"Inude" hitza entzutean, XIX. mendean hirietan familia aberatsen haurrak zaintzen zituzten emakumeak etorri ohi zaizkigu gogora. Urtero oroitzen ditugu gure kaleetan dotore jantzitako emakume haiek. Errealitatea baina, jai giroan irudikatzen duguna baino askoz konplexuagoa zen. Hernaniko kasua aztertu dugu Hernaniko Udaleko Berdintasun Sailaren beka bati esker, eta aurki liburu formatuan argia ikusiko duen ikerlanaren zertzelada batzuk ekarri ditugu orriotara.
Emakumeek elkar lagundu izan dute beti haur jaioberriari esnea emateko arazoren bat sortzen zenean. Amak esne gutxi zuenean, gaixorik egonagatik esnea erretiratzen zitzaionean edo bularra eman ezin zionean, auzokoen laguntza jasotzen zuen. Inguruko komunitateak garrantzi handia zuen haur txikia aurrera ateratzeko orduan. XVI. mendean jadanik aurki daitezke halako adibideak Ingalaterran eta ahozko iturriei esker badakigu XX. mendera arte gutxienez horrela izan zela.
Inude gisa jardutea diru-iturri bat ere izan da beste askorentzat, bizirauteko estrategia kolektiboaren baitan. Aberatsentzat, aldiz, etxean inudea izatea besteengandik bereizteko modua zen, klase adierazle bat. Hirietako inude horiek ditugu ezagun, baina badaude folkloreak ahaztutako beste batzuk, haur abandonatuei –espositoak– bularra ematen zietenak kasu, XX. mendearen erdira arte funtzio oso garrantzitsua izan zutenak bestalde.
Ama 'onak' eta 'txarrak'
XIX. mendean klase burgesek eta “erreformatzaileek” familiaren eredu nuklearra zabaldu nahi izan zuten. Hala, gizona izango zen etxeko iraupenaren arduradun eta emakumeak emazte ona izatera mugatu behar zuen. Medikuntza eta higienea ahotan hartuta, “gaixo” zegoen jendartea sendatu behar zela uste zuten, zientziaren bidez. Hortaz, edoskitze naturalari eta amak haur biologikoa zaintzeari jarri zitzaion arreta.
Inudeek garaiko kategoriak zalantzan jartzen zituzten, ofizialki haien egitekoa lantzat hartzen ez zen arren, horren existentziaren lekuko zirelako
Hala ere, etxean inudea izateak jarraitu zuen izaten klase arteko marra loditzeko modu bat aberatsentzat. Eta baserrietan edo langile auzuneetan, berriz, ezinezkoa zen kapitalismoak ezarri berri zuen familia eredua materialki betetzea… Soroko eta fabrikako lana utzi eta soilik haurraren zaintzaz arduratu?
Familien errealitatea oso bestelakoa zen XX. mendean, Hernaniko Eulalia Lizaso [ezizena] inudearen kasuak erakusten digun bezala. Alarguna zen eta familia zabala zuen: senarra zenaren lehenengo ezkontzatik jaiotako sei seme-alabarekin, bere beste bi seme-alabarekin eta anaia Isidrorekin bizi zen, eta horrez gain haur espositoa zuten etxean. Denera hamaika kide ziren baserrian 1940an.
Moral kristau eta burgesa indartsu zetorren ordea. Esaterako, guztiz lotsagarria zen ezkondu gabe edo ezkontzatik kanpo ama izatea, eta jaio berriak abandonatzeko joera hazi egin zen XIX. mendearen bigarren erdialdean. Egoera horren aurrean erakunde publikoak esku hartzen hasi ziren. Lehenik, haurren heriotza tasa jaisteko –estatu nazio modernoen adierazle baitzen–, eta bigarrenik amatasunaren beste ideia bat zabaldu zelako: emakumeek beren izatean naturalki duten zerbait izatetik, ikas daitekeen zerbait izatera igaro zen.
