"Hautetsi guztiek babesten dute Seaska, borroka hori irabazia dugu"

  • Baigorrin hartu gaitu Paxkal Indok, etxean, eta hitz egin dugu haren bizitzan garrantzia duten hainbat gairi buruz: musikaz, euskararen hainbat ertzez, Seaska ikastolez. Halako batean, argazkilaritza ere gustuko duela aipatu, eta gehitu du: “Gauza asko egin ditut, eta eginen oraindik”. Harentzat ez omen baitago ametsik, “ondoko egunetako proiektuak bakarrik”.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Paxkal Indo (Donibane Lohizune, 1968)

Musikaria. Gaur egun, BBAX taldeko kidea da, eta besteak beste, ikusgarriak egiten ditu Amaia Hennebutterekin batera, Kiribil elkartean. 2008. urteaz geroztik, Seaskako lehendakaria da. ZTK (Iparraldeko musika eta kultura) elkarteaz arduratzen da, eta haurrentzako bi liburu argitaratu ditu bertan.

Musikaria eta ikus-entzunezkoen teknikaria zara, baina etxean beste ofizio bat ikasi zenuen.

Formakuntzaz deus ez nuen ikasi, ezta musika ere, alegia, ez naiz izan eskolatua ez musikan ez edozein artean. Alta, nire ofizioa da. Begiratu nuen aitaren enpresa nola zen, inprenta bat baitzuen, eta besterik ez. Nik ikasi ditudan guztiak izan dira gauzak begiratuz, eta orain, 50 urteak pasa ditudalarik, ohartzen naiz hola maite dudala ikastea.

Zer egiten zenuten inprentan?

Inprenta Donibane Lohizunen zegoen, beraz egin behar genituen turismo bulegoko eta hoteletako menuak eta denetarikoak, eta noizbehinka ere hasi ginen liburu batzuen egiten.

Hor izan da nire abertzaletasunaren lehen esperimentazio zaila. Batzuk oroit gara Schengen-eko akordioa pasatu zela, eta mugak hautsi zituztela. Orduan Hegoaldeko inprentak etorri ziren hona haien zerbitzuak proposatzera, eta Iparraldeko inprenta guztiek porrot egin zuten. Gureak ere. Garaian, inprenta abertzale bakarretarik ginen, beraz guk ezin genuen deus erran, eta azken finean bazen poztekoa. Gainera, ni jadanik hasia nintzen musikan, eta nahi nuen musika egin…

Gazte hasi zinen musika-taldetan jotzen, ezta?

Bai, pentsa ezazu, 1988an, nik 20 urte nituen, justu Rock Radical Vasco deitzen den mugimendu hori sortzen ari zelarik. Hori entzuteko adinean ginen, eta bistan dena, horretan murgildu ginen osoki. Gure lehen taldea 86-87an izan zen.

Mugimendu horrekin batera sortu zenuten ZTK elkartea.

Bai, 88koa da hain justu. Harritzekoa bazen ere, Iparraldeko taldeek ez zuten lortzen Iparraldean jotzea, kasik errazagoa zen guretako Arrasateko gaztetxean jotzea hemengo elkarte batean baino. Elkartea egin genuen bi gauzagatik: promozioa denon artean egiteko eta materiala mutualizatzeko; elkarrekin erosi genituen soinua eta ekipoa. Gero aski fite etorri da aukera liburuak eta diskoak egiteko: behar batzuk baziren, eta erantzun genuen hola.

Liburu ilustratu asko argitaratu dituzue ZTKn. Bada arrazoi berezirik horretarako?

Pentsatzen dut gustuz, batetik, eta bigarrenik, ni euskalkien militantea bainaiz. Ez zen liburu ilustraturik Iparraldeko euskalkietan, edo gutxi, eta orduan saiatu gara hori egiten, sinpleki. Uste dut lortu behar dugula euskalki guztiak ahal bezainbat atxikitzea, niretako baitira euskararen aberastasuna. Ohartzen gara hizkuntza bat zein erraz eta zein fite ahultzen den eta zein fite galtzen duen bere mamia. Aski da begiratzea telebista frantsesean, badira halako emankizun txarrak, hor eramaten dituzte ez dakit zenbat gazte etxe batean, gerta zer gerta. Ez naiz sartuko gazte horiek ea zozoak diren, ni harritzen nauena da bizi direla 500 hitzekin, eta ez da zozokeria, ez zaie aukerarik eman hitz horiek baino gehiago ikasteko.

