Jaka Horien erresuman gobernua mutilatzaile eta boluntarioak sorosle

  • Jaka Horien mobilizazioei polizia frantsesak emandako erantzunak balantze latza utzi du bi hilabetetan: 100 lagun larriki zauritu ditu, horietatik lauk eskua galdu dute eta hamalau gehiagok begia. Gobernuak orokortu du kautxuzko pilota eta GLI-F4 granaden erabilera, ordenari eusteko estrategia gogortzearekin batera. Erreakzioz, manifestari zaurituak artatu eta laguntzeko boluntario talde berriak zabaldu dira. Urruneko kolonietako matxinada eta errepresio giroa Hexagonoko hirietan.

TOLOSAKO BOLUNTARIOAK. Gurutze Urdina taldekoak poliziaren flash ball batek musuan zauritutako herritarra artatzen, espaloian.
TOLOSAKO BOLUNTARIOAK. Gurutze Urdina taldekoak poliziaren flash ball batek musuan zauritutako herritarra artatzen, espaloian.

“Mugikorrarekin Champs-Elyseetan [Parisko kale nagusian] filmatzen ari nintzen eta halako batean jendea aztoratu zen. Atzera egin nuen eta orduantxe sentitu Flash-Ball [gomazko pilota] hura nire buruan. Sentitu nuen eskuineko masaila lehertu zidala”.

Horrela mintzo da Axelle Marquise, 28 urte, Mediterraneo ertzeko ostatu batean zerbitzari ari dena, abenduaren 8an Parisen zauritua: erredura larriak masailean, masailezurraren haustura bikoitza, hagin birrinduak, inguruko giharren kontraktura...

Marquiseren zauriak eta lekukotasuna ikus-entzun ditzakezu Youtuben Mutilés pour l’exemple [Besteak zentzatzeko mutilatuak] kolektiboak eskegi duen bideoan. Badira irudi gogorragoak. Thomas batek aurpegia orbainez beteta dauka, beste pilotakada baten ondorioz, 25 puntu, sudurra hautsita, ezpain handitua, ezkerreko begia ukituta. Antoinek, 26 urte, eskumutur moztua erakutsiko dizu, GLI-F4 granada batek txirtxilatu zion eskuineko eskua.

Gertakizunen behatzaile asko harrituta daude. “Flipatu dut polizien bortizkerien irudiak ikusita eta hedabideetan bortxa hori ukatzeko dagoen nahiarekin”, esan dio Reporterre hedabide ekologistari David Dufresne kazetariak, 2013an Maintien de l’ordre [Ordena zaintzea] liburua plazaratu zuenak. Jaka Horien gaineko zanpaketaren balantzearen pareko beste bat ikusteko “atzera egin beharra daukagu 1968ko maiatza arte. Egia da 68an hildakoak izan zirela, baina oraingoan ere Marseillan hil da 80 urteko emakume bat”.

Egoeraren larriaz kezka bera dauka Desarmons-les [Desarma ditzagun] Estatuaren bortizkeriaren aurkako kolektiboko jendeak. 2012an hasi ziren antolatzen, 2000. urtetik poliziak erabilitako armek, batik bat granadek, zenbat herritar zauritzen zuten oharturik. 2014an osatu zuten poliziek zaurituen batzarra, hauei laguntzeko armen kontrako borroka politikoan, biktimoi beren zauri larriak artatu eta horiekin bizirauteko bide nekezean laguntzeko eta horientzako kalte-ordainak eta erantzukizunen argitzea ere lortzeko. “David  Goliaten kontra bezala ari gara”, esan dute Ballast aldizkariak elkarrizketaturik.

Jaka Horien kontrako errepresioan poliziak larriki zaurituetako batzuen argazkiak zabaldu dira Internetez eta karrikako afixetan.

Desarmons-leseko kideek zaurituen kontabilitatea ere badaramate. “2001etik 2018ra arte manifestarien artean hiruk galdu zuten eskua eta bik oina. Iazko uztailaren 14an, egun bakarrean, hiruk galdu zuten begia. Oraingoan, Jaka Horien mobilizazioen lehen hiru asteetan gutxienez lauri moztu zieten eskua! Zaurituen kopurua bikoiztu egin da. 18ri lehertu diete begia; urtean pare bat aldiz gertatu ohi zen lehen. Pilotakadek haustura asko eragiten dituzte. Beste zauritu asko zenbatu ere ez dira egiten... Marka guztiak hautsi dira iaz: esan dezakegu 2018a izan dela mutilazioen urtea”.

Ordena zaintzeko eredu frantsesaren oinarri nagusietakoa izan da –Desarmons-lesen analisian– poliziak eta manifestariak aparte edukitzea, zauriturik egon ez zedin. Horrek esplikatuko luke gasaren erabilera hedatua. Harrien jaurtiketak ez zuen, berez, polizien jokabidean aldaketa berezirik ekartzen, bai ordea Molotov koktelen jaurtiketak: erantzunaren hurrengo graduan, granada negar eragileez gain hedatze-uhinezkoak sartzen ziren, leherkariak.

Maalox, bendak eta geolokalizatzailea

Duela 20 urte arraroa zen mobilizazioak sakabanatzeko GLI-F4 bezalako granada eztandagile bat erabiltzea. TNTa darama eta mutilazioak eragin ditzake. Errepresioaren azken graduan usatu zezaketen poliziek, justu talde armatuei tiroka militarki erantzuten hasi aurrekoan.

