Zer feriatzen dute Farmazia Beltzean?

  • Bat-batean agertu ziren liburu dendetan, inolako abisurik eman gabe: gurutze bat atzealdean inprimaturik zeukaten aleak, Farmazia Beltza idatzirik albo batean. Argazki-azpititulu esperimentu bat izan zen aurrenekoa, eta segidan etorri ziren beste lau artefaktu, guztiak ere ohiko argitaletxeetan nekez kabitzekoak. Farmaziako bi botikariorekin bildu gara Donostiako Komikigunean, guztia nola hasi zen eta aurrerantzean ze asmo dituzten jakiteko.

Farmazia Beltzako bi kide Donostiako Komikigunean (argazkia: Dani Blanco).
Farmazia Beltzako bi kide Donostiako Komikigunean (argazkia: Dani Blanco).

“Dei gaitzazu botikario, axola ez badizu” diote bata zuri-urdinak soineratu berritan. Ez misteriozko auraz inguratzeagatik, pertsonalismoetatik ihes egin nahi dutelako baizik. Farmazia Beltza kolaboratzaile sare zabal batek osatzen duenez, proiektuari fidel izateko modua da aurpegirik ez erakustea. “Gutaz gain, tartean dago Katakrakeko jendea, Talaiosekoa, Txintxuakoa, Ereitenekoa… jende pila katigatu dugu”. Botikario asko dituen organismoa da proiektua, eta aurrerantzean hala segi dezan nahi dute.

“Farmazia Beltzak argitaletxeen munduan izan nahi du liburu denden munduan direna Garoa, Tobacco Days, Kaxilda, Hontza, Katakrak, Anti, Zuloa edota Hitz”. Banan bana aipatu nahi izan dituzte, bakoitzari dagokion garrantzia emanez. “Horiek dira gure parafarmaziak. Bezero izan ginen lehenik, lagun gerora”. Liburu dendok ez dituzte denda soiltzat. “Elkarguneak dira, gauzak gertatzen diren espazioak, proiektu txikiak bezain beharrezkoak. Topikoa dirudi, baina balio du mikro munduaren defentsa egiteko”. Beraiek ere txiki jarraitu nahi dute, ohiko argitaletxeen dinamiketan sartu gabe. Ahalik eta proiektu jasangarrienak eginez, bai, baina diru-laguntzen eta abarren morrontzan erori gabe. Azaldu dutenez, gisa horretara soilik berma daitekeelako egun daukaten askatasuna. 

Farmazia Beltzeko botikariak:
"Egitasmo batzuek behar dute Plangintza bat, baina beste batzuek desantolamenduan soilik funtzionatzen dute: pikutara joaten dira etiketa bat jartzen hasiz gero"

Iazko uda partean agertu ziren gurutze zigiludun lehen botikak aipatu liburu dendetan. “Beso zabalik hartu gintuzten, inolako baldintzarik jarri gabe”. Koldo Almandozen Argazkiazpitituluak izan zen aurrenekoa. The Balde aldizkarian hasitako esperimentu baten jarraipena da: hiri bati buruz dokumentatzerakoan azpititulu batzuk idatzi, pegatina modura inprimatu, eta behin hirira iristean, pegatinetako esaldiei egoera bat topatu eta argazki bat atera. “Beste begirada batekin bidaiatzeko proposamena” da liburua. Horren ondoren argitaratu zuten Zu2 saileko lehen liburua, Garbiñe Ubedaren eta David Zapirainen testu bana biltzen duena. “Gustatzen zaigu bi egileren ikuspegiak batzea liburu berean. Izan daiteke bien artean kontraste handia dagoelako, edo gai berera hurreratzeko modu desberdinak dituztelako… Aurrerantzean ere errepikatu nahi genuke formatu hori”. Segidan iritsi zen Almandozen beste liburu bat, Oreina filma grabatu bitartean idatzitako bitakora-kaiera. “Txintxua Filmsek atera zezakeen afixa handi bat pelikularen promozioa egiteko, edo argitara zezakeen liburu hori. Bigarrena hautatu zuen”. Hurrena, berriz, Zerocalcare komikigile italiarraren lan berria argitaratu zuten –Hondamuinean, Koldo Izagirrek euskaratua–. Istorio berezia du atzean, botikarioetako batek kontatu duenez: “David Zapirainek aspaldian eman zidan komikigile horren berri, eta pasa zidan La profezia dell’armadillo obra. Gerora, egun batez, bota zidan: Zerocalcarerekin hizketan aritu naiz, eta bere lan berriaren eskubideak erosi dizkiot, euskaraz argitaratzeko. Halaxe. Ba tira, argitaratu beharko dugu ba”. Orain, hurrengo lanaren eskubideak ere erosi dizkiote, eta aurten argitaratzea espero dute. Azkenik, urtearen hondarrean argitaratu zuten Uzta, inguruko zortzi lagunen pieza desberdinekin osatutako bilduma. Ez dira enkarguz eskatutako lanak, ezpada kontrakoa: haiek bestela ere egiten ari zirenak bildu zituzten. 

