du tankerako gertaerei hobeto aurre egiteko.

“Erasotzaileek, galtzen ari ziren boterea mantendu edo berreskuratu nahi zuten, indarkeriaren edo sexuaren bitartez”

Zein da prozesu horietan zure egitekoa?

Gehienetan erasoa egin duen gizonarekin egin dut lan. Astero edo bi astean behin elkartu naiz, behintzat hasieran. Maskulinitatea landu dugu, gertatutakoa eta horren aurrean erantzuteko modua, jarrerak nola eraldatu. Jarrera diot, zeren horrelako espazioetan ideologia aldetik berdintasuna oso onartua dago, feministak gara gehienak... eta nik sinesten diet feminista sentitzen direla. Beraz, ideologiatik baino praktiketatik eragiten saiatzen naiz. Emakumearen hitza ez da zalantzan jartzen, baina nirekin badute espazio bat edozein tokitan eman ezin duten haien bertsioa-edo emateko. Interesgarria da prozesua. Hasieran ez dute batere zalantzan jartzen emakumearen bertsioa, nirekin konfiantza hartzean beste puntara joan daitezke “baina” asko jarriz, eta lanaren ondorioz “baina” horiek desagertzen doaz. Tresnak eskaintzen dizkiet beste modu batzuetan landu dezaten: terapeutak, gizon-taldeak, baliabide instituzionalak... Azkenik, jarraipena egiten dut. Adibidez, gizona lehengo eremuetara itzuli bada prozesua bukatu ondoren, taldekideekin hitz egiten dut noizbehinka.

Zer aurkitu duzu erasoen eta erasotzaileen atzean?

Askotan, galtzen ari ziren boterea mantendu edo berreskuratu nahi zuten indarkeriaren edo sexuaren bitartez. Ia beti kudeaketa emozional oso txarra egin dute, gabeziak indarkeriaren eta jazarpenaren bitartez soilik lantzeko gai dira. Boterea eta kudeaketa emozionala; zutabe horiek oso potenteak dira eta oso lotuta daude.

Alde ideologikoa ere badago, diskurtsoaren azalean geratzen bagara ez, berdintasuna eta horrelakoetan; baina maskulinitatea ardatz hartuta bai. Nola lortzen dut asebetetzea, nola kokatzen naiz bizitzan. Barneratuta dituzte agindu batzuk: “Nik horrela jokatu behar dut gizona naizelako” edo “nik sexu harremanak nahi baditut hau egin behar dut”, ahaztuta erabat emakumearen beharrak eta nahiak. Lehen egunean ez dizute esaten, baina gero atera ohi da. Ez dute maskulinitate eredua zalantzan jartzen, eta giro eraldatzaileetan sozializatutako gizonez ari gara.

Zein izaten da eta zein izan beharko luke inguruko gizonen lana?

Gehienetan gizon gutxi batzuek esaten dute gizonen artean eta gizontasunetik lanketa egin beharra dagoela. Zoritxarrez, indar gutxi izaten du jarrera horrek.

Lidergoa, hemen ere, emakumeek hartu ohi dute. Haiek izaten dira, “aizue, zer edo zer egin behar duzue”, esaten dutenak. Normalean gizonok ez dugu ukatzen behar dugunik, baina ez dugu lantzen. Erresistentzia aktiboak baino gehiago, pasiboak jartzen ditugu. Etsigarria izaten da prozesua bultzatzen saiatzen diren gizonentzat, eta neskentzat. Emakumeek lan pertsonal eta sozial ikaragarria egiten dute, eta gu berriz ere eroso, kanpotik begira bezala.

Emakumeak ari dira eurena egiten. Diozunaren arabera, gizonok ez.

Emakumearen kexa estaltzeko boterea dugula sentitzen badugu, hala egingo dugu, edo hala egiten saiatuko diren gutako batzuk egongo dira. Aldiz, gure kide feministak indartsu daudela eta gauzak argi esaten dizkigutela konturatzen bagara, agian hasieran ez gara estaltzen saiatuko hain nabarmen. Aterako dira “bainak” gerora: gertatutakoari garrantzia kendu, jarrera batzuk alkoholaren atzean ezkutatu, emakumearen hitzak zalantzan jarri (“jo, behin ibili ziren maite-kontutan...”). Askotan trabak jartzen ditugu, gero eta modu sotilagoan. Ez dut esango gizon guztiok egiten dugunik, baina joera da. Ukazioa edo garrantzia gutxitzea dira estrategia nagusienetakoak. Txanpon beraren beste aldea da ondokoa esatea: “Gertatu dena oso handia da, handiegia guretzat”. Horrela, gizonok ezer ez egitea zuritzen dugu.