Ematen baldin bada hitz bakar bat gauza baten izendatzeko, zer pobrea den mundua, eta nik espero dut gauza bakoitzak behar izatea bederen lau, bost edo sei hitz, eta bakoitzak aukera dezala. Euskalkien indarra hori da. Bizkaian, Zuberoan, hemen Nafarroa Beherean, edo Tuteran espero dut lau hitz izanen direla gauza baten erraiteko, eta zer aberastasuna den hori.

Diskurtso batzuetan kontrajarritzat jo ohi dira euskalkiak eta euskara batua. Zuk zer uste duzu?

Ez dut uste arazorik denik horretan, euskara betidanik izan da plurala, betidanik izan da ezberdina eskualdeetan, eta ulertu nahi duenak ulertzen du. Eta batzuk ezingo dute elkar ulertu nahiz eta hizkuntza berdin-berdina hitz egin. Ni batuaren alde izan naiz beti, eta beharrik dugun. Idazteko bederen behar dugu, eta arauak behar dira, jakina, baina nire burua artistatzat dut eta uste dut arauen zangopilatzea, ostikatzea, pusatzea ere badela artiston rola. Azken finean, ez genuke araurik ezarri beharrik den-denek bide beretik segitzen baldin bagenu, baina orduan ez gara gehiago humanoak, ardiak gara. Uste dut nire rola dela batuaren kide izatea, baina ez baitezpada maitalea.

Itzul gaitezen ZTK elkartearen argitalpenetara. Editore lanari buruzko hitzaldi bat aditu nizun, eta ulertu nuenagatik, elkartearen helburua ez da dirua egitea.

Ez da arras hori. Gure egiazko helburua da proiektua bururaino eramatea, eta proiektua bururaino eramatea da dendaraino eramatea, gero dendan saltzen den edo ez, ez da gure historia. Saltzen baldin bada, ze ongi, ez da behin ere gertatu, baina salduko balitz… [barreak].

"Beraz, ZTK elkartearen helburua da euskararen normalizazio horretan parte hartzea, erran nahi baita salduko ez diren liburu horiek ekoiztea"

Ez zaudete dirua egitearen kontra, alegia.

Ez, kontra ez gara, baina ez da helburua. Bada, ere, euskararen militantziaren historia. Badugu hitz bitxi bat, deitzen dena normalizazioa: zer ote da normalizazioa? Normala ote da gure kulturaren babesteko, aitzinatzeko eta beste, borrokatu beharra? Normala da gure kultura justifikatu beharra bi sos-iturri edo beste lortzeko? Ez. Normalizazioak badu bere gauza bitxia: nahi dugu normal izan, eta horrek zer erran nahi du? Bada guk ere ahal bezainbat liburu atera behar dugula urtean. Horren erakusle dugu Durangoko Azoka. Zenbat gauza berri atera dira aurten? Pila bat, 400 edo. Eta nork daki zenbat gauza interesgarri baden hor? Kasik denak. Eta zeinek dute salduko? Bada, hamar batek. Azken finean, euskaraz ari gara normalizazioa lantzen, baina jadanik normalak gara, erran nahi baita, interes asko luketen obrak ez dira ezagunak, eta interes arrunta duten obrak asko saltzen dira. Beraz, ZTKren helburua zer da; normalizazio horretan parte hartzea, erran nahi baita salduko ez diren liburu horiek ekoiztea.

Seaskako lehendakaria zara 2008az geroztik. Orain dela aste batzuk ospatu zenuten elkartearen 50. urteurrenaren festa. Zer moduz?

[Barreak]. Gaualdi perfektua zen niretzat, harreman zuzenak nituen hor jo zuten musikariekin, beraz bazen halako emozio bat. Eta beste emozio bat da nik 50 urte ditudala eta ni ere egon naizela Seaskako lehen ikasle horietarik, eta ikustea proiektu horrek oraino bizirik jarraitzen duela, bada emozio askorekin bizi dut, bistan dena. Anitz gara lanean aritu izan horretarako, eta lortzen ari gara.

Argazkia: Dani Blanco.

Mende erdian egindako bideari begiratuta, zer-nolako balantzea egingo zenuke?

