"Hizkuntz eskubideak bermatzen ez dizkiguten artean talka egongo da"

  • Arkaitz Zarraga eta Eneka Alvarez. Beren burua zurrunbilo mediatiko biren erdian aurkitu duten bi euskaldun ditugu. Biei administrazio publikoak hizkuntza eskubideak urratu dizkie, eta biek amaitu dute isun banarekin, gaztelania dotorean idatzita. Izebergaren punta dira, arreta deitzea lortu duten bi kasu, egunerokoan salatu gabe eta modu ikusezinean gertatzen diren euskaldunon aurkako erasoen multzo zabalean.

Eneka Alvarez eta Arkaitz Zarraga, isuna jaso duten bi euskahaldun. (Argazkia: Dani Blanco)
Eneka Alvarez eta Arkaitz Zarraga, isuna jaso duten bi euskahaldun. (Argazkia: Dani Blanco)

Arkaitz, zuri Bilboko udaltzain batek trafiko isunaz gain, bigarren isun bat jarri zizun euskaraz hitz egiteko eskatu zeniolako errespetu falta egotzita. Nola oroitzen duzu?

A. Zarraga: Harriduraz hartu nuen. Jaiak amaituta zeuden eta trafikoa itxita zegoen, Bilboko Konpartsetako kideek eta udal langileek erabiltzen zuten bidea hartu nuen autoarekin. Udaltzainak gelditu ninduenean, pentsatu nuen erratu egin zela eta ez zela ohartu konpartsakidea nintzela. Erakutsi nion baimena, baina berak nahiko harroxko esan zidan “¿no has visto que has pasado por encima de un paso de cebras?”. Denok egunero egin genuela erantzun nion, banatzaileek, konpartsakideek, garbitzaileek... Gero, dena den, gehitu nion “barkatu, ni euskaraz ari naiz eta niri euskaraz egin mesedez”. Lau udaltzain zeuden, pentsatu nuen berak ez bazekien beste batekin izan nezakeela harremana. Berak orduan, oldartuta esan zidan “yo tengo derecho a hablarte en cualquiera de las dos lenguas oficiales”. Askotan entzun dudan argudioa da, nik gai horrekin egiten dut lan, eta beraz, ezetz esan nion. Barkatzeko, baina kasu horretan ni nintzela herritar gisa administrazioarekin harremana izaten ari zena, eta administrazioak eskubideen bermatzaile izan behar duela. “Zure eskubidea ez dago nirearen gainetik, zuk nirea bermatu behar duzu”. Orduan, autoritate guztia erakutsiz esan zidan: “Aparca el coche”. Hor sortzen den frustrazio eta inpotentzia sentsazio hori gogorra da kudeatzen. Egia da euskaldunok elebidunak garenez, bide errazena gaztelaniaz egitea dela, baina nik eutsi egin nion.

Zer ondorio atera duzu?

A. Zarraga: Batetik, jendeak baduela hori gertatzen denaren kontzientzia, nik babes handia sentitu baitut. Jendeak sinesten du eta euskaldunok badakigu hori gertatzen dela. Bestetik, badagoela jende bat ez duena onartzen euskaldunok eskubidea dugula. Kasu honetan polizia bat da, agian esanguratsua da ezaugarri hori, euskaltegitik pasatakoa izango zen seguruenik, berak ulertzen baitzidan. Hizkuntza jakiteko eskubidea onartzen zaigu, baina erabiltzekoa ez. Ematen du bigarren mailako eskubidea dela euskara erabiltzekoa. Batzuetan ez da onartzen eta horren aurka oldartu egiten dira. Gerora, beren gainetik dauden autoritateek babesa ematen diete, bestela ez zuketen horrela jokatuko.

Arkaitz, Udalera iritsi zen gaia, eta erantzun gogorra izan zenuen.