Beste estrategia ihes egitea da: “Bai, onargaitza da, eta egiturazkoa, zerbait egin behar dugu...”. Dena onartu, baina ez dut ezer egingo. Bilera antolatu eta inor ez agertu. Ihes eginda saiakerak boikoteatzen ditugu. Mikromatxismoekin lotzen dut. Gizon askok pentsatzen du nesken kontua dela, neskek landu beharrekoa. Ageriko diskurtsoan ez beti, baina pixkatxo bat sakonduta hori ikusten da. Indibidualizatzeko joera ere badago: “Urliaren arazoa da, ez besteona”.

Gaiari heldu izan diogunean, beste muturrera jotzeko dugun joera salatu izan du feminismoak, alegia,  jarrera punitiboenak hartzea, eta rol protagonistatik gainera.

Zigorraren logikan sartzen lehenak izaten gara. Batetik, nik beldurrarekin lotzen dut: zaku berean sartu ez nazaten izanen naiz lehena erakusten kontrako jarrera. Bestetik, zigorraren logika erabat integratuta dugu.

Bestalde, erruduntasunerako joera handia dugu. Norbere burua errudun egitea oso toki desatsegina izan daiteke, baina oso erosoa ere bai. Gure burua zigor genezake, baina asteak igaro eta ezer egin gabe jarraitzen dugu, gizon taldea osatu gabe, gure jarrerak aldatu gabe parrandan edo asanbladan.

Jarrera interesgarririk ere atzeman duzu gizonongan.

Badago sektore bat, gero eta handiagoa, emakume batzuen eskutik gaiari daukan garrantzia eman eta heltzen saiatzen ari da. Gaia sistemikoa dela ulertzen dute, eta lan pertsonala zein talde mailakoa egiten dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sexu Erasoak
“Intentsitate altuko” bi sexu eraso salatu ditu Gasteizko Mugimendu Feministak ostegun gauean

Mugimendu Feministak azaldu duenez, Fermin Muguruzaren kontzertuaren aurretik gertatu ziren erasoak. Horiez gain, beste hiru eraso zenbatu dituzte: hiru gizonak atxilotu ditu poliziak. 


Bakioko jaietako gau bateko egitaraua bertan behera utzi dute, sexu erasoen eta borroken gorakadagatik

Abuztuaren 29ko gaueko egitaraua bertan behera utzi dute, iazko jaietan gau horretan izan baitziren indarkeria kasuak: sumisio kimiko bidezko sexu erasoak eta borrokak "nabarmen" areagotu zirela azaldu du Amets Jauregizar herriko alkateak. Abuztuaren 28tik 31ra bitarte... [+]


71 urteko espetxe zigorra ezarri diote Hondarribiko surf irakasle bati, 11 adin txikikori sexu abusuak egitea egotzita

2011tik 2021era bitarte egin zituen erasoak, klaseak eman bitartean. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak sexu abusuen delitu bakoitzeko lau urte eta hilabete bat eta hamabi urte bitarteko kartzela zigorra ezarri dio. Horrez gain, 40 urteko gizonak adin txikiko bakoitzari 3.000 eta... [+]


Algortan izandako taldeko sexu-eraso baten ustezko egileetako bat atxilotzeko agindua eman dute

Getxoko 3. Instrukzio Epaitegiak atxilotze-agindua eman du 2023ko urrian Algortan jazotako talde sexu-eraso batean ustez parte hartu zuen egileetako baten aurka. Kasua sexu-eraso larri gisa sailkatu du magistratuak eta poliziari eskatu dio, gaztea aurkitzen dutenean, epaitegira... [+]


Laura Macaya
“Indarkerian esku hartzeko marko hegemonikoek ez diete onik egiten emakumeak suspertzeko prozesuei”