“Esaterako, entzuten duzu hitzaldi izugarri interesgarri bat, eta pentsatzen duzu, hemen gertatu dena galtzera doa. Hori gertatu zitzaigun, adibidez, Xabier Gantzarainek Garoan eman zuen hitzaldiarekin. Halakoak gordetzea ere bada gure asmoetako bat”. Zerocalcareren berriaz gain, aurten besterik argitaratzeko asmorik ote duten galdetuta, zera diote: “Ataka batean jarri gaituzu. Boteprontoan okurritzen zaigu: zergatik ez argitaratu rol joko bat, adibidez?”.

Zarataren kontrako botika

Bi botikariak elkarri hitza jan beharrean ari dira, erreleboka, Farmazia Beltza nondik nora sortu zen hitzetara ekarri nahian. Gogoratu dute nola Napartheid aldizkariaren jiran ezagutu zuten elkar. “Gure arazoa zera da: zerbait otutzen zaigunean, gero egin behar izaten dugula. Bururatu eta burutu. Izango da gure heziketagatik, beti fanzine munduan ibili izan garelako… eta izango da belaunaldi kontu bat ere, ziur asko. Ekintza jendea gara, ez intelektualak. Eta askotan, gauzak hobeto pentsatuko bagenitu, ez genituzke egingo”. Burugogorrak izan, ordea.  

Betidanik gustatu zaie liburua objektu gisara, eta gustuko gauzak argitara zitzaketela ikusitakoan, bitan pentsatu gabe eman zuten jauzia. Hori bai, ez dute ohiko argitaletxe bat sortu nahi: “Liburu asko argitaratzen dira Euskal Herrian, askotan gehiegi, baina ildo batekoak izaten dira. Garai batean Edo argitaletxekoak saiatu ziren bestelako gauzak kaleratzen… Guk ez dakigu zer egingo dugun, baina bai zer ez dugun egingo”. Nahi ez dutena da, besteak beste, proiektua egun erdiko lana bihurtzea. Egungo egiturari eta funtzionatzeko moduari eutsi nahi diote, gehiago hazi gabe. Aurkezpen publikorik ere ez dute egin. “Nazka pixka bat ematen du hemen ekitaldigintzarako dagoen ohiturak”, diote. “Askotan ematen du gauzak egiten ditugula gero aurkezpen bat egiteko, eta egunkarietan ateratzeko. Literaturan, zineman… sarri ematen du egile batzuen asmoa ez dela idaztea edo filmak egitea, baizik eta idazle edo zinemagile izatea. Eta, Xabier Gantzarainek dioen bezala, dena korronteak eramaten du, ezerk ez du sedimentatzen. Edozein esku-orri aurkeztu eta orrialde oso bat ematen dizute. Edo argitaratzen du liburu bat idazle batek, eta elkarrizketa berbera irakurtzen diozu bi hilabetean zehar. Zentzugabea da. Jende gehiagok irakurtzen du elkarrizketa liburua baino, eta hori sustatzen dugu guztion artean”. 

