Turismoa, milioika mundutar aberatsen luxu masifikatu baina lurrak jasan ezin hori

  • 2018an mugaz gaineko 1.400 milioi bidaia zenbatu ziren munduan, duela 50 urte luxua zena zenbateraino demokratizatu den seinale. “Demokratizatu”, diozu? Lurra planetako hamabost biztanletatik batek bisita ditzake gainerako hamalauak, baina hauek ezingo dute joan bakar haren sorterrira... ez bederen opor usainean. Atsedenezko bidaien koste-etekinen banaketak injustizia neurri bera dauka: turismoak jendeen arteko desberdintasunak handiagotzen ditu.

Ikuskizuna Balin: lekuko dantzariak mundu osotik heldu turistei ‘suaren dantza’ antzezten.
Ikuskizuna Balin: lekuko dantzariak mundu osotik heldu turistei ‘suaren dantza’ antzezten.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Etorkizun oparoa dauka nazioarteko turismoak”, “2018an turismoak markak hautsi ditu”, “Turismoa gehiago hazi da munduko ekonomiaren batez bestekoa baino”... Urtean behin ez baina bi edo hirutan hegazkina hartzera ohitu den  herritarrari mezuok iristen zaizkio eten gabe, Turismoaren Munduko Erakundeak berak ere zabalduak. Dena doa primeran aisialdizko bidaien alorrean, kenduta pittin bat kezkatzen gaituela klima aldaketan eduki dezakeen eraginak; baina milaka milioi lekualdatze horien lorratz ekologikoak eragindako kontzientziako karga arintzeko hasi dira aipatzen bidaia jasangarriak, turismo etikoa eta ixtorio.

Askoz balantze kritikoagoa egin dute La domination touristique (Turismoa menderatzaile) azterlan mardulean. Bernard Dutermek koordinatuta, mundu osoko –Hegoalde txirokoak barne– ekonomialari, soziologo antropologo eta turismoan adituek osatu dute fenomeno masibo honen kartografia orokorra, zeinaren emaitza nagusia honetan laburbildu daitekeen: “Panazea dirudienak funtsean berdintasun eza handiagotzen du”.

Turismoaren hasiera XX. mendeko sozialdemokraziari dagokio, oinarrian baitauzka langileen borroken lorpenak, oporraldi ordaindua, hazkunde ekonomikoa, bizi mailaren hobetzea, asti librea, kontsumismo eta espektakuluaren gizartea. Baita ere teknologien garapena, komunikazioen azelerazioa eta lekuen arteko distantzien laburtzea. Laster etorriko ziren aireko trafikoaren eta harreman ekonomikoen liberalizazioa. Eta langile jendearen aisialdia eta ahalduntzea errazteko sorturiko turismo soziala, sarritan langileen sindikatu eta elkarte bidez sustatua, bilakatuko zen masibo eta low cost, jarduera komertzial sendo, konkurrentzia handiko eta txit erasokorra.

Aisialdiko beste hainbat bidaia, bisitaldi edo txangotatik bereizi eta nazioarteko turismoan zentratu dira La domination touristique ikerlanean. Ez dute, noski, turismoa berdin egiten turista denek, baina Dutermek denak ikusten ditu eskema beraren partaide: “Turisten masifikazioari erantzuten zaio bidaiatzeko moduak estratifikatuz: ustez turista ona denak nola edo hala ihes egin nahi dio txarrari (‘horiek artaldea moduan dabiltza’, ‘eguzkitan tripaz-gora jarrita dauden horiek’...). Aberatsak ihesaldiak eta lasaitasuna maite ditu; aberats-nahiak, jendetzak eta ohiko oporraldiak. Hark garrantzia ematen die gizarte, paisaia edo hizkuntzazko aberastasunei; honek dibertitzeari, topikoei eta abantailei”. Alegia, denok turismoa den fenomeno bera darabilgula, gure jokabideekin nork bere klase sozialaren ezaugarriak nabarmenduz.

Turismoaren hartzaile ere denek izan nahi dute, herri, eskualde edo nazio, jarduera ekonomiko etekintsua delakoan.  Baina nola erakutsi muturra merkatu lehiakor horretan, nola izan erakargarriago? Neurgailu estandarra Davoseko Forum Ekonomikoak dauka ezarrita: Bidaia eta Turismorako Lehiakortasun Indizea (Travel & Tourism Competitiveness Index), zeinaren gomendioak jarraitzen baitituzte planetako agintari gehienek, hots, zein eskuragarri dauzkan leku bakoitzak aire garraioak, turismo azpiegiturak, nazioartetik bertaratzeko erraztasunak, informazio eta komunikazio teknologikoen maila, segurtasun eta osasun zerbitzuak, prezioen, enpresen eta eskulanaren lehiakortasuna... “Hitz batez: turismoaren merkatuak ere beherapenak sustatzen ditu herrialde guztietan arau sozial, fiskal eta ingurumenezkoetan”.

