Zinearen historia hasieratik... eta feminismotik

  • Pasa den urrian ekin zioten. Hasieratik: zinema feministaren historiak zikloa martxan jarri zuten Tabakaleran, eta, hilean behin ari dira aztertzen zinemaren sorreratik bertatik emakumeek arte horri egindako ekarpenak. Historia posible bat da, beste hainbesteren artean. Egitasmoaren inguruan hitz egin nahian jo dugu Lur Olaizola Tabakalerako zinema eta ikus-entzunezkoen programaren koordinatzailearengana.

Alice Guy fikziozko zineman aitzindaria izan zen. Haren lanen artean artean azpimarratzekoa da 1906ko 'Madame a des envies'.
Alice Guy fikziozko zineman aitzindaria izan zen. Haren lanen artean artean azpimarratzekoa da 1906ko 'Madame a des envies'.

Hasieratik: zinema feministaren historiak zikloaren abiapuntuaz galdetu, eta hala erantzun digu Lur Olaizolak: “Azken batean, denok dakigu eraikitako narratiba bat dela historia, eta nahi genuke Tabakalerako zine-aretoa horixe izatea, behin eta berriro zinearen historia asma dezakegun leku bat”. Izenburu hori zergatik jarri zioten azaldu digu ondoren: “Guk, kasu honetan, ibilbide bat proposatu dugu; ez da historia bakar bat, baina hasieratik hasi nahi genuen”. Eta zein da, bada, hasiera hori? Izen bat aipatu digu Olaizolak: Alice Guy.

Hurrengo hiru hilabeteetako proiekzioak zehaztuta daude eta elkarlanean egingo dira Bartzelonako Films de Dones nazioarteko erakusketarekin

“Historia ofizialean kontatzen da [Georges] Mélièsek egin zuela fikziozko lehen pelikula, baina ez da horrela. 1895. urtean, Lumière anaien lehen proiekzioetako batean, hantxe zegoen Guy, eta proiekzioa ikusi zuenean, konturatu zen zinematografoak bazeukala historiak kontatzeko gaitasuna. Bera izan zen historian fikziozko pelikula bat egin zuen lehen zine-zuzendaria”. La Fée aux Choux zuen izena film hark, eta Guyk hiru bertsio egin zituen; lehena, 1896an.  

Hala, zine-zuzendari aitzindariei eskaini zioten zikloaren lehen hitzordua, eta Guyrenarekin batera eman zituzten beste hiru emakume zinegileren film laburrak ere, obra guztien arteko lotura aprobetxatuta: Germaine Dulac-en La souriante Madame Beudet (1923) eta Étude cinématographique sur une arabesque (1929), Maya Deren-en At land (1946) eta Marie Menken-en Glimpse of the garden (1962). Aitzindarien ostean, beste hainbeste zine-zuzendari garaikideren obrak ekarri dituzte, adibidez, Věra Chytilová-ren Daisies (1966). Olaizolak nabarmendu duenez, eta sarri gertatzen den moduan, zikloan programatzen ari diren emakume askok ez zuten beren burua feministatzat hartzen, edo, bestela esanda, ez zituzten beren pelikulak ikuspuntu horretatik egin. “Guk, ordea, horixe proposatu dugu: egin dezagun ibilbide hau, eta ibilbide hau bada zinema feministaren ibilbide bat”.

Ohikoa izaten den moduan pelikula bakoitza pertsona bakar batek aurkeztu beharrean, programazio talde osoak egin zuen aurkezpena 'Riddles of the Sphinx' filmaren emanaldian. Ez da kasualitatea: hasieratik bultzatu dute publikoak programazioan parte hartzea. 