Ordura arte Elizaren menpe izandako benefizentzia-etxeen lana udal eta diputazioen eskuetara pasa zen eta umezurtzak zaintzen zituzten instituzio edo sehaska etxeak sortu ziren –kutsu katoliko sakona izaten jarraitu zuten arren–. Inudeak estu hartu zituzten eta haien gaineko kontrola areagotu, araudiak zorroztu eta inudeak bi multzotan banatuz: barrukoak eta kanpokoak.
Haur “ilegitimo” bat izaten zuten ezkongabeak sehaska etxe barruan egotera derrigortzen zituzten, amatasuna “piztuko” zitzaielakoan. Aldiz, kanpoko inudeak ezkondutako emakume pobreak izan ohi ziren eta haur espositoak zaintzea beste diru-sarrera bat zen haientzat; gainera, askotan haur hori baserriko lanetan edo beste ofizio batean hasten zen koskortzean. Hernanin, adibidez, 1900 eta 1944 artean 25 haur itzuli zituzten Villabonako Fraisoron zegoen sehaska etxera –kanpoko inudeek zaindu ostean–, kopuru osoaren %18,51 baino ez; gainerakoak familiek seme-alabatzat hartu zituzten.
Inudeak bizirauteko ziren inude: ordainetan jasotako “soldata” oso kaskarra zen eta ezinezkoa zen haurrak zaintzetik eltzea beteta edukitzea; esaterako, Gipuzkoako Diputazioak sehaska etxeetako inudeei hiru hilean behin ordaintzen zien jornala lan merkatuko baxuenetakoa zen. Administrazioaren jarrera hipokrita xamarra zen beraz, eredua aldatzeko neurriak exijitu bai, baina inudeen baldintza materialak ez zituen aldatu.
Eskasian ibiltze horrek inudeen estereotipo negatiboa zabaldu zuen gizartean. Hirietako burgesentzat inudea etxean edukitzea prestigio zeinu bat zen arren, haurrez arduratzen ziren inudeak klase baxuko zerbitzariak besterik ez ziren haientzat. Hala ere, inude horiei estatus handiagoa aitortzen zieten haur abandonatuez arduratzen ziren inudeei baino. Azken hauek, pobreak izateaz gain, gizartearen lotsa zaintzeaz arduratzen ziren: haur abandonatu edo ilegitimoak, hots, ezkontzatik kanpo jaio ziren haurrak.
Eskema kapitalista zalantzan
Paradoxa baten adierazle ziren inudeak: beren existentziak talka egiten zuen higienistek –osasunarekin kezkaturiko mugimendu liberala– alor produktiboa eta erreproduktiboa bereiztearen ideiarekin. Teoria horren arabera, gizonei zegokien familia ekonomikoki soldatapean sostengatzea; emakumeak, berriz, etxeko zaintzaz arduratzen ziren, estatistiketatik at. Eta zer ziren inudeak? Non kokatzen ziren esfera publiko eta pribatuaren eskema horretan?
Inudeek garaiko kategoria horiek zalantzan jartzen zituzten, ofizialki haien egitekoa lantzat hartzen ez zen arren, horren existentziaren lekuko zirelako: Diputazioak berak ordaindutako lan erreproduktiboa zen. Hortaz, monetarizatua bai, baina enplegu gisa aitortua ez.
Horrek, haien inguruko oroimena lausotzea baizik ez du ekarri: erregistro ofizial guztietatik kanpo zegoen inudeen jarduna, ez dago arrastorik errolda ofizialetan, nahiz eta sehaska etxeko haur abandonatuak zaintzen zituztenen kasuan administrazio publikoarentzat egiten zuten lan. Ez zen lanbidetzat hartzen. Akaso gorputzetik abiatzen zen baliabide bat zelako bularra ematea? Emakumeek soilik bete zezaketen funtzioa, bide batez esanda. Baina inudeen lana ez zen edoskitzera mugatzen, beste dimentsio kultural bat ere hartzen zuen, emakumeen arteko elkar laguntza sareak tarteko.
lanbide baten desagertzea
Amatasunaren esentzialismoak gora egin ahala, kolektibo deserosoa izaten hasi zen inudeena. Elkartasun sareak eta, batez ere, ekonomia neoklasikoa hausten zuten figurak sobran zeuden, antza, XX. mende erdialdean industrializazioak ekarritako gizartean. Eraldaketa asko gertatu zen ordurako: hirien zabalkundea, garraioen hedapena, bizimodu tradizionalaren eta landa eremuaren gainbehera, migrazio handiak... baita kide gutxiagoko familia eredu burgesaren nagusitasuna ere.
