Gutariko Bat eta zarataren ernamuina

  • Gizarte bakoitza bere zaratarengatik epaitu behar genukeela zioen Jacques Attali pentsalari frantziarrak. Hala bada, zer dio euskal zaratak? Horixe bera izango dugu mintzagai hiru artikuluko serie honetan. Lehenbizikoan, Euskal Herrian izan den talde interesgarri bezain ezezagun baten ibilbidea errepasatuko dugu: Gutariko Bat.

Euskal Herrian oso ezagunak izan ez arren, Gutariko Bat taldeak nazioarteko musikazaleen arreta deitu zuen, besteak beste Fugazi, Dead Kennedys edo Shellac bezalako taldeetako kideen belarrietaraino iritsiz (argazkia: J. A. Areta Goñi,
Euskal Herrian oso ezagunak izan ez arren, Gutariko Bat taldeak nazioarteko musikazaleen arreta deitu zuen, besteak beste Fugazi, Dead Kennedys edo Shellac bezalako taldeetako kideen belarrietaraino iritsiz (argazkia: J. A. Areta Goñi, "Juxe").
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Musikaren inguruan jarduten duen kazetari batek ez du, berez, aitzakia handirik behar Xabier Erkiziarekin elkartzeko. Egiazki, lesakarraren ibilbideak nahikoa helduleku eskaintzen dizkio edonori solasaldi interesgarri bati hasiera emateko: azken aldian idatzi dituen liburuak izan litezke elkarrizketagai –Il Rumore Lontano azken lana, adibidez–, ekoitzi dituen taldeen gainean ere aritu zintezke –Ainara LeGardon edo Grande Days berriki–, komunikabide ugaritan egin dituen kolaborazioei buruz galdegin zeniezaioke edota etengabeko soinu esperimentazioak emandako fruituak aletu. Dudarik gabe, bada nahikoa arrazoi Erkiziari hitza emateko.

Nolanahi ere, guk korapilo beretik datorren beste hari mutur bati heldu nahi izan diogu oraingoan, komisariotu berri duen eta Bilboko Arte Ederren Museoan oraindik ikusgai dagoen Musika Euskal Herrian 1968-2018  erakusketa abiapuntutzat hartuta. Bertan, azken 50 urtetan gurean jorratu diren doinuen inguruko azaleko azterketa egiteari muzin egin eta euskal musikak egun dituen formak hartzera iristeko egindako ibilbide bihurgunetsuari so egitea lehenetsi du musikari eta ikerlariak. Horretarako, ezinbestean, ertz guztietara zuzendu behar izan du begirada eta, izen entzutetsuez harago, hain bereak dituen musikaren, zarataren eta hotsaren arteko muga lausoetan aritu diren sortzaileei ere erreparatu die. Geuk ere antzeko zerbait egin nahiko genuke, euskal zarataren nondik norakoak hobeki ezagutzen saiatu, alegia.

Gutariko Bat

Gutariko Bat taldea ere inor gutxik sartuko luke horrelako zerrenda batean. Erkiziak ere ez du halakorik egin, apaltasun edo lotsa kontu batengatik agian. Izan ere, Xabier Erkizia bera izan zen talde hartan kantatu baino orro egiten zuena, gitarra jotzeaz eta sampleez arduratzeaz gain. Ohiko genealogietan aipatzen ez den izen honek istorio interesgarri bat gordetzen du, baina. Gutariko Bat euskal lurrazpi ilunean arakatu zalea ez denarentzat izen arrotza izan arren, Frantziako Estatuan gauzak oso bestelakoak izan omen baitziren taldearentzat zenbait urtez.

