"Odola isurtzen uzten digute, baina beti ere, inor zipriztindu gabe"

  • Pedagogoa, idazlea eta aktibista feminista da Erika Irusta (Barakaldo,1983). Hilekoaren inguruan ikertzen eta ikertutakoa hedatzen dihardu. 2010ean El Camino Rubi izeneko webgunea abiatu zuen eta 2015ean, Soy1soy4 plataforma hezitzailea jarri zuen martxan sarean. Bi liburu ere argitaratu ditu: Diario de un Cuerpo (Catedral, 2016) eta Yo mentrúo. Un manifiesto (Catedral, 2018).

(Argazkia: Ismael Llopis)

Hilekoaren pedagogiaren inguruan diharduzu lanean eta terminoa ere zuk sortu zenuen. Zer esan nahi du?

Hilekoaren pedagogia ez da existitzen termino akademiko gisa, eta niri interesgarria iruditzen zitzaidan gainerako zientzietan hilekoa nola azaltzen zen behatzeko prozesu hezitzaile bat abiaraztea. Hilekoa multidimentsionala dela ulertu behar da. Ohartu behar gara, fisiologikoa izateaz gain, hilekoa esperientzia sozial, politiko eta kultural bat dela.

Honako esaldia esan ohi duzu: “Hilekoa ederra da, baina gizarte honetan mina ematen du”. Zer esan nahi duzu?

Hilekoa ederra da izeneko artikulu bat idatzi nuen eta jendearengana iritsi zen. Batzuei asko gustatu zitzaien, baina beste asko haserretu ere egin ziren. Beraiek min handia edukitzen zutela eta ea halakorik nola esan nezakeen esan zidaten. Orduan argitaratu nuen artikuluaren bigarren zatia: Hilekoa ederra da, baina gizarte honetan mina ematen du. Gloria Steinemek 1978an idatzi zuen zer gertatuko litzatekeen gizonezkoek hilekoa izango balute. Hilekoa ez baita arazoa, hileko hori duen gorputza baizik. Testuingurua kontuan hartzea ezinbestekoa da esperientzia sexualaren inguruan ari garenean. Horrela ohartzen zara arazoa edo gaizki dagoena ez direla zure hormonak edo zure gorputza, oinordetzan jasotako begirada misogino hori baizik. Horregatik da zaila hilekoa edukitzea gizarte honetan.

Gloria Steinemenen testua aipatu duzu. Bertan dio gizonek hilekoa izango balute errealitate desiragarria izango litzatekeela.

Burua lehertu zitzaidan testu hau aurkitu nuenean. Hilekoaren inguruan ikertzen ari nintzenean ez nekien oso ondo zeren bila nenbilen eta testu honek begiak ireki zizkidan. Gakoa da hilekoa zeinek duen, hau da, zein den subjektu politikoa. Horregatik jaso dut testua liburuan. Gainera, kasu honetan genealogia feminista bat jasotzeko aukera ere eskaintzen zidan.

Mito asko dago hilekoaren inguruan.

Lehenengo mitoa da hilekoa jaistearekin batera egiten zarela emakume. Hori ikaragarria da. Izan ere, genero bat ezartzen zaie gure hormonei. Beste mito bat feminitatearen genearena da: honen ustez, feminitatea gure uteroan dago. Orain argi geratu da ez dela horrela, izan ere, uteroa kendu dieten emakume askok jarraitzen du emakume izaten, baina oraindik badago errezelo hori. Hala ere, mito handienetako bat da hilekoak mina emate duela. Hilekoak ez du minik ematen, eta min ematen badu, horri, dismenorrea deitzen zaio. Gizonezkoek hilekoa izango balute gehiago ikertuko litzateke eta ez litzateke onartuko minez egotea. Ez liekete esango guri bezala, normala dela eta pasatuko zaiela. Azkenik, hor daukagu odol urdinarena edo hilekoarekin gaudela inolaz ere ez igartzearena. Odola isurtzen uzten digute, baina bai beti ere, zipriztindu gabe.

“Gertatzen zaidana ulertzeak munduan arinago egoten eta arazoa ez naizela ni ulertzen lagundu dit” (Argazkia: Ismael Llopis)

Pilula antisorgailuen aurrean ere eztabaida handia dago.

Pilula horiek gure obulazioa eteten dute eta obulatzea beharrezkoa da. Nik uste eztabaida harago eraman eta ikusi behar dugula nondik datorren pilula. Eliza katolikoari eta genozidio naziari lotuta iristen da, baina ikusi behar da nola bihurtzen den sistema misogino baten erreminta eta nola barneratu dugun.

Puri-purian dagoen beste eztabaida bat da higiene produktuekin lotutakoa.