Urte luzeak daramatza Laura Macayak indarkeria jasan duten emakumeei lagun egiten, arlo instituzionalean, militantzian, bai eta beste justizia-eredu batzuetatik abiatuta ere. Horri guztiari buruzko liburu bat kaleratu berri du: Gatazka eta abusua ez dira gauza bera (Katakrak,... [+]


“Intentsitate handiko” bi sexu eraso erregistratu dituzte Iruñeko sanferminetan

Gutxienez hamahiru sexu eraso salatu dituzte hainbat emakumek, horietatik bi "intentsitate handikoak", eta besteak "arinagoak". Mugimendu Feministak gogorarazi du salatutakoez gain "sexu eraso gehiago" egon daitezkeela, eta lanean jarraituko duela... [+]


2025-07-14 | ARGIA
Sanferminak “nahi bezala gozatzeko eskubidea” aldarrikatu dute Iruñean, ostiraleko sexu erasoa eta gero

Mugimendu Feministak deituta, ehunka herritar, ordezkari politiko eta jaietako talde bildu dira uztailaren 13an Iruñeko Gaztelu Plazan. Intentsitate handiko eraso baten eta intentsitate txikiko beste hainbat erasoren testuinguruan egin dute elkarretaratzea. Eraso sexistarik... [+]


Gizon bat atxilotu dute Iruñean bi adin txikikori sexu erasoak egitea eta hirugarren bat bahitzen saiatzea leporatuta

Uztailaren 5ean egin zituen sexu erasoak Iruñeko barraka gune batean. Leporatutako delituen larritasuna dela eta epaileak fidantza ordaintzeko aukera kendu dio.


2025-07-08 | Gedar
Tolosaldean, adin txikiko neska bat modu jarraituan bortxatu du 71 urteko gizon batek

2024aren bukaeratik behartu du gaztea berekin sexu-harremanak izatera, diru truke.


Zuberoako Chaumes gasnategian eta Iratiko Txaletetan sexu erasoak jasandakoei babesa erakusteko dinamika abian da

Mauleko Chaumes gasnategian langile eta CGTko sindikatu ordezkaria izandako gizon baten kontrako lau salaketa dira pausaturik, eta Larraine gaineko Iratiko Txaletetan lankide ukandako bosgarren emakume batek ere gehitu du berea. Uztailaren 3an iraganen da auzia Pauen. Erasoa... [+]


2025-06-25 | Euskal Irratiak
Betharram ikastetxearekin lotutako bortizkeria kasuak ikertzeko, lekukotasunen bilketa abiatu dute

Betharram ikastetxearekin lotutako sexu eta bortizkeria kasuak ikertzeko asmoz, Batzorde Ikerketa Independenteko kideek lekukotasunen bilketa abiatu dute


Zizurren ikasleak komun eta aldageletan grabatzen zituen irakasleak 180 urteko zigorra jaso dezake

Zizur Nagusiko institutu batean 41 pertsona grabatu zituen eta haietako 30 bere ikasleak ziren. Argazki batzuk sare sozialak erabilita lortzen zituen eta adimen artifizialarekin aldaketak egiten zituen.


Elkarretaratzea egingo dute Muxikan, jaietan gizon batek hainbat adin txikiko neskari eginiko sexu erasoak salatzeko

San Roman auzoko jaietan bost neska adingaberi ukituak egiteagatik 18 urteko mutil bat atxilotu zuen Ertzaintzak Muxikan (Bizkaia). Udalak eta herriko Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu dute asteartean 20:30erako.


92 urteko gizon bati kartzela zigorra ezarri diote, zaintzaileari sexu erasoak egiteagatik

Akusazioa onartu, eta eragindako kalteengatik, kalte ordainak ordaindu dizkio: zigorra jaitsi diote, eta, beraz, ez du kartzelara sartu beharko. Beste gizon batek aitortu du bost urtez bikotekideari sexu abusuak egin zizkiola: zigorra jaitsi diote hamahiru urtetik laura, eta... [+]


20 urteko gazte bat atxilotu dute Beasainen, sexu erasoa egitea leporatuta

Erasoa Loinatz jaietako azken egunean gertatu zen. Goierriko Itaiak elkarretaratze bat antolatu zuen gertakaria salatzeko.


Eguneraketa berriak daude