A. Zarraga: Bilboko Udalaren erantzuna oso mingarria izan zen. Batetik esan zuten ni gaztelaniaz hasi nintzela eta gero euskara erabili nuela udaltzainaren aurka egiteko. Gainera, esan zuten agentea emakumea zelako jokatu nuela horrela, eta horrek min egiten du. Ikusirik emakumeen egoera zelan dagoen, nork eta Bilboko Udalak, genero politika hutsaren hurrena egiten duenak hori esatea gogorra da. Min egin zidan, oso harrituta utzi ninduen. Hala ere, euskalgintzatik bezala, mugimendu feministatik ere babesa jaso nuen. “Ez da zilegi feminismoa erabiltzea aurka egiteko, eta badakigu ez dela horrela izan”, izan zen erantzuna. Agian euskalgintzan militatu eta lan egiten dudalako, ezagutzen dute nik ez dudala gaztelaniaz sekula egingo udaltzain batekin eta horrek agerian uzten ditu.

Eneka, zuri antzeko zerbait gertatu berri zaizu. Ertzaintzarekin euskaraz aritzeko eskubidea aldarrikatu zenuen, identifikatu egin zintuzten eta orain Mozal Legeaz zigortu zaituzte. Konta dezakezu nola hasi zen eztabaida?

E. Alvarez: Ernaik antolatutako prentsaurrekoa amaitu zenean, jende asko identifikatzen hasi ziren, grabatzen ari ziren kazetariak eta beste hainbat pertsona. Denbora batera, nortasun agiriak itzultzen ari zirenean, kide bati desobedientzia delitua leporatuko ziotela mehatxu egin zion agente batek. Pertsona horrek ironiaz erantzun zion “desobedientzia larria” izango zela prentsaurreko batean entzuten egotea, eta ertzainak gutxiespenez erantzun zion bost axola zitzaiola zer esaten zion, ez ziolako ulertzen. Ni orduan sutu egin nintzen eta esan nion gauza bera esan zezakeela errespetua galdu gabe. Ea zer esan nuen galdezka hasi zitzaidan, errepikatu nion eta erantzun zidan ez zidala ulertzen. Horren ostean hasten da bideoa. Nik esan nion “sí has faltado”, eta berak “no he faltado”. Ondoren dokumentazioa eskatu zidan eta saltsa hasi zen.

Ez duzuela isuna ordainduko jakinarazi duzue. Zergatik?

E. Alvarez: Prentsaurrekoko arduraduna identifikatu nahi zutela eta ni pertsona horren eta agenteen erdian jarri nintzela leporatzen didate, arduraduna identifikatzea oztopatu nuela. Hori bideoak gezurtatzen du, pertsona bat azaltzen baita eztabaidaren erdian esaten bera dagoeneko identifikatu dutela arduradun gisa. Nire eskubideak urratu zituzten eta gezur bat leporatu didate. Bideoak izan duen dimentsioagatik zigor bikoitza dela iruditzen zaigu, mendeku puntua duela. Azpimarragarria da gainera, gutuna gaztelania hutsez bidali didatela. Isuna ez ordaintzea eta errekurtsoa jartzea erabaki dugu.

A. Zarraga: Niri ere isuna gaztelania hutsez bidali zidaten.

E. Alvarez: Boterearen adierazpen oso garbia da. “Hemen gauzek horrela funtzionatzen dute”, esango baligute bezala. Probokazio puntua du, nork agintzen duen erakusteko beste modu bat.

Eneka, zure kasuan Ertzaintzak barkamena eskatu zuen uztailean. Zenbateko balioa du horrek?

E. Alvarez: Barkamen hori ez zen haien borondatez iritsi. Nik aurretik Hizkuntz Eskubideen Behatokian salaketa jarri nuen. Kasua bideratu zuten eta barkamena Behatokiari heldu zitzaion. Nire datuak dituzten arren, ez dira nirekin jarri harremanetan. Barkamen horrek hasieran eskuak garbitzeko itxura zuen, bakea jartzeko barkamen bat zela. Ez gaude ohituta.

A. Zarraga: Nik Bilbon erabili nuen. “Behintzat hauei barkamena eskatu diete”.

E. Alvarez: Gero isuna heldu zen. Gainera egunotan jakin dugu tirabira izan nuen bi ertzainek ukatu egiten dutela barkamena eskatu dutela. Paper hutsa da beraz, inongo baliorik ez duena. Oso zintzo egin ez duten zerbait.

Argazkia: Dani Blanco

Biak euskaltegiko irakasleak zarete.