Nola aukeratu sailerako filmak

Baina… zerk egiten ditu lan horiek feminista? Jo dezagun atzera. Zikloa bera abiatu baino lehen, beste proiektu bat sortu zuten Tabakaleran: programazio talde ireki bat. Olaizola: “Badago zinera behin eta berriro datorren jendea, baina, askotan, kosta egiten zaigu programatzaileen eta ikusleen arteko muga hori gainditzea, solasaldietan ere. Halako batean, gure buruari galdetu genion ea zer gertatuko zen jendea gonbidatzen bagenuen lan-talde batera eta hor hasten baziren eztabaidatzen zer pelikula ikusi nahi zuten. Proposatzeko espazio eta denbora hori eduki nahi genuen”.

Eta hortxe atera zuten, beraz, gaia mahai gainera: zerk egiten du pelikula bat feminista? “Gauza bat da emakume batek zuzendutako pelikula bat jartzea”, dio Olaizolak, “baina beste gauza bat da pelikula bera feminista bezala irakur daitekeen ala ez, hau da, emakume batek zuzendu dezake pelikula bat, baina zine horrek jarraitu dezake eskemarik edo lengoaiarik klasikoena edo konbentzionalena. Guri gehiago interesatzen zitzaigun lengoaiak berak puskatzea daraman zamarekin, eta hortik doa gure proposamena. Ez dira emakumeek zuzendutako pelikulak”. Ez behintzat hori bakarrik. Pelikulek eurek hausten dituzte ikusleak aurrez espero dituen formak. “Hor dago gauzak benetan aldatzeko aukera, bat-batean ikusle bezala deseroso sentitzen zarenean”.

Begirada maskulinoari planto

Adibide bat emateko eskatu diogu Olaizolari eta abenduko saioa ekarri du hizpidera. Laura Mulvey eta Peter Wollen-en Riddles of the Sphinx (1977) ikusi zuten orduan, eta saio berezia izan zen, gainera. Zikloan, filma ikusi aurretik, hizlari batek aurkeztu ohi du obra, eta Mulvey eta Wollenenari sarrera emateko, pertsona bakarra ez baizik programazio taldeko sei kide agertu ziren. Olaizolaren esanetan, ez zen izan norabide bakarreko hitzaldi bat: “Izan zen gure arteko elkarrizketa bat, ikusleei kontatuz zer nolako erreferenteak, galderak, zalantzak eta eztabaidak ibili genituen filma ikusi eta gero. Publiko egin genuen hori dena, ikusleek gure zalantzak ikusteko eta konpartitzeko”. Olaizolaren ustez, horrelako gauza txikiengatik da zikloa berezi.

Lur Olaizola: “Nahi genuke Tabakalerako zine-aretoa izatea behin eta berriro zinearen historia asma dezakegun leku bat”

Baina itzul gaitezen harira, merezi du-eta Mulveyri tarte txiki bat eskaintzea. 1973an, artikulu bat argitaratu zuen, Visual Pleasure and Narrative Cinema (Ikusizko plazera eta zinema narratiboa), eta sona handia bildu zuen. Olaizolak laburbildu digu haren ikuspuntuaren muina: “Mulvey zinema ikertzen hasi zen zinefilo handia zelako, Hollywood klasikoenaren zale porrokatua, eta momentu batean konturatu zen nola errepresentatzen zituzten emakumeak zine hartan. Konturatu zen, azken batean, begirada maskulinoarentzako eraikita zeudela film haiek”. Eta zer egin zuen orduan? Bada, horrekin moztu, eta zalantzan jarri. “Horregatik interesatu zitzaigun Riddles of the Sphinx, pelikulak berak egiten duelako proposamen zinematografiko bat, zinemaren ohiko lengoaia puskatuz”.  

360 graduko plano zirkular asko jarraian ipinita, hala hautsi zuten Mulveyk eta Wollenek ohituta gauden lengoaia. “Askotan ez dira pertsonaien buruak ikusten, oso erritmo arraroa da, ez baita ezer gertatzen, eta, aldi berean, oso begirada horizontala da, ez baitaukazu gauza zuzen bat, baizik eta kamera bat, espazio bat erakusten dizuna pixkana-pixkana, eta zuk zeuk joan behar duzu hor gertatzen ari dena eraikitzen. Ez da gauza kriptiko bat, ez da gauza ilun bat, baina, ikusle bezala, beste era batean jartzen zaitu”, esplikatu du Olaizolak.