Ahal izan bagenu bide doblea egin, hobe, baina ezin zen egin, eta horrenbeste oztopo ezarri dituzte, harrigarria da lortu duguna lortzea. Pentsatzen dut zinez Hegoaldetik ezin dela ohartu zer maltzurkeriarekin aritzen den frantses gobernua eta frantses gobernuak, 50 urteren historian asko izan baitira. Ezker ala eskuin, denak dira frantses, jakobino, inperialista eta kolonialista. Gainera, bada gauza ikaragarria: Frantzian, oso erraz pentsatzen ahal da, frantses bezala, euskaldun batek duen kultura bigarren mailakoa dela. Madrildarra izanda ere, pentsatzen ahal da bizkaitar baten edo katalan baten kultura kaka zaharra dela, baina kontua da Madrilen ez dela emana “liberté, egalité, fraternité” udaletxe guztietan eta Errepublikaren lema bezala. Egalité baldin bada lema, erran nahi du denak berdinak garela, eta nire kulturak balio duela zureak bezala, eta kito.

Gainera, pentsatzen baldin bada kulturek maila ezberdinak ukaten ahal dituztela, bada, orduan gizakiek ere ahal dute. Gure eguneroko borroka da erakustea nondik, nolaz, noiztik duen elebidun batek elebakar batek baino kultura gutxiago. Nolaz? Ezin da. Dakidalarik bi hizkuntzatan erran zerbait, nola izango naiz ni kultura gutxien duena bien artean? Harritzekoa iduri badu ere, aurten, frantses eskola publikoan, egin dute ariketa bat kolonialismoaren onesten. Horrek erakusten du oraindik ere zer ideologia ari diren pasatzen eskoletan.

Ezkutuago dabiltza?

Problema da ez direla hain frontalak, ez dira sartzen zuzenean, baina dena maltzurkeriaz ari dira egiten. Oso paternalistak dira, haien baitan duten halako segurtasun batekin egiten dute. Oso mingarria da. Badute zurekiko mespretxu aire bat. Harrigarria da nola lortzen ahal duten halako mespretxua erakustea beste norbaiti.

Azken urteotan protesta handiak bideratu dituzue.

Nik hamar urte pasatu ditut lehendakari, eta ez dut uste besteak baino gatazkatsuago izan direnik. Bi gauza: lehenik, etsaia hor dugu, badakigu non den, Parisen da, eta kito. Baina garaian ez zen Parisen bakarrik, garaian hemen ere bazen, erran nahi baita, tokian ez genuen irabazia, eta gaur egun bai. Azken negoziaketan, Max Brisson eta Frédérique Espagnac izan dira Parisen borroka eraman dutenak, erran nahi baita, frantses eskuindar senataria eta sozialista senataria. Senatariek dute eraman gure borroka Parisen, beraz hori berrikuntza handia da. Eta ez gure alderdikoek, e! Erraten dut jendeak uste baitu Seaska dela mugimendu abertzale bat, eta ez da: Seaska, Iparraldean, mugimendu osoki apolitikoa da, gure estatutuetan hala emana da. Gu euskararen alde ari gara, Iparraldea euskalduntzeko, kito. Beraz, edozein ikasle baditugu gaur egun, eta edozein babesle ere bai, hala nola senatariak eta diputatuak. Borroka hori irabazia dugu: tokiko hautetsi guztiek osoki babesten gaituzte.

Euskaldun ez izanda ere?

Euskaldun ez izanda ere. Sinpleki ulertu baitute hemengoa dena euskalduna dela, eta euskara galtzen baldin badugu, euskalduna dena galduko dugula. Seaskak lortu badu hori ulertaraztea, jadanik asko da.

Etorkizunera begira, zein dira Seaskaren lehentasunak?

Behar dugu lege bat. Nola frantsesek ez baitute ulertzen nola bizi garen, lortu beharko dugu lege bat bederen gure minimoa babesteko. Eta lege bat beharko da ikastolentzat eta besteentzat, bost hizkuntza baikara murgiltze ereduan lan egiten ari elkarrekin: alsaziarra, bretoiera, katalana, okzitaniera eta euskara.

Nik esperantza handiarekin ikusten dut geroa. Lortu da odolustea gelditzea Iparraldean. Gaur egun, 2010ean edo 2005ean baino gazte gehiago ari dira euskalduntzen, beraz pozten ahal gara. Euskalkiez axolatzen baldin bagara, hor badugu negar egiteko.

Zergatik?