A. Zarraga: Kontzientzia berezia dugu horrekin. Nire kasuan, nirekin topo egin zuen udaltzaina euskaltegitik pasatakoa zen. Horrelako ikasle batzuk baditugu, hizkuntz perfilaren bila doaz, eta hori lortutakoan ez zaie axola handik harago ezer, lana dute eta kitto. Sistema honek porrot egiten duela erakusten du argi eta garbi. Administrazioa ezin da belarriprest izan, ez da nahikoa ulermen maila izatearekin. Nirekin euskarazko harreman osoa izatea nahi dut. Gainera, jakin behar dute hizkuntza eskubide batzuk daudela eta beraiek errespetatu behar dituztela, nik neuk erabakitzen dudala zein hizkuntzatan aritu. Hori agerian geratu da.

E. Alvarez: Kasu hauek ez dira isolatuak, oihartzuna lortu dute hainbat arrazoirengatik. Justu gu biok oso jakitun gara gure eskubideak zein diren. Hala ere, halakoak egunerokotasunean gertatzen dira. Kontua da euskaldunari beti dagokiola insistitzen aritzea, eskubideak gogoraraztea... zure partetik indar bat eskatzen du, ahalduntze bat, lan nekeza baita. Hala ere, jende guztia animatzen dut urraketak salatzera, eta eskubideak bermatzen ez dizkiguten artean talka hau egongo da.

Zer diote zuen euskaltegiko ikasleek?

A. Zarraga: Batzuek esan zidaten, “joe, zein erradikal jartzen zaren, ez?”. Zergatik egiten dudan azaldu nien, zergatik naizen euskara irakasle. Nire eskubidea eta bere betebeharra dela niri hori bermatzea. Agenteak ez badaki euskaraz, ekar dezala beste bat. Lau zeuden, bat nire ikasle izandakoa. Tipoa konturatu zenean ni nintzela, lotsatu eta desagertu egin zen. Nik azaldu nien ez zela soilik hizkuntza jakitea. Ikasle asko hizkuntza perfilaren bila doaz, orain hori nahi dute, baina jakin behar dute beren lanean euskaraz jakiteko beharra ere izango dutela. Norbait etortzen bazaie euskaraz, errespetuzko kontua dela hala erantzutea, jo dezagun denda batean. Administrazioan, berriz, betebeharra da hala erantzutea.

E. Alvarez: Nire kasuan bideoaren bidez jakin zuten. Lanera heldu nintzenerako denak aztoratuta zeuden. Gertatu zena kontatu nien eta gehienen erantzuna izan zen agenteei ez zitzaiela batere kostatzen euskaraz erantzutea. Horrelako talka bat ikusten zuten lehen aldia zen orokorrean. Askori, orain arte, hizkuntza eskubideak eta urraketak arrotz egiten zitzaizkien. Nirekin enpatiko egon ziren eta orokorrean harrituta zeuden. Hala ere, nik ere baditut Arkaitzek aipatu dituen perfil horretako ikasleak. Euskaltegian astakeriak entzundakoa naiz, adibidez, “voy a sacar el titulo y luego lo voy a tirar a la basura”. Zerbaitetan huts egiten du guztiak.

A. Zarraga: Ikasle tipologia horrek pentsatzen du hizkuntza inposatzen zaiela. Kasu honetan ikusi dute inposatua bestea dela. Euskaldunok biak dakizkigu, eta guk euskara hautatu arren, bestea inposatzen digute. Hala ere, badaude perfil horrekin etorri arren, gure mundutxoa ezagutu, zaletu, deskubritu eta maitatzera igarotzen direnak ere badaude. Motibazio instrumental batekin etorri eta motibazio integrazional batekin amaitzen dute.

E. Alvarez: Batzuk hizkuntza ikaste prozesu horretan mundu oso bat deskubritzen dute. Hor integratzeko ahalegin handiagoa egiten dutenek, haluzinatu egiten dute eta zenbat eta borondate handiagoa izan hori deskubritzeko, ikasketa prozesua ere alaiagoa, hobea eta motibagarriagoa da. Denetarik dago, ikasleak mila, arrazoiak mila.