Otsailetik aurrera, hainbat hitzordu

Azaldu dizuegu, gutxi-asko, zertan datzan Hasieratik: zinema feministaren historiak zikloa. Orain, beraz, hemendik aurrera egingo dituzten hitzorduak aipatzea dagokigu. Lehenik, otsailaren 11n, programazio talde irekiko kideak bilduko dira, arratsaldeko lauetan, Tabakalerako sortzaileen gunean. Jendea animatu du Olaizolak: “Gogoa baldin badaukazue, etorri, horixe baita asmoa: elkartu, hitz egin, pentsatu, batek proposatu dezala gauza bat, besteak beste bat… Ez dago erantzun bakarrik. Gai hauei buruz hitz egiteko gogoa, denbora eta espazioa, hori konpartitu nahi dugu”.

Koordinatzailearen arabera, gauza finko eta konkretuak lagungarriak suertatzen dira halako talde irekiek aurrera jarrai dezaten, orokorrean jendeak gogoa bai, baina denbora gutxi edukitzen duelako. Zentzu horretan, zikloa antolatzea ekarpen positiboa izan da: “Elkarrekin film bat ikusten badugu hilabetean behin, eta entzuten badugu zer kontatzen digun Selina Robertsonek [ziklora gonbidatu duen hizlarietako bat da Robertson], ba gozamena izango da, eta listo. Gauza txiki bat da, baina oso handia aldi berean”.

Věra Chytilová-ren 'Daisies' izan da zikloan ikusi ahal izan den pelikulen artean.

Hurrengo hiru hilabeteetako proiekzioak zehaztu dituzte jada: elkarlanean antolatu dituzte, Bartzelonako Films de Dones nazioarteko erakusketako kideekin batera. Ibilbide luzea egin du jaialdi horrek, eta iaz haiekin ekindako lankidetzari eutsi dio Tabakalerak aurten ere. Katalunian asteburu bakarrean erakutsitako filmak hiru hilabetetan ikusteko aukera izango dugu, beraz, Donostian: otsailean hiru obra emango dituzte: Soy Cámara. La carcajada de la Medusa (Marta Nieto eta Marga Almirall, 2018), Older Women and Love (Camille Billops eta James Hatch, 1987) eta History of the World According to a Lesbian (Barbara Hammer, 1988). Martxoan eta apirilean, berriz, bana: The Gold Diggers (Sally Potter, 1983) eta De stilte rond Christine M. (Marleen Gorris, 1982), hurrenez hurren.

Zikloan izango da bestelako elkarlanik. Iaz jarri zen martxan Tabakalerako zine-eskola, eta hango ikerketa-talde bateko kideak programazio taldearekin batera aritu dira azkenaldian, Olaizolak kontatu digunez. “Zine eskolako ikerketa-talde bateko kideak Cinenova banatzaile feminista ikertzen ari dira, eta, horren harira, erabaki dute Sandra Lahire zinemagilean zentratuko direla. Beraz, seguru asko, zuzendari horrekin lotutako saio bat egingo dugu, agian maiatzean edo ekainean”.

Historiak narratibak direlako, zergatik ez guk kontatu gurea? Hartara, ez dezagun ahaztu, zinemaren sorreratik bertatik aritu direla emakumeak argi-itzalen magia lantzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Ecozine jaialdiak ingurumenaren inguruko filmak ekarriko ditu datorren astean Iruñeko Golem zinemetara

Apirilaren 8tik 11ra bitartean laburmetrai eta dokumental sorta emanen da, tartean Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' eta Goya sariaren irabazle 'To bird or not to bird'.


Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


Eguneraketa berriak daude