“Frantziako Estatuan arrakasta handia izan genuen, 300 bat lagunen aurrean jotzera iristeraino. Guk ez genukeen inoiz halakorik aurreikusiko. Bordele, Paue edo Okzitaniako Tolosatik jotzera gonbidatzen gintuzten talde atzerritarrekin batera eta iristerakoan kartelburuak geu ginela konturatzen ginen. Zaleek gure kantak ezagutzen zituzten gainera, bazekiten noiz zetozen erritmo aldaketak”. Etxera itzultzerakoan ingurukoek nekez sinesten omen zituzten kontatutakoak. Izan ere, oso bestelakoak ziren kontuak mugaren hegoaldean, Gutariko Bat taldearen oihartzuna sekula ez baita handiegia izan bertan. Frantziako Estatuan, aldiz, musika aldizkarietan taldeari buruzko artikuluak idazten zituzten eta, orokorrean, sona nabarmena lortu zuen taldeak zenbait zirkuitutan. Erkiziak dio beraiek ere ez zirela guztiz jabetzen gertatzen ari zenaz. “Egin kontu orduan e-mailik ere ez genuela, beraz, geure diskoetxea zen gertatzen zenaren berri izateko iturri bakarra”.

Portobello Bones taldearekin Bermeon eskaini zuten kontzertuan hasi zen dena. Zuzenekoa amaitu bezain laster, oraindik eskenatokian zeudela, gainera igo eta disko bat grabatzeko eskaini zieten zuzenean. Horrenbestekoa izan zen beste musikariengan sortutako lilura. Hazparnen kokatuta zeuden Amanita estudioetan grabatu zituzten lehen kanta horiek, aipatutako talde frantziarrarekin elkarbanatutako singlean kaleratu zituztenak, 1997. urtean. Egin zuen bere ibilbidetxoa single hark. Egun batean Amanita zigilu eta banatzaileko buru zen Stephan Kriegerrek bilera bat egiteko beharra adierazi zien, garrantzitsua omen zen eta. Kontua zera zen, grabatu zituzten abesti haiek garaiko rock munduko izen handienetako batzuen interesa piztu zutela: Ian McKayek (Dischord Records, Fugazi) eta Jello Biafrak (Alternative Tentacles Records, Dead Kennedys) taldearengatik galdetu eta informazio eske idatzi zuten. Steve Albini (Big Black, Shellac) are urrunago joan zen eta beraien disko bat grabatzeko gogoa adierazi zuen singlea entzutera iritsi zenean. Ez sinestekoa zen, baiki.

Gutariko Batek zazpi hazbeteko beste lan bat (Ama 41, 1998. urtekoa) eta hainbat bildumatan agertutako beste hiru abesti kaleratu zituen soilik, ez gehiago. 2006an Arto Artian kolektiboak Gutural eta Akauzazteren disko bana biltzen zituen bilduma batean batu zituen azkenik taldearen kanta guztiak CD formatuan. Zortzi abesti guztira. Grabatu omen zituzten abesti dezente gehiago halere, bai entsegu lokalean, baita estudioan ere. Nolanahi ere, abesti horiek disko gogorren batean gordeta daude egun, Iban Zubieta baxu-jotzailea zendu zenean taldekideen lehentasunak goitik behera aldatu eta proiektuaren akabera iritsi baitzen. Kanta horiek  gure eskura ez daudenez, soilik irudimenaren bidez epai genezake zer egiteko gai izango ote ziren. Nork daki lehen zortzi hazi horietatik zerk loratu ahal izango zukeen taldearen ibilbidea horren azkar amaitu izan ez balitz.

Desioaren ordua

Gutariko Bat taldeak egiten zuena ez zen, berez, entzuteko erraza. Oso musika indartsu eta oldarkorra zen, formula identifikagarriei era kontzientean muzin egiten ziena gainera. Askok zaratatzat joko luke egiten zutena eta segur aski garai haietan –taldea 1993an sortu zen– ez ziren asko halakoak egiten ausartzen zirenak. Erkiziak aitortu digu formula identifikagarri batera heltzen zirenean, moztu eta beste zerbaitekin hasteko joera zutela. Erosotasunari uko egin nahi zioten. This Heat, US Maple edo Laddio Bolocko bezalako taldeek nola txunditu zituzten gogoan du, adibidez, entseatzeari utzi eta diskoak aho-zabalik entzuten amaitzeraino. Ezin zezaketen musika hori nola eginda zegoen ulertu. Berria zen, forma zehatzik gabekoa, okerra eta deserosoa batzuetan.