“Euskaraz bizi nahi izatea gatazka iturri bat da beti”, zenioen Bizkaiko Hitzan emandako elkarrizketa batean Arkaitz. 2019ko Euskal Herri honetan euskahaldunak isun bat jasotzeko aukera gehiago du?

"Badirudi arazo guztiak konponduta daudela eta horrelako gertaerek erakusten dute ezetz. Gaur egungo hizkuntz politikak antzuak dira, buelta bat behar dute".
Eneka Alvarez

E. Alvarez: Badirudi arazo guztiak konponduta daudela eta horrelako gertaerek erakusten dute ezetz. Gaur egungo hizkuntz politikak antzuak dira, buelta bat behar dute. Ez soilik bermatzeko herritarrek zer hizkuntzatan artatuak izan nahi duten, baizik eta normalizaziora bidean egiteko dauden lan guztiei heltzeko, lan mundua edo administrazioa euskalduntzeko, adibidez. Buelta handia behar du.

A. Zarraga: Paperak denari eusten dio, eraginkortasunera pasa behar dugu. Hemen hizkuntz plangintzetan arlo guztiak hartzen dira kontuan, dela lan mundua, kirola, aisialdia, hezkuntza... baina gero horretarako, baliabideak jarri eta neurri eraginkorrak hartu behar dira. Batzuetan neurri sustatzaile eta motibatzaileak izango dira; beste batzuetan, derrigortasuna ezartzen dutenak. Horrela ematen dira urratsak. Isuna guri jarri digute eta baliteke hau ikusita euskaldunak hurrengo batean bi aldiz pentsatzea bere eskubideak aldarrikatu aurretik. Isuna eskubidea urratu duenari jarriko baliote, gauzak aldatzen hasiko lirateke.

Arkaitz, zure kasuan ez zen babes-elkarretaratzerik antolatu, Eneka, zure kasuan bai. Erantzuteko orduan ez al gara oso uzkur ibili?

A. Zarraga: Bai. Nire ingurua Bilbo da eta nahiz eta euskaldun gehien dagoen udalerria izan, nahiko sakabanatuta gaude. Komunitatea ez dago oso trinkotuta eta sentsazioa uzkurra da. Mobilizazio bat egiteko jende kopuru batetik gora ibili behar dugula pentsatzen dugu. Nik uste txikitik hasi behar dugula eta joango garela indartzen, baina bai, hartu behar dugu erantzukizuna. Euskaldunak gara eta horrek ondorio batzuk dakartza. Euskararena ez dela kontu folkloriko bat, eskubide eta izaera kontua dela erakutsi behar dugu publikoki.

Eneka, erasorik ez erantzunik gabe, euskaraz bizitzera goaz lelopean erantzuna antolatu duzue Ernai eta EHEk. Zergatik?

E. Alvarez: Horrelako erasoak ez dira isolatuak, askotan gertatzen dira eta beti zalantzaz beterik gabiltza erantzute horretan. Azken urteetan zerbait ikasi badugu, erasoak salatu, publiko egin eta erantzun egin behar zaiela da. Arazoa gizarteratzeko, komunitatea aktibatzeko eta gure eskubideak bermatzeko ezinbestekoa da kalera ateratzea, erakustea gure eskubideak sistematikoki urratzen direla.

"Isuna eskubidea urratu duenari jarriko baliote, gauzak aldatzen hasiko lirateke".
Arkaitz Zarraga

A Zarraga: Ni Garabiderekin Kolonbiara joan ohi naiz eta hango komunitate indigenak oso harrituta daude guk egin dugun prozesuarekin. Izugarrizkoa egin dugu, munduan erakusgarri da, baina gaur egun badirudi egina dagoela. Gu baino nagusiagoek egin duten guztia egin badute, guri badagokigu erantzutea. Horrelako egoeren aurrean agertu beharko gara, bestela gure belaunaldiari zer dagokio? Lortutako apurrak xahutzen joatea? Bide hau ez dago amaituta inondik inora, gure hizkuntza arrisku egoeran dago, munduko beste asko bezala, eta gazteek ere ikusi behar dute borrokatzea dagokigula. Hizkuntza borrokari eutsi behar zaio.