'Voltigeurs' (akrobatak) deitzen dieten poliziak Bordeleko kalean, gomazko pilotak jaurtitzeko fusila daramatela. (Argazkia: Clement Agostini)

Lehen graduan erabilitako gasezko granadaren eta TNTdunaren artean zegoen gomazko pilota, Frantzian ingelesez Flash-Ball deitzen diotena. Arma post-kolonial tipikoa da, diotenez Desarmons-leseko kideek, berunezko tiroen alternatiba lightagoa, bainan gutxitan hil arren zauri larriak eragiten dituena. Metropolietako auzune txiroetan erabiltzen zuten, arabiar jatorrizkoen eta beltzen kontra, ez ordea mugimendu sozialek deitutako manifestazio jendetsuetan ordena jartzeko.

Hori guztia iraganeko kontua da: Jaka Horiei aurre egiteko denak erabiltzeko baimena dauka orain poliziak, gasa, gomazko balak eta granada leherkariak. Gehiago eta gogorragorik ere badauka, ordea: poliziak blindatuak atera ditu kalera Parisen mobilizazio egunetan.

Aspaldiko borroka antinuklearretan ikusiak ziren, berrikitan Notre-Dame-des-Landeseko eremuetan ere bai, “baina oso berria da hirian ateratzea, oso kezkagarria. Joan den abenduaren 8an lehenbizikoz eduki dut irudipena sedizio bati aurre egiteko prestatuta zetozela, jendeari tiro egiteko prest. Ez dut uste suzko armaz horniturik zeudenik, baina indar erakusketak balio izan zien: blindatuak agertu ahala jendea desagertu zen! Sinbolikoki esan nahi ziguten: ‘Gaur manifestatzen baldin bazarete, armada edukiko duzue aurrez aurre, bere tresna guztiekin’. Horrela heldu gara fase militar batera”.

Poliziak blindatuak atera zituen Parisen abenduaren 21ean. (Argazkia: Journal du Dimanche)

Analisiok iritziak dira, azkenean, baina mobilizazioetan poliziek zaurituak bai direla errealak. Desarmons-les elkarteak ospitaletik etxeratu ondoko ibilbide mingarrian eskaintzen die laguntza, aholkularitza juridikoa eta medikua  baina batez ere laguntza psikologikoa. Biktimok sarritan aurpegia konpondu behar dute, onartu aurpegi berria, edo mutilazioa, eguneroko sekuelak. Onartze eta sendatze bidea arantzatsua da eta hurbilekoak ere ez dira aski ohartzen. Elkarteak laguntzen die beste zaurituekin harremanetan jartzen, bileran bezala kafetegian, ezin esanak adierazten, nork bere sendabidea bilatzen, umorea eta ironia barne.

Boluntario talde gehiago sortu dira han eta hemen mobilizazioetan bertan zaurituak artatzeko. AEBetan Vietnamgo gerraren kontrako manifestazioetatik ezagunak izan dira street medic karrikako sendagileak. Hari horretatik antolatu dira gehiago Frantziako Estatuan. Okzitaniako Tolosan, Jaka Horiek mugimendu handia eragin duten hiriburuan. Alde batetik, dozena bat boluntario dabiltza Gurutze Urdina taldean, –Street Médic Toulouse-31 Facebooken– nabarmen militanteenak. Bestetik, Gurutze Gorria marrazturik daramaten ziento bat sorosle inprobisatu, zauritu oro artatzeko prest, poliziak barne.

Laguntzaileok talde txikietan dabiltza mobilizazio egunetan, tartean beti dauzkatenak sorospenetan adituak, suhiltzaile, mediku edo erizain. Motxiletan daramatzate oinarrizkoenak, farmaziek edo jendeak donatuak: suero fisiologikoa, gasak sumindutako begietan jartzeko Maalox antiazidoa, bendak, gasak, guraizeak... eta telefono mugikorrak, geolokalizatzailez mugitzeko. Tolosa Ramallah bailitzan ordu batzuez.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Jaka Horien mugimendua
Aldo Rubert. Hitzak eta ekintzak
"Klase popularrak ez daude desmobilizaziora kondenatuta"

Frantziako Jaka Horien mugimenduari buruzko tesia egiten ari da Aldo Rubert soziologoa: klase popularren politizazio heterogeneoa ulertzea interesatzen zaio, herritarrek politikarekiko daukaten harremana ezin baita murriztu hauteskunde-garaian gertatzen den –edo gertatzen... [+]


2021-11-17 | ARGIA
Jaka horien ekintza batek auto pilaketak eragin ditu AP-8 errepidean

Hiru urte dira jaka horiek lehen protestak egin zituztela. Urtemugarekin loturan ekintza egin du hogei pertsona inguruko taldeak Biriatuko pasabidean, auto ilarak sortuz.


Éric Vuillard
"Beti hartu behar da serio bere ideiengatik hiltzen den norbait"

Herria eliteen aurka. Edo beharbada errealitate konplexuagoa, historiaren barrunbeetan sartzen zarenean. Horrela islatzen dute Éric Vuillarden liburuek. 2017an Frantziako letren saririk handiena, Goncourt saria jaso zuen L’Ordre du jour liburuarengatik.


2020-06-16 | Mikel Eizagirre
Parisko poliziaburuaren aurkako barne-kritikak zabaldu dira

CRS eta jendarmeen barne-oharretan kritikatua izan da Didier Lallement buruzagiaren gestioa. Bere praktikak “legalki zalantzagarriak eta politikoki kaltegarriak” direla diote.


Eguneraketa berriak daude