Zarataren kontzeptuak berak ere badu jarrera honekin loturarik, Erkiziaren arabera. “Zarata kanonaren kontra egiten duena da, zerbait izatekotan. Horrexegatik da tokiaren eta garaiaren araberakoa. Horretan ari direnak gutxiesteko inongo asmorik gabe, noski, baina ez du eragin bera noise-rocka 90eko hamarkadan edo gaur egun egiteak”. Zarata sortzea eredu edo arauaren kontrakoa izan da beti, dela estetikoa, ideologikoa edo politikoa. Beti adierazi izan du akatsa eta bestea, eta horrek hamaika oihartzun eta erabilera ezberdin izan ditzake. Potentzialtasuna ia amaigabea da, gaitzespena eta izan daitekeen guztia gordetzen baititu bere baitan, aldi berean.

Gutariko Batekoek ez zuten 80ko hamarkadako punk-rock talde bat gehiago izan nahi. Jaialdi aldarrikatzaile handietan parte hartzeak ere ez zituen bereziki kitzikatzen, ez ideologikoki urrunekoak izan zitezkeelako, ez zutelako halako makineria baten parte izan nahi baizik. Ibilbide markatuak ez zituzten gustuko. Protesta leloak baztertu eta ahotsa instrumentu gisa erabili nahi zuten gehiago, bolumena beste instrumentuen maila berean ezarri eta hitzen perkusibitateari jaramon gehiago egin mezuari baino. Ohiko egiturei erreparatu beharrean, isiltasunarekin eta abiadura aldaketekin jolasten zuten halako collage bat osatuz. Kanonetik ihes egiteak erdibide iradokitzaile batean kokatzen zituen eta hori, arazo bilakatu beharrean, plazer iturri izan zen Berako taldearentzat.

Argazkia: J. A. Areta Goñi, "Juxe"

Urte haietan, Amanitak banatzen zituen diskoak noiz iritsiko zain izaten ziren Erkizia eta lagunak. Rock aldrebesa zen hasieran nahi zutena, jazz askera eta elektronika abstraktura jo zuten gero. Mugalaria bailitzan, Hazparneko estudioetara joan eta kaxa bete disko mugaz bestalde pasatzean sentitzen zuten irrika gogoan du Erkiziak. Bilbo, Azkoitia, Donostia eta Beran egiten zituen geldialdiak, zekartzan disko haiek banatzeko. Askotan, baina, aduanan bertan izaten zituen lagunak zain eta Bilbora ia esku-hutsik heltzen zen, disko gehienak salduta. Halakoa zen doinu berriekiko gosea. Gogoan du, halaber, Durangoko Azokan Akauzazte taldea ezagutu zuenekoa. Musika lata itxi baten barnean zekartela ikusi bezain pronto piztu omen zitzaion desira: ez zekien zer egongo zen hor barruan, baina entzun nahi zuen. Egun hartan, barruko kasetea hondatu gabe lata hura nola ireki ez zekiela gora eta behera aritu ostean, entzutea lortu eta gauean loak ezin hartu egon zen.

Tresna intuitibo bat omen da zarata, desioak gidatzen duena. Anbiguoa eta zikina izanagatik desira hori. “Eredutik ihes egin eta musika bere jatorrizko izaerara itzultzeko irrika dago zarataren atzean, reset egin eta norbere sena azalaratzekoa”. Irrazionaltasuna eta probokazioa bere-bereak ditu zaratak, mutur parodikoetara heltzeraino batzuetan. Dena dela, desioa lehenestean dago gakoa Erkiziaren aburuz, ezezagunaren barnean murgildu eta hautu guztiz kontzienteak egin gabe gogoak gidatu zaitzan uztean.