Turista talde bat Machu-Pichun, Perun.

Mugetako trafiko asimetrikoak

Mundu osoko leku oro ote da turismotarako aproposa? Bai eta ez. Bai, zeren eta  planetako edozein zokok nahi du parte hartu denen esanetan pagotxa dakarren jarduera ekonomiko horretan. Eta ez, zeren eta leku guztiek ez baitute erakartze ahalmen berdina turismoak irrikaz bilatzen dituen paisaia, ondare edo gizarte aberastasunei dagokienez. Adibide bat jartzeko, Guatemala den helmuga turistikoak urruneko bidaiariak erakartzen dituzten katalogoetatik kanpo geratzen omen dira herritar indigenek usadiozko janzki ikusgarririk beztitzen ez duten eskualdeak.

“Turismoak –idatzi du Sylvie Brunel geografo eta ekonomialariak– gezurrezko autentikotasun bat sortzen du. Atzerritar arruntak nahiagoko du indigenaren irudi idealizatua, antzeztutako autentikotasuna, bere irudimenean urrutikoaren irudia eraikitzeko prozesuaren emaitza dena –lekuan aurkituko duen indigenaren irudi sinplifikatu, makilatua eta folklorizatua– eta bestela ez dio arretarik jarriko”.

Baina, gainera, ingurumen aldetik oso balantze txarra eskaintzen du turismo uholdeak. Industriak nahi duen adina demokratizatuko balitz, Lurra planetaren jasateko ahalmena askogatik gaindituko luke.

Hasteko, gero eta leku aldatze gehiago hegazkinez egiten delako. Klimaren aldeko greenwashing operazioetan aipatzen ez duten arren, CO2 isurketen hamarrena edo gehiago hegazkinei dagokie. Baina beste atal askotan ere lorratz nabarmena uzten du turismoak: sekulako ur xahuketa eragiten du (golf zelaiak eremu lehorretan, kainoi bidezko elur artifiziala eskiatzeko...), nekazaritzak behar dituen zelai eta soroetako lurzoruen artifizializazioa, gune naturalen suntsitzea, itsas bazterren hondatzea, kudeatu ezinezko hondakin mendiak...    

Eta guztia 500 milioi jende baino gutxiagoren urtean behin edo gehiagoko aisialdia asetzeko. Bestela esanda, hamabost mundutarretatik batek beste hamalauak gertutik ikusi ahal izan ditzan. Zeren eta alderantzizkorik ez da gertatuko. Txukun samar irabazten duen europar batek erraza dauka oina Txaden edo Nigerian jartzea, baina hemengo herritar txiro batek...

“Turismoaren korronteek –dio Dutermek– zehatz-mehatz islatzen dituzte munduaren antolaketa eta bere desberdintasunak: mugetan elkar gurutzatzen dute migrazio baimenduek eta debekatuek, ateak zabalik batzuentzat, alanbrezko txarrantxak besteentzat. Giza eskubideen deklarazio unibertsalak jasotzen duen mugitzeko ahalmenak benetan La Fontaineren ipuin hura balekar bezala: ‘Segun eta boteretsua zaren ala errukarria, aduanek munduko herritar bilakatuko zaituzte edo etxean arrestaturik bizitzera kondenatuko”.

Dutermeri galdetu diote ea zerbait konponduko ote duten bidaiatzeko estilo berriek: ekoturismoa, turismo solidarioa, alternatiboa, arduratsua eta abar aipatzen baitira. “Turismo jasangarririk ezin da egon, baldin eta ez badira auzitan jartzen hartzaileei dakarzkien ondorioak: liberalizazioa, arau gabetzea, lekuak eta bizimoduak salgai bihurtzea,  lekuko herritarren folklorizazioa, herriontzako funtsezkoak diren espazioak eta baliabideak lapurtzea”.

Turistak Guatemalako Tikalen. (Argazkia: Dream Big, Travel Far)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Turismo masiboa
Turismoaren negozioaren aurka mobilizatu dira Zarautzen

"Gure herria izugarrizko irabazi-iturria da turismotik negozioa egiten dutenentzat. Bertako langileok, berriz, horren albo-kalteak jasaten ditugu: miseria eta esplotazioa", seinalatu dute mobilizazioa deitu duten Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatu... [+]


Ey, ey... Turismo kolonialaren bonba lehertu duela Bad Bunnyk

Reggaetonarekin eta antzekoekin, musika estilo bat ez ezik, Puerto Ricok beste ideia bat zabaldu du mundu osora: turistifikazioaren eta iragan kolonialaren artean dagoen lotura estua. Milioika jarraitzaile dituen Bad Bunny artista da mezu horren bozgorailu. Azken diskoan Jorell... [+]