Ezkontzatik kanpoko amatasunaren estigma erabat desagertu ez zen arren, indartsuagoa zen emakumeek euren haur biologikoa kosta ahala kosta zaindu behar zutela inposatzen zuen pentsamoldea. Hala, abandonu tasa asko jaitsi zen eta sehaska etxeak hustu.
Formulako esnea ere urte horietan egin zen ezagun, haren ondorioz bularretan esnea zuen emakumea jada ez zen ezinbesteko haur jaioberria elikatzeko. Edoskitzea merkatutik atera zen behin betiko, etxeko eginbehar femeninoen zerrendan sartzeko, eta inudeen zeregina galbidean jarri zen.
1936ko Gerra aurrean eta ostean bi aldiz inude izan zen Anttoniren [ezizena] historia da honakoa. Tolosatik gertu, baserrian zuen bizibidea, senar eta bost haurrekin, beste emakume askok bezala, berak zeraman baserriko lanen zama, haren iloba Ihintzak kontatu digunez.
Behin, ondoko herrian pilota partida jokatzen ari zirela, jokalarietako bati pilotak lokian jo eta ziplo erori zen: frontoian bertan seko geratu zen gizona. Hildakoa ezaguna zen, herriko medikua izanagatik, eta haren alargunak bi seme eta alabarekin egin behar izan zuen aurrera, baina bularra erretiratu zitzaion trantzearen ondorioz; esnea moztu.
“Hori gertatu al zain? –galdetu zion Anttonik jazotakoa kontatu ziotenean– Ekarri ezan, nik haziko dinat”. Eta hala, bere umearekin batera bular oparoetatik eman zion esnea jaoberriari. Hasieran hilabete batzuetako kontua zena, azkenerako ia bi urtez izan zuten etxean ondoko herriko medikuaren eta haren alargunaren haurra. Anttonik elkartasunez egin zituen inude lanak, beharrak eskatuta eta bularrek emandako baliabideari probetxua ateratzeko.
Gero, gerra ostean, Fraisoroko sehaska etxetik beste haur bat ekarri zuen: Joakin. “Ahal zuenak alde egiten zuenez”, haren amak ere gauza bera egin zuen, Argentinara egin zuen ospa; baina bi seme utzi zituen Fraisoron, ezezagunak zaizkigun arrazoiengatik. Haur esposito bezala hartu zituzten Gipuzkoako familia banatan bi anaiak, eta nagusitu ziren arte ez zuten elkarren berri izan.
Anttonirentzat dirutxo bat gehiago ekartzeko abagunea zen inude izatea. Baina denborak aurrera egin eta Joakin semetzat hartu zuten azkenean. Hala ere, mutikoak izaera menderakaitza erakutsi zuen baserrian gazte-gaztetik, “…ez soroan, ez ganaduan, ez morroi…”, ihes egiten zuen sarritan. Hernanira ere eraman zuten, Anttoniren ahizparenera, baina alferrik, alproja deitzen zioten. Harik eta 22 urte ingururekin jakin zuen arte haren ezinegonaren zergatia: ez zen familia horretan jaioa.
Behin eta berriro joan zen Fraisoroko artxibo eta liburuak arakatzera eta anaia aurkitu zuen, baita Argentinatik bueltan Madrilen bizi ziren ama eta arreba ere. Halaxe baretu ahal izan zuen barruko arra, txikitan abandonatu izanak bizitza baldintzatu zionaren kontzientzia hartu zuenean.
Donibane Lohizuneko hondartza aitzinean den Ugaina etxean bi banderola hedatu zituen ostegunean EHBaik: Pierre-Édouard Stérin eskuin-muturreko milioidun eta hainbat hedabideren jabearena da. 10 milioi euroko salmenta espekulatiboa salatu dute.