E. Alvarez: Dena eginda dagoenaren ustea oso zabalduta dago, gehienbat EAEn. Asko aurreratu da, baina ikuspegia zabaltzen badugu, Euskal Herriko ikuspegi osoaz gain, pertsonen bizi esparru ugariak kontuan hartuz, falta dena ikaragarria dela ikus daiteke. Horri buelta ematea dagokigu, asko dago egiteko, bidea luzea izango dela barneratu behar dugu, ez dago ezer bukatuta hemen. Hizkuntza gutxitua eta zapaldua gara.

Kontzentrazioa Ertzain-Etxearen aurrean. (Dani Blanco)

Arkaitz, eskatzen urteak daramatzazuen arren, Bilbok ez du euskararen ordenantzarik. Ez dela behar diote.

A. Zarraga: Orain Iruñeak onartu du. Bilboko agintariek euskara gauza folkloriko moduan nola hartzen duten erakusten du. Beti salatu izan dugu. Baditugu ordenantzak hainbat gairi buruz: zaratarena, espazio publikoaren erabilera, zergatik ez hizkuntzarena? Horrek beste estatus bat emango liokeelako. Euskaldunok behar beharrezkoak ditugu euskarri juridikoak, nahiz eta hauen gainetik daudenak ez izan guk nahi genituzkeenak. Gaur egun gaztelania derrigorrezkoa da eta euskara hautazkoa. Langile publikoek ere badakite ez dutela gainetik halako betebeharrik, baina euskaldunok behar ditugu.

Euskaldunoi euskara tarteko egiten zaizkigun erasoek gaitzespen handia jasotzen dute eta Euskal Herri zabalean antolatu gabeko milaka euskaltzale daude. Euskaraldia pasa berri dugu, milaka lagunek hartu dute parte. Martin Kitto kazetariak ironiaz zioen orain Isunaldia hasi zela. Mugimendu euskaltzalearen borroka nola ikusten duzue?

"Hartu behar dugu erantzukizuna, euskaldunak gara eta horrek ondorio batzuk dakartza".
Arkaitz Zarraga

A. Zarraga: Berrian gai honen inguruan idatzi nuen artikulu bat. Euskaraldia bere gorabeherekin eredugarria izan da, baina ikuspegi psikosozialari eragiten dio. Badira hain serio hartzen ez diren beste eremu batzuk, adibidez, hizkuntz eskubideena edo hezkuntza sistemak ez duela behar bezala euskalduntzen. Neurri zorrotzak hartu eta baliabideak jartzea eskatzen du horrek. Kanpaina mediatiko handiak egiten ditugu, horretan oso trebeak gara, baina gero beste gauza batzuk aztertu gabe pasatzen ditugu. Beste adibide bat jartzearren, euskaltegiek izan duten papera eta egun dutena behintzat aztertu egin beharko genuke. Azterketa sakona eta neurri eraginkor eta hausnartuak atera behar dira. Unibertsitate mailan ikerketa ugari egiten dira, baina gero ez dute islarik benetan gure egunerokoan, edo euskalgintzaren tresnak ez daude horretara egokituak. Egokitzapen prozesu serio bat behar dugu.

E. Alvarez: Badirudi zerbait mugitzen ari dela. Jende asko dago, baina atomizatuta, elkartze potente bat falta zaigu. Azken aldian diskurtso berri baten beharra ere azpimarratu da. Falta da klika edo zerbait: aktibazioa, trinkotzea, helburu berriak jarri, dena ordenatu, hamarkada honetan nora joango garen erabakitzea, nora iritsi nahi dugun hurrengoan, nola egingo dugun hori, pixka bat hausnartu eta aurrera jarraitzea.

Aurrera begira zuen kasuetan zer?

"Bidea luzea izango dela barneratu behar dugu, ez dago ezer bukatuta hemen. Hizkuntza gutxitua eta zapaldua gara".
Eneka Alvarez

A. Zarraga: Helegitea jarria diegu bi isunei. Trafikokoak ez du biderik, isuna jartzen badidate hemendik aurrera ezingo da bide hori erabili, eta hori kristoren traba logistikoa izango da Bilboko jaietan, bide naturala delako txoznagunetik ateratzeko. Beste isuna juridikoki oso argia da, nik euskaraz “puta chula” esan niola dio udaltzainak, eta nik nahi dut berak adieraztea ea nola esaten den hori euskaraz. Ikasleei ere irakatsiko diet. Uste dut ez direla astotik jaitsiko, jarraituko dutela eta isuna ezarriko didatela. Aktibaziorako besterik ez bada ere, jai bat egingo dugu, dirua ateratzeko Bilboko euskalgintza astintzen saiatzeko.