Analisia
Kanarietara bidaiatzeko oharrak

Mingainari kosk txikia eginda joan ginen oporretan Kanarietako Lanzarote irlara. Maiatzaren erdian, turista asko-askorik topatuko ez genuela jakinda, prezio guztiak ere merkeago, eta hara eta hona mugitzeko lasaitasun gehiago. Espero bezalaxe izan zen. “Esperientzia”... [+]


2025-05-22 | ARGIA
Bizilagunekin plataformak ‘Donostia Tropikala’ festa egingo du maiatzaren 30ean

Ekimen honekin tonu alai eta ironikoan salatu nahi dute aldaketa klimatikoa eta turistifikazioa elkar elikatzen ari direla, eta horrek "gure hiria eta lurraldea merkatuaren logikaren esku uzten" dituela.


2025-04-09
Bikote perfektua

Egungo Venezia 118 uhartez osaturiko artxipelago baten gainean eraikita dago. Uharte horiek 455 zubik elkar lotzen dituzte. Lura baino lokatza du oinarri hiriak. Inguruetako milioika zuhaitz mozteari ekin zioten IX. mendetik aurrera, piloteak eraiki eta hiria zimendatzeko... [+]


Eneko Goia, auzo elkarteez: “Haiengatik balitz ez legoke ez Behobiarik, ez Klasikoarik, ez Donosti Cupik, ez Zinemaldiarik”

Abenduan ezagutarazi ziren Espainia, Maroko eta Portugalen jokatuko den Munduko Futbol Txapelketako egoitzak. Donostia eta Bilbo zerrendan ageri ziren. Donostiako sei auzo elkartek, gutun bidez, FIFAri eskatu diote atzera botatzeko hiriaren egoitza izendapena; FIFA bera ere... [+]


2025-02-19 | Estitxu Eizagirre
“Kartzelara bidaltzen bagaituzte ere, hemen egongo da herri bat erasoen kontra defendatzeko prest”

Ilbeltzeko igande goiz batez jo dugu Baztanera. Eguzkiak oraindik ez du Lekarozko plaza argitu; bertan elkartu gara Garbiñe Elizegi Narbarte, Itziar Torres Letona eta Ernesto Prat Urzainkirekin. Itzaletan hotz egiten du eta umorez goxatu dugu lehen agurra, hogei urtean... [+]


2025-01-28 | Julene Flamarique
Turismoaren erregulazioa Baztanen: ostatuak kontrolatzeko plana onartu dute

Plan berriak Baztango bailara lau zonalde historikoetan bereiztea proposatzen du. Ostatu turistiko berriak irekitzeko araudia ere hartuko du bere gain, definitutako hiri iraunkortasun adierazleen araberakoa izango dena.


Berotegi-efektuko gas emisioen %8,8 eragiten du turismoak, eta isurketek gorantza segitzen dute

Azken hamar urteetan turismoak eragindako CO2 isurketen emendioa ekonomia orokorrarena baino bi aldiz handiagoa izan da. Nature Communications aldizkari zientifikoak abenduaren 10ean plazaratu ikerketaren emaitzak dira.


Pisu turistikoentzako baimenak urtebetez eten ditu Bilbok

Bilboko Udalak ez du lizentzia berririk emango, hirigintza planean etxebizitza turistikoen figura arautu bitartean. "Kautelaz" jokatzea erabaki du Juan Mari Aburtoren udal gobernuak, baina gehienez ere urtebeteko epea eman dio debekuari.


Donostiako turistifikazioa agerian uzteko bost datu

Turistifikazioaren Aurkako Urria manifestazio jendetsu batekin borobildu zuen igandean desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformak, baina turistifikazioaren inguruko eztabaidak bizirik jarraitzen du hirian. Hain zuzen ere, Donostiako azken urteko turismoaren... [+]


Mila lagunetik gora mobilizatu dira turistifikazioaren eraginen aurka

Bizilagunekin plataformak deituta, hiri eredua eraldatu eta herritarren bizi baldintzak erdigunean jar daitezen eskatu dute ehunka lagunek. Etxebizitzaren eskasia eta garestitzea salatu dute, bai eta egoera horren aurrean, Donostiako udalak izan duen jarrera ere.


2024-10-22 | Leire Ibar
Milaka pertsona mobilizatu dira Kanarietako turismo masiboa salatzeko

Uharteetako 25.000 biztanle inguru mobilizatu ziren urriaren 20an turismoaren “gehiegikeriaren”, masifikazioaren eta etxebizitzaren merkatuaren aurka protesta egiteko. Turismoak euren hiri eta herrietatik kanporatzen dituztela salatu dute bertako biztanleek.


Eguneraketa berriak daude