Gutariko Batek ez zuen, segur aski, kanon imitagarririk ezarri gurean, baina gerta zitekeen. Logika arrazionalaren detritu moduan ere uler omen dezakegu zarata eta etengabeko ihes horretan sedimentatutakoek badute eraginik inguruko sortzaileengan ere. Erkiziak aitortu digu, bere ustez, beste hainbat lurraldetan gertatu den gisara, euskal diskogintzak ere “ez duela jakin zarata metabolizatzen” eta batzuetan “patrimonialki eta nahiko era miopean” jokatu duela proposamen berriak onartu eta bultzatzeko orduan. Aitortza, beraz, beste bide batzuetatik etorri izan da. Horren adibide da, esaterako, Lisabö taldearen Izkiriaturik aurkitu ditudan gurak lana. Disko koral hura prestatzen ari zirela, Erkiziari ea parte hartzeko prest egongo zen galdegin zioten, honek baiezkoa eman eta Deliberazio kanta sortu zuten. Abestiak Gutariko Bat taldeak zuen soinutik edateaz gain, letra labur bezain argigarria zuen: “Tarteka, bortxatze honetan, desioari hozka egingo diot, neria baita –bederen– zati bat, neria da! –bederen– zati bat”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Hitzordu berriak Kursaal Eszenan

Kursaal Eszena

Non: Donostiako Kursaal Jauregian

Noiz: 2025eko urri eta abendu artean

----------------------------------------------------------------------------------

Uda azkar pasatu zaigu, oraindik buruan ditugu Musika Hamabostaldian gozatu ditugun kontzertu zoragarrien... [+]


2025-09-27 | Leire Ikaran
Makineria pisutsu baten oihartzunak

EMPTY FILES + MOXAL & MIREN NARBAIZA

Non: Bilboko Kafe Antzokian
Noiz: irailaren 12an.

-------------------------------------------------------

Aitortu behar dut nahi baino gutxiagotan joaten naizela Bilbora. Beti sortzen dit horrelako tristura moduko bat, orduko... [+]


2025-09-18 | Irutxuloko Hitza
Lourdes Iriondori emango dio aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina

Aldundiak aurtengo Gipuzkoako Urrezko Domina emango dio abenduan Lourdes Iriondo Mujikari (Donostia, 1937-Urnieta, 2005) bere heriotzaren 20. urteurrenean. Aintzatespen horrekin, euskaren biziberritzean eta euskal kulturaren suspertzean Iriondok egindako “lan mamitsu eta... [+]


2025-09-17 | Xalba Ramirez
Nhil, etxe bat 'soulari'

Etxea
Nhil
Autoekoizpena, 2025

------------------------------------------------------------

Etxea du izena Nhil taldearen hirugarren diskoak. Taldekideek azaldu dutenez, “etxea” baita taldea haientzat, eta entzulearentzat ere hala izatea nahi dute. Zazpi... [+]


Zergatik?

'GUREA KULTURA' JAIALDIA 
Taldea: Sal del Coche
Non: Zestoan
Noiz: Irailaren 7an

--------------------------------------------------------

Kronika hau egitera Donostiara joan behar nuen, baina sarrerak garestiegiak iruditu zitzaizkidan behinola zezenketak... [+]


Espainia ere ez da Eurovisionen izango, Israelek parte hartzen badu

RTVE irrati-telebista kate espainiarreko Administrazio Kontseiluak astearte honetan onartu du erabakia. Jaialdiaren antolaketan pisu handia duen “Big Five” deituriko herrialdeen artean, Espainia da lehena iragarri duena Eurovision utziko duela Israelek parte hartuz... [+]


2025-09-15 | Iker Barandiaran
Atzera begira gaztea

Badut lagun bat pop-aren bueltan Euskal Herrian emakume eta gazteek martxan jartzen dituzten proiektu berriei erreparatzen diona. Hark ezagutarazi dit onomatopeiadun talde bizkaitar hau. Hiruzpalau kantu sarean, eta uda ostean lan luzeago bat kaleratzeko asmoa.