Joera horretatik ihesi, Farmazia Beltzakoak zarata handirik atera gabe ari dira ekinean. Ez dakite proiektuak zenbat iraungo duen, baliteke kontu efimero bat izatea ere. Ez die axola. Oraingoz, jarraitu nahi dute zer diren gehiegi zehaztu gabe, kaos ordenatu batean, onena horixe delakoan. “Egitasmo mota batzuek, enpresek kasurako, behar dute izen bat, plangintza bat, eta abar. Baina badira beste proiektu klase batzuk desantolamenduan soilik funtzionatzen dutenak. Hasten zarenean etiketa bat jartzen, hierarkizatzen… pikutara joaten dira. Jendeak klase guztietako asmoak izaten ditu: batzuek curriculuma egin nahi izaten dute, besteek beren burua gainontzekoen gainetik azaldu… Guk gauza ederrak egin nahi ditugu, ezohikoak, geu ere harritzen gaituztenak”.

Maparik gabe nabigatu

Artelekun inoiz bizi izandako gertakari bat jarri du adibidetzat bi botikarioetako batek. “Filmak ikusteko elkartzen hasi ginen tartean behin. Batek zerbezak eramaten zituen, besteak hummusa egiten zuen… izugarri ekimen ederra zen hura. Halako batean, ordea, norbaiti bururatu zitzaion egiten genuen hari izen bat jarri behar zitzaiola, gero diru-laguntzak bazeudela halakoetarako… Akabo. Hortxe izorratu zen dena”.

Ez dute halako egituratzerik nahi Farmazia Beltzan. Horrek ez du esan nahi, ordea, egiten dutena ez denik profesionala, edo lanak mimatzen ez dituztenik. Zerocalcarerekin gertatutakoa jartzen dute adibidetzat. “Milanera joan ginen bere argitaletxekoekin hitz egitera, alea eraman genuen… oso harreman profesionala izan zen. Are, gure filosofiarekin bat etorri zirelako sinetsi zuten gugan”. Era berean, oso argi zeukaten komikia ze paper motarekin argitaratu nahi zuten, edota orrialdeek ze koloretakoak behar zuten. “Edizio zainduak dira, hala egitea gustatzen zaigulako. Ematen du gurea moduko antolaketarekin egin daitezkeela lau txapuza fotokopiagailuan, baina ez da horrela. Norabide eza ezinbesteko osagaia da guretzat. Itsasora nabigatzera ateratzea, oraindik mapetan erregistratu ez diren tokietara. Ez dakigu hau ala beste egingo dugun, baina gure mapa osatzen ari gara pixkanaka. Noski, horrek ez du esan nahi nabigatzen txarrak garenik. Besterik gabe, ez dugu aurrez jakin nahi bidaia nora doan”. 


ASTEKARIA
2019ko martxoaren 17a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Uxue Alberdi. Hamarkada bi idazten (I)
Aulkitik aulkira, euli-giro eta Jenisjoplin, kontrako eztarritik dendaostera

Uxue Alberdiren lanari begira jarriko gara oraingoan. Lehenengo artikulu honetan helduentzako idatzi dituen ipuinak, eleberriak, saiakera eta kronika hartuko ditugu kontuan. Bigarren artikulu batean ilustratutako anekdotez, istorioez, filosofia liburuez eta idatzizko bertsoez... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


2024-02-06 | Estitxu Eizagirre
Gorka Setien idazlea hil da

Gorka Setien Berakoetxea poemagile hernaniarra hil da otsailaren 4tik 5erako gauean. Bost liburu idatzi zituen, irrati libreetako ahotsa izan zen eta gozo entzuten eta zaintzen zekien. 2019an autoedizioan argitaratu zuen bere poema liburu berriena, Naufragoen altzoa.


Eguneraketa berriak daude