E. Alvarez: Errekurtsoa jarriko dugu guk eta ikusiko da zertan geratzen den. Honek balio behar du jendea animatzeko salaketarako. Ikusi behar da komunitate bat badagoela, babesa egongo dela eta eraso eta urraketa horiek salatuko ditugula. “Ez zaizu zuri bakarrik gertatu, oso ohikoa da, eta zure atzean egongo da jendea zu zaintzeko, babesteko, isunak iritsiko balira era kolektiboan ordaintzeko, bidean ahal dena egiteko”, da mezua. Guzti honek balio dezala hurrengoek indarra sentitu dezaten.

A. Zarraga: Esanguratsua da Behatokiak salaketak jasotzen dituela, baina oso gutxi direla jasotakoak. Kontzientzia falta zaigu gure eskubideei eusteko eta beharrezkoa denean salaketa jartzeko.

E. Alvarez: Nire gertaerarekin ikusi dut oraindik ere jende bat ez dela kontziente hiztun gisa zer eskubide ditugun. Halakoak gertatzean zer egin behar den galdetu didate. Agian hasi behar dugu serioski zabaltzen zein diren ditugun eskubideak, urratzen dizkigutenean zer egin eta abar. Serio hartu behar dugu gai hau, momentua da.

 

Arkaitz Zarraga: Bilbo, 1972. Euskaltegiko irakaslea da, une honetan Basauriko Udal Euskaltegiko zuzendaria. Euskal Filologian lizentziatua, Soziolinguistika eta hizkuntzen irakaskuntza ditu arlo landuenak. UEUko glotodidaktikako sailburua da eta Hau Pittu Hau konpartsako kidea da.

Eneka Alvarez Loidi: Donostia, 1994. Euskaltegiko irakaslea da. Euskal filologia ikasi du eta gero soziolinguistikan trebatu da. Ernaiko kidea da.


ASTEKARIA
2019ko otsailaren 17a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza eskubideak
Sugoi Etxarri Zabaleta, EHE-ko kidea
“Euskararen borroka gaztetzen ari da, oso azkar”

Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 22tik 28ra egingo du lehen aldiz Harrotze Astea. EHEk bost ekintza nazional prestatu ditu, eta hortik aurrera, herriz herri hainbat dinamika antolatuko dituzte euskaltzaleek. Sugoi Etxarri EHEko kidea elkarrizketatu dugu. Haren ustez,... [+]


Behatokiaren hizkuntza urraketei buruzko 2023ko txostena
Hizkuntza muga eta urraketa berak hamar urtez

Hizkuntza eskubideen urraketekin lotutako 909 kexa jaso zituen Behatokiak 2023. urtean. Horien %75 baino gehiago administrazioari loturiko zerbitzuei buruzkoak dira: “Herritarrek salatzen dute urtero horma berdinaren aurka borrokatzen jarraitzen dutela”.


2024-03-18 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Nork egingo du euskara ofizial?

Korrikak lehen asteburua Nafarroan egin du, eta argi ikusi dugu ez dagoela Nafarroa bat, ez eta hiru ere, baizik eta hainbat. Herriz herri egoera soziolinguistikoa eta euskaltzaletasuna erabat aldatzen dira, eta Korrika ere izan da horren lekuko.


Ikasle euskaldunek Frantziako Legebiltzarrean euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute

Euskal Herriko 16 ikasle Parisen dira astearte honetan, euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu eta horretarako neurriak har ditzatela eskatu diete diputatuei, Frantziako Legebiltzarrean. “Urduri gaude, baina badakigu zer erran nahi dugun”, adierazi diote goizean... [+]


Iruñeko EHEren talde berria aurkezteko jaia egingo dute larunbatean

Taldea ezagutarazteko eta proiektua finantzatzeko antolatu dute egun osorako egitaraua.


Eguneraketa berriak daude