Gai honetaz hitz egitean argi eduki behar da zein pribilegio posiziotatik hitz egiten dugun. Beti jartzen dut adibidetzat Silicon Valleyn gertatutakoa: kalean bizi diren emakumeen artean koparen erabilera bultzatzeko asmotan kanpaina bat abiatu zuten, kalean bizi ziren emakumeei kopak erosteko. Gero, ohartu ziren emakume hauekin ez zuela ondo funtzionatzen, kopa erabiltzeko beharrezkoa baitira higiene minimo bat eta ondo garbitzeko baliabideak. Beraz, kontuan eduki behar da guretzako aukerarik onena beti ez dela denentzat aukerarik onena. Esaterako, nire lagun bat errefuxiatuen kanpamendu batean dago eta esan zidan hango emakume batzuek ez dutela nahi alutik ezer sartu, beraz, kopak eta tanpoiak ez diete balio. Garrantzitsua da aukerak edukitzea eta horretarako beharrezkoa da aukera horiek guk, hilekodun pertsonok, diseinatzea.

Gorputz ziklikoak garela diozu, eta aldaketa hormonal zein kimikoek nahitaez eragiten dutela gure aldaketa fisiko, mental eta aldartekoetan. Nola bateratu gure ziklikotasuna eta gure egunerokoa, sistematik irten gabe?

Hori da asmatu nahian nabilena. Bakarrik egitea oso zaila da, edo ezinezkoa. Horregatik sortu nuen soy1soy4 komunitate hezitzailea sarean. Batzuetan zure ziklikotasunaren kontzientzia hartzen duzunean frustrazioa ere sentitu dezakezu. Izan ere, aurretik ez zara ohartzen gertatzen ari denaz, baina ondoren bai, eta hala ere, aurrera egiteko arazoak dituzu. Gure ziklikotasuna modu osasungarrian bizitzeko ezinbestekoak dira zaintza sareak, konfiantzazko ingurunea, eta nola ez, aliatuak.

NOLA IRITSI NAIZ NI HONAINO?
Ibilbide profesionalak eta pertsonalak eraman zuten Erika Irusta hilekoaz ikertzera. Pedagogia ikasketak bukatu ostean Bartzelonan erditu ondorengo emakumeekin lanean aritu zen. Harrigarria iruditu zitzaion gure gorputzekiko dugun ezagutza falta. Horrela ekin zion pedagogia feministan ikertzeari eta ikastaroak emateari. Garai berean haurdun geratu zen eta haurra galdu zuen. Esperientzia lazgarri horrekin ohartu zen haur bat agian ez, baina hilekoa bai, hilero edukiko zuela eta berorrekin bizitzen ikasi beharko zuela. Horrela hasi zen hilekoari garrantzia ematen.

 


ASTEKARIA
2019ko martxoaren 17a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hilekoa
2023-10-03 | Leire Artola Arin
Zikloan
Hilekoaren zikloa euskaraz ezagutzeko lehen web aplikazioa sortu dute Iametzak eta Ara!Gorputzek

Norbere zikloaren ezagutza ugalkortasunetik harago ezinbestekoa dela uste dute sortzaileek, eta oinarrizko hiru puntu errespetatu dituzte Zikloan web aplikazioa egiterakoan: ikuspegi feminista kritikoa, datuen babesa eta euskara hutsean izatea.


Hilekoa min kroniko bihurtzen denean

Asenna Nafarroako Endometriosi Elkartea sortu dute gaixotasuna ikusarazi, elkar babestu eta formakuntzak emateko. Salatu dute “gutxi” ikertzen dela eta mediku batetik bestera ibili behar dutela.


Ekainetik aurrera Hego Euskal Herrian baja hartu ahal izango da hilekoagatik, abortuagatik eta haurdunaldiagatik

Europar Batasunean hilekoaren minaren ondoriozko baja aitortu duen lehen estatua da Espainiakoa. Abortuaren Legearen erreformak jaso ditu neurriok.


Ginekologoarengana joateko hamaika traba

Hainbat gaztek ginekologoarekin duten lehen harremana korapilatsua izan ohi da. Euren bizipenak eta kezkak kontatu dizkigute Aroa Sotelok (Bilbo, 1998), Ainhoa Labairuk (Bilbo, 1998), Naiara Martinek (Mar del Plata, Argentina, 1990) eta Uxue Reyk (Iruñea, 1997). Lehenago... [+]


Materialismo histerikoa
Kamehameha egoerak

Imajinatu, nonbait honetako elkarteren batean, neska sartu berri batek, inozentzia osoz proposatzen duela komunean, komuneko papera dagoen moduan, konpresak edo tanpaxak jartzeko. Eta komuneko papera jartzeaz arduratzen den kidea guztiz asaldatzen dela bere adinean konpresak... [+]


Eguneraketa berriak daude