“Elkarrekin ehuntzen dugun merkatua” ekimena sortu dute Santo Domingoko merkatuaren egoera eta etorkizunaren inguruan hausnartzeko. Comiruñak kudeatuko du Santo Domingoko merkatua eta espezializazio proiektu batean sartzea proposatu du
AEBn egindako ikerketa batean frogatu dute maila sozioekonomikoan diferentzia handiak egoteak arrastoa uzten duela haurren garapen neurologikoan. Hala, desberdintasun ekonomiko nabarmenean bizi diren haurrek osasun mentaleko arazoak izateko joera handiagoa dute, hainbesteko... [+]
Frantziako Gobernuaren aurrekontua fintzen ari diren honetan, "justizia soziala eta fiskala" aldarrikatu dute karrikatik. Irailaren 18ko mobilizazioak baino jarraipen ahulagoa ukan du osteguneko greba deialdiak.
Udan zehar, mobilizazio sozial handia izan da eta herritarren plataformak sortu dira Lizarraldean biometanizazio-plantak direla eta: Viana, Lodosa, Los Arcos, Mendabia... Horietan guztietan erraz identifika daitezke gako berberak: 1/ Nafarroako Aldizkari Ofizialean proiektuak... [+]
Sei hilabete bete dituzte Gasteizko lorezainak greba mugagabean. Hamaika mobilizazio eta Enviser enpresarekin zein Udalarekin eginiko bilera batzuen ostean “epe laburrean” akordiorik lortu ezean borrokarako fase berri batean sartuko direla iragarri dute langileek... [+]
Flotillari Israelek eraso eginez gero, greba orokorra antolatzeko prest zeudela adierazia zuen Italiako sindikatu handiena den CGIL-eko buruak, Il Messaggero egunkariak jaso duenez. Asteazken gauean, deialdia jada publiko egin dute: ostiralean greba orokorra.
Nazio Batuen Erakundeak Israelgo legez kanpoko kokalekuetan negozioak egiten dituzten enpresen zerrenda berritu du. 68 lantokiren izenak gehitu ditu, eta tartean dago CAF. Beasaingo enpresak egun bat lehenago argitaratutako agirian zioen Jerusalemgo tranbiak “giza... [+]
Bizikleta denda bat dauka Juanlu Primok Bilboko San Frantzisko auzoan: bere gurasoek taberna izan zuten auzo berean. Gurpilez betetako dendan jarraitzen du gustura, auzoan izaten ari diren aldaketen lekuko.
BiziLagunEkin plataformak antolatuta, turistifikazioari aurre egiten dioten eragileen topaketak egingo dituzte urriaren 24 eta 25ean Donostian.Topaketa horietan dozena erdi tailer eta mahai-inguru izango dira, Euskal Herriko hainbat hiri, herri eta eskualdek jasaten duten... [+]
Armadoreak salatu zuen hamasei arrantzaletik hamabi matxinatu egin zirela, eta Guardia Zibilak artatu eta gero, Asturiasen egon da amarratuta. Asteazken goizaldean heldu da Getariako portura.
Altri multinazionalak Europako zelulosa lantegi handienetakoa eraiki nahi du Galizian, Palas del Rei herrian, lyocell deituriko zuntz "jasangarria" ekoizteko. Eukaliptoak, ura, moda-industria indartsua eta oligarkia politiko diruzalea. Dena du alde horretarako. Dena?... [+]
Grebek laguntzen digute ideologizazioan, kontzientziazioan, kolektibizazioan. Greba prozesu bat da, lanuzteaz harago. Epe motzean emaitzak lortu gabe ere –galdetu bestela Gasteizko lorezainei edota Gipuzkoako erresidentzietako langileei–, borrokarako eta... [+]
Interneteko plataforma boteretsuenek fenomeno bat sortu dute: euren sistemen baitan, negozio eredu “burujabeak” sortzearen ilusioa.
Australiako Glitch estudioak Guiniverreko zaldunak 2D animazio telesaila argitaratu berri du Youtube plataforman. Istorioan, Dana... [+]
Enplegua Erregulatzeko Espedientearen kontsulta epe barruan zuten adostuta batzarra Langile Batzordearekin, baina enpresariak ez dira agertu.