KAK! taldea... [+]


Spoti-fire, Stop-ify edo Spoti-fair

Guztiok entzun nahi dugu musika: asko, merke, euskaraz eta gaizki sentitu gabe. Baina Spotify utziko badugu Israelen konplize izateagatik, agian beste enpresa eta tresnen inguruan ere hausnartu beharko dugu. Edo gure morala kontratatzen ditugun zerbitzuen arabera neurtzen hasiko... [+]


Itsaso zakar bat eta bi ahots poetiko

Xak eta Ekiza

Non: Ondargain txiringitoan (Deba)
Noiz: abuztuaren 27an.

-------------------------------------------------------

Euri langarraren eta lanbro-lainoen artean pasatu dugu Gipuzkoako muga, kostaldean zehar doan errepidetik itsaso zakarrari beha. Bandera... [+]


Musika klasikoa
Kilate askoko abesbatza

Les Concert des nations, La Capella nacional de Catalunya orkestra sinfonikoa

Zuzendaria: Jordi Savall
Abesbatzen prestaketa: Lluís vilamajó
Egitaraua: Mendelssohnen lanak 
Non: Kursaal auditorioan (Donostiako Musika Hamabostaldia)
Noiz: abuztuaren... [+]


Espiritualtasun ukitu bat

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Gewandhausorchester Leipzig.
Zuzendaria: Andris Nelsons. Donostiako Orfeoia.
Koru zuzendaria: Esteban Urzelai.
Bakarlariak: Julia Kleiter (sopranoa), Christian Gerhaher (baritonoa).
Egitaraua: Mendelssohn eta Brahmsen lanak.[+]


Maila altua

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Gewandhausorchester Leipzig.
Zuzendaria: Andris Nelsons.
Bakarlaria: Isabelle Faust (biolina).
Egitaraua: Pärt, Dvorak eta Sibeliusen lanak.
Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren... [+]


Kai Nakaik, Marenek eta Olatz Salvadorrek gezurtatu egin dute Bilboko Udalak esandakoa: ez zien beste eszenatoki bat eskaini

Bilboko Udalak ostegunean adierazi du Abandoibarrako kontzertua bertan behera geratu eta gero, Plaza Biribileko agertokia eskaini ziela hiru artistei, baina ezezkoa eman zutela. Abeslariek bertsio hori ukatu eta zehaztu dute: bakarrik Kai Nakari eskaini zioten.


2025-08-29 | Eider Iturriaga
Musika zuzenean Eider Iturriagaren begietan

Zuzeneko musika gustatuz gero, ziur azken hamarkadan Eider Iturriagak egindako argazkiren bat ikusi duzula. Bere bi grinak uztartu ditu bermeotarrak: musika eta argazkilaritza. Eszenatoki batean hain azkar pasatzen den une hori harrapatzeko abilezia du, ikuslearen begietan... [+]


Kilate askoko abesbatza

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Le Concert des Nations. La capella Nacional de Catalunya.
Zuzendaria: Jordi Savall.
Abesbatzaren prestaketa: Lluís Vilamajó.
Egitaraua: Mendelssohnen lanak.
Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren... [+]


Eguneraketa berriak daude
Bi haur Palestinako banderarekin
Aste honetan zenbaki berezia: Genozidioa gelditzeko, Israeli boikot
Herrien arteko elkartasunari gure aletxoa jarri nahi izan diogu. Euskal Herritik, euskaraz, herrien munduaren alde. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, duela bi urte bezala, ahotsa altxatzeko beharra sentitu dugu.