Han gainean, Urepelen, Bankan, Alduden, astero hiltzen da zahar bat euskarari buruzko sekulako jakitatea duena, eta bitartean, ikastolan sortzen diren haur elebidunek ez dute behin ere euskara zahar horren ezagutza ukanen. Orduan, negar egin behar den? Ez, uste dut gauzak begiratu behar direla nostalgiarik gabe, diren bezala, eta aitzina. Egia da euskararen kalitate bat bermatu behar dugula, baina bide berean ere, euskaldun kopuru minimo bat ere sortu behar dugu, eta ezingo dira denak kalitate handikoak izan. Ez dut erranen bata lantzen duzularik ez duzula bestea lantzen, baina usu hala da, beraz, hau da Seaskaren xedea: kalitatea bermatu, baina ahal bezainbat euskaldun sortu Iparraldean.

Hona bidean gentozela ikusi dugu Etxauzia jauregia. Orain hiru urte kanpaina bat abiatu zenuten, “Euskaldun bat, euro bat”, eraikina berreskuratu eta herritarrei zabaltzeko. Zertan da proiektua?

Segitzen dugu emaitzak-eta biltzen, eta beti amesten dugu Baigorrik berreskuratuko duela gaztelu hau, eta nik, zendako ez, ikusgarri eder bat eginen dudala hor, suziriekin…

Suziriak egiten dituzu?

Bai, duela hamabost bat urte hasi nintzen.

Nolatan?

Ikusgarri bat egin genuen Zuberoan, Itaula, eta ezagutza egin nuen Bordele inguruko suziritzaile batekin eta berehala harrapatu ninduen. Suziri historiak badu dena enetzat: badu erritmoa, baditu koloreak, badu harrabotsa ikaragarria, nik maite dudana, eta badu gauza sinple bat: arriskua. Ez da arte erraza, hor izan behar duzu osoki, ehuneko ehun.
 

Nik zorte handia dut. Frantzian aritzen diren suziritzaile guzti-guztiek lan egiten dute txinatar materialarekin, baina, jende gutik badaki ere, Araban badago Pirotecnia Valecea deitzen den enpresa bat. Aitor eta Jose Valdecantos dira, hemengoak dira, Gasteizen bizi dira, bosgarren suziri egile belaunaldia, eta denetatik fabrikatzen dute. Ni orain hasia naiz haiekin lanean, eta Europa osoan nabil haien materiala saltzen. Euskal Herriko piroteknia bat ari gara muntatzen, hor ere ari naiz lantzen ene Euskal Herri osoko batasuna, nahi gabe: tutuak Hernanitik datozela, beste guztia Arabatik… Behar nuen guztia atzeman dut suzirien langintzan. Badakit Seaska uztean hori izanen dela nire ofizioa.

Seaska utziko duzu?

Bai, ekainean. Hor baduzu primizia, nehork ez daki. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Seaska
Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


2024-03-19 | Leire Artola Arin
Beskoitzeko ikastolari 2025era arte luzatu diote lurrak erabiltzeko baimena

Herriko kontseiluaren gehiengoa lurrak ikastolari beste urtebetez alokatzearen alde agertu da, eta jarraian auzapezak dimisioa aurkeztu du. Ikastolako gurasoei eta Seaskari hitzarmen berri bat aurkeztekotan geratu da herriko etxea.


Numeriko iraunkorraren eguna Baionako Estitxu Robles kolegioan

Martxoaren 6an numeriko edo digital iraunkorraren eguna ospatu dute Baionako Estitxu Robles kolegioan. Ordenagailu zaharrak berregokitzen ikasi dute eta Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute.


2023-12-19 | Leire Artola Arin
Peio Jorajuria, Seaskako lehendakaria
“Ezinezkoa da Beskoitzetik ikastola bat horrela kanporatzea”

Haserre mintzatu da Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria, Beskoitzeko Herriko Etxeak astelehenean hartutako erabakiarekin. 51 haur dituen ikastolarekin hitzarmena eten du auzapezak, eta sei hilabeteren buruan debekatuta izango dute bertan eskolak ematea. Gurasoek harridura... [+]


2023-11-20 | ARGIA
Beskoitzeko ikastolaren alde ehunka euskaltzale bildu da

2.500 euskaltzale elkartu dira Seaskak eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak deitutako manifestaziora. Herriko etxeak ikastolaren eraikin berria egiteko eskariari jarritako trabak salatu dituzte eta Beskoitzeko ikastolako haurrei babesa eman diete.


Eguneraketa berriak daude